Bixente Gorostidi: “Bertsoa hitzekin egiten den jolasa da”

Aurtengo ikasturtean euskal pertsonaia famatu bati elkarrizketa egiteko eskatu digu Maitek. Eta buruari mila buelta eman ondoren, hain gertuko dugun Bixente Gorostidi bertsolaria ezagutu nahi nukeela erabaki nuen. Beraz, hemendik eta handik bere biografia bilatu eta lanean jarri nintzen.

Bixente eta Irati

Bixente Gorostidi Loidi Amezketako bertsolari gazte bat dugu. Ingeniaritza Teknikoa ikasten aritu zen Donostian eta Itzulidatz Abaltzisketan. Itzulpenak egiten ibili zen orain dela hiru urte arte eta gero bertso eskolak ematen hasi zen.Gazte sariketa askotan kantatu du eta Gipuzkoa eta Euskal Herriko txapelketetan ere aritu da. 1995ean Osinalde saria irabazi zuen eta 2001 eta 2005eko Txapelketa nagusian azken laurdenetara heldu zen. 1995 eta 2003an Gipuzkoako txapelketan final aurretan kantatu zuen. 1995ekoa bere lehenengo txapelketa izan zen eta bi puntu besterik ez zitzaizkion falta izan finalerako; dioenez “sustoa eta guzti” hartu zuen. Horrezkero ez da hainbeste hurbildu. Gaur egun, ikastetxeetan bertso eskolak ematen ari da.

Bixentek bere agendan tokitxo bat egin zidan, ez da erraza ikasturte hasieran eta are gutxiago txapelketetan bete-betean ari denean. Zaldibiako eskolan bost eta seigarren mailako ikasleekin bertso lanetan aritu ondoren, bere biografiari errepasotxoa eman eta elkarrizketari hasiera eman genion.

PozaBertsolari izateaz gain, irakasle eta Amezketako alkate ere izan zara, zer lanek eman dizkizu buruko minik handienak? Eta pozik handienak?

Buruko minik handienak, pentsatuko duzun bezala, alkatetzak eman zizkidan. Ilusioz beteta joan nintzen eta gero konturatu nintzen oso mundu berezia dela udaletxekoa eta politika, eta niretzat behintzat giro txarra izan zen, buruko minak horrek. Eta pozik gehienak bertsolaritzak eta, orain, azken urteetako lanak. Bertso eskolak ematen oso oso gustura nabil; pozik gehienak, horrek, bertsolaritzak.

Noiz eta nola konturatu zinen bertsolaritzan aritzea zela zurea?

Bixente Oso berandu, konparatuta gaurko jendearekin. Gaur egun eskoletan eta, jendea oso oso gaztetan hasten da bertsotan, baina ni 21-22 urterekin hasi nintzen. Ordura arte banekien bertsolariak zeudela, ezagutzen nituen batzuk eta noizbait bertsoak entzuten nituen. Baina egun batean entzun nuen “Hitzetik hortzeran”, ia telebistako programa hasita zegoen, Peñagarikanoren bertso bat. Bolada hartan, ordenagailuetako teklatuetatik eñea kendu egin behar zuten teklatua uniformatzeko Europa mailan eta teklatu guztiak berdinak izateko, beste hizkuntzetan eñea ez dagoelako. Berari gai hori jarri zioten, eñea kenduz gero, zer gertatuko litzatekeen gure herrian. Berak sekulako bertsoa kantatu zuen: eñea kenduz gero, garai batean amona “moño” batekin, orain mono batekin; lehenago Muruak zeukan buru bikaina, eta orain bi kana… Bertso polit-polita zen, berriro entzun nuen aste horretan zehar irratian beste bi aldiz eta buruz ikasi nuen bertso hori. Horrekin jolasean hasi nintzen, batzuetan ez nuen bertso osoa gogoratzen eta horietan nire hitzak sartzen nizkion bertsoari, eta konturatzen nintzen atera egiten zitzaidala.

Gero, Amezketan bertso afari bat egin zuten, bertso afari didaktikoa edo. Horra Mikel Mendizabal eta Amuriza joan ziren eta bertso eskoletan erabiltzen diren ariketak eraman zituzten. Horiek egiten nahiko ondo moldatzen nintzen eta Mendizabalek Tolosan bertso eskola bat antolatu nahi zutela eta hara joateko esan zidan. Geroztik geratu gabe nabil.

Garaiz nabil orduan…

Bai, bai… bertsotan gainera ez dago jubilatzerik. Orduan, 70 edo 80 urte arte…

Bertso eskolatan irakasle zara, zer ezaugarri behar dira bertsolari ona izateko?

GorostidiBertsolari ona izateko gauza asko, baina gaur egun, elite-eliteko bertsolaria izateko, nik uste bertsolari baino gehiago jakintsua, intelektuala, izan behar dela ondo ibiltzeko. Egaña, Sarasua, Eguzkitze… oso pertsona azkarrak dira. Bertsolari izatea lor dezakezu, ikas dezakezu errimatzen, neurriak, doinuak, teknika guztiak menpera ditzakezu… baina gaia jorratzeko garaian oso azkarra izan behar da, komeni da asko irakurritako pertsona izatea, denetik zerbait dakiena, oso informatuta dagoena… Ia-ia, gaur egun, bertsolari onak intelektualak dira.

