Veronicarengan lerratu zuen berriro pentsamendua. Ez zeukan bere argazkirik ere. Istorioa eromenezkoa zen, barre egingo liokete egia esaten saiatuko balitz. Etorri bezala
lurrundu (1) zitzaion emakume hura. Lisboan, ohean elkarrekin zeudela automatikoarekin ateratako argazkiaren erdia bakarrik geratu zitzaion eta argazki erdibitu horretan Alain bera ageri zen eta ez Veronica. Horrek harremanaren
lausotasuna (2) areagotu eta mingarriago egin besterik ez zuen egiten. Orain berak ere zalantzan jartzen zuen haren emakume
izate (3) fisikoa. Veronica
mamu (4) bat zen, ilunpeko arnas erritmo soil, hirugarren
hats (5), izara huts, haize rafaga batek une batez puzten duen balkoietako
izara (6) lehortzen jarria. Xake partidako mugimendu guztiak aurrez zekizkien igarlea zen, erregea arriskuan zegoenean dorrearekin ordezkatzen zuen endroke egilea, kasualidade urrunetara gidatzen zuten ate guztietako
maratilaren (7) jabea; adinik eta zauririk gabeko terrorista eternal bat zen Veronica, mila aurpegi aldakorreko samuraia eta espia,
bisaiarik (8) gabeko Eztarri Sakona, bere auto beltzean herrialdez herrialde eta mendez mende zebilena, kalesan eternitate guztia
errari (9) ibiltzera kondenatutako pertsonaia antzinakoaren eran. Legearen ertzaren bestaldean zeuden guztiei laguntza ematen zien aingeru guardako misteriotsu gisako bat zen Veronica: bere sigletan alfabetoko hizki guztiak zituen sindikatu ezkutuko partaide. Lerro zuzenak marraztu eta heriotza kondena ofizialak sinatzen zituzten estatu gizonen eskuak
kilimatu (10) eta dardararazten zituen izpiritua zen.
Pasaia blues, Harkaitz Cano (Susa, 1999)