Tag Archives | gizartea

Buruko gaitzak jota zaudenean…

isolamenduaEgunero goizean goiz esnatu eta buruko gaixotasunekin zerikusia duten kasuak ikusten ditugu bai telebistan, bai irratian eta baita prentsa idatzian ere. Normalean, bortizkeria erabili izan den kasuak ezagutu ditugu, orain dela gutxi Murtzian gertatutakoa, kasu; hots, gazte batek bere ama akabatu zuen hau idungabetuz eta ondoren herri guztia zeharkatu zuen bere amaren burua eskuetan zeramala, hura merezi zuela oihukatuz.

Horrelako gertakariei haria jarraituz eta hauetan guztietan jazotako gertaerak aztertuz, ondorio berdinera iritsi ohi gara: gaixo mentalen familiek laguntza behar dute eta sekulako mugak dituzte euren seme-alabak modu egokian tratatzeko. Gaixo hauen kopurua gero eta handiagoa da, batez ere, gaur egun hartzen diren droga motak eraginda. Gehienen profila 20-30 urteko gazteena da, drogen ondorioz eskizofreniaren atzaparretan erori eta, azken batean, euren familien laguntzaren menpe bizi direnak. Hala ere, gaixo hauei laguntza ematea ez da batere erraza, alde batetik, pilula xume batzuk ez dutelako arazoa konponduko eta, sarritan, antsietateko unea datorkienean, indarkeriaren joera izaten dutelako, bestetik.

Baina arazo nagusia ez dago bortizkeriaren kontuan, gizartearen egoera orokorrean baizik. Gizakiok joera handia izaten dugu jendea “etiketatzeko” eta hori bera gertatzen da buruko gaitzek jota bizi diren gaixoekin. Ziztu bizian baztertzen ditugu, beharbada duintasunaren kontzeptu okerrarengatik edota beste giza beldur mota batzuengatik, baina argi dagoena da hori ez datorkiela batere ondo; izan ere, bakarrik sentitzeak are gehiago gaixotzen ditu eta, horren ondorioz, benetako errealitatetik at dagoen beste errealitate paranoiko bat eraikitzera eramaten ditu. Gainera, besteon jarrera horrek etxean sartu eta familiaren menpekotasun handiagoa eragiten die eta orduan hasiko dira arazo larrienak.

muinaHalaber, ez dugu ahantzi behar familiako gizasemeen artean sentimenduek ere garrantzia dutela. Une jakin batean, ama batek bere semearengatik izan dezakeen dolua gero eta handiagoa izan daiteke eta ama gaixoaren esanetara egon beste erremediorik ez du izango. Hori dela eta, gaixo eta amaren (ez du zertan ama izan) arteko harremana estuagoa izango da denborak aurrera egin ahala. Baina hori, ez dago zalantzarik, bere alderdi positiboa izanda ere, guztiz kaltegarria izan daiteke gaixo hori zaintzen duen pertsonarentzat.

Gauzak horrela, honen guztiaren mamia ez da harremana, egoera orokorra baizik. Mota honetako gaixo batek profesional baten laguntza behar du eta egungo eroetxeak edota eskizofrenikoetan espezializaturiko klinikak beteta daude, batez ere, diru aldetik gaizki dauden familientzat; horregatik hau guztia ez zait diru kontua iruditzen, moraltasun kontua baizik. Umeak haurtzaindegia du, aiton-amonek zaharren egoitza, kaletarrek babes-egoitza, eta buruko gaitzak jota dagoen batek? Aukera gehiago egon beharko lirateke horrelakoentzat, besteak beste, ondorio larriak eragin ditzaketelako.

Beraz, horrelako kasuetan arreta gehiago ipintzea gustatuko litzaidake, besteok garen bezala pertsonak izanik, gizakiok ditugun eskubideak bermatu beharko lituzketelako haiek ere.

Comments { 1 }

Duintasuna emakumeontzat orain!

