Archive | abuztua, 2005

IKAROREN AMETSA BETETZEN

Hegan egiteko gai da gizakia. Beno, laguntza txikiren bat beharrezkoa dugu, egia da, baina txorien alboan alde batetik bestera ibiltzeko kapaz gara! Egia esan, hegan egiteko era ugari dauzkagu: hegazkinak, helikopteroak, hegazkin ultra arinak…Baina horiek, azken finean, ortopediko samarrak dira, askotan autobus batean zoazen ez baituzu berezi ere egiten. Batez ere bidaia lo zoazela egiten baduzu, gehienok bezala. Hegaldiaren sentsazio biziena jausgailu, delta hego eta parapentearekin lortzen da, dudarik gabe.

Aipatutako hiru modalitateen artean badira aztzekotasun nabariak, baina beste gauza batzuetan ez dute zerikusirik. Hiruretan ia bizkar hutsean zoaz; ez duzu inguratzen zaituen kabina edo estrukturarik; horregatik, handiagoa da hegan egitearen irudipena. Baina hortik aurrera, zerikusi handirik ez dute. Jausgailuarekin hegazkin batetik egiten da jausi, eta hasieran erortzen ari zarela ematen du, ez hegan egiten ari zarela. Delta hegoarekin eta parapentearekin, aldiz, lurretik aireratzen zara, txorien moduan. Behin airean egonda, ordea, guztiz desberdinak dira biak. Delta hegoan etzanda bezala zoaz, eta parapentean erdi eserita, eta modu desberdinean erabiltzen dira biak. Delta hegoarekin, gainera, abiada handiagoa lortzen da parapentearekin baino; azken hau lasaiagoa da.

Parapentea praktikatzeko pazientzia handia behar da. izan ere, gerta daiteke mendi puntara ailegatu, eta ordu pare batez haizea aldatu edo indartu zain egon behar izatea, eta, ondoren, hegan egin gabe etxera itzuli behar izatea. Eguraldiak zerikusi handia du parapentearekin.

Aldiz, teknika ez da oso zaila. ikastaro bat eginez gero, laugarren egunerako zu bakarrik hasten zara hegan egiten. hori neurri batean arriskutsu samarra izan daiteke, konfiantza hartzen baituzu, eta orduan datoz sustoak. izan ere, zailena haize-lasterrei, haizearen norabideari eta abarri antzematen, aprobetxatzen eta kontrolatzen jakitea da, eta horretarako denbora gehiago behar da. (Batiste Ezeiza. BERRIA)

A) ULERMENA (2 puntu)

      1. Jausgailuarekin lurretik aireratzen al zara?
      2. Delta hegoa ala parapentea, zein da abiada handiagoa lortzen duena?
      3. Zergatik behar da pazientzia handia parapentea praktikatzeko?
      4. Erraza al da parapentea praktikatzea?

B) GAIA ETA LABURPENA (Gehienez 8 lerro) (2 puntu)

C) MOLDATU ESALDIAK (Ondorengoetatik dagokiona aukeratuz: -(e)la, normalean, dena den, bait) (2 puntu)

      1. Ekipo oso batek 2.000 euro inguru balio ditu / Ekipoa aloka daiteke.
      2. Batistek esan digu/ “Pilotu autonomoa izateko azterketa egin behar da eta baimena atera.
      3. Nahikoa ibilbide zailak dira / Ez dira denak iristen helmugara.
      4. Giro ezin hobea eta solidarioa da parapentearen ingurukoa / BEti dago norbait zurekin joateko.

D) IDAZLANA (20 lerro) (4 puntu)

    Gaia: Ez esan ez duzunik inoiz amets egin txorien artean ibiltzearekin!
    Zuk zeuk asmaturiko gidoia jarraituz konta ezazu zure ametsa.

2005eko ekaina

Comments { 0 }

Kilometroak 05eko abestia!

