Karlos Redondo, Ikerlaneko zuzendari nagusia:”Teknologia da garapenaren giltza”

Karlos Redondo zaletasun ugari dituen pertsona da eta berarekin elkarrizketa luze eta sakona egitea ez da batere zaila, gauza ugari baitu esateko. Bere zaletasun batzuk aipatzeko, perretxikozale amorratu edota arte ederren mireslea dela esan dezakegu. Eta nahiz eta bere lanak jarduera hauek guztiak egiteko denbora gutxi utzi, ahal duenean, mendira joaten da bere saskia eta egurrezko makila lagun dituela perretxiko bila. Une anitz eskaintzen dio bere lanari; izan ere, enpresa bateko buru izateak ardura handia eskatzen baitu eta, hori dela eta, lana erruz egin behar izaten du.

1947ko urriaren 10ean jaio zen Ordizian. Ikasketak Donostiako Ingeniaritzako Goi eskolan egin zituen hemeretzi urte zituela hasita. Honen ostean, Industri Ingeniaritzako ikasketak amaituta, Goierriko Goi eskolan aritu zen lanean urtebetez. Prestakuntza aberatsa jaso ondoren, 1973. urtean Arrasatera joan zen. Urtebete geroago, Ikerlan enpresa izango zena sortu zuten, bera eta beste bost kideren artean. Hasieran, ikerlari jardueratan aritu zen, eta elektronika nahiz sentsoreen inguruan lan eginez urte dezente eman zituen. Gauzak horrela, gero eta ardura handiagoko karguetara iritsi zen. Esperientzia lagun zuen eta, hori dela eta, ikerlarien buru izatera ere ailegatu zen. Beranduago, Ikerlaneko zuzendari nagusia izendatu zuten, gaur egunera arte.

Karlos eta Beñat elkarrizketa egunean

Bere ikasketak eta lanaren nondik norakoaren ibilbide luzea labur azaldu ostean, azken urte hauetan Ikerlan Teknologi Ikertegiak egin dituen ikerketa eta proiektu berri edota garrantzitsuenak azalduko dizkizuet, bertako zuzendari nagusiari egindako elkarrizketaren bidez.

Zer-nolako bilakaera izan du Ikerlan Teknologi Ikertegiak bere sorreratik?
Hogeita hamar urte igaro dira aurrerapauso handi hori eman genuenetik, hau da, sei ikerlari horiek Arrasateko Goi eskola politeknikotik atera eta, gogo biziz, enpresa honi bizitza eman genionetik. Aldaketak egon dira, gizarte berrietara moldatzeko beharrezkoak baitira; gehienbat teknologia berrien laguntza nabaritu dugu azken urte hauetan, honi esker enpresa handituz joan da.

ikerlan.jpgNola azalduko zenuke hitz gutxitan zer den Ikerlan eta zertan diharduen?
Ikerlanek enpresekin lankidetzan jarduten du, hauei duten berritzeko gaitasunari irtenbide sortzaile eta eraginkorrak eskainiz, honela, produktuen garapena hobetu dezaten. Beraz, Ikerlan Ikertegiari zerbitzua eskainiko dion enpresaren ezaugarriak ezagutzera eramaten dio; honela, teknologia eta metodologia egokia erabiliz, enpresa bakoitzari zerbitzu onena eskaintzeko.

Zer-nolako baliabideak dituzue zuen ikerketak edo orokorrean zuen lana betetzeko?
Errekurtso nagusiena gizakiaren gaitasuna dugu, 190 ikerlari eta 60 teknikari espezializatuz osatzen da langileria. Horrez gain, bekadun edota zerbitzu eskaintzetan dihardutenak ere badaude. Bi egoitza ditugu, nagusiena Arrasaten, non bertan produktuen garapenerako unitateak edota diseinu eta produkzioaren prozesuak garatzen diren eta, bigarrena, Araban dago kokatuta. Bertan, aldiz, energia lantzen dugu. Laborategien laguntzaz, gure lanaren eraginkortasuna areagotzen dugu, egunetik egunera handiagotuz.

Zentro teknologikoak ez dira oso ezagunak jendearentzat. Nola igorriko zenioke jendeari, adibide garbien bidez, zuen lanaren emaitza?
Ez da erraza jendeari horrelako guneetan egindako lanaren emaitzak zeintzuk diren ikusaraztea. Esate baterako, gure eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun produktu edo aplikazio ugarietan, Ikerlanek, beste enpresekin lankidetzan jardunez, bere teknologia eskaini du produktuaren bilakaerarako. Honela, bai etxebizitzetan, adibidez, Fagor etxetresna elektriko edota Orona igogailuetan, bai bidaietan, aireportu eta tren geltokietan, baita Irizar autobusetan ere, gure teknologiaren laguntzari esker, produktu horiek hobeki garatu dira.

