Txapeldunak ala burugabeak?

Zein neurritaraino da kirola kirol? Zein puntutaraino da kirola osasuntsu? Non dago kirola eta burugabekeriaren arteko muga? Askori ez litzaioke batere gaizki etorriko, ene uste apalean, galdera hauei buruzko erreflexio txiki bat burutzea; azkenaldian ondorioztatu ahal izan dudanez, egungo gizarteari kirolaren benetako helburuak ahazten ari zaizkio: errekorrak, marka hobeezinak, ezin gauzatuzko -praktikoki ezinezko- desafioak… ezinezkotasunaren hesiak hausten bide dituzten kirol ekintzen inguruan ari natzaizue, hain zuzen ere, “kirol ekintzak” bezala defini badaitezke.

Erreflexio hau guztia nondik datorren? Duela gutxi jasotzeko “zortea” izan dugun berri “harrigarri” batetik: nork ez du, azken egun hauetan, David Meca igerilari kataluniarrak buruturikoaren berri izan? Ezin uka dezakegu, euskaljakitunok, komunikabideen eskutik jaso dugun bonbardaketa itzela. Askok eta askok jakingo duzuen bezala, igerilariak, ostegunean, Jávea eta Ibiza (San Antonio) bereizten dituzten 110 kilometroak igerian burutu zituen “inork inoiz lortu ez duen erronka” gaindituz.

Zeharkaldia urtarrilaren 3rako antolatua izan bazen ere, 7ra arte itxaron behar izan zuen kataluniarrak itsasoa bare zedin, “igerigarri” egon zedin, hain zuzen ere. Zeharkaldia azken xehetasuneraino antolatua izan zen: catering eta berogailuaz hornituriko kazetarientzako itsasontzi bat, bere sendagile pertsonalarentzat eta aitarentzat bigarren bat, jarraipen zehatz bat eramateko helikoptero bat… Mecak kaiola baten barnean igeri egitea ere pentsatu zuen; dena dela, azken ideia hau alde batera utzi zuen “tranpa egin zuela” inork esan ez zezan.

“Ez dut ordain-agiriak begiratzen denborarik galdu. Zeharkaldiaren gastuak etorkizuneko inbertsio izango dira; horretarako nire eguneroko 20 kilometroko entrenamenduak”

Esan beharra dago, era berean, hau ez dela kataluniarrak buruturiko lehen “erronka gauzaezina” izan; zeharkatuak zituen, aurretik, Ness Lakua, San Frantziskoko badia Alkatraztik abiatuta, Gibraltargo itsasartea nahiz Tenerife eta Kanaria Handia uharteen artekoa. Ostera, penintsula eta Baleareen arteko distantzia, 110 kilometrokoa, izan da inoiz burutu duen luzeena. 26 ordu eman zituen kirolariak besakadaz besakada, gaua ere igerian eman zuelarik: milioi bat besakada inguru egingo zituela kalkulatzen dute adituek. Harrigarria benetan!

“http://www.elsiglodedurango.com.mx/images/news/deportes/2004/12/03641ece571da9c2eff512e851e49b6a.jpg� irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Ibizako San Antoniora iristear zegoela, azken kilometro horiek izan omen ziren guztietan gogorrenak; hasiera batean, ibilbidearen azken zati hori burutzeko ordu eta erdi eman beharko luke Mecak igerian. Dena dela, lau ordu atzeratu zen igerilaria, bere taldekideek distantzia eta korronteen kalkuluan buruturiko erroreen kausaz.

“Lau orduak tragikoak izan ziren. Ez nuen aurretik inolako zeharkalditan negarrik egin, baina azken atal horretan zehar ez nuen beste erremediorik izan, besoek erantzuten ez zidatela-eta, lortuko ez nuela pentsatzeak sortzen zidan haserrearen haserreaz.”

Ez hori bakarrik, ibilbidearen azken atal horretan medusa askorekin egin zuen topo igerilariak. Udan bezainbeste medusa daude neguan, jendeak horrelakorik ez dakien arren. Honek are zailagoak egin zituen, hortaz, azken kilometroak.

“Momentu txarrak pasa nituen, ezin bainuen burua uretan sartu eta eskularruak izanik ere, deskarga elektriko txikiak nabaritzen bainituen.”

Meca dugu, beraz, penintsula eta Baleareen arteko distantzia igerian burutzen LEHENA. HISTORIARA PASAKO DA, hortaz, bere izena eta egitandia, ezin-gauzatuzko balentria bat gauzagarri bihurtu duen pertsona gisa gogoratua izango da BETI.

Hau guztia berriari dagokionean. Eta orain, nire galdera: merezi al du, benetan, modu honetako zerbaitek?? Eredugarriak al dira, ongi pentsatuz gero, halako ekintzak? Ene uste apalean, eredugarri baino, zentzugabe litzateke honelako “balentria” bat deskribatzeko adjektiborik egokiena; zer zentzu du, bada, konponbiderik gabeko kalteak sor ditzakeen edonolako ekintzetan nork bere burua sartzeak? Zer zentzu du heriotzari hortzak modu honetan erakusteak? Mecari berari bere zeharkaldiaren arrazoiaz galdetzean, hauek izan ziren bere hitzak:

“Gauza hauek zergatik egiten ditudan? Ez ditut diruagatik soilik egiten. Horrela balitz, toreatzaile nahiz futbolari izango nintzateke, horretarako ausardia izan badaukat eta. Beste sentsazio batzuk bultzatzen naute; historia egin, horrelako zerbait lortzen lehena izan… gustuko dudalako eta nekatzen ez nauelako, distantzia luzeko zazpi mundialekin nahikoa ez dudalako. Abentura hauek nire bizitzaren zati dira.”

