jakintza_avatar.gifeuskaljakintza_logo_txikia.gif2004ko urriaren 2ko IRAKURMENA

Maite Goñi (euskaljakintza)

EGA: 2003-2004 azterketak liburutik hartua

Ondoko testua arretaz irakurri eta eskuinean datozen galdera guztiak erantzun itzazu. Erantzun okerrengatik ez da punturik kentzen; kalifikazioa erantzun zuzenena izango da.

JUAN LUIS GOENAGA:"NIRETZAT DENA DA PINTURA; LOTURA FISIKOA DUT PINTURAREKIN"

Alkizako herritik Zelatungo lepora bidean, Ernio mendiaren babesean, Aritzategi baserria du aspalditik bizileku Juan Luis Goenagak (Donostia, 1950). Baserriaren behealde oso estudioa da, artistaren askatasun gune erabatekoa, leize-zulo ezinbestekoa. Galerietan edo museoetan baino gertuago sentiarazten dute han margolanek artistaren arnasa. Han daude, han dautza, artearen misterio liluragarrian bilduak, kazetariak artistaren hitz urri, lotu eta desero­soetan sekula ezin atzemango dituen erantzunak.


Guggenheimi, Artiumi, Baluarteri, Tabako Fabrikari, San Telmori edo Euskal Kulturaren Planari buruz zer iritzi duen galdetuta, Goenagak, ahal duena egin ondoren, estututa, urduri, etsi egin du: «Ezin naiz kontu horietan murgildu. Nirea pintatzea da. Horregatik bizi naiz hemen. Bestela, nahastuko nindukete goizetik gauera, erotuko nindukete, honen alde edo bestearen kontra al nagoen eta abar ... Herri honetan dena justifikatu behar duzu. Honetaz eta hartaz galdezka etortzen zaizkizu, eta ez duzu asmatzen erantzuten, ez daukazulako behar adina informazio. Nahiko zaila da, berez, pintatzea, gero gainera horrelako saltsetan sartzeko».


Egunaren 24 orduetan eta bizitzako urte guztietan izan da pintore Goenaga. Zortzi urterekin egindako margolan txiki bat du, Oriamendiko paisaia, baserriaren goialdean gordea, familiaren bizilekuan. Oso txikitatik izan zuen argi pintorea izango zela, era ez du inoiz horren inguruan zalan­tzarik izan, ez du krisialdirik igaro. «Niretzat dena baita pintura. Ez da ofizio bat. Dena da. Dena harrapatzen du pinturak. Nirea fisikoa da, lotura fisikoa dut pinturarekin, pintatzeko behar fisikoa dut. Garro batzuk banitu bezala da». Ez da bakarrik sentitzen horretan. Belaunaldi oso bati dagokion ezaugarria deritzo Goenagak pinturarekiko lotura fisiko horri. «Gure belaunaldikoak pintore fisikoak gara, abereen modukoak, primitiboak».


Oraingo artisten artean ez du horren zabaldua ikusten pintura sentitzeko modu hori. «Argazkigintzako, bideogintzako eta Interneteko teknologia berriekin, mila gauza egiteko aukera dago eta gazteek horiek probatzen dituzte», egin du gogoeta. «Gaur egun ere badira pintore gazteak, eta oso onak, baina pintura hutsa, bere horretan, gutxietsia dago, konplexu moduko bat sortu da pintu­raren inguruan. Belaunaldi bati min egin dio horrek, baina uste dut gainditzen ari dela. Pintoreak beti egongo dira. Ez beharbada milaka, baina beti egongo dira».


Izenik aipatu nahi ez badu ere, maite ditu Goenagak euskal pintore gazteen erakusketak. «Adi nago, ahal dudan neurrian. Oso pintura ona egiten da hemen. Behin adin batera iritsi eta gero artista bere bidean dago, eta horrekin zerikusia duena interesatzen zaio, baztertu egiten du gainerakoa. Baina pintura ona beti interesatzen zait, berdin zaharrena edo gazteena. 15.000 urte daramagu pintatzen, eta gauza onak daude».


Pintatzen «gero eta gehiago» gozatzen du Goenagak. «Nire helburua hori da, nik pintatzen gozatu egin nahi nuke, eta ez nuke nahi pintatzea tortura izatea. Kanpotik begiratuta hala ematen badu ere, ez da erraza. Pintura erabakiak hartzeko kontua da; azkar gainera. Hori oso neketsua da. Iritsi behar da erabaki horiek askatasunez hartzera, beste era batera».


URTEAK ETA ASKATASUNA


Urteek ematen dute horretarako aukera eta bidea. «Urteekin askatasuna lortzen da, ume batek bezala pintatzea. Hori oso zaila da. Joan Mirok esaten zuen hori: bizitza osoa behar duzu ume batek bezala pintatzeko». Eta pintatzean gehiago gozatzearekin lotua dago hobeto pintatzea ere: «Pintoreetan, argi dago zenbat eta zaharrago, orduan eta hobeak direla. Rembrandt eta Picasso adibide argiak dira. Picassoren azken garaia ikaragarria da».


Nahiz eta berak bere burua "Ieize-zuloko" pintoretzat izan, azken urteetako bilakabideak kolore argiagoetara eraman du, nabarmen, Goenaga. «Orain beldurrik gabe nabil alde horretatik. Lehen ez nuen horrelako beharrik».


