About mandueza

Author Archive | mandueza

Nork ez du noizbait ipurdiko bat jaso?

haurra izututaDuela egun gutxi, telebistako albisteak ikusten ari nintzela, entzun nuen Jaengo Pozo Alcóneko emakume batek kartzela zigorra jaso eta urtebetez bere semea ikustea debekatuta izango duela. Hau entzun ondoren, nire artikulurako gai paregabea zela pentsatuz, informazioa bilatzeari ekin nion. Zigor honen arrazoia emakumeak bere semeari zaplazteko bat jo izana da. Baina zilegi al da zaplazteko bategatik hainbesteko zigorra ezartzea? Nire ustez, ez. Pasa gaitezen, bada, gaia atalez atal jorratzera.

Egun hartan, emakumea eta bere semea etxean zeuden. Haurrak etxerako lanak egin ez zituelako edo, amak zaplazteko bat emanez erreakzionatu omen zuen. Egia da amak ez zuela horrelakorik egin behar, ez baitago jo beharrik umeen jokabidea zuzentzeko, baina ipurdiko bat noizean behin, agian, etorkizunera begira mesedegarria izan daiteke. Hala eta guztiz ere, zigor mota horiek mugatzearen aldekoa naiz, nahiz eta noizean behin zaplazteko bat edo zigorren bat ongi etor daitekeen, muga batzuen barnean, noski, eta haurraren osasuna errespetatuz.

haurrakHerritarrak gertatutakoaz ohartzean, berehala hasi ziren lanean eta orain sinadurak biltzen ari dira emakume honen askatasuna lortzeko. Ez hori bakarrik, semeak komunikabideetarako hitz egin du, eta berak ere bere amaren askatasuna eskatzen du; izan ere, berak gaizki jokatu zuela aitortzen du eta nork ez ote duen inoiz zaplazteko bat jaso galdetzen dio bere buruari.

Benetan lotsagarria iruditzen zait gertakizun hau epaitu duen epaileak horrenbesteko zigorra ezartzea. Neurrian jasotzen al dute emakumeenganako tratu txarrak izaten dituzten gizonezko, pederasta, bortxatzaile eta horrelakoek? Hauei ezartzen dizkieten zigorrak apalak izaten dira askotan: urte pare bat kartzelan, edota hori baino gutxiago, euren bikotekidearengana hurbiltzeko debekua, eta azkenaldian epaitegiak lanez gainezka daudela eta, zenbaitetan ez dituzte kontuan ere hartzen. Horregatik, zigor hauek guztiak nahikoak ez direlakoan nago.

Azkenik, esan, epaile bakoitzak iruditzen zaiona erabakitzen duela, betiere, legea errespetatuz eta bere etika-morala aplikatuz; beraz, epailearen araberakoak izango dira hartzen diren erabakiak. Horrekin adierazi nahi dudana da, honelako erabakien aurrean epaileak azken hitza izan arren, nola edo h ala erabaki hori aldatzeko aukera egon beharko litzatekeela.

Comments { 1 }

Maitasunaren indarra

taj-mahalLehengo batean, nire izebaren etxean nengoela,  sarrerako paretan zintzilikatuta zegoen Taj Mahal eraikuntzaren koadro bati erreparatu nion. Izugarri gustatu zitzaidan; izan ere, harrigarria iruditzen zait honelako eraikuntza bat gizakiak egitea. Nire izeba duela urte pare bat bertan egonda zen eta nire aurpegia ikustean, bertako historia kontatzen hasi zitzaidan. Besteak beste, Indiako eraikuntzarik garrantzitsuena dela esan zidan. Halaber, maitasunari egindako monumentua dela erantsi zuen.

Taj Mahal Indian dago, Agrako hirian hain zuzen ere. Eraikuntza hau egiteko agindua Agran bizi zen Shah enperadoreak eman zuen. Monumentu hau bere emazte Muntaz Mhalagatik sentitzen zuen maitasuna adierazteko eraikiarazi zuen. Dioetenez, 1607an, enperadoreak Muntaz Mahal ezagutu eta erabat maitemindu zen. Handik gutxira, Muntazek 19 urte besterik ez zituenean, printzesa koroatu zuten. Hau Shahen bigarren emazte bihurtu zen, baita enperadorearen gustukoena ere. Zoritxarrez, ezbehar bat gertatu zen. Euren hamalaugarren haurra eduki ondoren, printzesak bere senarrari ekitaldi batera lagundu zion eta bertan hil egin zen. Dena den, hil aurretik honako eskari hauek egin omen zizkion enperadoreari:

  • Bere oroimenez oholtza bat sor zezan.
  • Berriro ere ezkon zedin
  • Euren ezkontzaren urteurrenean bere omenez egindako oholtza bisita zezan.
  • Haurrekin jarrera egokia izan, babestu eta maite zitzan.

1931. urtean hasi ziren printzesaren omenez egingo zuten eraikuntza altxatzen. Hogei mila pertsonek hartu zuten parte eraikuntza horren sorkuntzan; dena den, tamalez, horietako asko esklaboak ziren. Eraikin izugarri hura amaitu ahal izateko, hogeita bi urte behar izan zituzten. Interesgarria, ezta?

Prozesuarekin jarraituz, eraikina egiteko materialak elefanteen bidez ekarri zituzten, eta barrualdea eta kanpoaldea apaintzeko harri bereziak Bagdad, Txina, Afganistan, Tibet, Egipto, Persia, Yemen eta Errusiatik.

Esan beharra dago, enperadoreak hori guztia egiteko, sekulako dirutza xahutu zuela, eta, horren ondorioz, bere semeetako batek tronutik kendu eta kartzela antzeko batean sartu zuela bizitza osorako. Printze gaixoak bertatik ikusi behar izan zuen nola eraikitzen ari ziren bere ametsa.

Aipatu beharra dago, obra honen zuzendaria Listad Isa turkiarra izan zela. Esaten dutenez, eraikina egiten amaitu ostean, enperadoreak hari eskua mozteko agindu zuen, horrela ezin izango baitzuen errepikatu honelako monumenturik.

Gaur egun, Indiako monumenturik preziatuena da, baita munduko zazpi mirarietako bat ere. Ez hori bakarrik, munduan beti gogoratuko da maitasunari egindako oroigarri handiena bezala. Egia esan, izugarri gustatuko litzaidake inoiz eraikin hau gertutik ikusteko aukera izatea!

Comments { 3 }
-->