Ahozko erdarakadak 1

Jatorria: Ulibarri.info

Azalpena: Ahoz jardutean gure ikasleek egin ohi dituzten akats nagusien zerrenda dugu ondorengoa. Ongi azaldu eta adibide egokiz emanak daude aztergaiak. Morfosintaxia, fonetika, azentua… jorratzen ditu.

Morfosintaxia

Ezkerrean agertzen dena, txarto dagoen forma da. Aldamenekoa, ordea, forma zuzena.

Egunerokotasun faltsua

  • Hasten naiz irakurtzen? / Hasiko naiz irakurtzen?
  • Azpimarratzen dut, andereño? / Azpimarratuko dut, andereño?
  • Hau non uzten dut? / Hau non utziko dut?
  • Zer ipintzen dut hemen? / Zer ipiniko dut hemen?
  • Sartzen naiz? / Sartuko naiz?; Sar naiteke?
  • Ekartzen dizut bihar / Bihar ekarriko dizut
  • Agur, joaten naiz etxera / Agur, banoa etxera
  • Zuk zer esaten duzu honetaz? / Zuk zer di(n)ozu honetaz?
  • Egunero noa eskolara / Egunero joaten naiz eskolara
  • Beti egin behar dut / Beti egin behar izaten dut

Galdegaia

  • Da nirea / Nirea da.
  • Nago egiten lanak / Lanak egiten nabil (ari naiz)
  • Daukazu hemen / Hemen daukazu; Badaukazu hemen.
  • Nahi duzu etorri nirekin? / Nirekin etorri nahi duzu?
  • Nahi dut joan / Joan nahi dut
  • Ez dut nahi joan / Ez dut joan nahi.
  • Da benetazkoa / Benetakoa da
  • Ahal dut erabili boligrafoa? / Boligrafoa erabil dezaket?
  • Esan du ze nahi ditu egin ariketak / Ariketak egin nahi dituela esan du

Morfologia-sintaxia

  • Irtetzen da hortik / Hortik irteten da
  • Sorginez mozorrotuta dago / Sorgin mozorrotuta dago, sorgin jantzita
  • Egun batetan… / Egun baten; Egun batean
  • Beste leku batetakoa / Beste leku batekoa
  • Joan behar naiz etxera /Etxera joan behar dut
  • Jostailu bat erosiko naiz / ostailu bat erosiko dut
  • Kenduko naiz hau (jertsea) / Jertsea erantziko dut
  • Jendeari molestatzen ari da / Jendea molestatzen ari da
  • Ikusi dizut kalean / Kalean ikusi zaitut
  • Jo dit makil batekin / Makila batez jo nau
  • Beitu zelan dago! / Be(g)itu zelan dagoen!
  • Zer egiten ari zara? Ezer / Zer egiten ari zara? Ezer(ere) ez
  • Ez dakit ezebez / Ez dakit ezer; ezer ez dakit
  • Etorriko direnean / Etortzen direnean
  • Etorriko badira/ Etortzen badira
  • Kale berdinean bizi dira biak / Kale berean; berberean; kale bate(a)n
  • Beti esaten duzu berdina / Beti esaten duzu gauza bera
  • Utzi egin hau / Utzi (utz iezadazu) hau egiten
  • Berandu? Ba,esatea! / Berandu? Ba, esan dezala!; esan da(g)iala!
  • Ez da ez gurentzat ez zurentzat / Ez da ez guretzat ez zuretzat

Konpletiboak

  • Esan du ze da gezurra / Gezurra dela esan du
  • Uste dut ze nire ama ez da etorri / Gure ama ez dela etorri uste dut

Ba-Baina

  • Nik ez badakit ezer! / Nik ezer ez dakit baina!
  • Si ez zenuen ezer esan! / Ezer ez zenuen esan baina!

Erlatiboak

  • Autobus bat, eramaten zuela 50 pertsona jausi egin da / 50 pertsona zeramatzan autobus bat jausi egin da
  • Da mutil bat ze ditu betaurrekoak / Betaurrekoak dituen mutil bat da
  • Daukat boligrafo bat ze bi kolore ditu / Bi kolore (kolore bi) dituen boligrafoa daukat
  • Andereño bat daukagu Markinakoa dela / Markinako andereño bat daukagu.
  • (…) eta ezagutu dut maisu bat berria dela / (…) eta maisu berri bat ezagutu dut; (…) eta maisu bat ezagutu dut, berria dena

Esamoldeak

  • Nola deitzen da umea? / Nola (zelan) dauka izena umeak?
  • Eman naiz kolpe bat / Kolpea hartu dut
  • Zelako morroa! / Hori larru gogorra!; Horrek dauka aurpegia!
  • Bero asko dago / Bero handia dago
  • Ez dakizula hau egiten! / Ezetz jakin hau egiten!
  • Hau dela nirea? ! A que hau da nirea?!/ Hau nirea da, ezta?
  • Bi bider egin dut / Birritan egin dut; Bi aldiz egin dut
  • Bildurra daukat / Beldur naiz
  • Futbolera jolasten ari gara / Futbolean jolasten ari gara.
  • Etorri da begiekin itxita / Begiak itxita etorri da.
  • Eskuekin poltsikoan agertu da / Eskuak poltsikoan agertu da
  • Hiru-bi irabazi diegu / Hiru eta bi irabazi diegu
  • Ikasleen erdia etorri da / Ikasleen erdiak etorri dira
  • Kontuz! andereño datorrela / Kontuz! andereño dator(r) eta
  • Beste egunean joan ginen / Lehengo egunean joan ginen

