Markel Olano: “Gaur egungo gazte batek arrakasta izateko, egiten dituen gauzetan sinetsi, hizkuntzak jakin eta kanpora irteteko prest egon behar du”

Urriaren 26a zen, asteartea. Nire ikaskide eta lehengusu den Iñigo eta biok trena hartu eta Donostiarantz abiatu ginen egun eguzkitsu hartan. Elkarrizketarako bostetan geldituta geunden Markel Olanorekin, eta pixka bat lehenago iritsi ginen bueltatxo bat emateko asmoz. Paseatzen ari ginela, Gipuzkoa plaza zeharkatu eta Foru Aldundiari begira geratu nintzen memento batez. Barrura begiratzean, nire barnean izugarrizko urduritasuna igarri nuen, bertan geldituta baikeuden Gipuzkoako Ahaldun Nagusiarekin. Ordu laurdena besterik ez zen geratzen elkarrizketari hasiera emateko; beraz, barrura sartzea erabaki genuen. Sartu eta nahiko galduta genbiltzanez, segurtasuneko batengana jo eta gure bisitaren asmoa azaldu genion. Jarraian, polizia-kontrola pasatu eta Markel Olanoren idazkariaren bila hasi ginen. Ederki kostata, baina aurkitu genuen. Ahaldun nagusia pare bat minutura etorriko zela aipatu zigun. Orduan, Iñigo eta biok bertan zeuden eserleku batzuetan eseri eta, denbora gutxira, Markel gurekin zen elkarrizketari ekiteko prest.

Markel Olano Arrese 1965ean Beasainen jaiotako politikaria da. EAJko kide da hemezortzi urte zituenetik eta hainbat kargu izan ditu politikaren munduan. 2007 geroztik Gipuzkoako Ahaldun Nagusia da.

Lehenik eta behin, eskerrik asko tartetxo bat eskaini izanagatik euskaljakintzari, badakit oso lanpeturik zaudela eta. Elkarrizketari hasiera emateko, ondo baderitzozu, denboran atzera egingo dugu. Hamabost urterekin politikan sartzea erabaki zenuen, EGIn (Euzko Gaztedi Indarra) hain zuzen ere. Nola liteke hain gazte izanda, horren argi izatea politikan parte hartu nahi zenuela? Ez da bat-bateko gauza bat, ez zara bat-batean sartzen buru-belarri politikan. Lagun talde batekin hasten zara. Kasu honetan, gure herriko batzokian bazegoen jada mugimendu bat garai hartan, esan dezakegu izan zitekeela 19801981. Garai hartan, gure herria irakiten zegoen. Franco hil ondoren, transizioa hasi zen eta orduntxe hasi ziren antolatzen estruktura guztiak: Eusko Jaurlaritza, Lege Biltzarra, Estatutua… Orduan politika kalean zegoen eta, agian, zuentzako oso urruti geldituko den gauza bat da, baina gure garaian, nola edo hala, oso gertutik bizi genuen hori guztia. Adin horretan hasten zara politikoki kokatzen; zuek pasatu berri duzuen adinean, esaterako. Gainera, ez baduzu zure burua politikoki kokatzen garai horretan, malo. Hori heldutasun falta da. Nire ustez, bakoitzak bere balioak hartzen ditu, eta balio horien artean ere hartzen da balio politikoa.

Hain gazte izanik, agian, etxekoek trabarik jarriko zizuten… Zure familia ados al zegoen politikan sartzeko erabakiarekin? Bai, gure familian tradizio abertzalea zegoen aitona-amonengandik hasita. Gurasoak ere abertzaleak ziren eta niretzat, tradizioarekin jarraituz, ildo bati jarraitzea izan zen. Ez dezagun ahaztu, gure aitona-amonak Gerra zibila bizi izan dutela eta denentzat trauma oso handia izan zela. Euskal familia askotan tradizioa mantendu da, eta horrek eragin handia izan du gauza askotan: ikastolen sorreran, adibidez. Mugimendu bat egon da, eta ni mugimendu horren fruitu ere banaiz.

