About xzabala

Author Archive | xzabala

Gorka Elustondo: “Erreala lehenengo mailara bueltatzea da denok dugun ametsa”

Kurtso hasieran, Maitek elkarrizketa bat egin behar genuela esan zigunean, futbolaren munduan murgildua zegoen bati egin nahi niola garbi neukan, baina horren argi ez neukana elkarrizketa hori nori egin behar nion zen. Buruari makina bat buelta eman eta nori egitea posible nuen aztertu ondoren, Errealaren etorkizuna eta gazte askoren eredu den 21 urteko beasaindarrari egiteko aukera ikusi; horrela, bi aldiz pentsatu gabe berarekin harremanetan ipini nintzen.

Askok gazte izatea esperientzia faltarekin lotzen dute, baina Gorka Elustondoren kasua guztiz aurkakoa da. Eguneroko lana eta inork zalantzan jartzen ez dion kalitatea uztartuz, Errealaren zutabeetako bat bilakatu da. Ez kasualitatez, ordea, aurretik aipatutako esfortzuari esker, 19 urtez azpiko Eurokopako txapeldun eta bigarren B mailako txapeldunorde izana baita.

Elkarrizketarako eguna zehazterakoan, Ordizian egitea proposatu zidan bera autoz etorriko zela esanez. Halaxe egin zuen. Bion zoritxarrerako, ostegun hura ez zen nire egunik hoberena izan eta elkarrizketa ez zen salbuespena izan. Kamerak makina bat arazo eman zizkigun (egia esan, ni izan nintzen arazoak eman zituena, elkarrizketari hasiberri eta traketsa naizela bistan utzi bainuen uneoro) eta lagun baten laguntzarekin dena konpondu ondoren (eskerrik asko kamerarekin laguntzeagatik, Mikel!) elkarrizketa grabatzeari ekin genion. Hau amaitu eta ea dena ongi zegoen frogatzera joan nintzenean, grabazioa bertan ez zegoela ohartu, eta dena berriz egin behar izan genuen. Nerbioetatik jota nengoen Gorkari eragiten ari nintzaion denbora galeraz jabeturik, baina berak kexatu beharrean, uneoro laguntza eskaini eta lasai egoteko esaten zidan, futbolari bikaina izateaz gain pertsona hobea dela erakutsiz. Azken batean, elkarrizketa grabatu ahal izan genuen eta hementxe duzue irakurgai.

Arratsalde on, Gorka. Esan dugun bezala, txikitan denok dugu ametsen bat. Nire ametsa, esate baterako, futbolari izatea zen eta zuk ere amets bera zenuela suposatzen dugu, hala al zen?
Bai, eskolan kirol guztietan hartzen genuen parte txikitan, baina niri bereziki baloiaren atzetik ibiltzea gustatzen zitzaidan. Futbola nuen gogoko eta futbolari izateko ametsa betetzea lortu dut.

Amets hori betetzeko lehen pausoa Segurako Aitzgorri taldetik Errealak fitxatu zintueneko eguna izan zela esan dezakegu. Nola da posible beasaindar bat Seguran egotea?
Beasainen garai horretan, orain dela hamar urte, ez zegoen zelai handiko talderik; beraz, gure adineko jendea Segurako futbol eskolara joaten zen. Ni ere bertara joan nintzen. Han bi hilabete eman ondoren, Errealekoek froga batzuk egiteko deitu zidaten eta harrezkero bertan nago.

