$wpsc_version = 169; HitzaPasa » Egilea - Jokatu eta ikasi

Egilea

maite-ocw1Kaixo! Maite Goñi naiz, egun Mondragon Unibertsitatean eta Ordiziako Jakintza Ikastolan irakasle. Euskal eta Ingeles Filologian lizentziatua, duela 10 urte, hizkuntzen irakaskuntzan IKTak txertatzeari ekin nion. Horren lekuko dira Euskaljakintza egitasmoa nahiz honen atal garrantzitsua den Euskal Hizkuntza eta Literatura lantzeko Euskaljakintza bloga (Estatu mailako I. Espiral Saria 2007 gelako blog onenari, eta Diariovasco.com Saria 2007 Gipuzkoako pertsona/elkarte web orri onenari), nire parte hartzea IKTeroak blogean (Internet Argia Saria 2007) eta horren atzetik etorri diren egitasmo guztiak: Gaurko Hitza (Gaurko hitza jokoa, Sortu zure jokoa…), Esaera Jatorrak, Aipuak, Hitzapasa

Mondragon unibertsitateko MU Online taldean, irakasleen formazio pedagokiko-teknologikoaren ardura dut eta, horretaz gain, master ezberdinetan eskolak ematen ditu Informazio eta Komunikazio Teknologiak hezkuntzan alorrean.

Berritzegune eta foro ezberdinetan irakasleen formazioan dihardut, konpetentzia digitalaren esparruan. Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide naiz eta, besteak beste, kolaboratzaile Euskadi Irratiko Amarauna saioko ‘Sarelarien tartea’-n, Onda Vascako ‘Hitz zakua’-n, Info7ko ‘Egin kontu!’-n eta Hazi Hezi aldizkarian.

maitego.com

@euskaljakintza

HitzaPasari buruz

Betidanik gustatu izan zaizkit hitzak, eta horiek bezainbeste, ia-ia, hitzekin zerikusia duten lehiaketak, jokoak… Etxean nagoenean, adibidez, askotan pizten dut telebista Pasapalabra programaren azken txanpa ikusteko, non alfabetoko hitzez osatutako erroskoa azaltzen den. Eta beti inbiditan! Euskaraz horrelako zerbait egongo balitz, etekin polita aterako nioke…

Geroago, Gaurko Hitza blogarekin hasi nintzenean, egunez egun ipintzen nituen hitz horiek praktikatzeko hitz-jokoak sortzeari ekin nion. Orduan ere, ditxosozko erroskoa buruan nuela, han eta hemen galdezka hasi nintzen, ea norbaitek ezagutzen ote zuen Pasapalabra sortzeko aplikaziorik edo. Adibide batzuk bidali zizkidaten PowerPoint eta JClic programak erabiliz egindakoak (esker mila, Anibal De La Torre) eta beste bakarren bat ere topatu nuen (Pasapalabra navideño), baina nahiko urrun zeuden nik buruan nuen hartatik. Duela hilabete batzuk, ordea, sarean bi adibide hauek topatu nituen: Pasapalabra eta Pasaconjuro. Horietatik tira eginez, sortzaileekin harremanetan jarri eta jatorrizko artxiboak lortu nituen. Esker mila, bihotzez, Chuan Garces eta Segio Armiséni euren lana (jatorrizko artxibo guztiak) inolako oztoporik gabe helarazi eta laguntza eskaintzeagatik. Hainbeste denbora atzetik ibili ondoren, gainera, biak egun berean. A ze gauzak!

Kontua da biak ala biak .fla artxiboak zirela. Flasha menperatzen ez nuenez, Twitter bidez laguntza eskatzea otu zitzaidan. Horrela, La Personnalitéko Goiok laguntza eskaini eta hitza hartu nion (bide batez, Diario Vasco.com-eko Kortabitarteri ere eskerrak eman nahi dizkiot, bera ere laguntzeko prest agertu baitzen). Gauzak horrela, Goiori zein aldaketa nahi nituen esan eta abian ipini zen. Bileraren bat, ordu batzuk eta hainbat buruhauste eta gero, azkenean, Larramendik esango lukeen legez: “Ezina ekinez egina”. Goio, hitzak motz geratzen zaizkit eskerrak emateko.

Hitzapasa: Pasapalabra jokoa euskaraz online

Hasierako helburua Gaurko Hitzan azaltzen joan diren hitzak praktikatzea bazen ere, horiek oso zailak zirela ohartuta, maila edo urrats ezberdinetako ariketak sortzea pentsatu nuen, maila guztietako erabiltzaileek euren hiztegia hobetzeko aukera izan zezaten. Gauzak horrela, 3 urrats ezberdin topatu ahal izango dituzu.

Jokatzen hasi aurretik, komenigarria litzateke ondorengo oharrak kontuan izatea:

  1. Definizioa irakurri eta idatzi hari dagokion hitza laukitxoan. Adi! Erantzuna -a artikulurik gabe eman behar da, mugagabean.
  2. Erantzuna idatzi ondoren, erantzun (edo enter) botoia sakatu.
  3. Badaezpada ere, erantzun botoia sakatu aurretik bi aldiz begiratu, idatzi duzuna idatzi nahi zenuena dela ziurtatzeko.
  4. Erantzunen batean zalantza baduzu, erabili HITZA PASA botoia eta aurrera jarraitu (geroago erantzuteko aukera izango duzu).
  5. Kontuz denbora mugarekin!
  6. Amaieran, puntuazioa eskuratzeaz gain, erantzunak ikusteko aukera izango duzu (asmatutakoak zein oker erantzundakoen zuzenketa).

Guztiak ikusteko: