jakintza_avatar.gifMaite Goñi (euskaljakintza)euskaljakintza_logo_txikia.gif

2007ko maiatzaren 26ko IRAKURMENA

(EGA: 2007-2008 azterketak liburutik hartua)

Irakur itzazu hurrengo hiru testuak eta eskuinean datozen galdera guztiak erantzun. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.
1967KO TXAPELKETA

1965eko Bertsolari Txapelketa ere Uztapide-k irabazi zuen. Orduko kronikagileek dioten moduan, «saioa espero bezalakoa izan zen». 1967an gertatutakoa ulertzeko, ordea, esan beharra dago Lazkao Txiki-k oso ondo jardun zuela bertsotan, hainbat zaleren gogoa piztuz.

1967ko finalean ere Lazkao Txiki kantuan zen; Xalbadorre-k adina gogo izango zuen saioaren azken hondarrean parte hartzeko, baina epaimahaiak Urepeleko artzaina onetsi zuen langintza horretarako. Jendeak txistuak jo zizkion erabaki horri, bost minutu eta erdian. Fernando Aire negarrez ari zen bitartean, bertsozaleak aztoratuta zebiltzan. Azkenean, Iparraldeko bertsolariak ondoko bertsoa eskaini zien zale berotuei eta sumindutako txistuak saminezko txalo bihurtu zituen:

Anai-arrebok ez otoi, pentsa
neure gustura nagonik,
poz gehiago izango nuen
albotik beha egonik.
Zuek ez bazarete kontentu,
errua ez daukat, ez, nik.
Txistuak jo dituzue bainan
maite zaituztet oraindik.

Xobier Paya. Nabarra 56. zk., 2005

TRlSTURAREN KANTA

Susmagarriak iruditu izan zaizkit beti inoiz triste ez dauden pertsonak; edo gezurra esaten diote euren buruari, edo gezurra esaten digute guri. Tristura da osagarri bat, poesiarekin batera, gizarte honetan baztertu eta satanizatu egin dena. Gutxietsi egiten ditugu tristeak eta poetak, gaitzen bat baleukate bezala.

Telebistetan, elkarrizketetan, gizartean jasotzen ditugun mezu guztiak tristuraren aurkakoak dira beti ... Eta zenbateko eragina duten mezu horiek guregan! Tristura ikara handiz bizi duen gizarte batean gaude; sintomatikoa da. Dena da ondo pasatzea, disfrutatu hitza publizitate-iragarki gehienetan errepikatzen den leloa da; eta, era berean, gero eta beldur handiagoa sentiarazten digute, gure etxeagatik, gure umeengatik, gure aurrezkiengatik. Badirudi ez dutela gu ezertaz ohartzerik nahi, eta ohartzen bagara ere ausardia kendu nahi digute honi buelta emateko.

Tristura diot, eta ez disgustuak, edo problemak. Horiek bizitzaren menuan beti datozen jakiak dira, eguneroko menuan egunero askotan. Tristura beste gauza bat da: gure barruarekin konektatzen gaituen bide bat da tristura, uhara distiratsu bat gauerdian, gure nortasunak bere-beretik zer duen ikusten laguntzen digun ispilu hauskorra. Zerk balio digun eta zerk ez oso garbi erakusten dizu tristurak une batean. Triste zaudenean gauza asko deskubritzen dira: benetakoak uste zenituen lagunen azalkeria ikusiko duzu; agian, ilusionatu zintuen pertsona horrek ihes egiten duela zure ondotik, ustez betetzen zintuzten liburuek orain ez dizutela balio.

Tristura geure baitara bidaiatzea da, bizitzaren zentzua ulertzen saiatze sinple bat, gertatzen zaizkigun gauzen arrazoia aurkitzeko modua eskaintzen digun jakinduria. Bidean geldiune bat hartzea: begiratu zuhaitzen hostoak, begiratu zure alboko jendea. Nola bizi da? Zertan ari dira? Zertan ari naiz ni? Utzi agenda baten mende egoteari, baztertu egunero etengabe kontsumitu behar tristea, egon ezer egin gabe, egin ezertarako balio ez duen zerbait, margotu etxe aurreko mendia, margotzen ez badakizu ere ...

Bere tristurarekin pozik egoten dakien pelisona benetan pertsona jakintsua iruditzen zait. Triste agertzeko ausardia behar da gizarte honetan, bizitza beste guztien aurkako karrera bat bihurtu dugulako, zein hobeto bizi, zeinek etxe handiagoa eduki eta nork urrunago bidaiatu. Tristura onartzea, ulertzea da bidaiarik luzeena, ederrena; inon ez dute horretarako txartelik saltzen.

