Hipokresiaren gizartea

Gaur egun, asko hitz egiten da heziketaren garrantziaz. Pentsamendu, itxura, gustu… desberdinak errespetatzeko eta inbidia desagertzeko biderik hoberena edo bakarra dela esan liteke. Agian, guztiok txiki-txikitatik gauza garrantzitsuak gehiago baloratuko bagenitu eta besteek jostailu, kamiseta edo bestelako zerbait dutelako, nik ere nahi dut jarrera izango ez bagenu, bi gauza lortuko genituzke, nire iritziz.

Bata, eta ia garrantzitsuena, independenteagoak izango ginateke; hau da, ez genioke horrenbesteko garrantzirik emango besteek dutenari, janzteko moduari, fisikoari… Horrela, ez ginateke beti besteen menpean egongo eta gauza bat eduki ezin dugunean, arrazoi desberdinengatik, inbidia izan beharrean poztu egingo ginateke. Horregatik, oso garrantzitsua da txikitatik, guztia ezin dela izan ulertzea eta gauza materialek ez gaituztela zoriontsuago egingo jakitea; lagun on baten konpainia garrantzitsuagoa dela, dena markakoa edukitzea edo azken modeloko mugikorra, mp3… izatea baino.

Bestea, dibertsitatea da. Badirudi, gaur egun, denok berdinak izan behar dugula, bai fisikoki, bai janzkeran, bai gustuetan eta, ahal izanez gero, baita pentsatzeko eta sentitzeko moduan ere. Gauzak horrela izanda, normaltzat kontsideratzen den horretatik irteten den edonori arraroa edo anormala esaten zaio eta, agian, beldurtu ere egiten gaitu. Ez al da, bada, dibertsitatea gauza benetan interesgarria? Nik baietz deritzot, monotonia aspergarriagoa da eta, gainera, kalean gurutzatzen ditugun pertsona guztiak berdin jantziko balira eta fisikoki ere itxura bere balute, ez al ginateke nazkatuko?

Horrela, bi puntu hauek (dibertsitatea onartzea eta independenteak izatea) lortzen baditugu, errespetatzen ere jakingo dugu. Eta, bide batez, zenbait gaitzekin bukatzea ere lortuko dugu. Adibidez, bakoitzak dituen gaitasunei garrantzi gehiago emango genieke fisikoari eta janzteko moduari baino. Desberdin pentsatzen edo sentitzen duena ez genuke bazterrean utziko eta, agian, inbidiarekin ere amaituko genuke.

Jakituriaren gizartean bizi garela suposatzen da. Guztion berdintasuna eta ideien askatasuna aldarrikatzen da. Baina errespetu faltako eta edukazio gabeko jarrerez inguraturik gaude. Arazoa da, jarrera horiek ez direla helduetan bakarrik ematen, nerabezaroan eta haurtzaroan ere ematen direla eta ez bazaituzte txikitatik ohitzen ezberdintasunak errespetatzera, noiz hasi behar zara? Zergatik dago itxurarekiko menpekotasun hori? Hau guztia ez ote da zerbait gaizki egiten ari garelako? Edo, agian, hipokresiaren gizartean bizi garelako izango da? Hitz politez baina ekintza gutxiz eraturiko gizartean, alegia…

16 Responses to Hipokresiaren gizartea

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.