Tag Archives | gizartea

Arroparen neurria? Zenbaki bat besterik ez!

Lehengo egunean, gau ilun hauetako batean, gustuko dudan gai baten inguruan ikertzen hasi nintzen, moda, alegia. Kontua da, halako batean artikulu bat aurkitu nuela eta, itxura ona zuenez, irakurtzeari ekin niola. Bat-batean, bukatzen ari nintzenean, zur eta lur utzi ninduen esaldi bat irakurri nuen. Hona hemen esaldi horrek zioena:

“Soineko hori ez dago zuretzat egina, ez zaizu sartzen, 36a da”

Argazkia: FlickrCC, Rega Photography

Argazkia: FlickrCC, Rega Photography

Ba al dakizu zertaz ari naizen? Seguru aski halaxe izango da! Kontuak kontu, esaldi hori saltzaile batek arropa begiratzen ari zen neska bati zuzen-zuzenean bota zion, lotsarik gabe. Baina nola da posible hain bargasta izatea? Noiztik diseinatzen du disenadore batek 36 neurrira arte bakarrik? Nola sentituko zinateke zu? Ni, behintzat, ez oso ondo. Baina gatozen harira!

Seguruenik hau egoera larri baten hasiera da. Ez da beharrezkoa esatea horrelako egoerak sortzen dituzten gaixotasunak. Anorexia eta bulimia gaur egun gehien ematen diren gaixotasunak dira gizarteak jartzen dituen edertasun arauak kontuan hartzen dituzten gazteen artean. Nik uste dut horrelako esaldiak esaten dituzten pertsonak ez direla konturatzen benetan zer gerta daitekeen. Halaber, egunero iruzkinak uzten dituzten indibiduoak ez dute kontsideratzen egunen batean seme-alabak izango dituztela, eta, agian, hauek ere erasoak jaso ditzaketela.

Argazkia: Wikimedia Commons

Argazkia: Wikimedia Commons

Ez gara ordenadoreak disenatutako robotak, ez gara perfektuak. Gure gizartean, orokorrean, ohituta gaude gaizki begiratzen perfektua ez denari edo gaur egun erakusten diguten edertasuna ez duenari. Denak ez gara berdinak, eta horrek  berezi  egiten gaitu. Beraz, ikasi behar duguna da geure burua maitatzen, garena garela, eta kasurik ez egiten esaten digutenari, nork bere gorputza baitauka.

Laburbilduz, gogoan izan egunen batean denda batean arroparen neurria ez aukitzea gerta dakigukela edo norbaitek esatea lodi gaudela. Ezin gara denak  oso sendoak izan, eta horrelako egoera batean aurrean, badakite zer egin. hala ere, pentsatu behar dugu ahulak ere badaudela eta asko hunkitu ditzakegula. Beraz, hausnartu dezagun pixka bat ezer esan aurretik, eta ziur asko horrek kondizio hau aldatzera eramango gaitu. Bukatzeko, kontuan izan jantziaren neurria zenbaki bat besterik ez dela eta ez gaituela inolaz ere definitzen.

Comments { 0 }

Nor da haurtzaroen lapurra?

Argazkia: Wikimedia Commons

Argazkia: Wikimedia Commons

Aurrekoan Donostian paseoan nenbilela, San Martinen ireki berri duten Zara arropa denda erraldoiarekin topo egin nuen. Ez nuen arropa erosteko inongo asmorik, baina, ikusminak bultzatuta, sartzea erabaki nuen. Bertan, hogei euroko galtza polit batzuk ikusi nituen. Jakin-mina piztu eta etiketan non eginak ziren begiratu nuen. “Made in Morocco” jartzen zuen eta berehala zalantza egin dut. Zenbateko gastua izango zuen galtza hauek sortzeak? Zenbat sufrimendu? Etxera iristean, ordenagailua piztu nuen, zer edo zer argitzeko asmoz. “Inditex continúa explotando a niños esclavos” artikulua irakurri nuen. Orduan ulertu nuen praka horien benetako kostua. Hogei euro baino askoz ere gehiago, zenbakiz azaldu ezin daitekeen sufrimendu eta neurrigabekeria.

Baina Inditex ez da haurrak lanerako makina moduan erabiltzen dituen enpresa bakarra. Nike, Adidas, Gap… eta ezagun zaizkigun beste hainbat lantegitan ere esplotatzen dira umeak. Nekazaritza arloan ere adin txikiko asko egon ohi dira baldintza gogorren menpe lanean. Horren isla dira, OITek 2013an egindako ikerketaren emaitzek adierazten dituzten datu lazgarriak. Urte hartan, 168 milioi haur inguru zeuden gehiegikeria honen menpe, gehiengoa herrialde azpigaratuetan edo garatu bidean daudenetan. Nire iritziz, emaitza hauek lotsagarriak dira eta gure gizarteak hainbat aspektutan eman beharreko aurrerapausoak zein diren argi uzten du.