Pako Aristi. Berria, 2006-08

ZAHARTZEROAZ

Aspalditxoan agintariak oso kezkatuta dabiltza biztanleriaren zahartzeagatik. Eta ez zaie arrazoirik falta. Izan ere, pentsioak luzaroago ordaindu beharko dira, zaharrak zaintzeko egoitzak eta zerbitzuak gehitu, osasun gastua asko igo ... Eta, jakina, orain arte baino baliabide gehiago bideratu behar bada horra, beste xede batzuetarako gutxiago. Hori bai kezkagarria alderdi batzuetako finantza-buruentzat! Horregatik, aspalditxo hasi ziren esaten -eta tarteka ahaztu gabe gogorarazten- norberak aurreztea komeni dela zahartzarorako, Estatu ugazabaren 'ugatzek' ez omen dutelako guztiontzat emango; has gaitezen, beraz, Pentsio Funts pribatuak gizentzen. Oinarrizko datu erreal hori ukatu gabe -hots, gero eta luzaroago bizi garela-, hamaika galdera sortzen zaizkit gizartearen ezintasunaz egoerari aurre egiteko. Zenbat interes ez ote da ezkutatzen 'egia ukaezin' horren atzean! (ikus Un mundo sin rumbo. Crisis de fin de siglo, I. Ramonet). Baina gaur bestelakoa da nire kezka.

Nago bestelako prestakuntza ere beharrezkoa dela zahartzarorako, eta oso gutxi hitz egiten dela horretaz. Prestakuntza, ez egonkortasun ekonomikoa ziurtatzeko, baizik eta bizi-proiektu gisa zahartzaroaren kalitatea ziurtatzeko: gure buru-izpirituak eta gizarte jarrerak prestatuz joatea bizitzako azken arorako. Izan ere, bizia asko luzatu dugu, baina ez beti eta neurri berean bizi-kalitatea, eta hilezkortasuna betiko gaztetasunik gabe zoritxar izugarria da, J. Swiftek garbi erakutsi zuen bezala (Gulliver-en bidaiak).

Nik, behintzat, zahartzaro txar asko ikusten dut inguruan, onak ere bai, baina txarrak ere asko: bizi-poz urrikoak eta depresio, egonezin, etsipen eta garraztasun handikoak, zahartzaroa naufragio eta hondamendi gisa bizi balute bezala.

Ez gara prestatzen zahartzarorako, eta beharko genuke. Baina arazoa orokorragoa da eta sustrai sakonak ditu.

Gure heziketak haurtzaroa eta gaztaroaren zati bat -eskolaldia, batzuetan unibertsitatera arte luzatzen dena- hartzen ditu. Gainera, adin batetik aurrera, heziketa hori lanbidera zuzenean bideratutako irakaskuntza bihurtzen da. Orain 'bizitza osoan ikasteko jarrera' bultzatu nahi da, baina betiere lanbideari gagozkiola. Eta kito, inork ez du planteatzen bizitzen ikastea; hobeto esanda, bizitzen ikasten du bizi ahala, baina hanka sartuz, muturreko ederrak hartuz, majo sufrituz, geure buruari eta besteei zauriak eginez ... Arazo dezente saihestuko genituzke bikote-bizitzarako gehixeago prestatuko bagina, edo gurasoak izateko, gaixoaldi eta krisialdirako, kontsumorako, bizi-aro bakoitzera egokitzeko -adibidez, zahartuz joateko edo etxean egokitu zaizkigun zaharrak zaintzeko-, eta abar.

Erdizkako beste egia bat: «Zaharra bere etxean baino hobeto inon ez». Hori egia izan liteke, baldin eta gaur egun etxe askotan ematen ez diren baldintzak emango balira, eta ez dirudi bizimodua hortik doanik. Iruditzen zait egoera sozio-ekonomikoa askoz gehiago aldatu dela gure pentsamoldeak baino, eta aldaketaren kontra eta iraganeko jokaerei eusteko, sentimentalismoa, nostalgia atzerakoia, herri administrazioen interesa, eta abar, elkar hartuta dabiltzala. Ondorioz, arazo latzak familietan, eta faktura emakume gazteen bizkar askotan.

lñaki Mendiguren. Argia, 2005-11