Tag Archives | bidaiak

Gaztea eta bidaiatzeko irrikaz?

Udaberriko lehen eguzki izpi eta haize goxoak neguko hotzak eta haizeak astiro eramaten dituenean marrazten diogu irribarrea gure aurpegiari. Eta egia da, udak eguzkia lagun duelarik atea jo orduko, umoreak hoberantz egiten digu guztioi. Berehala joaten zaigu burua hegaka, eta oporrak noiz iritsiko diren galdezka hasten gara. Ni, baina, gazteen buruetan murgilduko naiz, batez ere, unibertsitatea itxaroten duten horien nahietan. Garai garrantzitsua dudarik gabe: erabaki ugari hartu beharreko garaia, gure etorkizuna defini dezaketen erabakiak hartu beharrekoa. Baina, dirudienez, presio honek behar baino lehen bultzatzen ditu gazteak oporren ateetan jotzera. Halere, ate-joka joan aurretik komeni da aukera ezberdinak aztertzea.
Hasteko, ingelesa edo beste edozein hizkuntza atzerrian ikastea litzateke irtenbide bat. Hizkuntzak ikasi eta munduko lurralderen bat ezagutzeko aukera bikaina da. Gustuko duzun lurraldea aukeratu eta bidaia antolatua eskaintzen duten agentzia baten bidez joan zaitezke. Gainera, bertan zauden bitartean, hango familia batekin bizitzeko aukera izan dezakezu. Agentzia hauen artean ezagunak diren hainbat ditugu: Eas-Vele, EF

Beste aukera bat norberak bere bidaia antolatzea da: lagun taldearekin leku desberdinak ezagutu, ekintza berriak egin… Gazte askorentzat lurralde berri eta exotikoak bisitatzea izan daiteke nobedadea. Baina zein da arazoa? Dirua, ditxosozko dirua! Eragozpen handiak jartzen dituen elementua, dudarik gabe. Halere, ez badugu nahi metal preziatuak gure planak izorra ditzan, irtenbide merkeagoak bilatu beharko ditugu.Egun, hegazkin konpainia askok bost sosengatik saltzen dituzte bidaiatzeko txartelak. Azken hamarkadan, kostu baxuko edo low cost konpainiek protagonismo handia hartu dute. Easyjet konpainiak eman zuen lehen pausoa eta, harrezkero, eskaintzak hobetuz joan dira. Beraz, dirua jada ez da hegan egiteko oztopo, besteak beste, ondorengo konpainiei esker: Easyjet, Spanair, Aireuropa, Ryanair, Airberlin

Zure oporraldietan leku bat baino gehiago bisitatu nahi duzula? Abenturak bizitzeko gogoa, lagun berriak egiteko nahia eta beharrezkoa baino ez daraman motxila da zure irtenbidea, eta Interrail-a da zure aukera. Gazte askok hautatzen duen irtenbidea da: 2. mailako tiketak eskuan dituzula, trenez Europako 28 herrialdetan zehar mugarik gabe mugi zaitezke. Norberak hautatzen du bere ibilbidea eta ezagutu nahi dituen lekuak; beraz, aukera paregabea da Europa diru gutxiren truk ezagutzeko. Animatzen bazarete, ondorengo helbidean duzue informazio guztia. Eta ez ahaztu motxila elementu garrantzitsua dela. Hementxe dituzue hura ondo hornitzeko aholkuak: Nola prestatu dezakegu motxila?

Mundua ezagutzeaz gain, 18 urte badituzu eta betidanik zure oporrak zerbait probetxuzkoa egiten igaro nahi izan badituzu, udako egunak GKE (ONG) batean lan egiten edota borondatezko lan batean igarotzea izan daiteke aukera polit bat. Lan hauetan, trukean ezer jaso gabe proiektu sozialetan parte hartzen dute gazteek hiruzpalau astez. Mota askotariko lanak izan daitezke: ondare kultural naiz arkitektonikoak zaharberritu, ekologia edo ingurumena zaindu…
Eta zure nahia laguntza behar duen jendeari denbora eskaintzea bada, behin prestakuntza saioak jasota benetan aurrera jarraitzeko prest bazaude, gazte boluntario bihurtzen lagundu diezazuketen hainbat helbide erabilgarri dituzu hemen. Anima zaitez!

Primeran! Beraz, dagoeneko badaukagu bidaiaren helmuga eta bertara iristeko behar ditugun baliabideak. Zer egin behar dugu orain? Premiazkoena lo egiteko lekua gordetzea izango litzateke. Honetan ere diruak mugatzen bazaitu, Aterpekide txartelari esker, Europako ostatuetan beherapenak eta eskaintza bereziak eskura ditzakezu. Gazteoi bidaiatzeko aukera eta eskaintza ugari aurkezten zaizkigu; beraz, mundua ezagutzera atera aurretik informazioa lortu eta interesgarri izan daitezkeen aukera ugari dituzula ohartuko zara.

Mundua ezagutu, lagunak egin eta esperientzia berriak bizi nahi badituzu, oraintxe duzu aukera. Eman ezazu pausoa mundurantz!

Informazio gehiago:

Comments { 0 }

Bidaiak krisiari aurre egiteko

XXI. mende honetan ohiko bihurtu da, oporraldiak iristean, kanpora joatea; gainera, gero eta urrutiago dauden lekuetara jotzen dugu dirutza ordainduta. Hau, ordea, krisia dela eta aldatzen ari da; izan ere, gero eta jende gutxiago animatzen da bidaiatzera ezin baitiezaiokete gastuari aurre egin. Baina nori ez zaio gustatzen, opor batzuk iristean, etxetik irten eta leku berri bat ezagutzea? Niri, behintzat, bai. Bakarra izango ez naizenez, krisiari aurre eginez oporretara joateko aukera batzuk aztertuko ditugu:

  • tropical2nc7Hondartza exotikoak gustatzen zaizkienentzat hainbat aukera daude: Punta Cana, Cancun, Madagaskar, Habana, White Sands National Monument… Hauek guztiek oso itxura ona dute; halere, bidaiarik erakargarriena Maldivetara joatea izan daiteke niretzat. Maldivak Asia hegoaldean kokatzen den leku paregabea da. 1190 irlek osatzen dute eta hauetatik 80 turisten eskuetan jarririk daude. Leku exotiko honetara joateko, hegazkina edo barkua erabil daitezke. Bertan egonaldi atsegin bat igarotzeko, hainbat hotel aurki ditzakezu. Hotel hauek ez dira oso merkeak; dena den, beraien kalitatea izugarrizkoa da; beraz, dirua xahutzeko arazorik ez duenarentzat paregabeak dira.
  • romaMuseoz museo ibiltzea gustuko dutenentzat hainbat leku interesgarri daude: Valentzia, Estokolmo, Mosku… Hala ere, museoak eta garai bateko erakinak ikusteko leku aproposena, nire iritziz, Erroma da. Italiako hiriburuan, orain dela urte askoko eraikin famatu ugari aurki dezakegu, Koliseoa esaterako. Bertara hegazkinez, trenez, barkuz… joan gaitezke. Erromako egonaldia ahaztezina izatea nahi baduzu eta gehiegi ez baduzu gastatu nahi, hotel eta aterpetxe hauetan har dezakezu ostatu.

Bi leku hauetara, hegazkinez joan gaitezke. Oso garestia izan beharra daukala pentsa genezake, baina ez dauka zertan horrela izan. Ondorengo webgune honetan, hegaldi merkeak aurki ditzakegu, bi leku horietara joateko.

  • EzcarayEskiatzera joatea gustuko dutenentzat, etxetik oso urrutira joan gabe ongi eskiatzeko aukera aparta dauka Ezkarain. Errioxako herri txiki honetatik hamabost minutu eskasera dagoen Valdezcaray eski-estazioan oso egun dibertigarria igaro daiteke. Bertara kotxez joan gaitezke, baina baita autobusez ere. Uda iritsi eta elurra urtzean, izugarrizko paradisua bihurtzen da mendi ikusgarrien arteko herritxo hau. Hori gutxi balitz, orain dela urte askotako monumentuak ditu ikusgai: XIV –XV. mende bitartean eraikitako Santa María La Mayor eliza, XII. mendeko Nuestra Señora de Allende ermita… Ostatu hartzeko bi hotel daude eta baita apartamentu ugari ere. Aukera egokia izan daiteke egonaldi atsegin bat igarotzeko, gehiegi ordaindu gabe: Hotel Echaurren, Hotel Palacio Azcarate, apartamentuak