Askok eta askok baldintza oso gogorretan lan egin behar izaten dute eta nagusien esklabo bihurtzen dira. Lan ordu oso luzeak izaten dira, hainbatetan 12 ordukoak. Gainera, toki hauetan ez dute seinaren ongizatea zaintzen, ez euren elikadura ezta higienea ere. Eta zer esanik ez buruzagiak erabiltzen duen indarkeriaz.  Kondizio hauek bi motatako ondorioak eragiten dituzte neska-mutikoengan, artikulu honetan oso ondo esplikatzen direnak. Batetik, haurrak hezkuntzarako aukerarik gabe geratzen dira eta, bestetik, hor daude osasun arazoak, bai fisikoak eta baita psikologikoak ere.

Nork du eskubidea ume hauei haurtzaroa lapurtzeko? Garai horretan, etorkizuneko gizon eta emakume izango direnek maitasuna eta babesa jaso behar dute eta askotan ez gara ohartzen (edo ez ikusiarena egiten dugu!), baina gure nahi eta gutiziek hainbat lurraldetan adin txikiko askoren askatasuna mugatzen dute, marka dirudun hauek ez dutelako legea errespetatzen. Benetan errealitate lazgarria da.

Laburbilduz, haurren lan esplotazioa arazo unibertsal bat dela iruditzen zait eta, horregatik, denok egin behar dugu zerbait gaitz honekin akabatzeko. Horretarako, hainbat GKE daude lanean, Unicef kasu. Horrez gain, guk, mundu kontsumista honetan bizi garenok, erosteko garaian ondo aukeratzeko erantzukizuna dugu; bestetik, agintean daudenek enpresa hauei legeak betearazi behar dizkie eta justizia egin. Bat al zatozte nirekin?

Comments { 0 }

“Lokalismoa”

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Zer egiten dute gaur egungo gazteek asteburuetan? Aurreko batean lagunekin nengoela, lagun batek garaje bat alokatzeko proposamena egin zuen, arratsaldeak pasa eta, kalean egon ordez,  bertan denbora pasatzeko.  Hasieran ideia ona iruditu zitzaidan,  baina etxera iritsi eta pentsatzen hasita, lotsa eta tristura sentitu nuen.

Gero eta ohikoagoa da  koadrila bakoitzak bere lokala edo “lonja” alokatzea, bertan denbora pasatu eta asteburuko “etxe” gisa erabiltzeko. Gasteizko Udalak egindako ikerketa batean, lokal hauen hazkunde garbia ikus dezakegu. Gero eta jende gutxiago ikusten da  kalean, eta horrek tristura puntu bat ematen dit. Gainera, guk ere horrelakoren bat hartzen badugu, gure ondorengoek ere berdin jarraituko dute, eta “lokalismoaren” fenomenoa gero eta gehiago zabalduko da. Ez al da hobea plazan edo kalean denbora igarotzea?

Eusko jaurlaritzak EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteei egindako inkesta bateko emaitzetatik zenbait ondorio atera ditzakegu. Hasteko, ikus dezakegu gazteen %55ek inoiz ez duela lokalik eduki, %20k lokala duela eta %25ek ez duela, baina noizbait izan duela. Lokala zertarako duten galdetzean, erantzun nagusiena kalean ez egoteko izan da eta lokala ez  edukitzearen arrazoi nagusia alokairuen prezio altua dela ondoriozta dezakegu.

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Argazkia: Kepa Iztueta, CC

Lokala duten zenbait pertsonarekin hitz egin ondoren, beraien artean arduragabekeria eta utzikeria nabaritu dut.  Gazte askok bertan igarotzen dituzte asteburuak eta ez dira mugitu ere egiten beste koadrilekin harremanak edukitzeko edo beste ekintza mota batzuk egiteko; hala ere,  egia da beste zenbaitzuek erabilera egokia ematen dietela. Niri neuri denbora galtzea iruditzen zait, horretarako badaudelako beste zenbait egoitza, hala nola, gazte lokala edo gaztetxea. Eremu hauetan autogestioan oinarritutako ekintzak egiten dira, eta guztiek helburu zehatz bat izan ohi dute. Ez al da hobea elkarlanean gauzak egitea edo laguntza behar dutenei laguntzea, bideo kontsolekin edo telebistaren aurrean egotea baino?

Hori gutxi balitz, alokairu hauek diru asko xahutzea dakarte eta, ondorioz, gazte askok gurasoengana jo behar izaten  dute hilero dirua eskatzeko. Gainera, lokal hauek zenbait baldintza eta arau bete behar dituzte eta askok, baldintza horiek ez errespetatzean, liskarrak eduki ohi dituzte bizilagun edota inguruko pertsonekin.

Fenomeno honekin amaitzeko modu eraginkorrena kalera irten eta lokaletan egoten direnekin zenbait ekintza partekatzea dela uste dut, ikus dezaten eraginkorragoa dela; izan ere, lagun berriak egin daitezke eta beste pertsona batzuekin denbora pasa daiteke. Beraz, gazte, irten zaitez kalera eta jolas dezagun denok batera! Kaleak behar zaitu!

Comments { 0 }
-->