euskaljakintza72.gifMaitane González (euskaljakintza)jakintza_avatar.gif

EGA ariketak: LEXIKOA 8

Testuinguruan duten esanahia kontuan harturik, markatuta dauden hitz horien baliokidea aukeratu behar duzu.

Itzalak, Iban Zaldua

itzalak.jpgMuinotik (1) ikusia polita da paisaia, gauzak zertxobait aldatu diren arren. Gogoan zuen pistaren ordez, asfaltozko errepide txukun-estu batek lotzen ditu baserriak, egun. Askaldegia aspaldi itxi zuten: Orangina bat hartzera gonbidatu zuen aitak hara heldu zirenean, itzuleran; muga alderako bidea hartu zuten gero. Teilatu askotan kolore horiko parabolikak ageri dira, egun.



Baina gaur ez da bailaratxora (2) itzuliko. Libera batzuk eta Julio Cortázarren ipuin-liburu bat hartu, eta kalera irten da: berriro begiratu du postontzia (3) badaezpada, baina iluntasuna besterik ez da zirrikitutik (4) ikusten. Herriko kaskorantz jo du. Gaur ere, aurreko egunetan bezala, jende gutxi topatu du. Ez du Alvaroren etxera hurbiltzeko asmorik, baino ezin uka intrigatuta dagoena, erakundekoen isiltasunarekin.



Oso jende gutxi dabil kalean, zinez. Gutxiegi. Tupustean (5), zalantza batek zeharkatu du alderik alde Jose Mariren gogoa: eta, ipun hartako protagonista bezala, hilda egongo balitz? Konturatu gabe hilda? Espektro bihurtuta, besteak ikusteko ahalmena (6) izango luke, baino haiek ez lukete bera ikusiko; hala zen, behintzat, ipuinean -nola zuen izenburua? Ezin du gogoratu-. Autoarena ez litzateke, hartara, ametsa izango, gertatutakoaren oihartzuna (7) baizik. Eta telefono-deirik ez izatea ere argituko luke.



Ezinezkoa da. Froga egitea deliberatu (8) du: oinezkoaren batengana hurbildu (9) eta zer edo zer galdetuko dio. Kalekantoi batean aurpegi bat ezagutu (10) duela iruditu zaio, inoiz joan izan den okindegi bateko nagusiarena; ez du haren izenik gogoratzen.



Itzalak, Iban Zaldua (Erein, 2004)