EGA prestatu nahi duzue?

Datorren larunbatean EGA azterketaren idatzizkoa egiteko beste aukera bat izango duzue. Liburuko ariketak ia-ia buruz dakizkizuela eta askotan eskatzen dizkidazue ariketa gehigarriak. Hortxe ibiltzen naiz ni fotokopiak gora, fotokopiak behera (atariko proba gehiago, idatzikoaren edo irakurriaren ulermen bat edo beste, sinonimoak…Bada, gaurtik aurrera, berez DBHO 1ekoentzat prestatutako material guztia denon eskura hementxe jarriko dugu. Helburua ez da bakarrik EGA gainditu ez duzuenok egitea, EGA izanda, zuen euskara eguneratuta mantendu nahi duzuenoi ere ederki etorriko baitzaizue noizbehinka errepaso jarduera batzuk egitea!

Zer aurkituko duzue?

  • Aurkezpena: Zer da EGA, atal bakoitzaren azalpena, jakingarriak (datak, noten kontsulta), ohiko akatsak…
  • Arauak lantzen: Euskaltzaindiaren arau garrantzitsuenak (DBHO 2ko ikasleekin prestatzen ari garen jarduerekin osatuko dugu atal hau hemendik gutxira). Helburua: arau bakoitzari bere jarduera ipintzea.
  • Atarikoak: atariko proba lantzeko topatu dudan materialaren bilduma (zuzenketekin).
  • Berridazketak: atal hau osatzear dago.
  • Sinonimoak: orain arte ateratako sinonimoen hiztegitxoa eta iaz euskaljakintzan prestatutako jarduerak. Hiztegi ezberdinak.
  • Ahozkoaren ulermena: entzun eta galdeketak egin (zuzenketekin)
  • Idatzizkoaren ulermena: irakurri eta galdeketak egin (erantzunekin)
  • Idazlana lantzeko atala: argudio testu bat nola idatzi, testu antolatzaileak, gomendioak, argi idazteko bideak, idatzi ereduak…
  • Ahozkotasuna: azalpen bat emateko jarraitu beharreko pausoak, azalpenerako prestaketa taula, ahozko ekintza antolatua…
  • Ortografia, puntuazioa eta hiztegi batua: puntuazioa (teoria), ortografia ariketak, hiztegi batua lantzeko ariketak, diktaketak…
  • Gramatika arazoak (txosten eta gune interesgarriak): deklinabidea (taula), aditz guztiak, egunero sortzen zaizkigun zalantzak, letrakera lodia, siglak, laburdurak…
  • Esamoldeak lantzen: hiztegitxoa (gaztelaniaz-euskaraz) eta iaz ikasleekin sortutako jarduerak

Gelan egun hauetan sortzen ari garen materiala ere hementxe ipiniko dugu. Beraz, saia zaitezte jarduera interesgarriak sortzen, ondo pasatzeaz gain, arauak barneratzen lagunduko dizkiguten horietakoak… 🙂

Sartzeko, klikatu eskuineko zutabean, EGA atalean, EGA ikastaroan.Hemendik ere sar zaitezkete. Edozelan ere, zuen pasahitza idatzi (beti bezala) eta aurrera!

Comments { 2 }

Nolanahi


Araua praktikatu


Euskaltzaindiak dio:

Galdetzaile batez eta nahi partikulaz osaturiko esapideak hitz bakar batean idatziko dira:

Zernahi

Nornahi,

Nolanahi, e.a.

Baina, lehen osagaia n-z, t-z edo k-z bukatzen bada, hitz batean (aipatutako kontsonante horiek galduz) edo marratxo baten bidez bereizita idatziko da:

Nonahi edo non-nahi,

Zenbanahi edo zenbat-nahi,

Nondinahi edo nondik-nahi, e.a.

Ez idatzi, beraz, nor nahi, nonnahi,e.a.


Praktika

Araua osorik.

Comments { 0 }

Ordizia kantuz!

Hitzaro euskara elkartetik jaso dugu iraila-urriko Ordizia Kantuz egitasmoaren berri. 5 emanaldi prestatu eta dagoeneko horietako bi pasa diren arren, euskaljakintzan egitarau osoaren berri eman nahi dizuegu.

Asier Serrano eta Arima Beltza
Ondorengoak dira hemendik aurrera ikusgai izango ditugunak:
Anari, Atomoog eta Pantxoa eta Peio

Azpimarratzekoa da gure lankide Anari entzuteko aukera izango dugula hurrengo ostegunean (Barrena Kultur Etxean, 21:30ean). Pantxoa eta Peio ere Ordizian izango ditugu kantu afarian. Jendearekin batera ohiko kantu tradizionalak abesteaz gainera, disko berriaren aurkezpena egingo dute urriaren 20an Ordiziako Plaza Nagusian eskainiko duten kontzertuan. Kantu-liburuxkak, ogitartekoak, sagardo-kupela, garbiketa… Lanak izango dira guztia ondo antolatzen! Hitzaro Euskara Elkartetik laguntza eskertuko lukete; beraz, norbait egun horretarako sortuko den lan-taldean laguntzeko prest egongo balitz, bulegora deitu (943 162366) eta izena ematea besterik ez du. Euskaljakintzatik emanaldi ezberdinetan parte hartzera animatu nahi zaituztegu!

Comments { 0 }
-->