About xarana

Author Archive | xarana

EUSKALJAKINTZA tira handidun!!!

Gure bloga tarteka-marteka bisitatu duen edonork baiezta dezakeen bezala, EUSKALJAKINTZA gure blogak arrakasta itzela izan du sarean bertan eta saretik kanpo ere. Jakintza ikastolako DBHO2ko ikasleok harro gaude horretaz.

Ordea, zein dugu blog honen abiapuntua? Nork izan zuen blog hau sortzeko ekimen aurrerakoia? Euskaljakintza bitakora jaioberriaren lehen pauso lotsatiak gertutik bizitzeko aukera eta zortea izan nuen duela urtebete baino gutxixeago, iazko ikasturteak azkena jo zuenean, alegia.

Udako egun sargori horietako bat zen. Ikasturtea jada amaitua banuen ere, ikastolan eman nituen egun haietako asko, eta horrelaxe izan nuen blogen berri. Zer dira, baina, blogak? Horixe izan zen nire galdera blogsome konpainiak edonoren esku jartzen zuen bitakora-zerbitzuaren berri izatean. “Weblog, blog edo bitakora bat periodikoki eguneraturiko webgune bat dugu, artikulugile baten edo gehiagoren testuak kronologikoki bildu eta egileak berak onarturikoa baino azaltzen ez duena. Web orrialde arruntekin erkatzean, diseinu eta edukian desberdintasun handiak azaltzen dituzte bitakorek: publikaturiko artikuluak zutabean aurkeztu, gai amankomunei buruz hitz egin, kutsu subjetibo izan eta maiz software librean (dohaineko publikazioa ahalbidetzen duena) kokaturiko txoko pertsonalak ditugu blogak.” Horixe duzue eman zidaten weblogen definizioa. Hasiera batean ez nuen tutik ulertu, baina egun nik neuk ere ezin izango nuke definizio aproposago bat eman.

Kontua da Jakintza ikastolako IKT taldeko kideek eman zidatela blogen munduaren berri. Hilabete inguru eman nuen euren artean, fisikaren alorrean burutu beharreko bideo-muntaia bat izan zelarik horretarako giltza. “IKTeroak” izenekoa izan zen ezagutu nuen lehendabiziko bloga, IKT taldekideen ekimenez sortua. Euren ondoan bizi izan nituen “blog laranja”ren lehen arrakasta xumeak, euren alboan izan nintzen bisitari kopuruaren igoeraren lekuko. Eta noski, orduan hasi nintzen neu ere blogen munduan nire ekarpentxoak burutzen, “ikasle txokolateroa” ezizenaren pean.

Egun haietako batean, bere proiektu berriaren berri eman zidan Maitek, hurrengo ikasturtean (oraingo honetan, alegia) gure tutore eta euskarako irakasle izango zenak. Hark ere blog bat sortua omen zuen: Euskaljakintza bloga; blog hartan bertan lan egingo ei genuen jarraiko ikasturtean, euskara gaian hain zuzen ere.

Egia esan, hasiera batean ez nion ideia berri hari etorkizun handiegirik ikusi. Oro har, ez nion bitakora bati hezkuntzarako erabilera probetxugarririk aurkitzen. Zer egingo genuen, bada, asteko hiru ordutan zehar bitakora soil batekin? Gainera, ikasleon oniritzia ere ezinbestekoa litzateke proiektuak aurrera egin zezan; ordenagailuetarako nuen (eta dudan) zaletasun pertsonala zela bide teknologia eta hezkuntza konbinatuko zituen lan egiteko sistema hura erakargarria iruditu bazitzaidan ere, nire ikaskideengan halako interesik piztuko zuenetz galdegiten nion neure buruari. Atera nuen ondorioa garbia zen, beraz: “Ziur azkenerako informatikako gela alde batera utzi eta testuliburuetara joko dugula, ohi bezala”. Zorionez, ezin nintzen okerrago egon.