Uda garai honetan dena ez da lana izan behar eta aisialdiari tartetxo bat eskaintzeko xedez, sustatun irakurri dudan azken berrietako bat zabaldu nahi dut: Kilometroak 05eko abestia dagoeneko entzungai dugu. Dakizuen bezala, aurten Arizmendi Ikastolak antolatuko du euskara eta euskalzaleon bilgune den jaia. Bertan entzun ahal izango dugu Jon Sarasuak letra jarri eta Liken (2,1 MB, mp3) taldeak musikatutako abestia. Aitor Ziardegi, Andoni Arana, Iker Iglesias, Igor Herrarte eta Oier Sarasuak osatzen dute talde hau. Atxabaltarrak dira lau eta Igor arrasatearra. Talde bezala gorpuztuta 3 urte inguru daramatzate musika egiten, sortzen eta jotzen.
Bestalde, esan beharra dago abestia benetan bitxia dela. Hauxe da Sarasuak dioena berak sortutako hitzei buruz:

Esperimentazioa da bere izpiritua. Fonemekin jolasten du letrak. Soinu jolas bat da, eta hasieran ez da ulertzen esaten duena. Gero, sakonean, bai, esaten ditu gauzak. Sormenerako dei bat da, hizkuntzaren oihu bat, izateko aldarrikapen bat. Baina deszifratu egin behar da. Deszifratzeko kantu bat asmatu dugu.

Entseatzen joan gaitezen hona hemen kantuaren hitzak: [ abestia jaitsi ]

Globoko-txoko oso
nodoko gogo soro
logos orokor
jo gogo zoroz oro.
Globoko-txoko gozo
nodoko gogo-soro
golkoko motor
jo gogo zoroz oro.
Koop soro
oro nor, oro hor, orok joko.
Osoro
txoko soro, logos orokor
osoro
oro so gozoro.
Osoro txoko, osoro globo
Osoro joko, osoro gogo
I
Ni, hitz-hiri txiki
intziritik isilik
ifini irriz
ifini ni bizirik.
Ni, hitz-hiri txiki
irrikitik zintzilik
ifini irriz
ifini ni bizirik.
Irriz irriz
irriki-irrintziz iriki ni
Bizirik
ifini ni, irriz ifini
bizirik
ifini bizirik.
A
Lana dala ama
haran maratza zara
atara dana
atara ba plazara
Lana dala zama
gara-baratza zara
atara lana
atara ba plazara
Azal hatsa,
hatsa da baratza daramana
Bazara
atara ba atara dana
bazara
atara plazara.
Atara zama, atara lana
atara ama, atara dana.

Beraz, anima zaitezte eta urrirako ikasi nahi baduzue, hobe izango duzue letra lehenbailehen barneratzen bazoazte, ez baitirudi lan erraza!