Ikasteaz gain, 18 urterekin EAJren alderdikide egin zinen. Noizbat pentsatu al zenuen Gipuzkoako ahaldun nagusia izatera iritsiko zinenik? Egia esan, burutik pasatu ere ez. Gauza hauek ez dira izaten zuk pentsatzen dituzulako edo nahi dituzulako, bizitzak -ikusiko duzuen bezala aurrerantzean- buelta asko ematen dituelako baizik. Konturatzen zareneako saltsa batean zaude, eta konpromiso askok eramaten zaituzte bide batetik ala bestetik. Halere, sendotasuna eduki behar da esateko hau da memento honetan tokatzen zaidana, hau da nire papera eta horri aurre egin behar zaio. Hamabost urterekin beste motatako gauzak dituzu buruan eta, azken finean, hemezortzirekin ere bai.

EAJn hainbat kargu ezberdin izan dituzu. Hasteko, Gipuzko Buru Batzarreko kide izan zinen. Ondoren, EAJko Euzkadi Buru Batzarreko partaide eta gaur egun, berriz, Gipuzkoako ahaldun nagusia. Zein ekarpen egin dizu lan honek eta zein dira, zure ustez, politikaren alde baikorrak eta ezkorrak? Azken finean, intentsitate handiko lan batek edo jarduera batek zure burua heltzea ekartzen dizu: zuk dituzun trabakuntzak, kapazidade batzuk… garai batean zenituenekin ez dute zerikusirik. Esaterako, ni betidanik pertsona oso lotsatia naiz, eta, aurreko batean, irailaren azkeneko igandean, Forondan, agian berrogeita hamar mila pertsona aurrean hitz egin behar izan nuen. Ni lotsatia nintzen baita tabernan pote bat eskatzeko ere. Orduan, pentsa zein aldaketa dagoen. Ondorioz, pertsona oso malgua dela ohartzen zara eta, gainera, kapazidadea duela, lan eginez gero eta tokatuz gero, horrelako egoera baten aurrean adaptatzeko eta jarduteko. Beraz, nik uste dut bizitzak hainbat arlotan hazteko aukera eman didala.

Euskaljakintzako kide batzuk Xabier Arzalluzi ea noizbait euskal estaturik izango dugun galdetzean, besteak beste, ez dakiela noiz, baina independentzia etorriko dela erantzun zuen. Zuk zer diozu gai honi buruz? Nik uste dudana da politikoki baditugula balditzak horretarako. Zeintzuk dira baldintzak? Memento honetan herri batek demokratikoki eredu bat erabakitzen badu, kasu honetan independentzia edota estatu propio bat edukitzea, garai batean nazioarteko mailan topa zitzakeen oztopoak ez lituzke izango seguruenik. Jada aurrekari ezberdinak egon dira, baina, hori bai, nazioarte mailan estatu bati, adibidez Europan, ez liokete onartuko espainiar estatuari zapaltzea edo horrelako ekimenik egitea. Hor aldaketa bat egon da eta, gainera, onerako. Gertatzen dena da aukera hori gero aprobetxatu egin behar dela, eta hori aprobetxatzen da gizarteak nahi duenean eta gizarte osoa aktibatuta. Orduan, guk aukera bat izan dezakegu, baina ez baduzu barnean indarrik hori aprobetxatzeko, pot egingo duzu.

Zure baimenarekin gaur egungo arazoez hitz egitea gustatuko litzaidake. Nola ikusten duzu Gipuzkoa ekonomikoki beste probintziekin alderatuta? Eta zure iritziz, zer egin beharko genuke krisi honetatik ateratzeko? Iparraldeak beste egitura ekonomiko bat du, gehienbat turismoari eta nekazaritzari lotua, baina hegoaldean industriak pisu handia dauka eta, azken finean, lurralde bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Nik esango nuke bai Nafarroak, bai Arabak eta bai Bizkaiak enpresa handien eredua dutela; Gipuzkoan, aldiz, enpresak txikiagoak dira. Orduan, malgutasuna daukagu. Nazioarteari begira ere asko irteten gara, eta gero eta gehiago. Hori ona da. Orduan, badaukagu ahalmena krisialditik irteteko; halere, badauzkagu jarduera batzuk beranduago dabiltzan zikloak direnak. Seguruenez, makina bat erosteko erabakia krisia jada gainditua dagoenean hartzen da; ondorioz, makinak saltzen dituztenak zailtasunak dituzte eta kosta egiten zaie aurrera ateratzea memento honetan. Beraz, alde batetik aukerak dauzkagu gure egiturarengatik; bestalde, baina, zailtasunak ere baditugu. Borroka latza da egin behar duguna.