Balizko blog hura ikustea besterik ez nuen behar izan iritziz aldatzeko. Maiteren beraren eskutik begiztatu ahal izan nuen lehenengoz; Maiteri blogari buruz galdegitean, hura nire albora etorri eta nire ordenagailuko arratoiaren kontrola hartu ostean, bideo-muntaierako nerabiltzan dire-straits-en abestiak alde batera utzi eta pantailan buruturiko klik soil batzuen bidez Euskaljakintza blogaren aurrean jarri ninduen estreinakoz. Huraxe itxura polita bitakora hark zuena!! Egungo Euskaljakintza blogaren zeharo desberdina bazen ere, txundigarria iruditu zitzaidan Euskaljakintza jaioberria: beltzez idatziriko “Euskaljakintza” hizkiak zituen izenburutzat, idatzi zaharkitu baten hitz lausoek osaturiko fondo dotore baten aurrean izkiriatuak. Artikulu bakarra zuen publikaturik, Maitek aurkezpen gisa idatziriko egun “nor gara gu” atalean topa daitekeen sarrerako artikulua, alegia. Benetan liluraturik behar nuen egon, Maitek webloga goitik behera erakutsi eta bere asmo aurrerakoi oro ezagutarazi baitzidan; bertan, guk geuk artikuluak idatzi, programak euskaratu eta lan birtualak aurkeztuko bide genituen. Harrigarria benetan!! Sekula ez zitzaidan burutik pasa ere egin testuliburuetako ortografia, gramatika eta ulermena lantzeko beste modurik egon zitekeenik. Baina ba omen zegoen. Testuliburuetakoa baino interesgarriagoa, gainera. Eta begien aurrean nuen.

Fisikako bideo-muntaia amaitu nuen, eta ikastola begien aurretik kendu banuen ere, ez nuen Euskaljakintza bloga erabat ahaztu. Beste mila gauza eta asmo buruan banituen ere, uda hartan zehar irmotasun handiz jarraitu nituen Maitek bitakorari pitinka-pitinka egiten zizkion aldaketa txikiak. Izan ere, Muñoz de la Peña blogariak bitakoren inguruan Bilbon eman zuen ikastarora aurkeztu zuen bere burua euskarako irakasleak, eta asko ikasi ere!! Ikasturtea hasi eta Maiterekin aspaldiko partez elkartu ostean, ahozabalik geratu nintzen hark ikasiriko guztia ikustean: Euskaljakintza berritu eta sendoa ikustea baino ez horretaz jabetzeko.

Horrela, ikasturte berria jada martxan zelarik, bere proiektua ofizialki aurkeztu zigun Maitek ikasleoi. Nik banuen, noski, haren guztiaren berri, beraz, nire ikaskideen erreakzioa aztertu nuen hontz-begiz. Eta biziki poztu, gainera; nik nire garaian IKT gelan azaldu nuen interesaren antzera, oniritzi orokorra sumatu nuen ene ikaskideengan ere. Ilusioz beteriko aurpegiak topatu nituen nonahi, baita zirraraz beteriko komentarioak entzun ere korridoreetan zehar blog berriaren inguruko elkarrizketak aditzean. Guztiok genuen interneta etxean, beraz, inork ez zuen eragozpenik azaldu euskara gaia Euskaljakintzaren bidez jorratzeko egitasmoan. Ordea, hura Euskaljakintzaren arrakastaren hasiera baino ez zen.

Ni neu izan nintzen artikuluen izkiriaketan lehenengoetarikoa. Baina segituan jarraitu zidaten gainontzeko guztiek, eta gogo handiz ere!! Gure artikuluak Aurki.com-en agertzen hasi ziren, bisitari kopurua gorantz eta gorantz zihoan… jende mordo batek irakurtzen bide zituen gure artikuluak, munduak gure sormenetik sorturiko ororenganako interesa azaltzen zuen!! Horrek idazteko grina hare eta handiagoa sortu zuen guztion artean. Maitek hori bera oso ondo azaldu zuen Berria egunkarirako egin zioten entrebistan. Era berean, Gizakom-ek ere eman zuen proiektu berriaren berri. Baina ez pentsa geure lanak txoko honen apainketa baino helburu ez zuenik; artikuluak idazteaz gain, beste hainbat zereginetan ere aritu gara; gure hizkuntzaren euskalki ezberdinekin erlazionaturiko lanak ekoiztu genituen hasiera batean, euskal literaturak 60. hamarkadatik gaur egunera bitartean izan duen eboluzioan zentratuz gero. Lan horiek guztiak sarean zintzilik aurki ditzake bistazo bat bota nahi dien edonork.

Ordea, gure lana ez da hor amaitu; haratago iritsi gara. Blogari, artikulugile, kazetari, historialari eta idazle moduan gure lehen urratsak emateaz gain, itzultzaile ere izan gara; esamolde eta sinonimo zerrenda luzeak euskaratu ditugu gramatikaren alorrean, eta hori gutxi balitz, gauza bera egin dugu gaur arte gaztelaniaz baino erabili ezin zitezkeen Webquestions eta FAQ moduko programekin. Honi buruzko informazio osatuagoa jaso nahi izanez gero, egin klik hemen (IKTeroak blogeko artikulua) edo hemen (Sustatun publikaturikoa).

