Lexington abenidan oinez noala, espaloian abandonaturiko jantzi bat: zapata, galtzerdi, galtza, alkandora eta eskularruak. Baina ez anabasa (1) batean, txorimalo (2) bat egitear dagoen norbaitek lurrean ordenatuki lerratu izan balitu bezala baizik. Homeless batek azala mudatu berri balu legez (3), eta zaharra atzean utzi. Tximista batek jantzien jabea bat-batean lurretik erauzi (4) balu bezala, baina jantzia erabat errespetatuz. Eta ez da lehen aldia. Hasieran, bigarren eskuko arropa saltzaileren baten lana zelakoan nengoen (ohikoa da bederatzigarren abenidan jendea beren hildako senitartekoen telebista aparailuak eta janzkiak merkezurrean saltzen ikustea). Baina inguruan ez da inor. Ate ezkutu bat oharkabean (5) pasa eta dimentsio berri batean erori den jendea da. Espaloian dago munduaren xilkoa (6).
Homelessak eta homelessak daude eta alde ederra dago batetik bestera. Adibidez, bada homeless mota bat hona etorri aurretik sekula imajinatuko ez nuena: homeless elegantea. Betidanik kalean bizi den jendea lapurretarekin, burutik joandako mozkorrekin eta miseriarekin lotu nahi izan bada ere, badira beren egoera duintasun (7) berezi batez eramaten duten homellesak. Gure etxetik gertu bizi da bat eta atentzioa ematen du zeinen arropa garbiak dituen ikusteak, zeinen ongi orraztua duen beti bere ile luzea, motots batean bildua. Inongo zinizmorik gabe esan dezaket estiloa dutela homeless batzuek. Lo egiten duen ezkaratzeko (8) kartoiak biltzeko eran bertan ikusten da duintasun hori. Ahor (9) kontrastea: Kalean bizi den gizasemea bere lo-kartoiak dotore biltzen eta bere ondoan turista parea, Manhattango plano erraldoia ezin tolesturik. Giulianiren garbiketaren ondoren ezin dira Manhattanen garai batean adina homeless ikusten. Gaur bezala muturreko (10) hotza egiten duenean, bestalde, furgoietan sarrarazi eta aterpetxeetara joatera behartzen dituzte.