Mikel Laboa: agur eta ohore!

LaboaIkastolan jaso dugu euskaldunon bihotzetan zulotxo estalezina utzi duen berri auhendagarria (zulotxo diogu, leize itsuaren zatirik handiena bere abestiek beteko baitute). Jangelan albistea jaso dugunetik, sabeletik datorren sentipen mingarri bat jabetu da gure izateaz. Irakasleei gertakariaren berri eman diegunean ere erreakzioa ez da oso bestelakoa izan; izan ere, guztiok geratu gara laboazurtz. Sarritan gertatzen zaigu, Mikel Laboa bezalako pertsonekin, batik bat, inoiz ez direla hilko aintzat hartzea. Badirudi, beti hor izango ditugula pentsatzen dugula eta gure artetik joan arte, ez garela jabetzen noizbait amaitu egingo dela. Zorionez, Laboaren gisako artistak ez dira Herioaren besoetan desagertzen, arrastoa utzi duten bihotzetan geratzen baitira. Artista apartaz gain, pertsona bikaina zela diote ezagutu zutenek. Horrelakoa egin zuen bizitzak.

Euskaldun jator hau 1934ko ekainaren 15ean jaio zen Donostian. Handik gutxira hasi zen Gerra Zibilaren ondorioz, aita Bordelera erbesteratu eta ama seme-alabekin Gardatara (Lekeitio-Ispaster) joan zen. Behin Donostiara itzulita, Batxilergoa amaitu eta medikuntza ikastea erabaki zuen. Han eta hemen bueltaka ibili eta gero, 1967an haur neuropsikiatrian espezializatu zen.

Etxean, Gabonetan abesteko ohitura zuten eta, koinatuak bultzatuta, gitarra jotzen ikasi zuen. Horrela, jende aurrean euskaraz kantatzen hasi zen, zentsura zela eta bere lehen diskoak Iparraldean grabatuz.

MikelKatalunian zegoela, Nova Canço musika mugimendua ezagutu zuen eta Iparraldeko herri musikarekiko interesa piztu zitzaion. Hari hartatik tiraka, J.A. Artze, Jexux Artze, Jose Angel Irigarai, Lourdes Iriondo, Julen Lekuona, Benito Lertxundi eta Xabier Leterekin “Ez Dok Amairu” taldea osatu zuen, euskara eta euskal kulturari bultzadatxoa emanez.

Geroztik, euskaldunon ikur bilakatu diren hainbat kantu abesten ikusi dugu, besteak beste, Txoria Txori, Izarren hautsa, Haika mutil eta Ez nau izutzen negu hurbilak.

Dudarik gabe, beste musikagile gutxik lortu dute Laboak utzi duen arrastoa uztea. Hizkuntzaren aberastasunez baliatuta kantu benetan ederrak utzi dizkigu. Ez hori bakarrik, euskara eta Euskal Herri askea aurrera ateratzeko ekimen horretan bideko sasiak kentzen erakutsi digu, geurea denagatik borrokatzen.

Euskal kulturari emaniko guztiarekin batera ulertu behar dugu Euskal Herriari eskaini zion guztia. Hil aurretik berak hainbeste irrikatutako Euskal Herrian biziko zela egiten zuen amets, hegoak ebaki gabeko txoria izango zela. Hegoak ebaki zizkioten, ordea, eta ez zen gehiago txoria izango. Guk, doluminez beterik, txoria maite genuen, maite dugu eta maiteko dugu, bere txorrotxioa gure seme-alaben belarri eta bihotzetaraino hel dadin. Agur eta ohore!

3 Responses to Mikel Laboa: agur eta ohore!

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.