Nola ikusten duzu bertsolaritzaren oraina eta geroa Euskal Herrian?

Ikusten dut bertsolari gazte asko dagoela, punta-puntakoak, sekulako maila dutenak eta etorkizuna pentsatzen dut antzera etorriko dela. Eskoletako proiektu hau adibidez hasi berria da, Gipuzkoan aurten bosgarren urtea da, sekulako arrakasta izan du. Ikusten da gazteei bertsoa gustatu egiten zaiela, asko lantzen da. Honek seguru asko emaitza onak emango ditu urte gutxi barru.

Zer nahiago duzu, bat-batekoa edo bertso-papera? Zergatik?

Bat-batekoa. Bertso paperetan perfekzioa lor dezakezu, nahi adina denbora dagoelako gaia lantzeko, hitzak aukeratzeko, ideiak nahi dituzun bezala adierazteko… baina bat-batekoa zure buruari jartzen diozun erronka da. Azkenean bertsoa, ni ikasleei beti horrela saltzen saiatzen naiz, hitzekin egiten den jolas bat da. Badirudi jatorria ere horrela dela, jolas baten modura hasi zela. Gizakia hitz egiten hasi zenean, bukaerako hitzekin jolasak asmatzen hasi zen, eta hortik sortu zen bertsoa. Beraz, jolas modura hartuta, bat-batekoa askoz ere politagoa da, bertsoa ondo ateratzen denean sekulako satisfazioa da, eta lehiaketa kutsua du gainera.

Emakumeei buruzBertsolaritza mundua gizonezkoena izan da orain dela gutxi arte; orain, berriz, plaza gehienetan gizonezko eta emakumezko izaten zarete. Emakumeak ekarri al du aldaketarik bertsolaritzara?

Bai, nik uste baietz. Lehenago bertsolaritza askoz ere zakarragoa zen, baldarragoa. Taberna girokoa zen, askotan edariarekin erdi berotuta jendeak edozein astakeria esaten zuen… Nik uste dut gaur egun bertsolaritza askoz ere txukunagoa dela. Dudarik gabe, sekulako maila duten emakume bertsolariak daude. Honek, alde batetik, maila ona; eta, bestetik, hizkuntza finagoa eta gaien trataera desberdina ekarri du. Nik uste mesederako izan dela.

Hala ere, jende guztiak bertsolaritza gizonezkoen jarduna izan dela esaten du, baina emakume bertsolariak beti egon direla esaten dute. Gertatzen dena da ez zirela ausartzen plazan kantatzera edo oso gaizki ikusita zegoela jende aurrean emakumeak kantatzera irtetea. Baina teoria askoren arabera, Euskal Herriko lehenengo bertsolariak emakumeak omen ziren. Badaude dokumentu batzuk mila laurehun eta zerbait ingurukoak, hiletetan eta zenbait zeremonia eta ekintzatan emakumeek buruz ikasitako bertsoak kantatzen zituztela esaten dutenak. Horrek esan nahi du lehenago ere bertsoak kantatzen zituztela emakumeek.

Bat-bateko saioetan inoiz geratu al zara zer esan ez dakizula? Horrelakoetan zer egiten duzue bertsolariek?

Ez, zer esanik gabe inoiz ez. Normalean, bertsoetan lehenengo bururatzen zaizun ideia kantatzen duzu. Batzuetan ateratzen zaizun ideiak ez zaituela konbentzitzen gertatzen da. Baina badakizu jendea zain dagoela, denbora pasatzen ari dela eta bota egin behar duzu. Askotan botatzen dituzu ideiak asko konbentzitu gabe. Lehengo egunean, adibidez, nik gai batean egin behar izan nuena. Asko konbentzitu gabe botatzen duzu, ia ohituta baldin bazaude bertso eskolara eta entrenatzera, beti daukazu zer esana. Gai batzuk ez dituzu menperatzen eta horietan ez zara hain gustura geratzen, baina beti zerbait esaten duzu.

Hori Getarian gertatu zitzaizun?

Bai, oso gai berezia zen. Gai hori entzun eta sustoa hartzen duzu: “Guardia zibila zara eta POZIK zoaz etxera”, gainera nabarmenduta esaten zuen. Paper horretan jarri behar duzu, gaiztoa izan behar zara eta esaten duzuna ez duzu hain konbentzituta esaten.

Zuzeneko saioetan batak besteari sekulakoak kantatzen dizkiozue bertsolariek, eszenatokitik kanpo jarraitzen al du pikeak?