Egun batean Errealekoen deia jaso eta Alustiza Zubietagatik aldatu zenuen. Zein izan zen bi lekuen artean nabaritu zenuen aldaketa nagusia?
Lehenengo egunean, Zubietara iritsi eta instalazio horiek guztiak ikusi, dauden hainbat futbol zelaitik pasa eta ni bezalako herri guztietako gazteak ikusi, beraiekin jokatu, zuten kalitateaz ohartu… Denak harritu ninduen pixka bat, gehienbat, agian, Zubietara iritsi eta bertan entrenatzeak.

elustondo2005eko abuztuaren 27an Errealaren bigarren taldean debuta egin zenuen. Bertan 64 partidu jokatu eta 7 gol sartu zenituen. Datuak ikusita, maila horretara erraz moldatu zinela dirudi. Benetan horrela izan al zen?
Beno, nire jubeniletako hirugarren urtea zenean, ni eta beste taldekide bat Sansera igo ginen. Gure asmoa partidu batzuk jokatu eta pixkanaka kategoria berrira ohitzen joatea zen, baina gauzak uste baino hobeto joan ziren: partidu asko jokatu nituen, taldea oso ongi ibili zen eta denboraldia 2. postuan eman genuen, ia 2. mailara igotzea lortu genuen. Laburbilduz, oso denboraldi ona izan zen.

Bigarren B mailan bi urte eman zenituen eta lehenengo denboraldi amaitu ondorengo udan Eurokopa jokatzen zen. Espainiako 19 urtez azpiko selekzioak deitu zintuen eta, ondoren, irabazle suertatu zineten. Nola bizi izan zenuen esperientzia hori?
Urteari amaiera emateko modu ezin hobea izan zen. Sanserekin denboraldi ona burutu ondoren, Espainiako selekzioak Eurokopa jokatzeko deitzeak asko poztu ninduen. Hilean behin Madrilen entrenatzen genuen eta udan Poloniara joan ginen Eurokopa jokatzera. Esperientzia ikaragarria izan zen, bai kirol aldetik, baita lagun aldetik ere.

Espainiako selekzioan lagun asko egin zenituen eta horietako batzuek gaur egun lehenengo mailan jokatzen dute: Matak Valentzian, Piquèk Bartzelonan eta Capelek Sevillan, besteak beste. Horiekin mantentzen al duzu erlaziorik?
Entrenamenduetan batera ibiltzen ginen. Horretaz gain, Polonian hilabete osoko goiz eta arratsaldeak batera pasa genituenez, erlazio estua izan genuen; dena den, gero nor bere taldeetara itzultzen da eta bakoitzak bere bizia du, baina noizbehinka bat edo besterekin hitz egiten dut.

Garaipen historiko hori lortu eta ia urtebetera lehenengo mailan egin zenuen debuta eta 6 partidu jokatu zenituen. Ondoren, zoritxarrez, Erreala 2. mailara jaitsi zen. Debut horren ostean, bi gertakari aipa ditzakegu Errealaren historian: bata, 2. mailarako jaitsiera eta, bestea, Mendizorrotzan eskura izan zen igoera, bertan galdu zena. Bietan zein izan da min gehien egin dizuna?
Errealaren historiari begiratzen badiogu, askoz garrantzitsuagoa da bigarren mailara jaitsi izana. Niretzat oso tristea izan zen horrenbeste urte goran pasa ondoren, 2. mailara jaistea, inork espero ez zuen zerbait izan baitzen. Lehengo urtekoak, berriz, ez du beste erremediorik. Ahaztu beharreko zerbait da, pena handia izan zen denontzat, baina ea aurten igotzea lortzen dugun.

Aurten, denok dakigun bezala, Alavesen aurkako derbian baloi bat buruz jotzera joan eta orkatilan mina hartu zenuen. Noiz ikusi ahal izango dugu Gorka Elustondo berriz berdegune batean?
Laster izatea espero dut. Hobetzen doa orkatilako lesioa eta ea laster korrika hasteko gai naizen. Ondoren, sentsazioen arabera, pixkanaka joango naiz taldearekin sartzen eta, forma hartzearekin batera, jokatzeko prest egotea espero dut.

