Archive | ekaina, 2007

Milurteko busa Beasainera iristsi da

busaHerriz herri bidaiatzen dabilen MILURTEKO BUSA Beasainera iritsi da asteburu honetan eta astelehen goizera arte ikusgai egongo da Gipuzkoa plazan.

Autobus honen jomuga nagusiak 2000. urtean Nazio Batuko 189 estatuk hartu zituzten Milurteko Helburuak betetzea eta osasunerako eskubide unibertsala aldarrikatzea dira. Horrela autobus honek helburu horiek betetzeko bidaia bat proposatzen du.

Erakusketa hiru zatitan banatzen da. Lehenengo karpak autobus geltoki bat irudikatzen du eta bertan Milurteko Helburuak ezagutzera ematen dira. Ondoren, autobusean herrialde desberdinetako jendearekin (Peru, Bolivia eta Camerun) hitz egiteko aukera ematen da kamera eta mikrofono bidez. Bukatzeko, bigarren karpan proposamenak egiten dira pobrezia gutxitzeko eta hauen kide egiteko aukera eskaintzen da.

Medicus Mundik bultzatutako autobus hau Espainia osoan zehar ibili da eta orain Euskal Herria zeharkatzen ari da. Aldakuntzarako eta errealitate justuagoa lortzeko eman daitezkeen pausoak ezagutzeko abagune aparta dela iruditzen zait; aprobetxatu beharrekoa, beraz !

Comments { 0 }

HIRUGARREN MUNDUA

hirugarren munduaDenok dakigu gaur egun zein egoeratan aurkitzen diren hirugarren munduko familiak, eta badakigu hirugarren munduko biztanleak Asian eta Afrikan bizi direla normalean. Bertako jende asko goseak eta egarriak jota hiltzen da, edo bestela edozein motatako gaixotasun batengatik, sendatzeko botikarik ez daukatelako.

Hori gutxi balitz, herrialde hauetako ume asko eta asko, bizi ahal izateko, txiki-txikitatik hasten dira lanean. Gainera, beraiek erabiltzen dituzten lan tresnak, guk erabiltzen ditugunekin alderatuz, izugarri atzeratuak dira. Esaterako, egurra eta pisuzko gauzak astoz garraiatzen dituzte alde batetik bestera edo, bestela, bizkar gainean.

Herrialde txiro hauetako jendeak egun askotan ez dauka zer jan, eta egiten duten lan guztiaren truke miseria bat besterik ez dute jasotzen. Hainbat kasutan ez dute oinetakorik erabiltzen eta, erabiltzekotan, beraiek plastikozko botilekin eta bi zapirekin egindakoak izaten dira. Arropa kontuan, ez dute arropa askorik erabiltzen, ez baitaukate zer jantzi eta, hotza egiten duenean, horietako asko gaixotuta hiltzen dira.

Hori guztia jakinda, oraindik ere gu kexu eta kexu gara. Behar ez ditugun gauza asko eskatzen ditugu, eta ez dugu bakerik ematen hura lortu arte. Etxebizitzei begira, adibidez, gureak eta beraienak alderatuz, alde handia dagoela ikusiko dugu. Izan ere, gure etxeak gutxi gorabehera handiak, beroak, politak, erosoak eta tresna berriz beteak dira. Beraienak, ordea, oso xinpleak dira, lau egurrez eta lastoz egindakoak, hotzak, logela eta sukalderik gabekoak…

Kontuan izan beharreko beste alderdi garrantzitsu bat eskolatzearena da. Guk protesta besterik ez dugu egiten ez dugulako ikastolara joan nahi edo ez dugulako ikasi nahi edo ez zaigulako ikastea gustatzen. Edonola ere, 3. munduko haurrek ez daukate hori aukeratzerik; izan ere, beraiek ikasi nahi bai, baina ez daukate horretarako aukera askorik. Askok ez dakite ez idazten ezta irakurtzen ere! Gu eskolaz ahaztu nahian eta beraiek, berriz, ikasteko aukera baten bila.

Benetan tamalgarria da duguna apreziatzen ez jakitea. Ez zaizue horrela iruditzen? 🙁 Esan beharra dago, dena den, nahiz eta nahikoa ez izan, gaur egun GKE ugari dagoela pertsona horiei laguntzeko prest. Gero eta jende gehiagok, gainera, adoptatu edo besoetan hartzen ditu horrelako umeak azkenaldian maiz burutzen diren kanpaina ezberdinen ondorioz. Hori dela eta, gero eta lan handiagoa egiten ari gara denon artean.

Amaitzeko, zera esan nahi nuke: laguntza beharrean dagoenari laguntza eman behar zaio. Ea poliki-poliki beharrizan gorrian dagoen jendea egoera tamalgarri horretatik ateratzea lortzen dugun!

Comments { 3 }

PALESTINA ZAURITUA

Murua UriaEuskal idazle eta idazlanei buruzko artikuluekin jarraituz, oraingoan Imanol Murua Uriari buruz hitz egingo dizuet. Imanol 1966ko martxoaren 28an jaio zen Zarautzen. Bigarren abizenaz baliatu zen literatura munduaren barnean murgiltzeko eta bere aitaz ezberdintzeko, haren izen bera baitu. Honela, Imanol Murua Uria izenez ezagutzen da idazle zarauztarra.

