jakintza_avatar.gifMaite Goñi (euskaljakintza)euskaljakintza_logo_txikia.gif

2007ko urriaren 6ko IRAKURMENA

(EGA: 2007-2008 azterketak liburutik hartua)

Irakur itzazu hurrengo hiru testuak eta eskuinean datozen galdera guztiak erantzun. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.
SAKAMANTEKAS DATOR!

Haurrak izuarazteko erabili izan den pertsonaia. Fantastikotzat daukagu gaur, baina iragan mendean oso famatua izan zen Espainia osoan Sakamantekas gaitzizeneko hiltzaile arabarra. Juan Díaz de Garayo Ruiz de Argandoña zuen izena, eta Egilazen jaio zen 1821ean. Nekazari eta morroi ibili zen Arabako hainbat herritan, lau aldiz ezkondu zen, eta lehendabiziko emaztearekin bakarrik, La Zurrunbona delako batekin, izan omen zen zoriontsu. Sei emakume hil zituen, seiak bortxatu eta gero. Beste lauk ihes egitea lortu zuten. Gasteizko Polborinean urkatu zuten 1880. urtean, eta Madrilera eraman zuten haren burmuina, orduko mediku famatuenek gaiztakelia hura guztia genetikoa ote zen azter zezaten, oso modan baitzeuden genetika eta giza jokabideen arteko loturen teoriak (Zolak bere nobeletara eraman zituenak). Medikuek ez zioten froga berririk erantsi teoria horren txostenari, Sakamantekas hiltzaile arrunta zela erabaki baitzuten.

Iragan mendekoak dira trenak ere, eta zerikusi zuzena izan zuten Sakamantekasi zitzaion izuarekin. Trenbideetako antzinako makinistei buruzko ustea da Sakamantekasen istorio bitxi bat, Arabako hiltzailearekin izena beste zerikusirik ez duena. Trenaren hasierako garaiak ziren. Esames eta izu ugari sortzen zuen makina berriak jende xehearen artean, oso uste zabaldua baitzen haurren gantza behar izaten zela trenen makinak koipezteko; uste hori zela eta, haur desagertuen berriak bolo-bolo hasi ziren zabaltzen herriz herri.

Emeterio Arresek uste horren oihartzuna jaso zuen Olerti berrizte liburuko Donostiara oñez olerkian, non Donostia lehen aldiz ezagutu zuen egunaren lilura gogoratzen duen:

Gizon bat Bretxan deiadar bizi,
Sakamantekas! Barbarasaña! ...
Zapi teinkatu hanái batera
Zuzenduz txorrotx bere hagaia.

Donostiako etxeetan Maria Cristina erreginarena baliatzen zuten haurrak izuarazteko. Erregina Donostiara printze txikiarekin etortzen zenean (gero Alfonso XIII.ena izango zenarekin), Donostiako haur txiki guztiak goiz-goiz erretiratzen omen zituzten etxera, Erreginak bere haurrarentzat odola aterako zien beldurrez, mutil koxkorra hemofilikoa baitzen.

Andu Lertxundi. Letrak kale kantoitik. Alberdania.

AZKAR ETA ISILIK

Saguen "hairless" kromosomari buruzko artikulu bat ikusi nuen, orain dela aste batzuk; ilea hazte eta galtzearen ez dakit zer ikerketa, zelula inhibitzaile eta ez dakit zenbat istorio, ondorio jakinera iristeko: alopezikoek hala jarraitu beharko dutela aurrerantzean ere.

Kofradia horretako kide bi geunden atzo herriko ile-apaindegian. Nagikeria eman ohi dit ilea moztera joateak. Neskari galdetzen diodanean ere, joango naizen ez naizen, errukizko "bueno" batez erantzuten dit, esan gabe esanez, burusoil sartu eta burusoil irtengo naizela handik.

Noizean behin joan beharra dago hala ere, eta atzo hartu nuen horretarako astia. Goiko belaze urri honetan sega eta eskuarea pasatzen zidaten bitartean, gogoan erabili nuen ze diferenteak garen denok ere: nire ondoan zegoen beste kalboa solasaldi oparoan ari zen bitartean, ni mutu.

Halakoetan beti gogoratzen naiz Zestoako kontu batekin: berritsua omen zuten herri hartako bizargina, guraizea eta mihia batera dantzatzen zituena. Halako batean, Txanberlain zena egokitu zen pelukerian, eta, aulkian eseritakoan ohiko galdera egin zion motxaile edo apaintzaileak:

«Nola nahi duzu moztea?»
«Azkar eta isilik».

Xabier Mendiguren Elizegi. Azkar eta isilik. Elea.

BARRASKILOAREN KONPASEAN Slow mugimendua: astiro bizitzen hasteko garaia

Fast food zer zen ikasi genuen duela urte batzuk. McDonald's izena ezagutu genuen eta, ondotik, hamaika jantoki etorri ziren, Burger King, Telepizza, Bocatta ... soka batekoak denak. Janari azkarra gure eguneroko bizirnoduan sustraitu bezain laster, haren kontrako mugimendua sortu zen: Slow food.