Adina, teknika eta beste hainbat ezaugarri direla medio, jende askok gaur egun Liverpoolen dagoen Xabi Alonsorekin alderatzen zaitu. Zer diozu horri buruz?
Kaleko konparaketa edo komentarioak ezin dira ekidin. Futbolak duen garrantzia dela eta, horrelako konparazio asko ematen dira. Ni horietaz ahazten saiatzen naiz, azken finean, nik nire jokatzeko era daukadalako eta ahalik eta hobekien egiten saiatzen naizelako, horrelako gauzei kasu handirik egin gabe.

Gauza guztietan bezala, futbolean horren maila altura iristeak sakrifizio batzuk eskatzen ditu. Zure kasuan zein izan dira horiek?
Egunero entrenatzeaz gain, janariarekin kontuz ibili behar da: denetik jan daiteke, baina pasatu gabe. Horrez gain, lagunekin ez duzu nahi bezainbeste denbora pasatzen, eta festa nahiz afari batzuk galtzea ere eskatzen du. Hori da futbolaren prezioa, baina azkenean gustura egiten duzu.

Gauza guztiek bezala, futbolak alde onak eta txarrak ditu. Txarrak aipatu ditugu, baina futbolaren munduan egoteak zein alde on ditu?
Txikitatik gustatu zaidan kirola izan da eta bizitzak hori egiteko aukera eman izana alde on bat da. Horrez gain, futbolak lagun asko egiteko aukera eman dit, bai nire taldean, bai beste taldeetan, bai Espainiako selekzioan… Azkenean, jende asko ezagutzen duzu eta hori ere baloratzekoa da.

Gorka elustondoJokalari batzuek zelairatu aurretik “erritual” antzeko batzuk egiten dituzte, esate baterako, batzuek Jainkoari errezatzen diote, beste batzuek zelaia besarkatzen dute… Zuk ba al duzu horrelako ohiturarik?
Ez, ez naiz horietakoa. Janzteko eta partidu aurreko gauzak egiteko pauso berak jarraitzen ditut, baina ez dut hanka bat edo bestearekin zelaira sartzea bezalako superstiziorik.

Jokalari on bat izateko zer da, zure ustez, garrantzitsuagoa: horretarako dohaina izatea edo gogor entrenatzea, saiatzea?
Nire ustez, biak eduki behar dira. Bertutea eduki egin behar da; bestela, nahiz eta entrenatu, zaila da ona izatera heltzea.Txikitatik dohaina baduzu eta asko entrenatzen baduzu gainera, azkenean, kirol horretan ona izango zara. Horretaz gain, bide horretan gogoa jartzen baduzu, errazago lortuko duzu helburua.

Denengatik jakina da Beckham, Zidane eta horrelako jokalariek diru sarrera oso altuak dituztela eta, ondorioz, 1. eta 2. mailako jokalariak duten soldatarekin futbola utzi eta ezer egin gabe bizitzeko adina diru dutela dio jendeak. Egia al da hori?
Ez dakit hori horrela den edo ez, baina kalean, tabernan, edozein lekutan jendeak futbolaz hitz egiten du eta futboletik kanpora diru asko mugitzen da. Jokalaria denez zelaira ateratzen dena, azkenean hau izan ohi da diru gehien irabazten duena. Bizitzeko adina ematen duen ala ez zein taldetan zauden eta taldean duzun garrantziak determinatzen du.

Badakit azkarregi dela hau galdetzeko, baina zer asmo duzu futboletik erretiratzen zarenerako?
Ez dakit, gazteegia naiz horretan pentsatzen hasteko; dena den, futbolarekin lotura duen zerbaitetan lan egitea gustatuko litzaidake, esate baterako, txikiak entrenatzea.

Elkarrizketa ametsez hitz egiten hasi dugu eta horrela amaitzea gustatuko litzaidake. Ba al duzu bete gabeko ametsik oraindik?
Gaur egun denok dugun ametsa Erreala lehenengo mailara bueltatzea da. Edozein jokalarik lehengo mailan jokatzea amesten du eta, zoritxarrez, Erreala bigarren mailan dagoenez, amets bat lehenengo mailara itzultzea izango litzateke.

