jakintza_avatar.gifMaite Goñi (euskaljakintza)euskaljakintza_logo_txikia.gif

2007ko martxoaren 17ko IRAKURMENA

(EGA: 2007-2008 azterketak liburutik hartua)

Irakur itzazu hurrengo hiru testuak eta eskuinean datozen galdera guztiak erantzun. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.
LIBURUEN ETORKIZUNA: DIGITALIZAZIOA ETA lRAKURLEEN PARTE-HARTZEA

Neurri handiagoan edo txikiagoan, gehienok sumatu dugu Intenetek eta, teknologia berriek musikaren sektorean izan duten eragina. Doako deskargak, pirateria, top-manta, diskoa grabatu eta zabaltzeko aukera berriak, diskoetxeen itxiera... ondorioak agerikoak dira. Aitzitik, liburuen kasuan sarri ezkutuan geratzen dira. Beltz bat poltsa bete liburu tabenara sartzen ikusi ez dugunez, literaturak (liburugintzak) teknologia berriekin horrenbesteko loturalik ez duela uste dugu. Eta litekeena da hala izatea. Musikaren kasuan ondorioak dezente nabarmenagoak dira eta etorkizunak galdera ikur potoloaren forma dauka. Baina liburuen etorkizunak kezkatzen duenik ere bada. Kevin Kelly Wired aldizkariko erredakzio-buru ohia, esaterako, 35 milioi liburu eskaneatzearen alde agertu da, guztiok kontsultatu ahal izan ditzagun. Bestelako iritzia dauka Bob Stein Liburuaren Etorkizunerako Institutuko zuzendariak. Berarentzat, digitalizazioa ahaztu gabe, liburua idazteko prozesuan irakurleek (intemautek) gero eta parte-hartze handiagoa izan dezaten lortzea da helburua, narrazioa aberasteaz gain liburuek audientzia izan eta bizitzen jarrai dezaten.
Jon Torner. Argia, 2006

IRRlBARREAREN BILA

Agian nire inpresio soila izango da, ez dakit zuzena den ala okerra, baina iruditzen zait aspaldian kalean ikusten dudan jendeak ez duela barrerik egiten, esango nuke denbora askotxo dela inor barrez hesteak botatzeko zorian ikusi ez dudala, airearen aurka kriskitin eginez barru barrutik ateratzen den algara mota hori entzun ez dudala. Maila goren horretara iritsi gabe, bizitza ondo doala eta bere burua une honetan egokitzen zaion lekuan lasai kokatua daukan jendearen zoriontasuna adierazten duen irribarre sinple hori ere desagertu egin da aspaldi gure artetik. Eseri zaitezte kale izkina batean, begiratu ondo bertan doan jendeari, aztertu haien begitartea, sartu zaitezte harizko errezel ahul bat baino ez den haien maskararen barrura, eta barrea, barre egiteko gogoa erabat desagertu dela ikusiko duzue. Bizitza antolatu dugu barre egiteko gogoa kentzeko moduan. Azken ikerketen arabera, umeak 156 aldiz egiten du barre egunean zehar; pertsona helduak, zortzi aldiz bakarrik.

Estatu Batuetan egin dute esperimentu interesgarria: lau urteko umeak utzi dituzte eskolara eraman gabe, goizean esnatzeko ordutegirik gabe, eurek nahi zutenean jaten zutelarik. Egun batzuetan ez omen zuten jan ere egiten. Ondorioa hau izan da: ume hauek besteak baino osasuntsuagoak zeuden urtebeteren buruan, indartsuagoak, eta amesgaizto gutxi edukitzen zituzten besteen ondoan.

Heziketa prozesu krudel eta basati baten ondorioa da gure barrearen galera. Fijatu zaitezte: jendeak oso gutxitan egiten du barre. Gehiago egiten dugu barre norbaiti mesede bat egitearren, tokatzen delako, betebehar bat bezala, barruak eskatzen digulako baino.

Harreman sozialetako jarrera leungarria bihurtu dugu barrea, gure barne-pozaren adierazle baino. Errepresio gehiegi irentsi dugu, gizarte-egitura gehiegi onartu dugu, bizitza ez dugu antolatu guk nahi genuen bezala. Antolatua zegoen eskeman kokatzea baino ez dugu egin, kortse estuetan sartu gara, eta une horretan kanpoan utzi dugu gure baitan zegoen gauzarik ederrena. Eta horrekin batera, barrea ere galdu egin dugu.

Triste egoten dakienak barre egiten ere jakiten du normalean. Biak dira bizitzeko intentsitate beraren osagarriak, biak dira bere nortasuna konbentzio sozialen gainetik jartzen duenaren altxorra.

Agian oker nago jendeak ez duela barre benetan egiten diodanean. Fijatu zaitezte. Esango didazue.

Pako Aristi. Berria, 2005

LUR BAT HARATAGO

Zuri, jaun André Larralde, kristau ez-katoliko ez-protestante zintzo horri, ene liburu honen irakurle bakarrari

ZERUKO GLORIA

Ene maisu eta adiskide:

Sei urte dira, beste hautabiderik ezean, desterrurako bidea hartu eta Parisera joan zinela, non lagun zahar batzuen karitatetik bizi izan baitzinen lau urtetan, harik eta Ipar Europako herrialde horretarantz abiatu zinen arte, orduan ere esku hutsik eta burumakur. Ordea, azken gutunean diostazunaren arabera, Leyden-go Unibelisitateko irakasle egin berri zaituzte eta altxatu duzu burua, aurkitu duzu arnaslekua, berreskuratu duzu bizi-gogoa, eta zin degizut nekez jaso nezakeela hori baino berri pozgarriagorik eta alaiagorik.