Orain arteko eskaintzan gustukorik topatu ez baduzu, saiatu ondorengo hau egiten:

  1. Webgune honetan gustuko duzun lekua hautatu.
  2. Aukera interesgarriren bat aurkitu ondoren, bertara merke–merke nola joan bilatu.
  3. Bertan topo egingo duzun hotel, aterpetxe… egokia aukeratu.
  4. Hara joatean, ongi igaro oporraldia!

Comments { 0 }

Maitasunaren indarra

taj-mahalLehengo batean, nire izebaren etxean nengoela,  sarrerako paretan zintzilikatuta zegoen Taj Mahal eraikuntzaren koadro bati erreparatu nion. Izugarri gustatu zitzaidan; izan ere, harrigarria iruditzen zait honelako eraikuntza bat gizakiak egitea. Nire izeba duela urte pare bat bertan egonda zen eta nire aurpegia ikustean, bertako historia kontatzen hasi zitzaidan. Besteak beste, Indiako eraikuntzarik garrantzitsuena dela esan zidan. Halaber, maitasunari egindako monumentua dela erantsi zuen.

Taj Mahal Indian dago, Agrako hirian hain zuzen ere. Eraikuntza hau egiteko agindua Agran bizi zen Shah enperadoreak eman zuen. Monumentu hau bere emazte Muntaz Mhalagatik sentitzen zuen maitasuna adierazteko eraikiarazi zuen. Dioetenez, 1607an, enperadoreak Muntaz Mahal ezagutu eta erabat maitemindu zen. Handik gutxira, Muntazek 19 urte besterik ez zituenean, printzesa koroatu zuten. Hau Shahen bigarren emazte bihurtu zen, baita enperadorearen gustukoena ere. Zoritxarrez, ezbehar bat gertatu zen. Euren hamalaugarren haurra eduki ondoren, printzesak bere senarrari ekitaldi batera lagundu zion eta bertan hil egin zen. Dena den, hil aurretik honako eskari hauek egin omen zizkion enperadoreari:

  • Bere oroimenez oholtza bat sor zezan.
  • Berriro ere ezkon zedin
  • Euren ezkontzaren urteurrenean bere omenez egindako oholtza bisita zezan.
  • Haurrekin jarrera egokia izan, babestu eta maite zitzan.

1931. urtean hasi ziren printzesaren omenez egingo zuten eraikuntza altxatzen. Hogei mila pertsonek hartu zuten parte eraikuntza horren sorkuntzan; dena den, tamalez, horietako asko esklaboak ziren. Eraikin izugarri hura amaitu ahal izateko, hogeita bi urte behar izan zituzten. Interesgarria, ezta?

Prozesuarekin jarraituz, eraikina egiteko materialak elefanteen bidez ekarri zituzten, eta barrualdea eta kanpoaldea apaintzeko harri bereziak Bagdad, Txina, Afganistan, Tibet, Egipto, Persia, Yemen eta Errusiatik.

Esan beharra dago, enperadoreak hori guztia egiteko, sekulako dirutza xahutu zuela, eta, horren ondorioz, bere semeetako batek tronutik kendu eta kartzela antzeko batean sartu zuela bizitza osorako. Printze gaixoak bertatik ikusi behar izan zuen nola eraikitzen ari ziren bere ametsa.

Aipatu beharra dago, obra honen zuzendaria Listad Isa turkiarra izan zela. Esaten dutenez, eraikina egiten amaitu ostean, enperadoreak hari eskua mozteko agindu zuen, horrela ezin izango baitzuen errepikatu honelako monumenturik.

Gaur egun, Indiako monumenturik preziatuena da, baita munduko zazpi mirarietako bat ere. Ez hori bakarrik, munduan beti gogoratuko da maitasunari egindako oroigarri handiena bezala. Egia esan, izugarri gustatuko litzaidake inoiz eraikin hau gertutik ikusteko aukera izatea!

Comments { 3 }
-->