Gipuzkoako gaiarekin jarraituz, nola ikusten edota irudikatzen duzu Gipuzkoa etorkizunean? Nire ustez, badauzkagu hiru edo lau osagarri oso garrantzitsuak direnak. Lehenik, bakean dagoen Gipuzkoa bat ikusten dut. Nire aburuz, epe ertainera -eta epe laburrera balitz hobeto- bortizkeria desagertu egingo da gure lurraldetik, eta horrek ikaragarrizko arnasa emango digu. Bestalde, hizkuntza ikuspegitik euskara normalizatua egongo den lurralde bat irudikatzen dut, eta hori da gure erronka. Alegia, bai gaztelania eta bai euskara kalean baldintza berdinetan egongo direla espero dut eta, gainera, jendeak hizkuntza bat zein bestea erabiltzeko askatasuna izango duela; orain ez daukagun egoera. Gero, iruditzen zait ezagutza arloan -zientzian, teknologian…- azpimarragarria den lurralde bat edukiko dugula; beraz, lurralde oso lehiakorra izango da ezagutza ikuspegitik. Ondorioz, eta hau azkeneko puntua izango litzateke, ekonomikoki indartsua den lurraldea izango da. Horrek gizarte solidario bat ere izateko aukera emango digu; izan ere, azkenean, aberastasuna banatu nahi baduzu, lehenengo sortu egin behar duzu eta, sortzeko, guk industriak ditugu.

Bestalde, askok diotenez gaur egun gazteok lanarekiko ditugun balioak ez dira egokienak. Zure aburuz, nolakoak izan beharko genuke gazteok etorkizunean arrakasta izateko? Garbi daukadana da bizitzan behar den lehenengo gauza motibazioa dela. Orduan, zuk aukeratu behar dituzun ikasketak, lana… sinesten duzunaren arabera hautatu behar dituzu, eta ez besteek esaten dizutenaren arabera. Hori oso garrantzitsua da benetan barnean motibazioa izateko. Gero, nire ustez, bi edo hiru arlo daude ezinbestekoak direnak gaur egun. Bata, hizkuntzen ahalmena, hizkuntzak menderatzeko kapazidadea edukitzea. Alor horretan zenbat eta gehiago jakin, orduan eta hobeto. Euskara eta gaztelaniaz aparte, ingelesa ondo menderatzea aurrerantzean ezinbestekoa izango da. Orduan, hori zuen paketean automatikoki dihoala esango nuke. Bestea, nire iritziz, prest egon beharra daukazue kanpora ateratzeko. Enpresetan, gero eta gehiago gainera, kanpora joateko prest dagoen jendea behar dute, Txinara zein Brasilera adibidez. Horretarako, gogoa beharrezkoa da. Enpresek horrelako jendea aurkitzea kostatu egiten zaiela aipatzen dute. Azkenean, gaur egun gazte batek behar duen profila hori da: sinestea egiten dituen gauzetan, hizkuntza trebekuntza eta kanpora ateratzeko bildurrik ez izatea.

