orokorra

Hitzapasa tematikoak sortzen lagundu nahi?

Kategoria: orokorra . Noiz: December 30th, 2010 . Autorea: Maite – Iruzkin bat utzi nahi duzu?

Opor hauetan hartu dut tartetxo bat Hitzapasa jokoaren gunea berritzeko. Hitzapasan bertan azaldu dudan bezala, bere garaian, politagoa-edo zelako, txantiloi berezi samarra hautatu nuen eta, maiz, erabiltzaileek zailtasunak izaten zituzten edukietara heltzeko. Kontua da, atzo goizean horretan ari nintzela, Xabier Mendiguren Elizegik Hitzapasak sotzen laguntzeko eskaini zuela bere burua eta nik, adiskidetasunaz abusatuz, pentsatu nuen berak ederki asko menperatzen duen literaturan oinarritutako Hitzapasa bat (edo gehiago) ekoiztea oso ondo legokeela. Esan eta egin! Handik gutxira hortxe neuzkan korreoan Atik Zra bitarteko definizioak, euskal literaturaren 1. urratserako. Hementxe duzue Xabierrek bidalitako definizioekin sortutako Hitzapasa:

Hitzapasa Hitzapasa
HP literatura 1-1 html HP literatura 1-1 swf

Hari horretatik tira eginez, garbi dago denok badugula alor zehatz batean jakintza gehixeago edo pasioz betetzen gaituen gairen bat edo beste. Informatikaria bazara, esate baterako, ez al zenuke informatikari buruzko Hitzapasa bat di-da batean sortuko? Eta zuk, musikari edo musikazale amorratua zaren horrek, ez al zenuke euskal musikari buruzko errosko bat egingo? Edo zinemari buruzkoa? Politikariren bat animatuko al litzateke? Imajinatzen al duzue Iruña-Veleia aferari buruzkoa, adibidez? Ez dakit, linguistika, zuzenbidea, Donostia, Ordiziako historia, Laboa, Lete, telebistako programaren bat, edozein euskal autore… bururatzen zaizuen zer horri buruzkoa! Garrantzitsuena litzateke nork bere barruan dugun jakintza apurtxo hori partekatzea eta denon eskura ipintzea, denok denongandik ikasi ahal izateko. Zer iruditzen?

Bueno, bada, erronka orain zuena da. Hauxe litzateke proposamena eta jarraitu beharreko prozedura:

  • Gai bat (literatura, zinema, musika, Internet, kirola, opera, Reala…) eta urrats bat (1. urratsa, 2. urratsa, 3. urratsa) hautatu.
  • Atik Zra bitarteko hitzak eta definizioak prestatu.
  • Formulario hau bete edo korreoz bidali (euskaljakintza, Gmail.com-en)

Hortik aurrera nire kontu. Jasotako guztiak Hitzapasa formatura egokituko ditut eta sarean, denon eskura, ipiniko ditut ahalik eta azkarren. Inork aurrera egingo?

Hitzapasa berrituta

Kategoria: orokorra . Noiz: December 27th, 2010 . Autorea: Maite – 7 iruzkin

Azkenaldian, Hitzapasaren txokoa aldatu nahian nenbilen, baina egitekoen zerrenda luzean beti zegoela zerbait aurretik, eta atzeratu eta atzeratu ere banenbilen. Kontua da, gunea sortu nuenean, portadan azken HitzaPasa eta gutxi gehiago sartzea bururatu zitzaidala estetika kontuengatik; antza denez, jokatzera sartzen zen oro, baina, despistatu samar ibiltzen zen minimalismo horretan murgilduta, eta askok idatzi didate galdetuz ea beste Hitzapasak non dauden eta horrelakoak.

Horiek horrela, txantiloia aldatu eta estekak modu arruntagoan ipini ditut, irisgarritasunaren izenean; beraz, gaurtik aurrera, ondorengo itxura izango du guneak:

Azpimarragarriena:

  • Hitzapasa guztiak: goialdean dagoen esteka sakatuta, orain arte sortutako Hitzapasa guztiak orrialde bakar batean topatu ahal izango dituzue (orokorrak zein tematikoak).
  • Atalak: sail honetan Hitzapasak zailtasunaren arabera antolatuta topatuko dituzue:
    • 1. urratsa: erraza
    • 2. urratsa: tarteko maila
    • 3. urratsa: zaila edo oso zaila
  • Adi!: atal honetan azken berrikuntzak sartzen joango naiz. Oraintxe bertan bidali zeurea izeneko formulario bat topatuko duzue. Hori beteta bidaliz gero, zuen gustuko Hitzapasa pertsonalizatua sortuko dizuet (gai zehatz baten ingurukoa edo dena delakoa).

Egin dezakedan beste zerbait bururatzen bazaizue, bota lasai. oraingoz, hementxe uzten dizuet sortutako azkena. Hirugarren urratsekoa da; beraz, zaila. Ea, ba, bakarren bat asmatzen duzuen… 😉

Hitzapasa Hitzapasa
HP 3-10 html HP 3-10 swf