Hainbat egunkaritan argitaratu ditu bere elkarrizketa zein artikuluak. Egun, Murua BERRIAko Euskal Herria saileko kazetari eta analista izateaz gain, Mahai Jokoan blogean idazten du.

Aurretik aipaturikoa Imanolen kazetaritza lanari dagokio, baina guri interesatzen zaiguna bere lan literarioa izanik, honako obrak aipatuko genituzke: Suetena Belfasten (1996), Palestina Zauritua (1998) eta, azkenik, hain ezaguna den Geronimo (1999).

Imanolek duen idazteko teknika nahiko sinplea eta erraza dela esango genuke, erraz ulertzeko modukoak baitira bere liburuak. Euskara batuan idazten du, baina zenbaitetan ingelesezko hitzak eta liburuaren kokapenari dagozkion hizkuntzako hitzak ere txertatzen ditu ukitu interesgarriagoa emateko asmotan.

Nik irakurri dudan liburua, Palestina Zauritua, diario edo egunkari baten antzekoa dela esan dezakegu, pertsonaia nagusiak egunero burutzen dituen ekintzak agertzen baitira. Hala ere, ez da diarioa kontsideratzen hirugarren pertsonan emana datorrelako. Bestalde, elkarrizketa ugari txertatzen ditu idazlanean barrena irakurgaia apur bat arintzeko asmotan. Honekin ez da adierazi nahi liburu geldoa denik, ezta gutxiago ere. Izan ere, denetik aurki daiteke bertan: gerrak, liskarrak eta baita edozein egun arruntean bizi daitezkeen gertakariak, turismo egiten ari zaren egun horietako batean gerta dakizkizukeenak.

Imanolen Palestina Zauritua izeneko liburuak euskaldun batek Palestinara egiten duen bidaia kontatzen du eta honek bertara joan arte dituen arazoak. Ez hori bakarrik, hara iristean jasaten dituen gertaerak ere azalduko dira liburuan eta baita euskaldun honek egunero burutzen dituen ekintzak pausoz pauso. Protagonistak kamera bat eramateko asmoa du baina, aireportuan kentzearen ondorioz, ezin ditu ikusi eta bizitako hainbat ekintza filmatu. Hala ere, Ramallan, “lagun� bat egiten du eta honek filmatzen ditu kameraren bidez ekintza asko. Euskaldun honek hainbat bidaia egiten du Palestinan zehar, lurralde sakratura, Zsjordaniara, Israelgo mugara… eta horietan guztietan aurkitzen ditu filmatzeko moduko gauzak. Leku horietan hainbat pertsonaia ezberdin ere ezagutzen ditu eta bakoitzak berak bizitako historia eta jasandako egoera politikoa adieraziko dio.

Liburu honetan Palestinako egoera politikoa azaltzen da. Horretaz gain, israeldarrekin dituzten arazoak eta beste hainbat lurralde autonomoen mugetan dituztenak ere agertzen dira. Liburua ongi ulertzeko eta lasai jarraitu ahal izateko, egokia da gai horretaz informazio pixka bat izatea; baina, lasai, horrela ez bada, liburu hasieran kronologia bat dago eta bertan ongi azaltzen da hainbat jakingarri.

Palestina zauritua liburuak Palestinaren eta Israelen arteko gatazka erakusten digu. Idazlea Palestinan izan da eta bertan palestinarrekin, herriarekin bizi izan da, haiekin eta beste askorekin elkarrizketatu eta mintzatuaz: islamistak, judu ultraortodoxoak, soldaduak, presoak eta abarrak.

Ondorioz, oraingoan ere gatazka bera erakusteaz gain, gatazkaren barruan murgildurik dauden alderdi guztiekin egoten saiatu da, bai alde batean bai bestean egunero egoera hori sofritzen duen herriarekin. Liburuak horren guztiaren kronika biltzen du. (…)

Hala ere, oraingo honetan herri palestinarrarekin egindako lana israeldarrarekin egitea faltan botatzen da. Imanol Murua Uria saiatu da hori lortzen, noski; aurreko liburuan gatazkaren bi alderkiak oso ongi islatuak gelditzen ziren, baina oraingoan lan bera gehienbat palestinarrekin egin du. Liburuak dakartzan eraskinak —mapak, kronologia, bidaia aurreko jakingarriak— aurrekoan baino ugariagoak eta sakonagoak dira, eta lan hori liburua irakurtzen hasi aurretik asko eskertzen da, baina arazoa osotasunean aztertzeko orduan, nik behintzat, Israelen ikuspegi zabalagoa eta sakonagoaren falta sumatu dut. Liburuan Palestinaren zati handi bat islatuta geratzen den bezala, ez dut uste Israelekin gauza bera gertatzen denik. Bestalde, gaia bera jorratzeko orduan ere oraingo ikuspegia desberdina da. Liburu honetan, idazlea kazetariaren inpartzialtasuna gordetzen saiatu den arren, gehien zein zaurik mintzen duen adierazten du. Jose Jabier Fernandez (Euskaldunon Egunkaria, 1999-01-16)

Nik liburu hau ez dut gomendioz irakurri. Liburutegian ikusi nuenean, izenburuak begirada hara eramanarazi zidan nik horrelako gaiak laket ditut eta. Beraz, nire gustu berdinekoak bazarete eta aurretik aipatu dizuedana atsegin izan baduzue, Imanol Murua Uriaren Palestina Zauritua liburua gustuko izango duzue.

Comments { 0 }
-->