ERE partikula

Inoiz ere ez aurrean:

  • Ere bai Mikel etorriko da
  • Ona dela eta ere txintxo portatzen dela esan du
  • Eta ere bai, gero joan zen eta…
  • Josuk ekarri du. Ere bai Jonek
  • Baita ere, mendira joan ginen eta…
  • Ama joan da eta ere bai ni

Ezta aditzaren ostean ere: (Aitak erosi du ere bai)

  • Zuk egin baduzu, nik egingo dut ere bai / … neuk ere egingo dut
  • Lotsa askorik ez dute ere ez / Lotsa handirik ere ez dute
  • Esku artean hartu ez ezik, puskatu du ere! / puskatu ere puskatu (egin) du
  • Telefonoz deitu diot eta joango naiz ere / joan ere joango naiz; egingo naiz
  • Mikel hemen dago ere / Mikel ere hemen dago
  • Badakit ere nor etorri den / (Badakit) nor etorri den ere (badakit)
  • Ikusi dugu ere nola jokatu duen / (Ikusi dugu) nola jokatu duen ere (…)
  • Bihar joango gara ere (bai) / bihar ere joango gara

Pertsona izenordainak forma indartua hartu ohi du:

  • Nik ere esan diot / Neuk ere esan diot
  • Zuek ere bai! / Zeuek; Zeuok ere bai!

ERE-ren ostean adizki trinkoak BA- aurrizkia behar du:

  • Nik ere daukat erloju berria / Neuk ere badaukat
  • Josune etorriz gero, Andoni ere dator / Andoni ere badator

Aditz sintagman elipsia egiten denean:

  • Marta badoa eta ni ere / eta neu ere bai
  • Nik ere bai ikusi dut hori / Neuk ere ikusi dut hori
  • Hark egin du eta osabak baita / baita osabak ere; eta osabak ere bai
  • Baita ere Koldok. Eta Koldok baita ere / Baita Koldok ere

Fonetika

Zenbait fenomeno kontsonantiko:

  • Euskalki guztietan ez partikula jartzean gertatzen diren elkarketak: ez dakit-eztakit; ez nabil-enabil; ez luke-eluke; ez gatoz-ezkatoz; ez badator-ezpadator, etab.
  • -k + b- > p: (euskalki guztietan ezaguna bada ere, bizkaieraz maiztasun handiagoa du): inork (b)ere ez-iñopez; nik baino-nipaño; neupez; zeupakarrik
  • Berdin gertatzen da beste kontsonante batzuetan ere: zeuk dakizu-zeu(k)takizu; ederrak daude-ederra(k)taude
  • Hitz bukaerako kontsonanteak ez dira inoiz galtzen: bosturte; (h)amabost(h)ilabete; are gutxiago hurrengo hitza bokalez hasten bada. Beraz, ez esan inoiz bos urte,(h)amabos(h)ilabete, bos ikasle…
  • Ziztukariak: z-ak eta ts-ak Bizkaian eta Gipuzkoako toki batzuetan ez dira ondo ahoskatzen, eta s/z eta ts/tz bikoteak berdindu egiten ditugu.
  • Bustidurak: ll ahoskatu nahi eta ezin: Beti esan digute -i baten ondoren -n eta -l fonemak busti egiten direla eta, hortaz, -ñ eta -ll ahoskatu behar ditugula. Bustidura horiek automatikoak izaten dira Bizkaiko hizkera askotan (gipuzkeraz ere horrela gertatzen da), eta horrela, -i baten ondoren, n,l,t,z eta s kontsonanteak busti egin daitezke:

-i+n=iñ: min(a)>miñ(a), baino>baño, oñetakoak, hagiñak, sorgiña

-i+l=ill: mutil(a)>mutill(a), maila>malla, makilla, fralle, illun, katillu

-i+t=itt: aita>aitte, aittitte, e(g)itten, eba(g)itteko, itto, zaittu; (kostaldean itt>itx ere bihur daiteke: aitxitxe, eitxen, itxo)

-i+z=ix: goizean>goxean, axe(a), gixona, e(g)ixu, elexa, ixetu…

-i+tz=(i)tx: gaitz(a)>gatx(a), bakotxa, atx(a), aitzur

-iñddaba, iñddarra, (h)illdda…, ondoko d ere bustita dago.

