Nori ez dio amorrua ematen Espainiako ligan telebistek banatzen duten diru guztiaren %60 Real Madrid eta FC Bartzelona taldeek eramatea? Niri, behintzat, ez zait bidezkoa iruditzen 20 taldez osatutako liga batean irabazien erdia baino gehiago bi talde horien artean soilik banatzea. Nik bezala, Espainiako ligan parte hartzen duten beste hainbat klubek beraien desadostasuna erakutsi dute egoera honen aurrean.
Nire iritziz, diru-banatze honek arazo ugari ekartzen ditu Espainiako ligara. Denetan garbiena ekipoen arteko ezberdintasuna da; hau da, talde onenei diru gehiago ematen bazaie, talde handi horien eta txikiagoen arteko desberdintasunak areagotu egingo dira. Izan ere, jokalari trebeak nahi izanez gero, ordaindu besterik ez dago. Horrela, urtero, merkatu horretan sal-erosketan ibiltzen direnek erraztasun handiagoak izango dituzte jokalari hau edo bestea lortzeko; talde txikiak, ordea, maila berean gelditzen dira, besteei aurre egin ezinik. Horrela, helburuen arabera hirutan bana daiteke liga urte hauetan: sariak, UEFA edo maila berean jarraitzeko borroka.
Azken urteetako historiara joko bagenu, argi ikusiko genuke Real Madrilek eta FC. Bartzelonak irabazi dituztela ligak bereziki; halere, egon da tarteka beste talderen bat bi handi horien lehian muturra sartu eta lehen postua lortu izan duena. Egun, krisia talde txikiak jasaten ari direnez, liga batzuen esku baino ez da geratzen. Gainera, diruak beste arazo bat ekarri digu: futbol partiduen ordutegia. Espainiako ligan kalitate handiko jokalariak daudenez, mundu osoan zehar ikusten da, eta hemengo ordutegia zein Txinakoa, esate baterako, ezberdina denez, oso eztabaidatua izan den berrikuntza bat jarri dute: astero, igande goizetan ligako partidu bat jokatzen da, eta, noski, ordutegi hau ez dute Bartzelonak edo Madrilek pairatzen, talde txikiek baizik.
Hala ere, esan beharra dago, diru-banatze hori ez dutela faboritismo, kutunkeria edo horrelako zerbaitengatik egiten. Bi talde garrantzitsu hauek dira diru gehien ematen duten taldeak, hauek baitira mundu osoan zehar jarraitzaile gehien dituztenak. Horrexegatik ematen zaie diru zati handiena eta, halaber, horrexegatik euren partiduak izaten dira ordutegi onenean.
Nahiz eta gaiaren inguruan ika-mika ugari egon kalean, prentsak ez du egoera honen aurrean kritika handirik egin, interes handiak baitaude jokoan. Bidegabeko egoera honen aurrean Sevillako lehendakaria, Jose Maria Del Nido, izan da desadostasuna garbi azaldu duen horietakoa. Ea denborak -eta batzuen ekimenak- egoera hau aldatzen duen. Guztion onurarako izango litzateke; izan ere, kalitatezko liga lehia duen liga baita.
No comments yet.