jakintza_avatar.gifMaite Goñi (euskaljakintza)euskaljakintza_logo_txikia.gif

2007ko martxoaren 10eko IRAKURMENA

(EGA: 2007-2008 azterketak liburutik hartua)

Irakur itzazu hurrengo hiru testuak eta eskuinean datozen galdera guztiak erantzun. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.
KOTXEKO TELEFONOA

Esku batean bolantea eta bestean telefono higikorra garai bateko argazkia da, gero eta estatu gehiagotan debekaturik baitago. Oraintsuago, berriz, gidariak bi eskuak bolantean dituela hitz egiteko trabarik egiten ez dion sistema nagusitu da.

Illinois eta Utahko unibertsitateetako ikerlariek eskuak askatzen dituen telefonoari buruzko azterketa egin dute. Horretarako, hamalau gidari gazte -21,4 urtekoak batez beste-, gutxienez urtebeteko esperientziadunak, eta hamalau gidari heldu -68,4 urtekoak batez beste- aztertu dituzte bi taldetan. Jarritako probak hauexek izan dira: errealitate birtualeko ingurunean Chicagoko hainbat kaletako irudi digitalizatuak pantaila batean ematen ziren bitartean, gidariak solasean ari ziren. Azterketa hau Zientzia eta Teknologia Aurreratuko Beckman Institutuan egin da eta begien erregistroekin loturiko teknikak erabili dira erreakzio-denborak neurtzeko.

Testen arabera, helduek nahiz gazteek oso portaera traketsa izan zuten 'eskurik gabekoarekin'. Irudietako aldaketa garrantzitsuen aurrean akatsak egin zituzten eta erreakziorako denbora asko behar izan zuten. Atzerapenak ez ziren segundo hamarretakoak izan, segundoetakoak baizik, eta hori oso emaitza txarra da.

Beste bi talderekin egin den azterketan, ostera, taldekideek entzun besterik ez zuten egiten, hitz egin gabe. Multzo honen emaitzak aurrekoenak baino askoz ere hobeak izan ziren; are gehiago, aldaketen aurrean erreakzio denbora segundo hamarrenetakoa izan zen. Psikologia irakaslea den Arthur Kramer-ek dioenez, entzuteak hitz egiteak baino baliabide gutxiago eskatzen dizkio buruari eta, beraz, gidatzean askoz ere adiago egon gaitezke entzuten hitz egiten baino.

J. Aizpurua - G. Ubeda [Argia, 2005/01 (Moldatua)]

TALASOTERAPIA

Nire gorputz-arimetako gogorruneak beratzeagatik edo, itsasoari kendutako uretan sartzen naiz gozoro ('talasoterapia' deitzen diote): txorroa han eta txorroa hemen, klase guztietako txorroen mendean entregatzen dut nire izate gogortuegi hau; hotzak, beroak, lurrunak ... , eta jo-ta-bertan lurrunduko ote naizen beldurrak hartzen nau; beldurrak aurrena eta gogoak hurrena.

Sasoikoak (?) banaka batzuk bakarrik gara; ia dena jubilatu jendea dabil, zeregin latzetatik latzagoa den zer eginik ezera erretiratuak: hantxe dabiltza beren pauso baldarrean, denbora hutsaren karga eraman ezinik (denbora -betea- asti nolaz bihurtuko asmatu ezinik ibiliak luzaro, eta orain zer duk, eta astia denbora -hutsa- bihurtu!), bizi guztian odola loditzeraino pilatu zaien oinazea eta desengainua ur gazitan gozatu nahirik, arindu nahirik eginahalean.

Jubilazio edo zahar-sariaren jabe egiteko zauria da premiazko, eta zahar-zauri hori bat da, bat eta ikaragarria, Jainkoa bezala. Orduan jabetzen naiz jubilatuen malkoz bustitako uretan nabilela igerian.

Jubilatuak dabiltza plizti eta plozta, beren zauri zahar hori luzatu beharrez; gaitz guztien betiko sendabidea ('tanatoterapia' deitzen diote) noiz helduko den beldurrez. Plizti eta plozta, beratzen eta beratzen, betiko gogorturik geldituko diren eguna noiz helduko den beldurrez.

lñaki Segurola, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, [Alberdania, 2005 (Moldatua)]

NEKANERENA

Badut lagun aspaldiko bat, oso ere aspaldikoa eta oso ere laguna. Hegazkin pilotua da bera, baina ez nolanahikoa, eliteko pilotua baizik. NATOrako egiten du lan aspaldi honetan. Gerra hegazkin modelo berriak testatzea, probatzea da nire lagunaren lanbidea. Hegazkina hartu, hegaldi bihurriak egin, hegazkina airean behartu, eta gero txostena idatzi eta nagusiei eman: zer dagoen ondo, zer hobetu beharra dagoen.

