Perpaus elkartuak

Informazio hau guztia Hiru.com-etik aterata dago. 

PERPAUS ELKARTUAK

Perpaus bakunak konbinatu egin daitezke, perpaus elkartuak osatuz. Perpausak elkartzeko hiru bide ditugu: alborakuntza, juntadura eta menderakuntza.

Perpaus bakunak eta elkartuak testu osoak eratzeko konbinatzen diren heinean, elkarketa desberdinak aurki daitezke ere, bai izaera semantikodunak eta baita jite testualekoak ere (lokailuen edo marka testualen sartzea). Niri ez zait gustatu. Joni, ordea, izugarri gustatu zaio.

  • Alborakuntza perpausak inolako loturarik gabe kateaturik egotea da: Koldo bulegora joan da; ni etxean geratu naiz.
  • Juntadura maila gramatikala bereko perpausak elkartzean datza baina; perpaus bakoitzak bere autonomia mantentzen du. Perpausa mota hauek loturazko juntagailu edo lokuzioen bidez elkartzen dira: Koldo bulegora joan da eta ni etxean geratu naiz.
  • Menderakuntza perpaus bat beste batean txertatzean datza; beraz, perpaus nagusia eta mendekoa izango ditugu. Menderakuntzan menderagailuak ditugu perpausak lotzeko, hau da, atzizkiak: Anak umea gaixorik dagoela esan du.

 

Alborakuntza

Alborakuntza, elkartzen diren osagaiak elkarren ondoan jartzean datza, inolako loturarik gabe baina beren arteko lotura semantikoa izanik. Bi alborakuntza mota bereizten dira:

  • Alborakuntza hutsa: Ni ohera noa; oso nekatuta nago.
  • Errepikapen bidezko alborakuntza: osagai bietan egitura bera edo nolabaiteko lotura daukaten osagaiak errepikatuz gauzatzen dena. Emendiozko alborakuntza: Ez du lanik egiten, ez besteei uzten.

 

Juntadura

Juntadura maila bereko perpausak elkartzean datza. Juntadura normala juntagailuen bitartez bideratzen da. Juntagailuak hitz solteak dira (eta, baina, baizik…), eta juntatzen dituzten osagaien artean kokatu ohi dira. Bestalde, juntagailuak, lokailuak ez bezala, ezin dira metatu: nekez ikusiko ditugu juntagailu bi elkarren segidan.

Emendiozko juntagailuak

Emendiozko juntagailuek, maila bereko osagaiak lotzen dituzte, baina osagaiak gehituz edo batuz. Emendiozko juntadura normalean eta juntagailuaren bidez gauzatzen da.

Formari dagokionez, euskara batuan eta juntagailua osorik idatzi behar da, ta eta da laburdurak ahozko hizkuntzarako utziz. Kokaguneari dagokionez, eta azken juntagaiaren aurrean jartzen da, salbuespenak salbuespen.

Eta juntagailua erabiliz gero, emaitza, aditzari dagokionez, plurala da. Ezagunak diren osagaiak ezaba daitezke; hala ere, batzuetan anbiguotasuna sortzeko arriskua dago.

Juntagailu hautakariak

Juntagailu hautakariak bi juntagai edo gehiagoren arteko aukera edo hautaketa adierazteko erabiltzen ditugu. Juntagailu hautakari erabilienak honako hauek dira: edo, edota, ala, nahi(z) eta zein.

  • Edo: maila guztietako osagaiak elkar ditzake; oro har, adierazpen perpausetan agertzen da. Edo juntagailuarekin aditza beti singularrean jarri behar da, salbuespenak salbuespen.
  • Edota: (edo+eta): Edo juntagailuaren parekoa da. Edonon erabil daiteke, sinonimo eta zenbatzaileen artean izan ezik.
  • Ala: maila guztietako osagaiak batzen ditu. Galde perpausetan eta zehar galderetan agertzen da, maizenik. Oro har, kontrako aukerak adierazten ditu, eta normalean, aditza singularrean jarri behar da, nahiz eta batzuetan pluralean azaldu.
  • Nahiz / zein: Perpausak baino atal txikiagoak batzen ditu. Gehienetan orobatasuna adierazten du, hau da, hiztunari berdin zaio bata ala bestea.

Juntagailu aurkariak

Juntagailu aurkariak bi osagairen arteko aurkaritza adierazteko erabiltzen dira. Bi aurkaritza mota ditugu, aski desberdinak:

  • Baina motakoak: Juntagailua hau ez da erabateko aurkaritza. Era guztietako perpausak batzen ditu, eta osagai komunak ezaba daitezke bigarren juntagaian: Ez da merkea, baina polita da.
  • Baizik eta motakoak: Lehenengo juntagaia ezezkoa da, eta bigarrenak ezeztapen hori baieztatzen du: Ez da merkea, garestia baizik.
Hainbat juntagailu daude, euskalkien arabera: baizik, baino, ezpada, baina…. Iparraldean, normalean, baina erabiltzen dute zentzu honetan.

 

Perpausak elkartzeko bidea. Menderakuntza

Batzuetan, perpaus bat beste baten barruan txertatzen dugu menderagailuez baliatuz. Horrelakoetan menderakuntza erabiltzen ari gara.

Juntagailuen aldean hainbat ezaugarri berezi dituzte menderagailuek:

  • Juntagailuak hitz solteak dira, eta menderagailuak, berriz, atzizkiak.
  • Juntaduran, maila bereko perpausak elkartzen dira; menderakuntzan, berriz, perpaus nagusia eta menpekoa ditugu.
  • Juntaduran ez dago ia mugikortasunik, baina menderakuntzan, mugikortasuna dago hurrenkeraren aldetik.
  • Menderakuntza errekurtsiboa da, hau da, menpeko perpaus baten barruan beste bat txerta daiteke, nahi adina aldiz.

Menderakuntzaren barruan honako multzoak bereiz ditzakegu:

  • Perpaus Osagarriak: Amak esan du ez dela etorriko.
  • Zehar Galderak: Jakin nahi dut ea lana egin duzun.
  • Helburuzkoak: Krema ekarri dut zuri emateko.
  • Kausazkoak: Ez da etorri gaixo dagoelako.
  • Baldintzazkoak: Euria egiten badu ez noa.
  • Erlatibozkoak: Ikusi duzun gizona nire aita da.
  • Denborazkoak: Zu etorri zinenean ohean sartu nintzen.
  • Kontzesiboak: Lana gaizki egin arren ordaindu egin didate.
  • Moduzkoak: Zuk esan bezala egin dugu.
  • Konparaziozkoak: Hau espero nuen baino hobeto atera zaigu.
  • Ondoriozkoak: Hain zen altua, non sabairaino heltzen baitzen.

 

Perpausak elkartzeko bidea. Lokailuak (praktika)

Testu mailako loturak adierazteko erabiltzen ditugun hitzei lokailuak esaten zaie. Lokailuak hitz solteak dira, hau da, ez dira atzizkiak. Juntagailuak ez bezala, metatu egin daitezke; hau da, perpaus berean lokailu bat baino gehiago ager daiteke.

Lokailuak bost multzotan sailka ditzakegu:

  • Emendiozkoak: aurretik esandakoari zerbait gehitu edo gaineratzeko, adibidez: bestalde, halaber, orobat, berebat, behintzat, segurik, behinik behin, bederen, bederik.
  • Hautakariak: testuan adierazitako gauza edo ideien artean hautatzeko, adibidez: bestela, osterantzean, gainerakoan, gainontzean, ezpabere.
  • Aurkaritzakoak: aurretik esandakoari aurkaritza adierazteko, adibidez: ordea, berriz, ostera, aldiz, aitzitik, bitartean, artean, alta, alabaina, dena dela, hala ere.
  • Ondoriozkoak: testuan zehar esandakoaren ondorio gisako zerbait adierazteko, adibidez: beraz, bada, hortaz, orduan, honenbestez, horrenbestez, halatan.
  • Kausazkoak: testu mailako kausazko loturak adierazteko, adibidez: izan ere, zeren, ze.

Emendiozko lokailuak

Emendiozko lokailuak emendatzeko edo gehitzeko erabiltzen dira. Horien artean hauek daude:

  • Ere: osagai bati egiten dio erreferentzia; honenbestez, ez da autonomoa eta ezin da bera bakarrik joan. Betiere aipatutako perpausaren elementu horren atzean eta ondo-ondoan kokatzen da.
  • Gainera: aurretik esandako zerbait azpimarratzeko. Normalean, mendeko perpausaren hasieran doa.
  • Bestalde: esandakoa indartzeko, perpausaren edozein lekutan koka daiteke.
  • Halaber, orobat, berebat: aurretik esandakoari zerbait gehitzeko, perpausaren edozein lekutan doalarik.
  • Behintzat, bederen, behinik behin: aurretik esandakoari zalantza kutsua eransteko. Ez dira neutroak; hiztunaren ustea adierazten dute.