XX. mendearen hasieran, abiadurak esanahi baitezpadakoa hartu zuen. Sasoi hariako mugimendu futuristaren goiburua mamitsua da oso: «Metrailaren gainean korrika, ibilgailu burrunbatsua Samotraziako garaitia baino ederragoa da.» Eta, askoren iritziz, ehun urte geroago ere, soinu haren arabera ari gara dantzan. Oraindik ere udaberrian gaudela, neguko moda erakusten digute diseinatzaileek. Zenbait herrialdetan, «24 orduz irekita» dute bizilege eta, gurean ere, goizeko hamarretatik iluntzeko hamarretara arteko ordutegiak gero eta ohikoagoak dira. AEBetako behialako mall-ak gure hiri guztietako paisaia dira: goizean goizago joan, erosketak egin, janari azkarra irentsi, krispetak janez filma ikusi eta etxera. Eguzkirik baden ere ez dakigula.

Hala ere, bizimodu eroak aspaldi ernarazi zuen kezka. Slow down (astiro) esaten hasi ziren batean eta bestean, Austrian, Japonian, AEBetan, Kanadan ... «Astiro! Ez joan lasterka, ibili oinez lasai!» ari ziren, era batera zein bestera, ahots denak.

Slow food, janaria baino gehiago

Mantsotzea dela eta, Slow food mugimendua dugu ahots askoren nahikundea ongien bideratzen asmatu duena. Berez, mugimendua ez ezik, elkartea ere bada Slow food. Italiako Piamonte eskualdeko Barolo herrian sortu zen 1986an, Carlo Pertini kazetariaren ardurapean. Pertsona hori, nonbait, erabat gaizkitu zen Erromako Espainia plazako mailadiaren oinetan janari azkarra zerbitzatzen zuen jatetxea -orduan ere MacDonald's- ireki zutenean. Orduantxe egin bide zuen urak gainezka, sortu bide zen kontzientzia garbia: janari tradizionala babestu beharra zegoen; biodibertsitatea, janari azkarraren aitzin. Urte hartan bertan, Parisen, mugimendua eratu eta izena eman zioten, Slow food. Logotipoa ere asmatu zuten, aski adierazgarria: barraskiloa.

Janari azkarraren kontrako mugimenduak -azken finean, bizimodu arnasarik gabekoaren kontrakoak- Slow food elkartea egituratu zuen. Haren asmoekin bat datorren jendeak, hala nola sukaldari, nekazari, gastronomo, unibertsitate irakasle, funtzionarioak ... convivia izeneko talde txikiagoak eratzeko joera hartu du eta, horien bidez, Slow food eratzeko joera elkarteak gaur egun 80.000 lagun ditu bost kontinenteetan barreiatuta: Italia, Suitza, AEB, Frantzia, Japonia eta Britania Handia dira joera berriari gehien lotu zaizkionak. Euskal Herrian ere hainbat dira mugimenduarekin bat egin duten herritarrak; horiek guztiak elkartu eta conviviak osatu dituzte Baiona, Bilbo, Gasteiz eta Donostian.

Dena dela, helburua janaria bera baino zabalagoa da: bizimodua, alegia. Arinka eta presaka bizitzearen kontrako mugirnendua da Slow food; biziera gizatiarragoa du aldarri. Horren haritik, xede hura bereganatu nahi zuten herriek Slow izeneko hiriak ere sortu zituzten. Lehenengoa Italian bertan fundatu zuten, Cuneo eskualdeko Bra hirian, eta egun, 800 kide baino gehiago dira munduan, berrogeita hamar herrialdetan banaturik, nahiz eta horietarik erdia Italiakoak bertakoak diren. Euskal Herrian, Mungia (Bizkaia) dugu hiri mantso bakarrenetakoa. Toki hauetan hainbat ekitaldi antolatu ohí dituzte -hitzaldi, mahai inguru eta lagunarteko otorduak, besteak beste-, herriari kultura berri horretara egokitzen laguntzeko.

Slow, arlo guztietan astiro

Janariari lotuta hasi zena bizimodu dugu gaur egun. Slow aldarrikatuko dute nekazariek: agrobiodibertsitatea. Sendagile eta erizainek zera diote: «Lege berria astiro jatea da, astiro lan egitea, eta hil ala biziko kasuak ere astiro tratatzea». Berdintsu esango dute hezkuntzako profesionalek, eta ikastegietan behar besteko denbora emateko aginduko dute. Hirigintzan, astiro ibiltzeko ingurua eraikiko dute arkitektoek. Slow travel! defendituko dute bidaia agentziek. Eta badira Slow sex! diotenak ere.

Nork bere esparruan, slow zaleek eginahalak eta bi egiten dihardute. Galdera berez dator: «Eta, zer egin? Erlojua zakarrontzira bota?» Slow zaleek hori baino errealismo handiagoz jokatu nahi dute: «Ez, hori ere ez. Kontua ez da abiaduraren kulturaren ordez mantsotasunarena ezartzea. Okerra litzateke hori. Eginkizunei behar den denbora eskaintzea da gakoa. Lastertasuna moteltzea, alegia».

Miel A. Elustondo. Administrazioo euskaraz, 55. zenb.