Astronauten bizimodua ez da erraza!

Handitan zer izan nahi genuen galdetzen zigutenean, askok astronauta erantzuten zuten. Astronauta izateak badu nolabaiteko erakarmena, baina gero bat konturatzen da oso zaila izango dela astronauta izatera iristea. Eta ez hori bakarrik, lurrean oso arruntak diren eguneroko ekintza batzuk asko zailtzen dira espazio-ontzian. Ez du, ez, erraza izan behar… grabitate ezak arazo asko sortzen ditu egunerokotasunean. Askok galdetzen diote euren buruei ea astronautek nola joaten diren komunera, zer jaten duten edo nola garbitzen diren… Izan ere, egunero egiten ditugun gauza sinpleenak ere, hor goian, espazio-ontziaren barruan, desberdinak izan behar dutela sumatzen dugu. Eta hala da.

Komunera joatea, esate baterako, ez da lurrean bezain erraza. Ezta gutxiagorik ere! Lurrean, hondakin solidoak zein likidoak lurrera joaten dira grabitate-indarrari esker. Espazioko mikrograbitatean, ordea, hondakinek flotatu egiten dute, gainerako gauzek bezalaxe. Arazo hori konpontzeko, hainbat saio egin dute ingeniariek, eta, bidean badira ere, oraindik ez dute guztiz gainditu. Hori bai, aurrerapauso handiak eman dituzte. Astronautek pixoihal antzeko batzuk eraman ohi zituzten bertan pixa egiteko, honek eboluzionatu egin zuen eta ipurmasailean itsasten zen poltsa bihurtu zen. Hala ere, kontu handia eduki behar zen itxi baino lehen sabelusteak ihes egin ez zezan. Inoiz edo behin gertatu izan da halakorik zuzenean, baita programazio arduradunek konexioak eten ere izan dituzte ikusle estatubatuarrak ez mintzeko!

Orain, berriz, lurrean ditugun komunen antzekoak dituzte espazio-ontzietan. Aireaz baliatzen dira eginkariak eramateko, eta bereziki prestatuta daude mikrograbitatean erabiltzeko. NASAren Waste Collection System-a, hau da, WCS hondakinak biltzeko sistema da adibidea. WSCa ez da hondakinak biltzera mugatzen, emakumezkoentzat zein gizonezkoentzat dago diseinatuta. Komunean eserita gelditzeko, barra bat du izterrak inguratzeko, horretaz gain, astronauta lau belkroz itsasten da komunera, eta oinak ere lotuta gelditzen zaizkio. Astronautek komuneko lanak bukatu dituztenean, balbula bat irekitzen dute hondakinak espazio hutsean jartzeko. Berehala, hondakin solidoak izoztuta, deshidratatuta eta usaina kenduta gelditzen dira.

ESAk beste aurrerapauso bat eman nahi du, eta hondakinak ur, oxigeno eta janari bihurtu nahi ditu. Bidaia luzeetan sortzen diren hornidura-arazoei aurre egitea du helburu. Pentsa zenbat ur, janari eta oxigeno beharko luketen sei astronautek Martera joateko. Kontuan hartu behar da, gutxienez, hiru bat urte behar direla planeta gorrira joan-etorria egiteko. Horretan, 33 tona materia garraiatu beharko lituzke espazio-ontziak, eta onena hondakinetatik elementu baliagarriak sortzea litzateke. Miniaturazko ekosistema batez hitz egiten ari garenez, hondakinak eta karbono dioxidoa biomasa jangarri bihurtzen dira. Frogaturik dago hondakinen %70a baino gehiago birziklatu eta berrerabil daitekeela.

Komunera joatea bezain ezinbestekoa da egunerokoa eta oinarrizkoa jatea. Astronauten janaria prestatuta dago ahal den toki gutxien hartzeko, gutxi pisatzeko eta luze irauteko. Janari batzuek ez dute tratamendurik behar, eta bere horretan eraman daitezke espazio-ontzira (fruitu lehorrak…). Beste zenbait, aldiz, deshidratatu egin behar da, hala nola, makarroiak… horiei astronautek ura bota behar diete jan aurretik. Frutak, jogurtak eta haragi batzuk beroaren bidez tratatzen dira bakteriak hiltzeko eta, neurri batean, deshidratatu ere egiten dira. Hala ere, ezin da edozein janari eraman. Bereziki arriskutsuak dira papurrak uzten dituzten janariak, flotatu egiten dutenez, makinarian sartu eta sistema honda dezakete. Hori gutxi balitz, astronautek hauek arnastuta gaixotzeko arriskua dute.

Azkenik, esan beharra dago zailtasun handiak dituztela euren gorputza garbitzerakoan, nahiz eta gaur egun produktu bereziak erabiltzen dituzten garbiketarako, bereziki, burua garbitzeko. Gakoa urik ez gastatzea da. Horregatik erabiltzen dituzte ospitaleetan ibiltzen diren xanpu batzuk, urberritzea eskatzen ez dutenak. Gainera, kontu handiz ibili behar dute osagaiekin, ezin dute alkoholik ez propilen glikolik eduki, birziklatzeko arazoak ematen dituztelako, beraz, xanpuak landare-jatorriko osagaiak izan ohi dituzte.

Eta hau guztia irakurri ondoren, nor animatzen da astronauta izatera???

Dena den, jakin-mina piztu bazaizue, klikatu hementxe.

2 Responses to Astronauten bizimodua ez da erraza!

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.