About Markel Samaniego

Author Archive | Markel Samaniego

Mugikorrari odola dario!

coltan

Visualazing Africa’s coltan trade (FlickrCC, Jon Gosier)

Lagunek beti galdetu ohi izan didate ea zergatik ez dudan mugikorrik, ea zer arraio den sakelako telefonoa deuseztera eramaten nauena. Duela pare bat urtera arte, ez nuela beharrik erantzun eta patxada osoz gelditzen nintzen. Hala ere, arrebak mineral batzuei buruz hitz egin zidanean,  ikertzeari ekin nion eta “Blood Coltan” dokumental bikaina aurkitu nuen. Gertakari honek ireki zizkidan begiak.

Ez da inongo sekretua esaten badugu gaur egun urriak direla, oso, edozein motako erabilgailu elektronikoak erabiltzen ez dituzten pertsonak. Egia esan, ez da harritzekoa egun dagoen sistema neoliberala boterean egonda eta bere zutarri nagusia kontsumismoa izanda. Hala ere, egunetik egunera, gehiago dira errealitate honetaz jabetzen ari diren norbanakoak eta, zorionez, zenbait herrialdetan protestak ugaritzen hasiak dira iruzur honen aurka. Kapitalismoaren triskantzak ugariak izan dira historian zehar, baina badago txikizio zehatz bat hedabideek ezkutatu izan dutena: koltan izeneko mineralaren esplotazioa, hain zuzen ere.

“Metal ugari aterako dira euren haitzulo ilunetatik eta gizadia antsietate, arrisku eta nahaste batean pilatuko dute… Zer-nolako gehiegikeria! Hobe izango litzateke metalak euren kobazuloetara itzuliko balira! Euren ondorioz, ugariak izango dira birrinduriko basoak eta hildako animaliak ”, honako hau zioen Leonardo Da Vincik bere garaian. Bete-betean asmatu ere. Gizakiak ezin izan dio bere zekenkeriari uko egin eta berekoitasunaren urmaelean hondoratu da itsu-itsuan.

Munduan ezagutzen den koltan kantitate handiena -%80 batez beste-, zoritxarrez, Kongoko Errepublika Demokratikoan dago, hau da, herrialde azpigaratu batean, eta gainerako %20, berriz, Brasilen, Australian eta Thailandian. Koltan erreserba handiena Kongon egoteak mundu mailako boterea duten multinazionalek herrialde xehe honetan eskua sartzea eragin du, guda zibilak sorraraziz, ume eta emakumeei koltaneko meategietan lana esklabu gisa eginaraziz… Esaterako, zazpi eta hamabost urte bitarteko umeak eskoletatik atera eta koltana dagoen kobazulo ttipietara bidaltzen dituzte, kobatxo hauetan batetik bestera ibiltzeko aproposenak umeak direlako.

Horretaz gain, herrialde aberatsak ez dira ohartzen koltana, petrolioa bezala, mugatua dela eta mineral preziatu honen amaiera ziztu bizian hurbiltzen ari dela, nor baino nor. Eta horren ordez, zer? Horren ordez, etenik gabe ustiatzen dute askok XXI. mendeko urrea deitzen dioten mineral hau. Guk, bitartean, beste aldera begiratu eta ezer gertatuko ez balitz bezalaxe jarraitzen dugu, zurikeria osoz jokatuz.

Honako hau gutxi balitz, heriotzaren mineralari buruzko informazioa oso mugatua izan da. Horren adibide argia da Kongoko Lehen eta Bigarren gerrateek eragin dituzten hildakoak (4,5 milioi, batez beste), 2. Mundu Gerraren ondoren eman den hilketa-tasa handiena gauzatuz.

Noiz ohartuko gara honek ezin duela horrela jarraitu? Gure kapritxoak asetzeko besteei kentzen jarraitu behar al dugu? Alternatibak aurkitzea erraza ez den arren, jakin dezagun, gutxienez, geurekoikeriak hainbat gizaki errugaberengan eragiten duen kaltea eta mina; izan ere, ez guk eta ez inork ez dauka besteen kontura bizitzeko eskubiderik.

Comments { 0 }
-->