Lokailu hautakariak

Lokailu hautakariak, izenak berak adierazten duenez, gauza edo ideien arteko hautaketa adierazteko erabiltzen dira. Beraz, edo eta ala juntagailuen baliokideak dira, adibidez:

Ez edan gehiago edo mozkortuko zara.
Ez edan gehiago; bestela mozkortuko zara.

  • Bestela, osterantzean: bi erabilera nagusi ditu, baldintza eta murriztapena, “hori alde batera utzita” esapidearen antzeko esanahia duela. Esaiozu egia; bestela, haserratuko da.
  • Gainerakoan: balio murriztailea edo baldintzakoa. Jan agudo, gainerakoan ohera eramango zaitut.
  • Ezpabere, ezperen: baldintza balioa du, eta beti perpausaren hasieran agertuko da. Zehaztapen bat egingo dugu, ezpabere, askok pentsa dezakete salbuespen bat dela.

Aurkaritzako lokailuak

Aurkaritzako lokailuak (ordea, ostera, aldiz, berriz, aitzitik, hala ere, alabaina, alta, dena dela…) aldez aurretik esandako zerbaitekiko aurkaritza adierazteko erabiltzen dira. Beraz, baina juntagailuaren antzekoak dira, adibidez:

Ez dut inoiz ikusi, baina berehala ezagutuko nuke.
Ez dut inoiz ikusi; hala ere, berehala ezagutuko nuke.
  • Ordea, ostera, aldiz, berriz: antzekoak dira, eta oro har, perpausa hasieran, tartean, zein bukaeran ager daitezke. Ordeak, berriz, lekua murriztuagoa dauka.
  • Aitzitik: lehenengo perpausa ezezkoa denean; bigarren perpausaren hasieran agertuko da.
  • Hala ere: bigarren perpausaren hasieran kokatuko dugu. Eta eta baina juntagailuekin batera maiz agertzen da.
  • Alabaina: bi adiera har ditzake: aurkaritza eta azalpena.
  • Dena dela: nolanahi ere esapidearen baliokidea da eta normalean bi perpausen artean jartzen da.
  • Haatik, horratik: bi erabilera ditu, alegia, aurkaritzako lokailu gisa ager daiteke edo harridura perpausetan.

Ondoriozko lokailuak

Ondoriozko lokailuak (beraz, ba(da), hortaz, orduan, halatan, honenbestez, horrenbestez…) beste lokailu guztiak bezala, ideia eta perpausen arteko lotura adierazteko erabiltzen dira, baina ondorio kutsua gaineratuz. Alegia, jarraian esango dena aurretik esandakoaren ondorioa dela adierazteko erabiltzen dira. Hau dela eta, ilatiboak edo kontsekutiboak esan ohi zaie.

  • Beraz: dedukzioa egiteko erabiltzen da eta, oro har, bi perpausen artean agertzen da.
  • Bada: hiru balio dauzka: ondorioa (= beraz), kausa (= zeren) eta hitz indargarri gida.
  • Hortaz: berazen baliokidea da.
  • Orduan: baldintza kutsua du.
  • Honenbestez, horrenbestez, hainbestez: erakusleetatik eratorriak dira, eta berazen balio bera dute.
  • Halatan, hala: beraz lokailuaren baliokidea.

Kausazko lokailuak

Kausazko lokailuak (izan ere, zeren, ze, zergatik, alabaina, ba(da)…), gainerako lokailu guztiak bezalaxe, ideia eta perpausen arteko lotura adierazteko erabiltzen dira, baina kausa kutsua gaineratzen dute. Nolabait, jarraian esaten dena aurretik esandakoaren zergatia edo azalpena dela adierazten dute.

  • Izan ere: perpausaren hasieran ipintzen da, eta beste partikula batzuekin ere ager daiteke.
  • Zeren: perpausaren hasieran agertzen da, eta eta izaten du, indargarri gisa.
  • Alabaina: posizio guztietan ager daiteke.
  • Bada: zeren lokailuaren parekoa da.

Hiru.com-etik aterata

Comments are closed.
-->