Azkenik, ezin utzi daiteke aipatu gabe idazle izateko ahaleginetan burutu dugun lan dotorea. Writely programari esker, istorio elkarreragile polit bat izkiriatu dugu guztion artean, gutariko bakoitzak, bere txanda iristean, aurreko gelakideak idatziriko pasarteari jarraipena ematean oinarritua. Modu honetan, kontakizun bakar batek guztiok bildu gaitu. Inondik inora, besteen ekarpenak irakurri, aztertu eta erantzunez norberak bere ezagutzak eta gaitasunak hareagotzeko modu ezin interesgarriagoa dugu, beraz, istorio elkarreragileen ekoizpena. Guztiok batera aurrera egiteko modua.

Ordutik aurrera, gure Euskaljakintza blogak ez dio hazteari utzi. Bere garaian honen berri eman ez bagenuen ere, proiektu honi esker gure Jakintza Ikastolak Kudeaketa Jardun Ona saria eskuratu du aurten, Euskalit fundazioak antolaturiko Kudeaketa Jardun Onen II. Topaketan. Donostiako Axular ikastolaren proiektuarentzat izan zen lehendabiziko saria, “Web ataria, pedagogia eta komunikazio tresna” izenekoa. Lehendabiziko bi sariak ikastolei dagozkie, beraz; honek garbi uzten du Euskal Herrian hezkuntzaren arloa euskararen erabilerarako, berrikuntzarako eta etengabeko hobekuntzarako egiten ari den ahalegin sendoa. Bide batez, esan beharra dago prentsa idatziaren alorrean Diario Vasco, Goierriko Hitza eta Gara egunkarietaraino zabaldu zela Euskaljakintzaren arrakasta. Artikulu zehatzak eta informazio gehiago jaso nahi izanez gero, egin klik hemen, hemen edo hemen. E-GIE albiste buletinak eta Ikastola aldizkariak ere publikatuak dituzte proiektu berri honen inguruko artikuluak. Ez hori bakarrik, gure blogaren arrakastaren berri eman dute hainbat bitakorek ere; bisitatu, bestela, Muñoz de la Peñaren Aulablog21 bitakora nahiz Red Docente webloga. Eta, noski, irrati-telebista munduan ere aipatzekoak dira Goierri telebistak, TeleDonostik eta Euskadi Irratiak gure blogaren inguruan buruturiko emanaldiak.

Beraz, honen guztiaren ondorioak garbiak dira: alde batetik, honelako proiektuek ikasleon interesa pizten dute; honek kalifikazioen hobekuntza nabarmena dakar, eta beraz, eskola-porrotari aurre egiteko neurri aproposa izan liteke. Bestetik, garbi dago euskarazko bitakoren sorrera euskaldunon hizkuntzaren hedapenerako baliabide ezinegokiagoa dela. Eta hori guztia gutxi balitz, ikasleon teknologia berrien inguruko ezagutza informatikoak, dudarik gabe etorkizunean ezinbestekoak gertatuko zaizkigunak, hareagotu ere hareagotzen dira honelako egitasmoei esker. Eta guztia dohain!! Horrenbestez, Euskaljakintza gure bloga eredugarria kontsideratzen dut. Ikasleon, irakasleen eta komunikabideen erreakzioari erreparatzea baino ez horretaz jabetzeko. Aurrerapauso handiak eman baditugu ere, gauza asko daude oraindik hobetzear. Amaierarik ez duen Euskaljakintzaren tira handia horren eredu. Euskaljakintza aurrera doa, euskara aurrera doa, guztiok aurrera goaz. Etorkizunaren aldarrikapena garbia da: Euskaljakintza dugu etorkizuna.

Comments { 2 }

SOKEN PROBLEMA: asmatu al duzu?

ADI MATEMATIKARI!!

Iritsi da, azkenean, horrenbeste arazo eta buruhauste ekarri dituen soken problemaren soluzioa publikatzeko unea; problemaren soluziobide burutsua agerian uzteko momentua.

Gogora ezazue, aurreko artikulu batean, euskaljakitun matematikarioi, erronka zailagoen bila zabiltzatenoi, zailtasun bereziko buruketa bat planteatzen nizuela: SOKEN PROBLEMA; hura kontsultatu nahiz bergogoratu nahi izanez gero, egin klik hemen.