Aurten gure ikastolako ibilbidea amaituko dugu eta denak nahiko urduri gaude, askok oraindik ez baitugu oso argi zein ikasketa hautatu. Nolatan hartu zenuen zuk Filosofia ikasteko erabakia? Aholkuren bat emango al zeniguke erabakiaren aurrean? Ni hamabost-hamasei urterekin, esaten den bezala, pixka bat rara avis nintzen: asko irakurtzen nuen mutiko bat nintzen, eta nire profila letratan zegoen oso. Beraz, nik argi eta garbi neukan hartuko nituen ikasketak letren inguruan izango zirela, batik bat hori nuelako barruan, hori zelako nire zaletasuna, eta nire bizitza hori zela ikusten nuelako. Esan nahi dudana da nork zertan den trebea aztertu behar duela eta hor nork bere buruarekin oso zintzoa izan behar du. Bakoitzak zertarako balio duen jakin behar du eta, gero, unibertsitatea edota lanbide heziketaren arabera, bere burua kokatu. Gainera, askotan konplexu asko dauzkagu lanbide heziketaren inguruan eta, nire ustez, gure lurraldean dugun lanbide heziketa oso-oso potentea da. Orduan, bakoitzak bere burua kokatu behar du dauden sistemen arabera. Behin kokatu ondoren, hemendik hurrengo urteetara begira, zein arlo izan daitekeen lan ikuspegitik aukera gehien dituena aztertu behar da. Segur aski, orain arteko belaunaldiek ez dute arazo hori eduki; halere, zuek egoera murriztuagoa edukiko duzue. Nik hori uste dut behintzat. Zuek, agian, ez (hemendik bost urtera); baina mementu honetan karrera bukatzen ari direnak, bai.

Nire ustez, oso garrantzitsua da ikustea zein behar izango dituen gizarte honek etorkizunean, eta horren arabera ere kokatu zuen mundua. Edozein kasutan, nik beti ematen diot garrantzi handia lehen esan dizudan horri: benetan identifikatuta egotea ikasketa edota lanbide horrekin, eta motibazioa edukitzea horretarako. Bestela, hau nire ikuspegi oso pertsonala izango litzateke, bizitzari buruzko dugun ikuspegia oso materialista da. Esaterako, askotan diruaren bila goaz, ea zerk ematen digun diru gehien eta, azkenean, gurpil zoro batean sartzen gara, non dirua garrantzitsuena bilakatzen den. Nire ustez, baina, ez duzu lana bizi izateko, bizi zarela lan egiteko baizik. Gazte jendeak, gehienbat, arrisku hori daukala uste dut. Nik ezagutzen ditudan gazteek, behintzat, arazo hori dute: askotan gauza materialek euren atentzioa lortzen dute eta horrekin nik ez dakit zer lortuko dutela uste dute. Horiek beti dira tresnak eta ez dira helburuak, eta askotan guk helburu bihurtzen ditugu. Hemen ikus dezakezu filosofoa naizela, kristoren txapa bota dizut! (barreak).

Ez dakit ezagutzen duzun gure gunea: euskaljakintza. Orain ezagutuko dut.