Ikerketa ugari egin duzue hogeita hamar urte hauetan, baten bat aipa al dezakezu?
Kasu bat aipatzeko, zuntz adimendunak eta garbikorrak lantzen ibili gara azkeneko urte hauetan. Gero eta ohikoagoa izango da, gure txaketa edota kamisetako mahukatik, MP3a eta sakelako telefonoa kontrolatzea. Beste bitxikeria bat aipatzeko, edozein gurasok jakin dezake bere semeak sukarrik ba ote duen, bere arroparen kolorea ikusteaz bakarrik. Batek daki, agian, hemendik hamar urtera horrelako zuntzek gure bizitza erraz dezakete.

Karlos IkerlanenEnpresekin lankidetzan aritzen zarete zuen helburuak betetzeko, baina egiten al duzue bereizketarik enpresak aukeratzerakoan?
Ikerlanek estuki jarduten du lankidetzan adostutako enpresarekin. Hori dela eta, ongi ezagutu behar ditugu bakoitzak dituen ezaugarriak eta kasu bakoitzari behar zaion teknologia edota metodologia egokia erabili. Edozein modutan ere, edonolako enpresarekin aritzen gara; dena den, garraio eta energiarekin lan egiten duten sektoreei eskaintzen dizkiegu zerbitzu gehienak.

Zein da gerora begira gehien landuko duzuen eremua?
Teknologiaren ezarpena osasunean da, eta izango da, gerora begira Ikerlanen ikerketen betebeharretako bat. Gure helburuetako bat etxebizitzetara osasun zerbitzuak arretaz igortzea da; esate baterako, ezindu edota gaixoei beraien etxeetara ahalik eta azkarren zerbitzua eskaini, osasun zentroetara joateko beharra izan ez dezaten. Horretarako, teknologia berrien erabilera nahitaezkoa da. Beste eginkizunetako bat mikroteknologia edo adimendun sistema miniaturizatuak hobetzea da, jada eremu hau lantzen hasiak gara eta aurrerapauso handiak eman ditugu.

Ikerlari izatetik, taldeko buru izatera iritsi zinen eta, ondoren, Ikerlaneko zuzendari nagusia izatera. Lan gogorra al da enpresa bateko buru izatea?
Nik ez nuke esango lan bat bestea baino gogorragoa denik, bakoitzak bere zereginak ditu eta horrek agian desberdintzen gaitu. Urte asko daramatzat Ikerlanen eta lan handia egin dut bai ikerlari nintzenean, bai zuzendari lanetan ere. Enpresako buru izateak, bere abantailak eta desabantailak ditu, une latzak eta gozoak igaro ditut, baina gustura nago egin dudanarekin.

Noiz arte jarraituko duzu Ikerlan Teknologi Ikertegiko buru lanetan?
Hogeita hamar urte eman ditut lan honetan, oraindik ere badut nahiko sasoia jarraitzeko, baina atseden hartzeko ordua iritsi zaidala uste dut. Aurten jubilatuko naiz, zehatzago esateko, abenduan; honela, generazio berriei ateak zabalik utziko dizkiet, lan gogorra eginez sortu duguna, berritu eta aurrera eraman dezaten.

Horren haritik, lana uztean denbora libre gehiago edukiko duzu; beraz, zeri eskainiko diozu denbora?
Betidanik gustatu izan zaizkit arte ederrak, asko landu dudan zerbait da. Hemendik aurrera ordu gehiago igaroko ditut arte ederren munduan murgilduta. Orain arte, mendira askotan joan naiz perretxiko bila. Denbora gehiago izateak lagunduko dit nire zaletasunaz gozatzen. Gauzak horrela, arte ederrak eta mikrologia landu nahi ditut , inoiz landu ez ditudan bezala.

Eskerrak eman nahi dizkiot nire osaba Karlosi bere lanbidea zein den eta nolakoa den erakusteagatik. Horretaz gain, lana uzten duenean une gozoak igaro ditzala opa diot.

5 Responses to Karlos Redondo, Ikerlaneko zuzendari nagusia:”Teknologia da garapenaren giltza”

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.