Bizitza bizitzea ez denean…

Hanna JonesGogorra da bizitza” esaten dugu askotan. Denok izan dugu inoiz mundua gainera erori izanaren sentipena, baina erori garen guztietan altxa gara berriz ere. Aitzitik, Hanna Jones orain dela 13 urte Ingalaterran jaio zen neskatilak ez du atzera zutitu nahi.

Bost urte zituenetik leuzemiaren hatzaparretan bizi izan da. Hiru hilabetean behin medikuarekin ordua zitatu izan du medikamentuen tratamendua taigabe jarraituz, eta hala segi beharko du aurrerantzean ere gerora biziko bada. Are gehiago, dagoeneko bihotzeko hiru transplante egina da hainbeste medikamentuk bihotza ahuldu izanagatik, eta azaroan sei hilabeteko bizi esperantza aurreikusi zioten Herefordeko Herefordshire Primary Care Trust erietxeko medikuek. Honela, bada, laugarren operazio bat egitea hautatuko luke bizitza gogorra dela irizten duen gizarte sasijakitunak. Alta, Hannak kirurgiari muzin egin, eta, horrek ekarriko liokeen aukera berriari uko eginez, geratzen zaion apurra, zoriontsu, gurasoen eta hiru anaien alboan igaro nahi du. Kristy eta Andrew Jones gurasoek ere alabaren nahia babesten dute, jakin badakitelako hala zoriontsu izango dela, eta, datozen sei hilabeteotan erabakiz aldatuko balu, berriro ere itxaroneko zerrendara itzul daitekeela.

Hanna amarekinTamalez, haur batek eutanasia eskatu izanak min egin dio gizarteari sekula transplantatu beharko ez duen bihotzean. Zeinen gogorra den bizitza! Hasiera batean, medikuak ere aurka agertu ziren Jonesen eskariaren aurrean, 13 urte baino ez dituen ume bat ez ei delako bizitzen jarraitu gura ez duela erabakitzeko gai. Neskatxaren erreguek, ordea, legeak limurtu eta bereganatu ditu. Eta orain, bai. Orain, bere bizitza naturaren eskuetan uzteko eskubidea du, bere mentalitatearen aurkako asko baditu ere.

Hannak hitza hartu eta argi eta garbi azaldu du zein den bere ikuspuntua. Egia da medikuntzak aurrerapen handiak egin dituela, baina neska honen kasua hain apartekoa da, non zientziak oraindik ezin berma dezakeen etorkizun seguru bat. Jakinaren gainean daude operazio hau onartuz gero, uste ez bezala irteteko aukera dagoela, eta, ongi irtengo balitz ere, bost urteren buruan beste halako bat egitea ezinbestekoa lukeela ostera arnasten jarraitzeko.

Ez hori bakarrik, badira arrazoi gehiago ere geroari bizkarra emateko: motibo moralak, alegia. Bizitzen hasi besterik ez den arren, jadanik jakin badaki datozen urte guztiak ere nolakoak izango diren, eta ez dago prest behin eta berriro bizimodu hori bizitzeko, sufritzeko. Gainera, esperientziak irakatsirik, ezaguna du itxaroneko zerrendan emaile apropos bat aurkitzea zeinen zaila den. Beraz, benetan desio ez duen bizitza bat eskuratu izanak benetan nahiko lukeen besteren bati nolabait lapurtzea suposatuko luke.

Eskarmentuak berak egin du heldu 13 urteko gorputz txikian ezkutatzen den emakumea. Ez da ume gorri bat, eta horregatik hain zuzen ere halako erabakiak hartzeko gaitasuna du. Onartzea bortitza iruditzen bazait ere, zergatik ez? Duintasunez hil dadila!

, , ,

2 Responses to Bizitza bizitzea ez denean…

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.