Ni Ramón Merchán, ezizenez "Ibiltari Amorratua" oso
ibilzalea (1) naiz eta gainera
amorratuta (2) nago, gero eta amorratuago.
Terrorista naiz; hobeto esateko, izan naiz, dagoeneko ez naiz ezer ere; baina ez ohiko terrorista, ez helburu ezinezkoen, zuzentasun
itxuragabeko (3) baten edo zorion perfektuaren alde borroka egiten omen duen horietako bat. Ez naiz inoiz ezker ez eskuin muturreko taldeetako
kide (4) izan. Ez dut paradisua irabazteagatik hil, ezta estatu berri baten
ernamuina (5) sortzeagatik ere, ez diet enpresariei mehatxurik egin diru eske, ez diot klase borrokaren azterketari inolako ekarririk egin, ez dut panfleto inozorik idatzi, ezta zapaldutako gutxiengo etnikoen eskubideak
aldarrikatu (6) ere.
Nirekin ez zegoen
tratuan (7) ibiltzerik.
Duintasun (8) hutsagatik izan naiz terrorista, onar nezakeen bizimodu bakarra zelako.
Gogoan dut nire haurtzaroko arratsalde bat: ni, ogi eta txokolatearekin, telebistarean aurrean eserita; artean oso txikia nintzela, pantailak gau eta egun egiten zuen dir-dir, baina nire gogoan irudi bitxi bat geratu zen itsatsita: txanodun batzuk, beren armak gizaki izutu eta
ahuspeztuen (9) multzo bati
destaturik (10). Alde guztietatik ertzainek ingurutatu ere, lasai jarraitzen zuten txanodunek, egoera menperatuz, pistolen munturrez elkarrekin keinuka. Furgoneta bat iritsi zen...
Apologia, Julian Peña (Elkar, 2005)