Zertzelada txikia, ezberdintasun handia

boluntarioakAurreko ostiralean, hilero bezala, herriko gazte talde bat bildu ginen sendotzarako bidean taxutzeko. Bertan, berak jakin gabe ere, pentsarazi egingo zigun pertsona bat zegoen guri begira, bere esperientzia guri azaltzeko prest, lagungarria izango zelako esperantzaz.

Abdul zuen izena, Senegaletik etorria zen “pateran” duela urte batzuk, eta bere bizitzan pairatutako hainbat zailtasun azaldu zizkigun, uneoro, irribarre zabal batez aurpegian, inongo hasperenik gabe. Bere hitzek eragin handia izan dute nigan, baina gaurko artikuluan berak azaldutako hitz batzuetan oinarrituko naiz: “Oso lagun ona da. Ez nuke mundu osoko diruagatik aldatuko; aurrera ateratzen lagundu dit”. Gure kristautasunaren bidean zuzentzen laguntzen digun “monitoreetako” bati buruz ari zen.

Aurreko abenduan ezagutu zuen Abdul eta, inongo erreparorik gabe, bere etxera gonbidatu zuen Gabonak pasatzera. Geroztik, agertu zaizkion hainbat gorabeheratan egon da presente, bere eskua luzatzeko prest.

Niri horrelako eskuzabaltasunak harritu egin ninduen. Halere, ingurura begiratuz, elkartasun hori oraindik bizirik dagoela senti daiteke bizitzako zenbait egoera ezberdinetan. Egoera hauek erlijioen mugak gainditzen dituzte; izan ere, nahiz eta sarritan borondatezko ekintza hauek zenbait erlijio talderi esker aurrera atera, guztion parte hartzea eskatzen duen gaia da, inongo berezitasunik gabe.

Erosotasunean oinarritutako gizarte honetan, maiz ahaztu egiten zaigu pertsonok dugun garrantzia. Gure aitona-amonen garaian ez zeuden hain lagungarriak suertatu diren zaharren egoitzak, eta ohikoena gurasoak etxean zaintzea zen, edota herriko behartsuei laguntzeko, talde txikietan biltzea jana, arropa… eta gero haien artean banatu.

Gaur egun, ordea, Estatuaren edo zenbait erakunde pribaturen esku uzten ditugu pertsona bezala eratzen gaituzten egiteko hauek. Egia da izugarrizko erritmoa duen sozietate batean gaudela murgildurik, eta denbora ez dela soberan dugun zerbait. Dena den, oraindik ere badaude errekonozimendua merezi duten hainbat pertsona, bueltan ezer espero gabe irribarre batekin astero joaten direnak adineko pertsonei hainbeste eskertzen duten konpainia ematera, ospitaleetara gaixoei beraien egoera latza une batean ahazten laguntzera, behartsuei janaria banatu eta zulo ilun horietatik ateratzeko aukera ezberdinak aurkeztea…

Aipatzekoak dira, halaber, azkenaldian egindako ikerketa batean azaldutako datuak. Hauen arabera, gazte laguntzaileen kopurua azken urte hauetan handitzen joan da, askok aipatzen duten gazteen gizartearekiko inplikazio eza zalantzan jarriz.

Artikulu honen bidez, eskerrak eman nahi dizkiet boluntario horiei guztiei. Bide batez, beste guztiak animatu nahi ditut gehien egokitzen zaizkien horrelako ekintzetan parte hartzera; ziur bainago, besteak lagunduz, bakoitzak ere betetasun handia jasotzen duela.

Ondorengo helbideetan, interesaturik egonez gero, erakunde ezberdinek aurkezten dituzten programak dauzkazue: Hacesfalta, Nagusi, Manos Unidas, Caritas

, ,

2 Responses to Zertzelada txikia, ezberdintasun handia

  1. WordPress › Errorea

    Zure webgunean errore kritiko bat gertatu da.

    WordPresseko arazo-konponketen inguruan gehiago jakin.