Tratu txarrakTxoko honetan, aspaldidanik denon ahotan dagoen errealitate zital bati buruz hitz egiteko beharra dagoela iruditzen zait, emakumeen aurkako bortxari buruz, hain zuzen ere. Eguneroko gosari bihurtu denez, badirudi ohitu egin garela, baina hori ez da inondik ere mende honetako ustezko gertaera berri hau atzean uzteko arrazoi.

Sarri jende askok gertaera hau berria dela uste du, lehen ez zegoela horrelakorik. Baina hori ez da egia, nahiz eta orain dela zenbait urte arte horrelakorik ez dugun entzun. Zer eta emakume bat bere gizonaren eskuetan hiltzea! Zoritxarrez, aspaldikoa da biolentzia matxista honen sorburua. Lehen, esaterako, emakume jipoituak ezkutuan eta isilpean mantentzen zituen gizonaren golpe eta hitz itsusiak. Arrazoi nagusia zera izaten zen: emakumeak gizonarekiko zuen menpekotasun ekonomikoa. Honela, egoera honen aurrean gizonak nahi zuena egiteko parada zuen atetik barrura, ondoren jendearen aurrean familia ezin hobe baten plantak egiten zirela. Ez da ahaztu behar, gainera, biktimak ez direla emakumeak bakarrik, seme-alabak ere hortxe izaten dira, gehienetan inolako babesik gabe.

txatu txarrak2Gaur egun, denok dakigun bezala, egoera erabat aldatu da. Orokorrean, emakumeak etxetik kanpo egiten du lan eta ez du gizonarekiko inongo dependentzia ekonomikorik, hots, salatzeko oztopo bat gutxiago izaten du. Hala ere, hainbatetan emakume hauen azalean jartzea ezinezkoa izaten da; izan ere, kasu bakoitza, biktima bakoitzak bizi duen errealitatea, guztiz desberdina izaten baita. Gauzak horrela, ezinezkoa izaten da datuak alderatzea eta orain lehen baino emakume bortxatu gehiago dauden edo ez jakitea, baliabideak orain gutxi jarri baitziren. Fenomeno latz honen inguruan egiten diren interpretazioak, ondorioz, inpresioak besterik ez dira izaten. Gizon askok, euren autoritatetzat hartzen dutenaren aurrean sumisioa onartzen ez duen emakume eredua ikustean, horrela jokatzen dutela esaten da.

Hilketen kontua izaten da gai honetan, tratu txarrekin batera, tartekatzen dena eta oihartzun gehien izaten duena, sarri salatzeko asmoz eta, bestalde, gaiak ere saldu egiten duelako. Azken batean, salatzea da kontua, bai lehen golpea jasotzen duen emakumearentzat, baita ingurukoentzat ere, ez baitugu ahaztu behar emakumeen kontrako indarkeria gizarte osoaren arazo denik. tratu txarrak3Sentsibilizazio kanpainak eta mobilizazio ugari egin dira gai honen inguruan; batetik, herritarrei informazioa luzatzeko eta, bestetik, tratu txarrak maiz jasaten dituzten emakumeak beraien egoera salatzera bultzatzeko. Hala ere, emakumeen aldeko zenbait taldek erakunde publikoek lan gehiago egin behar dutela aldarrikatzen dute behin eta berriz.

Datu krudelak dira urtero-urtero errepikatzen direnak. Urrutira joa gabe, artikulua idazten hasi nintzenean, 17 hildako zuden (4 biktima 24 ordutan!). Azken zifrek diote, 2008ari dagokionez, 24 hildako daudela. Nahikoa da! Ezin dugu inolaz ere beste alde batera begiratu. Hiltzaileei ezartzen dizkieten zigor lotsagarriak salatzeko ordua da. Nola liteke bestela, adibidez, emakume bati edo haur bati tratu txarrak eman dizkion pertsona bati zaborrontzi bat erretzen duen pertsona bati baino zigor arinagoa jartzea? Onartezina da! Tolerantziarik ez!

Comments { 2 }

Oraindik ere homosexualitatearekin bueltaka

gay2.jpgEz, ez da egia homosexualitatea XIX. mendeko kontua denik, ezta gutxiagorik ere. Esan genezake homosexualitateak berak ere, gauza guztiak bezala, baduela historia bat. Historia horrek ez du ibilbide erraza izan; izan ere, auzi honek hamaika gorabehera izan baititu.