Honek ere bazuen bere mamia, ez zaizue iruditzen? Hona hemen, hortaz, soken problemari dagokion erantzun zuzena:

Ordubeteko erretze denbora duten bi soka eta pospolo kaxa bat edukirik, 45 minutu zehatz kronometratzeko honako prozedura erabili beharko dugu: hasierako une berean soketariko bati bi muturretatik emango diogu su, bestea mutur batetik soilik piztuko dugun bitartean. Modu honetan, lehendabiziko ordu erdia bi muturretatik piztu dugun soka erabat erretzean beteko da. Izan ere, ordu beteko konbustio denbora dutela jakinik, bi muturretatik piztua izatean denboraren erdia beharko du erabat erretzeko, hots, ordu erdi bat. Bigarren sokari dagokionean, ordea, 30 minutuko erretze denbora izango luke une horretan bertan, baina 45 minutuko denbora hori betetzeko 15 minutuko tarte gehigarria kronometratzea interesatzen zaigunez, 1. soka kontsumitzen deneko une berean bigarren sokaren aurkako muturra ere piztuko dugu. Horrela, 30 minutuko erreketa denbora izango lukeen bigarren soka bi muturretatik piztua edukitzean, honek ere denboraren erdia beharko du une horretatik aurrera erabat kontsumitzeko, geratzen zaizkigun 15 minutu horiek, hain zuzen ere. Beraz, 30 + 15 = 45. Hortxe ditugu ordulari faltan kronometratu beharreko 45 minutuak.

OHARRA: ezin dugu erregela bat hartu eta soketariko edozeini lau zati berdinetan banatuz 45 minutuak determinatu, planteamenduaren lehen zatian sokak materiaren egiturari dagokionean zeharo irregularrak direla aipatzen baita.

Asmatu al duzue?

Comments { 0 }

Adi matematikari! SOKEN PROBLEMA: soluzioa aurkitzeko gai al zara?

Aurreko batean matematikaren inguruko jolas edo buruketekin etorri nintzaizuen, logikaren mundu zirraragarriaren ateak ireki nizkizuen eltxo “supersonikoaren” problema harekin.

Ingeniariaren bitakora pertsonalean zehar nabigatzen aritu ostean, bestelako problema batekin egin dut topo, eltxoarena baino zailagoa, agian, baina, noski, politagoa. Horrela, bada, modu honetako kuestioak maite dituzuenontzat, matematiken benetako zaleentzat edo erronka zailagoen bila zabiltzatenontzat, hona hemen beste problema bat:

    SOKEN PROBLEMA

Bi soka dauzkagu, ezberdinak elkarren artean eta materiaren egiturari, luzerari eta konbustio abiadurari dagokienean, zeharo irregular eta bestelakoak. Elkarren artean guztiz desberdinak diren bi soka, azken finean; su ematen badiegu, oso abiadura ezberdinetan erreko direnak. Eta, noski, pospolo kaxa bat ere badugu, honen barneko pospoloekin, sokei su emateko erabiliko ditugunak, alegia.

Sokek, ordea, badute antzekotasun bat: ordubeteko erretze edo konbustio denbora dute biek.

Eta jarraian, planteatzen zaigun arazoa: 45 minutu kronometratzeko eskatu digute. Ordea, ordularia galdua dugu. Nola lortuko dugu sokak erretzearen metodoa erabiliz denbora hori zehatz-mehatz determinatzea?

(Gogoan izan ezazue erregelarik nahiz neurri unitaterik ez daukagula eta soken egitura materiala zeharo irregularra dela: zati batetik bestera sokaren erretze abiadura asko alda daiteke. Beraz, ez dago, aurretik halako daturik ez daukagunez, sokaren zati bakoitzari erretze denbora bat iradokitzerik).

Galdera planteatuta geratzen da. Soluzioaren arrastorik bai? Zeuen lana da orain hura bilatzea; konplikatuxeagoa dugu hau, baina ea zorterik duzuen! Azken ariketa honen soluzioa ere egun batzuen buruan agertuko zaizue publikatuta. Bien bitartean, bizkorrena nor den itxarotea baino ez. Nor izango dugu irabazle berria? Anima zaitez!!

Aurreko artikuluan erreferentzia ematen banizuen ere, oraingo honetan ere Josep Maria Albaigés i Olivart-en bitakoraren helbidea ezin utzi dezaket aipatu gabe. Beraz, honelako problemak gustuko badituzue nahiz Albaigésen matematika kontuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, ingeniariaren bitakora pertsonalean izango duzue honen guztiaren berri.

Comments { 0 }
-->