jakintza_avatar.gifeuskaljakintza_logo_txikia.gif2003ko maiatzaren 31ko IRAKURMENA

Maite Goñi (euskaljakintza)

EGA: 2003-2004 azterketak liburutik hartua

Ondoko testua arretaz irakurri eta eskuinean datozen galdera guztiak erantzun itzazu. Erantzun okerrengatik ez da punturik kentzen; kalifikazioa erantzun zuzenena izango da.

TEKNOLOGIA BERRIEN GIZARTE INPLIKAZIOAK

Teknologia berrien eta, bereziki, Interneten hedapenak ondorio ekonomiko eta gizarte arloko inplikazio ugari izango ditu; gu denon bizimodua inarrosiko du, inolako zalantzarik gabe. Besteak beste, teknologia berriek bizi-baldintzen eta kalitatearen .. hobekuntza ekarriko dute.


Egunetik egunera, ingeniaritza genetikoan, elikagaiei buruzko ikerketetan eta medikun­tzan aurrerapauso garrantzitsuak ematen ari dira. Umekiaren malformazioei buruzko ikerke­tekin batera, abere zein landareetatik datozen elikagaien kopuru eta kalitatea hobetzeko bideak garatu, eta herentziazko gaixotasunak sendatzeko aukerak zabaldu dira. Teknologia berri asko, gehienbat ingeniaritza genetikoa, ondorio kaltegarri ugariren eta etikoki zalan­tzagarriak izan daitezkeen portaera eta saiakuntzen sorrera izan badaitezke ere (gizakien klonazioa, kasu), behar bezala erabiltzen badira gizateriaren sufrimenduak, batez ere osasuna eta gosearekin zerikusia dutenak, arintzeko aukera ederra eskainiko dute.


Bestalde, medikuntzaren mundua errotik eraldatuko duten eta gure bizi-itxaropena eta kalitatea handitu eta hobetuko duten gailu eta aurkikuntzak agertuko dira. Sintomak azaldu aurretik gaixotasunak tratatzeko aukera emango duten tresnak gero eta arruntagoak izango dira euskal botika eta erietxeetan (Genechip izenarekin, Kaliforniako Affymetrix enpresa horrelako zerbait ikertzen ari da).


Bizi-kalitateari eta bizi-baldintzen hobekuntzari esker, Mendebaldeko estatu guztietan bezala, bizi-itxaropena izugarri haziko da Euskal Herrian. Lehen aipatu dugun legez, gizonezkoen bizi-itxaropena 2010. urtean 77,3koa izango da eta emakumezkoena 85,2koa.


Iraultza teknologikoak gure lan egiteko moduak, ezagutzen ditugun lanbideak eta, horiekin batera, gure beharraren produktibitatea ere aldatuko ditu. Teknologia berrien ondorioz, lan espezializatuagoak eta teknifikatuagoak egingo ditugu, eta bigarren mailako ogibideak garapen bidean diren herrialdeetatik goseari iheska etorriko diren eta guk baino merkeago lan egingo dutenen eskuetan utziko ditugu.


Orobat, telelanak edota ordenagailu bitartez etxean lan egiteko aukerek ere garrantzi handiagoa hartuko dute. Epe ertainean 35 orduko lan-astea errealitatea izango da Europako Batasuneko estatuetan. Oso kontuan izan behar da astean 35 ordu lan egitearen alde hartutako jarrera izan dela Frantzian ezkerrak 1997ko hauteskundeetan irabazteko arrazoi nagusietako bat.


Honela, bada, lanak gero eta garrantzi gutxiago eta, ondorioz, aisialdiak gero eta handiagoa izango du. Honek guztiak ditugun kontsumo ohituren eta gure aisialdia antolatzeko moduen aldaketa ekarriko du.


Iraultza teknologikoaren ondorioz, aisialdirako denbora gehiago izango dugu, eta horrek gure atsedenaldia asetzen saiatuko diren enpresa, zerbitzu eta produktu ugari eta sofisti­katuak ugaritzea ekarriko digu.