ElkarlanazEz, keba. Eta zuzeneko saioetan gaur egun ez da hainbesterako, lehen oso pike gogorrak egoten ziren, haserretzeraino iristen ziren. Bata bestearen bizitza pertsonalean sartzen ziren, elkarri kristorenak esaten zizkioten. Jendeak hori eskatzen zuen. Nik uste dut, bertsoa gizartearekin batera doala, gizartean pike giro horrek eta enfrentamendu horrek zeresana ematen badu, bertsolariek oholtzara eramaten dute.
Gaur egun, gaiak tratatzeko era aldatu egin da eta gehiago da elkarlana elkarren kontra baino. Lehenago, bertso desafioak beti elkarren kontra ziren eta beti nahitaez garaile bat egon behar zen. Gaur egun ez, bertsolariok binakako lana elkarlantzat hartzen dugu, batek ideia bat aportatzen du, besteak beste bat… eta osatuz joaten gara.

Interneten zure biografiako datu bezala 1995. urtean Osinalde saria irabazi zenuela agertzen da. Zer sari da hau eta nolako garrantzia du bertsolari gazte batentzat?

Hau oso sari garrantzitsua da. Gaur egun gazteek aukera dezente izaten dute, baina 95 urte inguru horretara arte, 90. hamarkada arte gutxi gorabehera, ez zen hainbeste sariketa egoten. Osinalde Gabiriako elkarte bat da eta hor beti bertsolari ezagunak ez zirenak, plazetan ibiltzen ez zirenak gonbidatzen saiatzen ziren eta horiekin lehiaketa bat egiten zen.

Niretzat oso inportantea izan zen. Justu 95ean, urtarrilean, hasi nintzen bertso eskolara joaten eta Mendizabalek Gipuzkoako txapelketara apuntatu ninduen, apirilean hasten zen txapelketa. Apirileko ostiral batean, Urretxun nuen saio batera joan nintzen kantatzera eta han esan zidan Muruak hurrengo egunean Osinalde izeneko sariketa bat zegoela eta bertsolari batek huts egin zuela… edo antolatzaileren bati niri deitzea ahaztu zitzaiola edo… eta ea joango al nintzen. Joan nintzen eta irabazi egin nuen. Oso oso gustura…

Urriaren seian Getariako Iturzaeta Herri Eskolako Antzokian Gipuzkoako bertsolari txapelketako sailkapen fasean irabazle izan zinen. Zer moduz ikusi zenuen zure burua?

Bixente eta Irati elkarrizketanBeno… hasieran nahiko larri. Aurten, egia esanda, ez nahiz gehiegi prestatu, ez dut denbora gehiegi eduki eta hori asko antzematen da. Lehenengo fasetan jendea oso prestatuta joaten da, mentalizatuta txapelketako lana egiteko. Neure buruarekin neukan kezka. Saio aurretik, behar bada, inoiz baino lasaiago egon nintzen, baina han hasteko momentuan jarri zitzaidan urduritasun puntu bat eta nahiko larri egon nintzen. Gero lasaitzen joan nintzen eta azkenen nahiko gustura bukatu nuen.

Saio bukaeran kartzelako lana eskatzen zaizue bertsolariei. Ordenak ba al du eraginik zuen saioan? Zein tokitan zaude erosoen?

Hasieran kezkatzen zaitu, lehenengoa baldin bazara, jende aurrean gelditu beharrak eta segituan hasi beharrak. Baina kartzelan denbora asko egotea ere ez da ona. Niri postu guztietan egotea tokatu zait. Lehengoan, adibidez, bat zenbakia nuen eta ez zitzaidan gehiegi inporta. Batzuetan, agian, okerragoa da seigarrena izatea, badakizu besteak bukatzen ari direla eta zuk ordubete edo zain egon behar duzu. Ez da erosoa, urduri zaudelako.

Urriaren 28an Zumaian lehiatuko zara Ekaitz Goikoetxea, Aitor Sarriegi, Jokin Uranga, Iñigo Manzisidor -Mantxi- eta Jose Luis Urdangarinekin. Zein iruditzen zaizu izan daitezkeela beraien puntu onenak? Eta zeintzuk zureak?

Beno ba… talde horretatik denak saio asko egindako bertsolariak dira. Asko ibilitako bertsolariak. Orduan, nik esango nuke, gai guztietan defenditzen direla ondo. Bertso mota guztietan: bai ofizioetan, bai bakarka… Azkeneko txapelketetan, gainera, bai Ekaitz, bai Aitor oso fuerte dabiltza. Jokin ere bai… Alor guztietan moldatzen dira ondo nik uste. Eta nik nahiko nuke beraien pare ibili, badakit zaila izango dela baina… beraien artean ibili.

Elkarrizketari bukaera emateko, botako al zenuke bertsoa?

Asko ohitua ez nagon arren
elkarrizketak egiten
galdera batzuk erantzun eta
hara zer pentsatu deten:
beste ikasle bat fitxatu gabe
ez det nahi hemendik irten
beraz Irati zu ere hasi
bertsolaritza ikasten
bertsolaritza ikasten

Mila esker Bixente eta zorte on datozen txapelketetan, han izango gara.

Orain, elkarrizketa bukatu ondoren, pozten naiz lan hau egin behar izanaz. Berari esker Bixente ezagutu eta bertsolaritzara zertxobait hurbildu bainaiz. Bixenteri kasu eginez, bertsolaritza ikasten hasiko naiz ahal bezain pronto.

6 Responses to Bixente Gorostidi: “Bertsoa hitzekin egiten den jolasa da”

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.