Bustidura edo palatalizazio horiek oso zabalduta daude, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere, baina badirudi gaurko gazteentzat oso zaila dela -ll- ahoskatzea. Aspaldi honetan, ill ahoskatu nahi izateagatik, euskaraz arrotza den yeismoa zabaltzen ari da: mutiya, iyargia, iyun, langiye, dabiyela, zebiyen, miya, makiyaren biya, oso zaya da, (bizkaitarrok saia entzunez gero, putrea ere uler dezakegu), bigarren mayan,…(bigarren mayan dagoela dioenak, zer esan nahi du? bigarren mahaian ala bigarren mailan?)

Egia da Gipuzkoan eta Bizkaiko leku askotako hizkeretan, batez ere, bustidurak automatikoak dira, baina Arratian, Galdakaon, Larrabetzun, Zeberion, Lezaman eta inguru horietan guztietan, -in eta -il kasuetan, ia ez da bustidurarik agertzen: (h)aginetako mine, arinago, mutile, makile, okile, morokile, ilun, katilu (Txorierrin), nabilenean, dábilela . . .

Zergatik ez irakatsi umeei, irakurtzen hasten direnean, idazten den bezala irakurtzen? Haurrei irakurketa erraztu egingo genieke eta hori ere oso ahoskera jatorra da, Lapurdin eta Nafarroako zenbait lekutan ere, Bizkaiko mendebaldekoon eran, mutila, makila, mila, langileak, ilun, ilea, ilargia… esaten baitute.

Azentua

Euskaldun zahar gehienentzat euskaldun berri askoren hizkera garbia da, landua, baina bada belarrira txarto jotzen duen zerbait, artifiziala den zerbait. Zerbait hori, askotan, azentua izan daiteke. Baina, ba ote dago euskaraz azenturik? Euskaraz ez da azenturik idazten, baina! Horrela, bada, euskaldun berri askok, belarriz barik, irakurriz ikasi behar izan dutenez (meritu ikaragarria, horratio!), azentuaren kontu hori ezin izan dute inoiz ondo ikasi. Ez zaio garrantzirik eman: euskaraz ez dago azenturik esan eta kito!

Euskaraz badago azenturik! Batzuetan oso azentu markatua gainera. Arazoa zein da, beraz? Bada, toki guztietan azentua ez dela berdina eta, gainera, oraindik ondo ikertu gabeko zerbait dela. Egia da bizkaierazko azentua, adibidez, ahula dela, gipuzkerakoa bezalaxe: zaila izaten da batzuetan azentua ala esaldiaren intonazioa ote den jakitea. Gai honetan ezin sakon daiteke, oraindik behintzat, besteak beste oraindik ere puntu ilun asko daudelako. Hala ere, zenbait datu ematea interesgarria izan daiteke:

  • Oro har, esan daiteke, bigarren silaba izaten dela gehienetan azentua duena. Bigarren azentu bat ere (oihartzunezkoa) ager daiteke azken silaban, azentu-unitatea luzeagoa baldin bada.
  • Hitz pareak: Zenbait hitz azentuari esker bereiz daitezke.
  • Singularra eta plurala: Zenbait tokitan azentu bidez bereizten ei dira, pluraletan azentua lehen silaban agertzen baita. Bizkaiko hizkera batzuetan, adibidez. Dena dela, hau ez da hizkera guztietan beti hain garbi ikusten. Erakusle eta izenordainetan, ordea, bai, pluraletan azentua lehen silaban ahoskatu behar da
  • EZ eta BA adizkiari loturik agertzen dira, kontsonante elkarteetan ez ezik baita azentu aldetik ere: eztAkit, enOa, eztAkar, enAbil, ba(d)Akizu, badAtor, banOa… bAdator, bAdakizU eta horrelakoak, berriz, baldintzak lirateke.

Azentua aditzetan

Aditz nominalizazioak azentua mantentzen du, oina silaba bakarrekoa bada:

  • sAl(du): sAltzea, sAltzen, sAltzera, sAltzeko, sAltzean. . .
  • hAr(tu): hArtzea, hArtzen, hArtzera, hArtzeko, hArtzean. . .
  • Aditz oina bi edo silaba gehiagokoa baldin bada, azentua bigarren silaban eta bigarren mailako beste azentu bat azkenean: ikUsteA, erAkusteA, erAkustekO…

Adizki trinkoetan azentua lehen silaban joaten da, BA aurrizkiarekin bat eginda dagoenean batik bat. Beraz: badAukat, badAukazu, badAuka, badAukagu, badAukazue, badAukate, badAkit, badAkizu, badAki, badAkigu, badAkizue, badAkite

Hitz markatuak

Euskaraz azentua gehienetan bigarren silaban ebakitzen da. Alabaina, badira arau hori hausten duten hitz batzuk. Hitz horiei hitz markatu deritze. Hitz horien zerrenda osoa ematea zaila eta luzeegia litzateke. Bestalde zenbait zalantza ere izan daitezke, gure inguruko euskalkietan, bizkaieraz eta gipuzkeraz, era desberdinetara ahoskatzen baitira hitz batzuk: sEmea(G)/semEa(B), kAlera(G)/kalEra(B), pAkea(G)/bakEa(B), etab.

Comments are closed.
-->