Beste gutun batean aurreratu nizun bezala, neure bizitzaren gaineko liburua egiten ari nintzaizun -neure joan-etorriena eta beste hainbat gorabeherarena-, eta honako honetan, berriz, argi eta garbi baiezta diezazuket bukatu dudala lana eta bete dudala, halatan, neure xedea: aspaldi nerabilen asmo hori buruan, Axular handiaren antzera 'gerotik gerora' utzia, batean honengatik, bestean hargatik, estakuruz estakuru eta aitzakiaz aitzakia: azken bi urteotan, alabaina, ohikundeak eta usantzak alde batera utzi, egiteko atzeraezinari zimendutik eta erroetatik lotu eta, borondateari behingoz leku egiten niola, gogor bezain gotor ekin nion lanari, sukar menderaezin batek hartua bezala, Plinio Zaharraren esanari ninderraiola: Nulla dies sine linea*, jaun Burugogor eta andere Pazientzia lankide. Eta, horrela, egun batek hurrengora ninderamala, eta hitz batek bestera, halaxe bildu ahal izan dut, hitzez hitz, neure lanaren ondoko uzta, zeina baita eskuan daukazuna: ene bizitzaren fruitu hitzek ondua ... edo, hobeki, hitzek galdua, zeren, dakizun bezala, zenbat begi, hainbat ikuspegi, eta badakizu Erromak behiala erabaki zuela disidenteok eta hereje ustezkook aldarrikatu edo idatzitako hitzei, mihitik edo lumatik sortu bezain bizkor, hatsa eta kiratsa zeriela, ustelkeriaren ustelkeriaz. Baina ez zaitez kezka, ez asaldatu horregatik, zeren mundu honetan ez baitago gaitzik kontsolagarriIik ez duenik, eta gureak ere badu: aski duzu, horretarako, ene hitzen fruitua mizpiren idurikotzat hartzea, zenbat eta ustelago, orduan eta gozoago eta zaporetsuago.

Salamancan geundenean ... baita orain arteko gutunetan ere, anitz historia kontatu izan dizkizut, jauregiari edo jauregikoei buruzkoak, orain gurasoez edo ene anaia Mattinez mintzatzen nintzaizula, orain osaba Joanikotez eta prezeptore jaun Marcelez eta, hargatik, nola pasarte bat baino gehiago ezagun egingo zaizun, hala eskatzen dizkizut pazientzia eta ulermena, zeren eta ene bizitzari buruzko liburu honek literatur lan bat izan nahi bailuke, aitormen orokor bat baino areago, eta halatan har dezazun nahi nuke eta ikusmolde horretarik juzka dezazun.

Baina, beste ezeri lotu aurretik, ez ote zuen ene liburu honek hasieratik beste aitormen bat behar, zeren ene ahalegina eta ene testigantza harrokeria hutsa izan baitaitezke, Moises baino ahaltsuago izan ez naizenean, ez Sanson baino ausartago eta ez Salomon baino jakintsuago? Nor naiz ni, izan ere, neure bizitzaz mintzatzen hasteko, gizon arrunt bat naizenean, ez-deus bezain gutxi-balio? Baina, arestian esan dizudan bezala, ekin nion lehen urratsari, ekin nion bigarrenari ... eta, handik aurrera, ez nuen eta ez dut atzera egiterik izan, eta hala ibili natzaizu oroitzapenez oroitzapen eta aitormenez aitormen ... Esan dezadan, ordea, liburua hastean izan nuela, bai, buruhausteren bat, zeren aitormenak molde batean edo bestean egin baitaitezke. Baina, orduan ere, zortea eta fortuna neure alde eta fabore izan nituen, zorionez, halako moldez, non berandu gabe aurkitu bainion neure buruhausteari aterabidea. Izan ere, gauaren gauean, agertzen zaizularik izar argi ezin argitsuago bat, han horizontean, badakizu, hartaraz gero, nora joan eta nora jo. Eta izar hori Périgord-eko zeruan zegoen, eta idazle famatu baten izena zuen: Montaigne. Ez, honekin ez dizut esan nahi haren Essais-en antzeko libururik -zuk hainbeste goresten eta miresten zenuena gu biok han Salamancan geundelarik egin dudanik, nireak ez baitu, alde batetik, harekin zerikusirik, ez forman ez estiloan, ez kontatzen diren historietan, zeinak ematen baitizkizut aditzera nik oroitzen eta nik sentitu izan ditudan bezala, hainbat nobelatako protagonisten moldean, zeren eta, egia esateko, haiek bezalaxe sentitu izan bainaiz ni ere askotan, bizitzaren benturan benturaturik; baina bestetik, badu zerikusirik, zeren eta ene liburuak ere Montaignen galdegite bat izan baitu abiapuntu: Que sais-je?*

*Egunik ez lerrorik idatzi gabe / *Zer dakit nik?

Joan Mari Irigoien. Lur bat haratago. Elkar, 2000 (Moldapen baimendua)