Hemen haurrik ez!

“Reservado el derecho de admisión a quien con su comportamiento incívico […] cause molestias a otros usuarios, y también a los menores de edad, acudan solos o acompañados.”

Horrela dio Bilboko Style jatetxeak. Udan ‘Público’ egungarian irakurri nuen artikuluaetorri zitzaidan burura familiako afari batean, ondoko mahaiko haurrak afaria bukatuta eta erabat asperturik, jaiki eta jangela osoan zehar korrika, jolasean eta ateari danbatekoak gogor ematen hasi zirenean. Estatu Batuetan, Pennsylvaniako hiri batean hain zuzen ere, 6 urte baino gutxiagoko haurrei bere jatetxean sarrera debekatzea erabaki zuen Mick Vuickek, eta orain joera hori zabaltzen ari da. Jatetxeez gain, zenbait hotelek eta baita hegazkin konpainia batek ere (hegaldi eta eserleku konkretu batzuetan soilik) neurri bera hartzea erabaki dute.

Egia esan, nori ez zaio tokatu jatetxe batean ume negarti edo oihukari baten ondoan jan behar izatea? Estatu Batuetan debeku hau ezarri zuen jatetxeko nagusiak dioenez, haur bihurri eta saltseroen jarrerek, jolasek eta garrasiek benetan erlaxatzera, lagunekin ondo pasatzera edo zerbait janariaz lagunduz ospatzera joandako bezeroei traba egiten diete. Umeak etxean utzita haur gabeko afari batez gozatzera joan den bikoteak beste batzuen seme-alabak jasan behar izaten ditu askotan. Hori bakarrik ez, gurasoei haurrak lasaitzeko eskatutakoan, zerbitzariak errudunak balira bezala jokatzen zutela dio, eta, ondorioz, gainerako bezeroak kexu izaten zirela. Mick Vuick ziur zegoen bere neurri berriarekin dirua galdu ordez, bezero berriak erakarriko zituela. Berak dioenez, horrela izan da, eta, gainera, eskerrak emanez gutun mordoa jaso duela dio.

Gauza guztietan bezala, jarrera honen aurka dauden taldeak agertu dira. Elkarte batzuek debeku hauek haurren eskubideen aurka doazela salatu dute, diskriminazio bat dela esanez. Euren aburuz, familiek eskubide osoa dute nahi duten jatetxea aukeratzeko. Hala ere, egia da jendeak lasai egoteko eskubideaz aparte, negozio bakoitzak baduela nolako bezeroak nahi dituen aukeratzeko eta horiei zuzendutako legeak jartzeko eskubidea. Jatetxe batzuk familiei esklusiboki zuzendutakoak dira, eta beste batzuek, aldiz, jarrera formalagoa eskatzen dute. Esate baterako, McDonald’s bezalako janari lasterreko enpresa asko familiak erakartzen saiatzen dira, horretarako haurrentzako parkeak jarriz eta menuekin jostailu erakargarriak oparituz. Baina ez bakarrik familiek eta jabeek, gainontzeko bezeroek ere ez al daukate nahi duten giroa aukeratzeko eskubidea?

Edozein modutan ere, honekin ez dut esan nahi jatetxe, hotel, taberna eta gainontzeko negozio guztietan haurrak debekatu behar direnik, ezta gutxiagorik ere. Are gehiago, umeen sarrera debekatzen duen legea ateratzea gaizki irudituko litzaidake. Arestian esan bezala, haurrei zuzendutako negozioak dauden bezala, beste batzuk hauentzat ez izatea ez dago gaizki, eta horregatik negozioen jabeak erabaki beharko luke nori zuzendu bere lokala, enpresariaren esku utziz haurrak debekatzearen erabakia. Enpresariak soilik dauka azken hitza. Horrela, kontsumitzaileak irabaziko du, aisialdirako nahiago duen giroa aukeratu ahal izango duelako, eta baita jabeak ere, berak aukeratzen duen giroan ez baitu kexarik jasoko.

Laburbilduz eta beste era batera esanda, nire aburuz, gero eta indar gehiago hartzen ari den joera hau ez litzateke haur eta familien aurkako debeku bezala hartu behar. Hainbat jatetxe, taberna eta abarretan umeei sartzen ez uzteak negozioetan giro mota desberdinak sortzea ekarriko du, bezeriaren perfilaren arabera. Horrela, kontsumitzaileek aukera ezberdin gehiago izango dituzte eta erosoago sentituko dira. Bestalde, argi dago ume batzuek izaten duten jarrera desegokia ez dela euren errua; izan ere, horrelako neurriak hartzea ez litzateke beharrezkoa izango gurasoek seme-alabei mugak jarriko balizkie, toki publikoetan jarrera egokia izaten irakatsi, eta garrantzitsuena, besteekiko errespetua. Ni ere haurra izan nintzen, eta nire gurasoei ez zieten inoiz atentzioa deitu beharrik izan beste bezeroak gogaitzen nituelako.

, , ,

2 Responses to Hemen haurrik ez!

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.