Egipto, benetako miraria

piramide_aurreanEgipto aldizkari eta egunkarietan asko azaltzen den herrialdea da gaur egun, bai bere edertasunagatik, baita oso modan jarri den lekua izateagatik ere. Jende askori gustatuko litzaioke bertara joatea egun batzuk pasatzera eta bertako zenbait toki ikustea. Uda honetan zorionekoa izan naiz; izan ere, El Cairoko zenbait mirari ikusi ahal izateaz gain, herrialde honetaz pixka bat gehiago ikasi ahal izan dut.

El Cairo oso famatua da, bertan aurkitzen baitira piramideak. Baina benetan horren ikusgarriak al dira? Egia esaten badizuet, bai. Erabat harrigarria da garai haietan zituzten baliabideekin horrelako monumentuak egin ahal izatea. Hiru piramide desberdin daude, eta horietako bietan sartzeko aukera ematen dute. Nik bakarrean sartzeko aukera izan nuen, eta barrutik ez zitzaidan horren ikusgarria iruditu. Gehien harritu ninduena piramideen tamaina da. Betidanik jakin izan dut handiak direla, baina errealitatean ikusi arte ez nuen pentsatuko horrenbeste zirenik. Bertako inguruetan Egiptoko jende asko ikusten da, eta denek zurekin argazki bat atera nahi izaten duteNi ez nintzen gutxiago izan, noski! Zapi bat jarri zidaten buruan eta beraiekin atera nuen hainbat argazki. Ondoren, beraien gamelu batera igo ninduten bertan argazkiak gehiago ateratzeko.

Piramideen ingurua bisitatu beharreko toki bat da, baina ez bakarra. El Cairon toki ikusgarri gehiago daude, horietako bat benetan polita den Citadelako meskita dugu. 1830. urtean eraiki zuen Yusuf Bushank greziarrak. Meskita ikusteaz gain, etxea ere ikus daiteke, eta beraiei egindako erretratuak nola eta noiz egin ziren azaltzen dizute. Baina benetan bitxia iruditu zitzaidana bertakoek kontatzen duten meskitan gertatutako istorioa da. Meskita hau Mohammed Aliren menpean omen zegoen. Eta kondairak dioenez, jendea aurka zuen hartzen zituen erabakiengatik. Horregatik, egun batean herriko biztanle guztiak elkarrekin Citadelara joatera erabaki zuten Mohammedi boterea kentzeko asmoz. Bertara iritsi zirenean, Alik bere zaldia hartu eta meskita aurreko harresia saltatuz ihes egitea lortu omen zuen.

Denek esaten dutenez, Egiptoko museoa bisitatu beharreko beste leku bat da. Egia esango dizuet: bertan egon nintzen, baina ez zitzaidan gehiegi gustatu, agian, ez nuelako inongo gidarik eta ez nekielako nondik hasi museoa aztertzen. Hala ere, ez nintzen bertako gauza bitxienak ikusi gabe gelditu. Benetan txundigarria da nola kontserbatzen diren harriak, piezak, eta baita momiak ere. Hamar momia ikusteko aukera izan nuen, besteak beste, bere garaian aldaketa handiak ekarri zituen Ramses II.aren momia.

Nire ustez, dena den, Egiptoko aipagarriena bertako jendea da. Izugarria da nola kezkatzen diren zuregatik, beti laguntzeko prest daude, eta zer gutxirekin diren zoriontsu! Kaletik paseatzen zoazenean, denek nahi dute zurekin hitz egin edota zu agurtu. Kanpora afaltzera joan ginen batean, esaterako, taxi-gidariarekin gaueko hamaiketan hotelera bueltatzeko gelditu ginen eta, azaltzen ez zenez, bi mutil gu hotelera eramateko prest agertu ziren berehala. Beraiekin hitz egiten hasi eta konturatu ginen pixkanaka-pixkanaka Egipton ere gauzak aldatzen ari direla. Lehen inork ez zuen edaten edota neska-laguna izaten; gaur egun, ordea, bai. Neska gazteak jada ez dute beloa eramaten eta ez dituzte garai batean egin beharreko errezo guztiak egiten. Dena den, hau guztia aldatu egiten da Ramadan jaian. Nahiz eta, esan bezala, gauzak eraldatzen joan, jai honek berdin jarraitzen du: gazteek egun arruntetan zenbait gauza betetzen ez dituzten arren, jai honetan dena betetzen dute, hau da, ez dute erretzen, ez dute jaten, ez dute urik edaten… Eguzkia ezkutatzen denean, familia osoa elkartu eta jan egiten dute, baita errezatu ere.

Amaitzeko, onartu beharra daukat izugarrizko zortea izan dudala bertara joateko aukera izan dudalako; halere, ezin izan dudanez dena gustatuko litzaidakeen bezala ikusi, noizbait bueltatzea espero dut.

,

7 Responses to Egipto, benetako miraria

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.