Bada, Batxilergo 2. mailan, Euskal Hizkuntza eta Literatura beste ikuspuntu batetik lantzen saiatzen gara. Edukiak sortzen ditugu eta denon eskura ipintzen, teknologia berriek horretarako eskaintzen dizkiguten aukerez baliatuz. Gure helburuetako bat euskararen presentzia sarean hedatzea da. Zer uste duzu zuk egin daitekeela euskararen erabilera gehiago hedatzeko sarean? Bi gauza egin behar direla uste dut. Lehenengo, dauden edukiak sareratu, eta hori da niretzat ezinbestekoa. Guk ere Diputazioan badaukagu programa bat, Gipuzkoa 2.0, hori egiten saiatzen dena. Dituzun eduki guztiak -audioak izan daitezke, bideoak edo testuak, askotan formatu digitalean daudenak gainera- sarean ipini behar dira. Nik garbi daukadana da gaur egun kontuan hartu behar direla sare sozialak, ikaragarri errazten baitigute edukien eratzea. Adibide bat jartzeagatik, Faceebooken bertan bazabiltza -zuek agian Tuentin gehiago ibiliko zarete-, zuk zure argazkiak kokatzeko, zure testua jartzeko, zure linkak jartzeko… izugarrizko erraztasunak ematen dizkizute eta, gainera, ez bakarrik edukiak sortzeko, gero elkarbanatzeko ere bai. Azkenean, ondorio batera -eta nik hori barneratuta daukat- iritsi gara: edukiak hedatzeko, erraztasunak dauzkagu; eta, beraz, giltza edota giltzarria edukietan dago, edukiak sortu egin behar dira. Nire ustez, edukien ikuspegitik, euskal kulturak kontsumitzeko modukoak izango diren edukiak sortu behar ditu. Askotan daukagun tendentzia da elite bati eskaintzea konteniduak, eta hori, seguruenez, kalidadearen mesedetan egiten dugu. Adibide batzuk jartzeagatik, ez dakit ikusi duzuen youtuben “Charlieren bideoa“, non haur batek bere anaiari hozka egiten dion behatzean. Bideo horrek gutxi gorabehera 250 milioi klik izan ditu youtuben, ikaragarria benetan. Bestela, munduko puntu guztietan dantzan jarduten duen pertsona baten bideo bat ere badago eta, horri kopia eginez, “Dancing in the basque country“, Euskal Herrian dantzan, bideoa egin du euskaldun batek. Bertan, Euskal Herriko puntu askotako irudiak azaltzen dira, non hura dantzan agertzen den, eta horrek ere ehun mila klik izan ditu gutxi gorabehera. Azkenean, jendeak kontsumitzen dituen edukietara egokitu beharra daukagu eta, batez ere, kanpotik ikastea komeni zaigu. Esaten nizun bezala, seguruenez ez da kriterio bakarra izango, baina bolumenaren kontu hori eta arrakasta edukitzea elementu oso garrantzitsuak dira. Jendeak kontsumitu egin behar ditu zure edukiak eta guk, askotan, hori ez daukagu oso barneratuta.

Amaitzeko, gaia guztiz aldatuz, jakin badakit irakurtzea, mendia eta argazkilaritza oso gustuko dituzula. Nolakoa da Markel Olano lagunartean eta zer egin ohi duzu zure aisialdian? Nolakoa naizen nire lagunek esan beharko lukete, baina nire aitarengandik jaso dut adarra jotzeko joera. Esaterako, ni nahiko “baziloia” naiz: bromak egitea eta adarra jotzea gustatzen zait. Nik uste dut horrek lagunen artean oso giro ona jartzen duela, baina beti ere pasatu gabe. Bestalde, garrantzi handia ematen diot, adibidez, ariketa fisikoari. Tentsio handiko lan bat daukazunean, ezinbestekoa iruditzen zait ariketa fisikoa. Esaten nizun bezala, ni lotsatia izanda eta nire ofizioaren zati handi bat komunikatzea izanda, neke eta tentsio handia sortzen dit lanak. Hori gainditzeko, niretzat oso garrantzitsua da kirola egitea eta, lehen esaten zenuen bezala, nik ahal dudan guztietan, astean behin gutxienez, mendi buelta on bat egitera joaten naiz. Horrek asko lasaitzen nau. Gainera, nire ustez, tonu fisiko ona izatea garrantzitsua da. Gero, denok gustuko ditugun gauzak egitea gustatzen zait: pelikula on bat ikusi, musika entzun, eta abar. Horrez gain, argazkilaritza hobby polita dela uste dut, eta, mendira edo beste edozein lekutara joaten naizenean, gustuko dut argazkiak ateratzea. Azkenean, afizio pila bat ditut, denok bezala; denbora gutxi, baina, seguruenez. Halere, esaten nizun bezala, ordu gehien mediari eskaintzen dizkiot.

Besterik gabe, mila esker berriro ere, Markel, euskaljakintzari tarte hau eskaini eta harrera goxoa egiteagatik.

Markel Olano euskaljakintzan from Maite Goñi on Vimeo.

Euskaljakintza 6ko Jone Auzmendik Gipuzkoako Ahaldun Nagusia den Markel Olanori egindako elkarrizketa.

Informazio gehigarria:

Markel Olanok sarean dituen argazkiak ikusteko helbideak:

, ,

13 Responses to Markel Olano: “Gaur egungo gazte batek arrakasta izateko, egiten dituen gauzetan sinetsi, hizkuntzak jakin eta kanpora irteteko prest egon behar du”

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.