Besteak beste, turismoak eta honen inguruan garatzen ari den sektore ekonomikoak indar handiagoa hartuko dute. Gehiago mugituko gara beste herrialde eta toki batzuk ezagutzera eta, era berean, gero eta jende gehiago etorriko zaigu Euskal Herrira. Globalizazioaren ondorio argienetarikoa izango da turismoak eragingo dituen populazio mugimenduak.


Aisialdia kontsumorako gai bihurtuko da. Lanetik kanpoko denbora ondo baino hobeto ordainduko ditugun toki artifizialetan pasatzeko joera izango dugu. Kirola gimnasioetan egingo dugu, filmak azalera handiko saltokietan ikusiko ditugu, musika kontzertuak Internet bitartez entzun eta ikusiko ditugu zuzenean, baita erosketak egin ere.


Paradoxa bada ere, naturaren eta berezko gauzen beharrizan handiagoa izango dugu baina, era berean, gure bizitzak artifizialtasun handiagoa izango du. Gizakiak faltan duena desiratzeko joera duenez, berezko gauzak erabiltzeagatik, elikagai naturalak kontsumitzea­gatik eta kutsatu gabeko toki paradisiakoak ezagutzeagatik esaterako, gehiago ordaintzeko prest egongo da. Etxean denbora gehiago egingo dugunez, turismoa egiteko inoiz baino gogo biziagoa izango dugu. Turismoa etorkizuneko gizarteen ihesbide berria izango da eta, ondorioz, baita sektore ekonomiko garrantzitsua ere.


Gure kontsumo ohiturak ere sustraitik aldatuko dira. Kontsumoa eta aisialdia gero eta lotuago egongo dira, zeren aisialdirako dugun denboraren zati garrantzitsuena kontsumitzen pasatuko dugu azalera handiko dendetan zein Interneten.


Kontsumoa gure bizitzako ekintzarik garrantzitsuena bihurtuko da. Izan ere, ekoizle, banatzaile, dendari eta era askotako erakunde komertzialek asko teknifikatu eta hobetuko dituzte jendea kontsumora bultzatzeko metodoak, eta horrek gure kontsumo nahiak areagotuko ditu. Egiaz, ugariak dira gizarte kontsumista honek gure kontsumo joerak era batera edo bestera bideratzeko sortu dituen estrategiak. Hala nola, hor dauzkagu kontsu­mitzea nahitaezkoa dela uste dugun urteko zenbait egun (Gabonak, Aitaren Eguna, Amaren Eguna, San Valentin ... ). Orain, gainera, Aitonaren eta Amonaren eguna indartzen ari dira AEBetan), kontsumoa eta aisialdia elkartuz larunbatetan azalera handiko merkataritza­guneetan erosteko joera berria, promozioak (bi eraman eta bat ordaindu, dena ehunean ... ), kontsumoa errazten duten kreditu bitartez erosteko aukera, opariak, eskaintzak, merkealdiak eta abar.


Iraultza teknologikoak komunikazioaren eta informazioaren mundua errotik aldatu du. Horrek esan nahi du kanpoko kulturek gero eta indar handiagoa izango dutela gure eguneroko bizimoduan. Telebista, Internet edota era askotako komunikabideen bitartez, atzerriko kulturen presentzia areagotuz joango da, euskal kultura astinduz. Gogoratu, hala ere, zenbaiten ustez teknologia berriek kultura txikien alde egingo dutela. Adibide bat jartze­arren, azpimarragarria da euskarak ez duela inoiz izan mundura plazaratzeko EITBk bultzatu duen Canal Vasco satelitezko telebista kanalak eskaintzen duen bezalako erakusleihorik. Globalizazioak inoiz baino zabalkunde handiagoa eman dio euskarari eta euskal kulturari.


Euska/ Herria globalizazioaren aurrean: XXI. mendean eragina izango duten zenbait eragileren azterketa.
Euskaltzaindia: Bilbao-Bizkaia Kutxa, 2001.
Patxi Juaristi Larrinaga (Laburtua eta mo1datua)