Comments { 0 }

Euskal blogosfera sustatzen: Iruñean ikastaroa

Dakizuen bezala (beste artikuluren batean aipatu dudalako) uztailaren amaiera aldean Iruñean izan nintzen UEUk antolatu eta Patxi Gaztelumendik ezin hobeto zuzendutako ikastaro batean euskal blogosferaren inguruan gehixeago jakin nahian. Ordundik pentsatuta neukan idaztea han ikusi eta ikasitakoaz baina, batetik, Ordiziako jaiak hasi ziren egunean bukatu ziren nire joan-etorriak Iruñera eta, bestetik, hainbeste ideia atera nituen bertatik nire blogean buru-belarri sartuta egon bainaiz horietako batzuk martxan jarriz. Berandu bada ere, hona hemen agindutakoa.
Hasteko, aipatzekoa da han bildu ginenon perfil aniztasuna (informatikariak, irakasleak, kazetaritza mundukoak…) eta horrexek eman zion, nire ustez, ikastaroari benetako aberastasuna. Hori bai, bagenuen denok zerbait komuna: euskal blogosferako partaide izan eta bakoitzak gure ikuspuntu ezberdinetik berau eraiki eta handitzen lagundu nahia!
Aipatzekoa ere hainbestetan entzundako izenei aurpegi bat jarri izana. Nork ez du inoiz Gari Araolazarekin, adibidez, hitzen bat partekatu aurki.com-en bidez jasotzen dugun artikuluren batean? Edo nork ez du Jabi Zabalaren sarean.com ezagutzen? Bada, ikastaro honek, ondoren aipatuko ditudan jarduera guztiak egiteko baliagarri suertatzeaz gain, hainbestetan entzundako izenei itxura emateko ere balio izan du. Baina gatozen harira.
Aipatu bezala, ikastaroan gai anitz jorratu dugu. Lehenengo arratsaldean Patxi Gaztelumendi kazetaritza partehartzaileaz aritu zen (benetan interesgarria Patxik mahai gainean jarritako gaia: blogen eztandak komunikazioaren ingurugiroan izan duen eragina, hartu duen indarra eta irabazten ari den audientzia) . Ondoren ikasle bakoitzak blog bat sortu genuen. Bigarren egunean, goizean, Gari Araolaza(aurki.com eta eibar.org ) eta Jabi Zabala (sarean.com) ezagutzeko aukera izan genuen. Garik aurki.com aurkeztu zigun zehaztasun osoz eta, ondoren, Jabik euskarazko blogintzaren bilakaerari errepaso dotorea eman zion. Saio hauen bukaeran burututako mahai-inguruan aparteko parada izan genuen bilduta geundenon interesei buruz hitz egiteko eta geroari begira asmoak azaltzeko ere. Baina, esan behar, azken puntu hau airean gelditu zela. Galdera eta gogoeta ugari geure buruetan: euskal blogosfera txikia izanik ere, dispertsio handia dagoela sumatzen da. Zein bideari jarraitu behar diogu? Zer egin dezakegu gure blogosferan atomizazioa saihestu eta benetako euskal blogosfera -jada atzera pausorik onartzen ez duen euskal blogosfera- indartzeko??? Tamalez, erantzuna ez da hain erraza, baina gure esku dago… Arratsaldean, wordpress euskaratuarekin aritu ginen lanean (honen inguruan ez naiz gehiago luzatuko nire blogkide den Jolausek ederki azaldu zuelako beste artikulu batean!) Hurrengo goizean Iñaki Alegria (EHUko informatika saileko irakaslea) eta Gorka Juliok (teketen) software ezbedinak aztertu zituzten ikuspegi informatikotik (guztiz interesgarria eta ulertzeko erraza informatika mundutik hain gertu ez garenontzat. Gorkaren blogean aurki dezakezue material guztia. Mila esker, Gorka, microwikiagatik!). Ikastaroa amaitzeko, Berriako zuzendari den Martxelo Otamendik Blogak eta euskal prentsaren inguruan gogoeta egin zuen. Bere jario atseginaz, prentsaren erraiak azaleratu eta blogen munduari astindu txiki bat ere eman zion (benetako informazio iturri gisa edo kazetaritza partehartzaile hori pixka bat zalantzan jarriz???? Dena den, badirudi beraiek ere mundu honetan sartzekoak direla eta han geundenon iradokizunen bat baino gehiago jasota joan zen bera ere.
Ikusten duzuen bezala, aniztasuna izan da ikastaroaren gakoa: pertsonen aniztasuna, helburuen aniztasuna eta jorratutako edukien aniztasuna!
Handik bueltan, erabaki dezente hartu nituen nire blogaren inguruan: wordpress erabili, wiki bat sartu ikasleekin istorio elkarreragileak sortzeko…eta, azkenean, horiek guztiak hementxe irudikatu ditut (pixkanaka osatzen joango naiz).
Beraz, ikastaro oparoa eta emankorra alde guztietatik.
IKTerook eskerrak eman nahi dizkizuegu gure bloga (gor)aipatzeagatik eta nik, bereziki, jasotako adeitasunagatik. Mila esker Patxi, Gari, Jabi, Xabi, Iñaki eta Julio! Ondo izan eta laster arte…

Comments { 0 }
-->