Xake-mate publizitateari

“… Besoetako bat mahai gainean pausatu du Paulek, aurkariari bere txanda dela iragarriz. Jokalariak begirada taulatik aldentzearekin batera, Janinenarekin tartekatu da, eta isiltasunak ukitu du berriz gela osoa, tarteka ganbera izugarri hura ikusleren baten hitz hutsalen batek betetzen duelarik. Izerdi tanta bat masail gorrixketan behera irristatu zaio neskari. Kontzentrazioari bide emanez, begirada taulan zentratu du berriz, eta egoera sakon aztertu, ñabardurarik txikiena ere aintzat hartuz — Eta peoi hau hona mugituz gero? Edota zaldiak beste lauki honetara salto egiten badu? Bai, baina gero Paulek beste mugimendu hau egiten badu? Noski, beste hau egin beharko nuke — Eta horrela jarraituko dute jolasean, arrats antzu hura erabat usteldu bitartean, batak bestea erabat menderatu arte. Azken hitzak dagoeneko irten dira Paulen ezpain artetik, atoan Janinen belarrira helduko den hats leuna. Bai, horrela da; itzal beltzak argi zuria jan du, eta errege zuria xake taulan pausatu da, etzanda. Mendean hartu du erresuma beltzak. Amaitu da jokoa: xake-mate…”

Gizabanako baten sozializazio prozesuari dagokionez, bere buruaren nortasuna garatzeko, beharrezkoak ditu bere ingurutik jasotzen dituen informazioa eta eragina. Horrela, geure nortasunaren garapena, xake partida, jaiotzen garenean hasten da. Eta nahiz eta hasieran modu inkontzientean eragiten diguten, geure bizitza osoan zehar taula zuri-beltz honen gainean higitzen gara.

Halere, bada une bat partida horretan taulari begiratu eta jarrera kritikoa har dezakeguna; izaki libreak izanik, aukera dezakeguna. Iristen zaigun eragin hori guztia barneratu edo ez erabakitzeko gaitasuna hartzen joaten gara, denborak aurrera egin ahala. Dena den, askotan konturatzen ez bagara ere, badira hainbat zeharkako eragile gure izatea manipulatzeko gai direnak: hedabideak, adibidez. Hauek dira gure barne-garapenaren grafikako x aldagai askeak, beraiei interesatzen zaizkien balioak hartzen dituztenak gero zabaltzeko, eta gu y menpeko aldagaiak.

Harrigarria bada ere, gaur egun bizi dugun egoera sozialari erreparatzen bazaio, argi asko ikus daiteke gure gizartea hainbat kulturaren arteko borroka handi baten emaitza dela. Emaitza hori, borroka horren nolabaiteko irabazleen botereari esker, gero eta estremistagoa izatera heltzen ari dela ere ikus dezakegu, gugana heltzen zaizkigun hedabide horiek guztiak herrialde eta erakunde boteretsuenen menpe baitaude, euren interesen arabera jokatuz, gizabanakoa homogeneizatzea bilatzen dutenak. Badirudi guztiok ideologia eta itxura berekoak izan behar dugula, mundu idealizatu baten irudia eskaintzen baitigute. Xake partida honi, hain juxtu, globalizazio izena eman zaio; eta alde beltzeko piezarik boteretsuenari, erregeari, publizitatea eta hedabideak. Hemen klikatuz gero, soziologo baten hitzaldi interesgarri bat duzue ikusgai.

Azken urteotan mundu osoan zehar horrenbeste zabaldu den publizitatea da gaur ezagutzen dugun egoeraren eragilea. Azken batean, honen zati handi bat munduko herrialderik boteretsuenen menpe dagoela ezin uka daiteke, eta hauek dira euren ideiak mundu osoko gizarteari helarazten dizkiotenak, gizartea guztiz manipulatuz, euren ekonomiaren mesederako. Herritarrak kontsumismora erakartzeko erabiltzen dituzten metodoak pentsaezinak dira askotan, sormenezko publizitateari bide emanez.

Nik uste, baina, bakoitza dela bere nortasunari so egin ez eta kanpotik datorkigun gezur eta interesen estrategia horiei uko egiten jakin behar duena. Publizitateak beti bilatzen ditu hartzailearengana heltzeko trikimailuak. Eurek nahi dutena egiteko, gure gogoa nola manipulatu pentsatzen ari dira etengabe; halere, gakoa euren amua ez irentsi eta jarrera kritikoa izatean dago. Guztiok ikasi beharko genuke geure nortasunari tinko eusten, globalizazioaren produktu ez bilakatzeko.

, ,

8 Responses to Xake-mate publizitateari

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.