Ez daki zer-nolako lotura duen argirako joera gero eta handiago horrek pinturaz gozatzeko gero eta joera handiagoarekin. Ez dirudi horretaz asko pentsatu duenik orain arte; kazetariak galdera egin dion arte, alegia. Horra artistaren erantzuna: «Prozesu batean zaude eta prozesu horretan etorri egiten da. Argia erabiltzeko joera ere prozesuaren parte bat da. Menorcarako bidaia baten ondoren hasi nintzen kolore argiagoak erabiltzen, eta Menorcara joatea ere zerbaiten ondorio izango zen, prozesu baten barruan».


Argiaren bila baserri atarira irtetea maite duo Ahal duenean, ez baita erraza, inondik ere. «Eguraldi ona dagoela ikusi, astoa eta margotzeko trasteak atera eta euria hasten zaizu noiznahi. Elurretan ere aritu naiz aurten kanpoan pintatzen, aterki bate k babestuta. Iaz Kutxako Kuboan egin genuen Bidaideak erakusketa kolektiboko lanetako batzuk kanpoan eginak ziren, udako eguraldi onaz baliatuta» .


«Dena den orain ere ez ditut koadro berean kolore asko era oso desberdinak erabiltzen Zumetak egiten duen bezala», ñabartu du, zuhurtziaz. «Beti gama baten barman ibiltzen naiz ». Fosforito asko erabiltzen du, baina hori ez da, berez,joera berria, lehen ere bazuelako, kolore ilunagoekin arituagatik ere, fosforitorako joera. «Lehengo koadro askotan ikusten da joera hori».


Beste artista asko bezala, Parisek utzitako arrastoa gogoan duen margolaria da Goenaga. Oso gazterik izan zen han, aurretik Madrilen eta Bartzelonan ikasten aritu ondoren. «Parisek, garai hartan, beste erreferentzia bat ematen zizun», ekarri du gogora. «Han denetik ikusten zenuen, pintura mota guztiak zeudelako: Paul Kleeren eta beste artista askoren obra ezagutzeko aukera eskaintzen zuen Parisek. Irekitzen laguntzen zizun, hemen ikusi ezin zenituen gauza asko. Louvre eta gainerako museo guztiak ere ikusi nituen».


Artista batzuekin harremanak ere izan zituen garai hartan, Parisen. «Zirkulu batekin harremanak izan nituen, eta eskultura egiten hasi nintzen, errumaniar batekin».


Egun ere egiten ditu batzuetan eskulturak; ez, ordea, burdinazkoak eta harrizkoak, garai hartan bezala. Argazkigintza da Goenagak landu duen beste adierazpide bat. Pinturaren nagusitasuna zalantza guztietatik kanpokoa izan da, hala ere, beti Goenagaren kasuan.


GAZTETAKO FILMAKETAK ETA ADISKIDETASUNAK


70eko hamarkadaren erdialdean, Jose Llanos, Bixente Ameztoi, Ramon Zuriarrain eta beste lagun batzuekin batera, filmaketa batzuk ere egin zituen Goenagak; antzinako euskal jantziak soinean zituztela filmatu zituen orduan lagunak. «Nik neukan Super 8ko kamera batekin aritu ginen», adierazi duo «Baina inolako asmo artistikorik gabe. Lagun arteko kontua izan zen hura, jolas moduan egina, besterik gabe. Orain zintak puskatuta daude eta badut konpontzera eramateko asmoa».


Jose Luis Zumeta are lehenagotik ezagutzen du Goenagak, txikitatik, Zumetak Donostian zuelako estudioa, Goenagatarren etxetik gertu. «Alejandro Tapia, Carlos Bizkarrondo, Javier Arozena, Amable Arias eta abar ere gazterik ezagutu nituen, Aurrera tabernan, gure familiak Donostiako Urbieta kalean zuen tabernan. Ni haien aldean oso gaztea nintzen».


Garai hartako euskal artistak taldeetan bildu eta antolatu ziren: Gaur, Hemen, Orain ... Baina Goenagak ez du uste gaur horrelako taldeak ez sortzea artisten artean indibidualismoa nagusitu izanaren ondorio denik. «Orduan ere bazegoen indibidualismoa. Oso ezberdinak ginen, nork bere bidea egiten zuen, nahiz eta askotan erakusketa kolektiboak egin; batzuetan gaur egun irudikaezinak izango liratekeen lekuetan izaten ziren erakusketa horiek, herri txikietan eta abar».


Arte merkatuaren inguruko kezka handirik ez zaio igartzen Goenagari. «Nik, neure kasuan, ez dut sekula gorabehera handirik sumatu merkatuari dagokionez», dio. «Nork bere bezeroak ditu,.eta ez digute askorik eragiten merkatuaren gorabeherek. Denbora bat daramagun pintoreez ari naiz, jakina. Ez ni bakarrik, pintore gehienak hasten dira lasai bizitzen urte batzuetan borrokan aritu ondoren, jarraitzaileak erakarri ondoren, izen bat egin eta harreman batzuk landu ondoren ... Hori hemen, Alemanian eta edozein lekutan gertatzen da».


Juan Luis Zabala BERRIA, 2004 / 06 / 15 (Moldatua)