Haren lanbide hori dela eta, bost bat urte neramatzan neure lagunaren berririk gabe. Orain hurrena, berriz, kalean topo egin genuen. Eta, nire harridurarako, ume batekin zegoen. Hiru bat urteko umea zen, zoragarria. Nik ez nekien laguna ezkondu zenik, ezta ezkontzekotan egon zitekeenik ere, eta horregatik harritu nintzen. Umea berea al zuen galdetu nion. Hark, baietz. Izena ere galdetu nion, galdetzen hasita. «Amarena, iguala», erantzun zidan lagunak.

Orduan, nik, goxo-goxo, zera esan nion umeari:

-Zatoz osaba Joxerrarekin, Nekane!

Izugarri ondo konpondu izan naiz beti adin horretako umeekin, eta nire lagunaren umea ere berehala zen nire alboan. Baina hori da gutxienekoa. Kontua da umearen izena Nekane zela.

Eta, galdera, berriz, honako hau da: nola arraio jakin nuen nik hori?

Ea, minutu erditxo bat duzue igartzeko.

[Musika tarte bat]

Ez, ez da hori: esan dizuet azken bost urteotan ez dudala izan nire lagunaren ezelako berririk. Bikotekiderik zuenik ere ez nekien.

Ez, umeak ez zeukan arropan idatzita izena. Nire laguna progrea da, ez du horrelakorik egiten.

Ez, igarkizuna esatean ez dut umearen izena ezkutuka esan. Ohikoak dira horrelako igarkizunak (<<Neure maite-maitea, ezin NEKA NEzakeen»). Ba, ez, ez da hori ere. Eta konplitu dut, hiru pista ezezko emanda.

Hamar segundo gehiago emango dizkizuet.

[Musika tarte bat]

Nahi al duzue jakin nola igarri nion? Benetan? Ez ote da hobeto erantzuna datorren asterako uztea? Ez? Tira, ongi da. Esango dizuet. Ikusiko duzue zeinen azkarra naizen. Baina sufri ezazue pare bat segundotan oraindik.

[Musika tarte bat]

Egia esan, ez neukan oso azkarra izan beharrik ere.

Kontua zera da, eta lasai, esango dut eta. Begi bistakoa zen umea Nekane zela, nire lagun eliteko pilotua, izan ere ... neska baita, eta ez mutila. Amigo!

Zer gertatu da? Zergatik ez diogu igarri? Ba, ni neure laguna 'eliteko pilotua' dela esanez hasi naizelako. Eta, historian emakumea eta gizona berdinak direla zinez sinesten dugun arren, mendeetan zehar erabilitako eskema zaharkituen mende dugulako, oraindik ere, pentsamendua. Eta erreparatu iezaiozue geure arazoa dela hori. Izan, bada gaur egun eliteko pilotu emakumezkorik. Gure eskemetan, ordea, ez. Norbait 'eliteko pilotu' dela entzun orduko, zintzilikarioa jartzen diogu norbait horri hankartean. Lanbide horretarako atea itxi egiten diogu, pentsamenduan, emakumeari.

Matxista ez izateko ahalegin benazkoan bizi garenok ere barru-barruan ditugu horrelako eskemak. Jeneralean, axaleko kontuetan jardun ohi dugu: «Gizona ez da ogiz bakarrik bizi» , «Pertsona ez da ogiz bakarrik bizi» esan behar genukeela, eta gisakoak. Eta ongi da hori ere. Baina, nire ustez, askoz garrantzitsuagoa da barru-barruko beste eskema antzemangaitz horien kontra borrokatzea.

Eta, gaur, martxoak 8 dituela, egun egokia izan liteke borroka horretan hasteko. Eta, gaur ezin bada, bihar, edo etzi, egun guztiak dira horretarako egoki. Hala ere, atzo hasi bagina, hobeto: eginak eginkizunik ez.

Joxerra Gartzia, Itsasoan euri [Alberdania, 2003 (Moldatua)]