Gaua da kanpoan, gaua izatea merezi du.
Lurraren erraietan beti da gaua, satorren ordua da satorraren domeinuetan.
Axola (1) dio ezer egun-argiak lurpean bizi denari? Ez gehiegi. Bat eginda zaude aspaldi honetan lurrarekin eta batere ez mugitzea zenukeela onena iruditu zaizu hasieran. Zure erraiak eta lurrarenak errai berak ez dira bada? Ahots teluriko batek diotsu: abandonatu zeure hezurrak betiko, zer arraio. Ez al dira hezurrak danbor-jotzailearentzako makilak, txirulariarentzat txirulak? Hainbesteko atxikimendua diezu honezkero tinbala kolpatzeko ere nekez balio lezaketen humero pareari eta tibia horiei? Nola egongo zara, etzanean baino hobeto? Lo egin ezinik dabiltzan milaka gizaki
kezkatu (2) ados (3) egongo dira honetan: lo zauden orduak dira onenak. Baina hainbeste urte mugitu gabe egoteak ezin du ona izan.
Inurriturik (4) dituzun gorputz-adarrak dantzatu nahi zenituzke, hatz puntak apur bat esnarazi. "Ahal banitu hatzetako hezurrak bere loturetatik aska eta haiek kraskatuz
ostera (5) ere kateatu!". Matrailezurren ordez haginlariak moldea ateratzeko erabili ohi duen igeltsua ote duzun sentipena; begiak zabaldu ere kostata, zure artean, "ez zuan oso
arteza (6) baltsamatu ninduen
morroia (7) , lurra baino
sikuagoa (8) den hauts zuri batek hartua dizu garunaren parte bat: desmemoria, magnesioa, karea.
Zenbat denbora behar du gorpu batek
usteltzeko (9) ? Sei, zortzi, hamar urte? Antropologo forentseek diotenez, hezetasunaren arabera. Proba egin nahi?
Akabatu (10) katu bat eta utzi leihoko freskuran, ea.
Twist, Harkaitz Cano
Susa, 2011