Bizitzaren amaia ekar dezaketen “abenturak” bizitzaren zati izan badaitezke, pertsonalki asko pozten nau honelako “abenturak” neure bizitzaren atal ez izateak. Abentura hitza komatxoen artean idaztearen arrazoia? Mecak eginikoa abentura bezala defini ezin daitekeela esango nuke, abentura orok zentzuzko helburu bat baitauka. Artikulu honi gainbegiratu azkar bat emanik, erraz asko jabetuko da edonor komatxo artean ageri den hitz kopuru handiaz. Komatxo hauen guztien zergatia? Aurretik aipaturikoa bera: ez dut uste Mecak buruturikoa “kirol ekintza” bat denik, honelako ekintzen berri izatean “zortedun” garela pentsatzen ez dudan modu berean. Gehiegikeriak gehiegikeria izango dira beti, eredugarriak ez diren ekintzak eredutzat jartzea guztiz burugabe den bitartean. Zer zentzu du, bada, makina bat ordu igerian eman ostean, hipotermiaz bizia galtzeko arriskuaz badiara hiltzeko zorian heltzeak? Pertsonalki, ez dut uste ospitaleratu ezean bizia galtzea lekarkiokeen froga batean saiatzen denak meritu handirik duenik. Erronka gogor orori erraztasunez erantzuten dionak du benetako meritua, ez helburu bat lortzeko hamaika arazo gainditu behar dituenak; eta are gutxiago arazo hauek osasunerako kaltegarriak -konponezinak- izanik, aurrera jarraitzea erabakitzen duen burugabeak.

Meca izan da distantzia hori igerian egiten lehena; asko eta asko etorriko dira honen ondoren, eta jarraian zer? Ahalik eta denbora gutxien erabiltzea izango da helburu etorkizunean, eta noski, etorriko da lehen emakumearen aupada ere. Distantzia handitzea otuko zaio norbaiti ondoren, eta nork daki zein neurritaraino konplikatuko dituzten gauzak. Beti zailagotu ahal izango dira gauzak, beti egongo da “urrunagoko” zerbait. “Impossible is nothing”, Nike marka internazionalaren esloganak dioen bezalaxe. Nork bere buruari erronka berriak jartzea onar daiteke, helburuen beharra du gizakiak bere zorionerako; jomuga jakin baten atzetik borrokatzearen premia norako hori erdiestean lortzen den betetasun pertsonalarekin justifika daiteke. Gauzek beste kolore bat jasotzen dute, ordea, muturrera eramaten direnean: kirola osasungarri izatetik kaltegarri izatera pasatzen denean, alegia. Edonork egin ezin dezakeen ekintza oro balentriatzat jo dezakegu, hori bai, baldintza egokietan amaitzen den bitartean. Begira diezaiogun beheko irudiari; zer ikus daiteke bertan? Eredugarria den egoera bat akaso? Supergizaki baten irudia ematen al du Mecak bertan? Nik ez nuke halakorik esango; arriskuak arrisku aurrera jarraitu eta sufrimendu jasanezin bat gainditzearen, bere “ausardia” azaltzearen eta bere izena eta izana “handi” egitearen premia edo harrotasunagatik hilzorian dagoen pertsona errukigarri bat ikusten dute neure begiek. “Handitasuna”, “bikaintasuna” edota “ospea” bereganatzearen helburuaz buruturiko ekintza dugu Mecarena; “a zer nolako txapelduna”, “hori bai supergizakia” bezalako komentarioak entzungo ditugu maiz halakoen aurrean. Horrelako irudiek, ordea, ez dute “bikaintasun” minimorik azaltzen. Artikuluaren hasieran kokaturiko argazkian ageri den bezala amaitu izan balu, orduan bai txapelduna izango zatekeen. Aurrean aipatu bezala, aisetasunez gaindituriko erronka baino ez da eredugarri; desafio bat indarrez amaitzeko gai dena, horixe bai BENETAKO txapelduna.

David Mecak, konorteari eusteko borrokan, burua estalki termiko baten gainean pausatzen du

Azkenik, azken galdera bat planteatuko nuke: nor da gizartean horrenbeste garaturiko “sufrimenduaren meritua”-ren errudun? Errudunak ez dira halako “kirolariak” eurak soilik; komunikabideek ere badute erruaren zati bat. Azken hauek arduratzen dira “kirolari burugabeen” ideiak gizartean zabaltzeaz, honelako ekintzak “bikainak” edota “balentriak” bezala deskribatzeaz. “Miresgarria” David Mecak eginikoa bezalako titularrak irakurri ahal izango ditugu egunkari orotan, eredu ipiniko dute arrakastagatik bizia jokatu duen norbaitek eginikoa. Honen guztiaren zentzugabetasuna begibistakoa da, beraz.

Aurreko guztia laburbilduz, ondorioak garbiak dira: kirola ez da beti kirol. Osasuna baldintzatzen duen puntutik aurrera ekintza batek bere “kirolgarritasuna” galtzen du erabat. Gure ardura da, beraz, entzuten ditugun berriak interpretatu eta sailkatzea: benetako txapeldunak identifikatzen jakitea. Eta zentzuz jokatzea. Ulertuko duzue, beraz, artikulu hau “kirola” atalaren barnean sailkatzearen ironia. Kirola BIZI, GOZATU… ONURA ATERAZ betiere. MUGAK JARRI eta SUFRIMENDUA MUGATZEN JAKIN. Hauexek ditugu, hain zuzen ere, benetako kirolari baten jomugak.

Mecak buruturikoaz informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu ondorengo orrialdeak (zentzutasunez!!): www.libertaddigital.com (zeharkaldiaren aurretik), www.diariovasco.com (zeharkaldiaren ondoren)

5 Responses to Txapeldunak ala burugabeak?

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.