Guztiz aztoraturik ikusi zuela aitortu zuen gero atezainak komisaldegian. Nik
(1) uzkur baina
(2) abegikor ikusi nuen, bere onean edo tentuan nolanahi ere, inondik ere ez behintzat ez-egitekoren bat egitera doanaren itxurarekin. Bere poltsa bularraren kontra ireki, orrialde
(3) sorta atera eta "bila zabiltzaten idazlea nire senarra da. Hau da froga gisa ekarri ahal izan dudan guztia" esan zuen edo esan zezakeen, halaxe adierazi nion epaileari, ahots beheraz hitz egiten baitzuen, ahots leun edo hezeegiz, aurrean zuena
(4) laztanduz edo isiltasunezko estalki batean bilduz bezala. Ez nion konturik egin, beraz, esan zuenari, adiago bainengokien ahotsaren xehetasun horri edo bere aurpegiko adierei, emakume batzuekin maiz gertatzen zaidan eran, eta, egia esan behar badut, ez nion sinetsi ere egin; zergatik sinetsi behar nion? Bi urte luze generamatzan gure literatura
(5) inarrosi zuen idazle horren atzetik eta dagoeneko ondo ikasia nuen gisa horretako
(6) "salatzaileak" gainetik kentzeko zer egin behar nuen: errespetu osoz tratatu. Behin eta berriz eskertu nion, nik bakarrik ez, gure literaturaren historiak ere egunen batean eskertuko ziola esanez, eta, ni eskua bete orriekin utziz, itzuli eta alde egin zuelarik ere, atzetik begira geratu nintzaion. Etorri bezala,
(7) iheskor, uzkur eta
(8) itzalgaizka ikusi nuen bere poltsa beltz zimurra magalean estutuz, kalean barrena ezkutatzen, zorigaitzak emakume ederrenei ere eransten dien patetismo puntu horrekin. Buruko zapiarekin
(9) estaltzen zuen ilea eta betaurreko beltzekin begirada. Soineko arin bat zeraman eta ezer erakutsi gabe ere edertasuna agerian uzten duten emakume horietako bat zela
(10) deliberatu nuen.
Romain zen bere izena, Joxean Agirre (EEF-Elkar, 2003)