Jakin badakigu krisian sartu ginetik hainbat aldaketa eman direla Espainian: BEZa igotzea, soldaten murrizketa, langabeziaren izugarrizko gorakada… Murrizketak arlo guztietan eman dira, baina gehien kezkatzen nautenak osasun eta hezkuntzan eman direnak dira. Ez al da, bada, oinarrizkoa denon hezkuntza eta osasun arloa ziurtatzea?
Ematen ari diren eta ematear dauden aldaketekin, duela 60 urteko egoerara itzultzen ari gara: dirudunek ikasketak egin ahal zituzten eta beste guztiek, aldiz, lanean hasi behar prestakuntza juxtua jaso ondoren. Tira, lanean hasi behar izatea, hitz egiteko era bat baino ez da; izan ere, ez baitugu ikasketak amaitu eta berehala lanean hasi den jende asko aurkituko, gaur egun.
Baina haritik joan gabe, Erasmus-a, bekak, ohorezko matrikula lortu dutenek dituzten hainbat abantaila… desagertzera doaz, eta unibertsitateetako kuotak igo egin dira, bai pribatu zein publikoetakoak. Hau dela eta, lehen ikastea garestia bazen -batzuentzat ia ordainezina-, orain are gehiago kostatuko zaie familia horiei seme-alaben ikasketak ordaintzea. Honekin, jende gutxiago izango da ikasketa unibertsitarioak dituena, eta, beraz, lan munduan daudenetariko asko ‘erreleborik gabe’ geratuko dira, lanpostu horretan nor jarri ez baita izango. Emaitza, jubilazio adina gero eta gehiago atzeratzea. Horrez gain, egoera zertxobait hobetuz gero helduenak lanean dauden bitartean, ikasketak amaitu berri dituen gaztea postu horretan sartu ezinean geratuko litzakete. Berriro ere langabezia tasa gora, dirurik ez ikasketak ordaintzeko, jubilazioa gora… Amaitzen ez den soka da.
Politika aurrerakoiak egingo dituztelakoan jartzen ditugu politikariak boterean; horrelako neurriekin, baina, gero eta herrialde atzeratuagoan gauden irudipena dut, hezkuntza sailean behintzat. Hartutako azken neurriak ez dut uste batere positiboak direnik, ez ekonomiarako -lan-mundua dezente geldiaraziko baitute- eta ezta mota askotako kanpo-harremanetarako ere; izan ere, ekonomikoki gaizki dagoen herrialde batekin harremanak izatea inork ez baitu gogoko. Zer diozue zuek?
Iruzkin berriak