Sinestekoa ez bada ere, termino honen jaiotza Erroma eta Greziako inperio garaietan koka daiteke. Garai haietako poeta eta literaturazaleek garbi utzi dute euren idazki eta lanetan homosexualitatea existitu existitzen zela Julio Cesarren tenorean eta, are gehiago, guztiz normaltzat hartuta zegoela gizon batek beste gizon batekin harreman sexualak izatea. Askok aipatu zuten bezala, emakume zein gizon batekin harremanak izatea ez zen beste munduko gauza, desio sexuala asetzeko bide bat besterik ez. Egia esan, oso kultura gutxik zigortu izan zuten homosexualitatea garai haietan, lehentasuna ematen baitzioten familia kontzeptuari eta ez sexu kontzeptuari (lehen zegoen homosexualitatea sexuari, eta ez maitasunari, zuzendua zegoela suposatuz).

Gauzak erabat aldatu ziren Berpizkunde garaian. Kontuan hartu behar dugu Florentzia eta Venezian sortutako ideologia berriak gizarte eta kultura desberdinetan harrera ona izan zuela. Pentsamolde berri honek gauzen ikuspuntu itxiagoa eta tradizionalistagoa ekarri zuen eta homosexualitatea gaixotasuntzat hartzen hasi zen. Gaixotasun hari amaiera emateko xedez, homosexualtzat zituzten guztiak sutan erretzen hasi ziren.

gay.gif

Hori gutxi ez eta, azkar zabaldu zen pentsamolde tradizionalista mundu guztian zehar eta ikuspuntu itxi honek luze iraun du jendearen pentsaeran. Ez hori bakarrik, erlijio katolikoak eta diktadurek gehiago itxi zuten mentalitatea eta gizon perfektu baten eredua eraiki zuten: seme-alabak zituen eta ezkonduta zegoen gizon langile batena. Hala ere, ezkutuan izan bada ere, gizonek beti maitatu izan dute gizona eta euren arteko harremana gauzatu egin da.

gay3.jpgGaur egun, normalizazioa lortu dela esan genezake. Hala ere, gaurko artikuluan, zehazki “normalizazio horretaz” hitz egitea gustatuko litzaidake. Jakina da gaur egungo homosexual-bikoteek bai ezkontzeko, eta baita seme-alaba bat adoptatzeko ere eskubidea dutela. Beste modu batean esanda, legearen aurrean, beste edozein pertsonak izango lituzkeen eskumenak dituzte. Baina egungo arazoa ez da legean oinarritzen, gizartean baizik. Gizarteak ez du gizon homosexuala baztertzen, baina etiketatu egiten du. Homosexualez hitz egitean, gauza normaletatik ateratzen den zerbaitez arituko balitz bezala jokatzen du gehiengoak; izan ere, nahiz eta kontzientzia liberala dugula pentsatu, jendeak ez du hain libreki jarduten. Arazoa gehienbat gazteekin gauzatzen da eta diskriminazioa nahiz bullynga agertzen dira euren egoera adieraztean, eta hori da hain zuzen gizarte totalitarista baten zeinua. Gazteen artean normalizazio kontzientzia hau zabaltzen hasten ez bada, ezinezkoa izango da gizabanakoen berdintasuna lortzea; horregatik, ideia zaharrak baztertuz eta gure adimena irekiz baino ez dugu lortuko besteekiko errespetua.

Homosexuala izatea ez da gaixotasun bat, ezta norbaiten bizitzako lapsus bat ere; sentitzeko, jarduteko eta bizitzeko modu bat da. Horiek horrela, euskaljakintza gunetik errespetua eskatzen dizuet. Gainerako gizabanakoekiko errespetua aldarrikatzen dut; izan ere, bai moralki, eta baita kontzientzia aldetik ere euren aurrean berdintasun horrekin jokatzeak sekulako aurrerapena suposatuko bailuke…

Comments { 6 }
-->