Zer esango zenieke zure pausoak jarraitu nahi dituzten neska-mutil gazteei?
Txikitatik kirol guztiak praktikatzea gomendatuko nieke. Gero, futbola badute gustukoen, ez inoiz etsitzeko; lana egin eta saiatuta, bizitza honetan dena lor baitaiteke. Amaitzeko, ametsa kirola egitea bada, kirola eginez ondo pasatzeko esango nieke.

Horrelaxe amaitu zen elkarrizketa. Gorka, mila esker gurekin izateagatik. Zure lesioa azkar sendatzea espero dugu eta segituan zure joko bikaina zelaietan ikustea!

Comments { 8 }

Kaktus bat mozteagatik 25 urte kartzelara?

New YorkEgutegian gorriz markatutako hiruzpalau egun ikustean, oso gutxi dira etxean lasai-lasai geratzen direnak lanera joan behar ezaz gozatzen. Egun horietan,  ohikoena, krisiak baimena ematen digun neurrian,  maletak egin eta mundua ezagutzera joatea da XXI. mende honetan. Nora baina?

Paris, maitasunaren hiriburua, zoragarria da” dio amak zure aitari begira, baina honek nahigo du Egipto bere faraoi, piramide eta antzinako zibilizazio hartako kondairekin. Semeak, aldiz, Sri Lankara joan nahi du; horren izen exotikoa duen tokia ezin txarra izan!! Neska-laguna ez du ados; bere ustez, Karibe bezalakorik ez baitago. Zuk, berriz, Gorbea mendian dagoen nekazal turismo etxe bat proposatu duzu, ederra lekua benetan, baina familiak berehala baztertu du aukera hau. Zer pentsatuko dute bizilagunek oporretan Euskal Herritik kanpora irteten ez bagara?

Eta itsusia al da, bada, Euskal Herria? Edo jendearen iritziaren menpe gaude? Ez, gu geure konplexuaren menpe gaude!! Konplexu hori dela edo ez dela medio, jendeak urrutira bidaiatzeko joera izugarria du eta bidaia horien helmugetako bat munduko herrialderik boteretsuena dugu, Ameriketako Estatu Batuak.

Herrialde honek gurearengandik ez dirudi oso ezberdina: ziur nago aireportuan Coca Cola bat erosi ahal izango duzula, kalean paseatzen zabiltzala Levi’s denda bat aurkituko duzula eta, afaltzeko orduan, Mc Donals batera joan ahal izango duzula, eta hori dena etxe orratz erraldoi eta milaka bonbillaz argiztaturiko kaleetatik irten gabe. Eta, orduan, zeure buruari galdetzen diozu? Zein alde dago Euskal Herria eta New Yorken artean? Bilbo dirudi honek Gabonetako argiak pizten dituztenean!!

konstituzioaBada, Euskal Herritik Estatu Batuetara dagoen alde nabarmenetako bat legeetan dago. Azken hau 1787. urteko konstituzioan oinarritzen da eta, horren ondorioz, lekuz kanpo dauden lege batzuk ikus ditzakegu herrialde honetako 50 estatuetan zehar, esate baterako, kaktus bat mozteagatik 25 urteko kartzela zigorrera kondenatua izan zaitezke. Eta, orduan, geure kultura duen edozein pertsonak egingo lukeen galdera etortzen zaigu burura. Benetan betetzen al dira lege hauek?

Bada, egia esateko, bai. Lege gehienak bete egiten dira, baina, horren lege zaharrak direnez, hamaika interpretazio izan ditzake bakoitzak eta, ondorioz, zigorra epailearen irizpidearen menpe egongo da. Esate baterako, Texasen material lizuna edukitzea debekatua dago, baina epailearen iritzian oinarritzen dira aipatutako materiala lizuna den edo ez zehazteko. Beste batzuk egoera irrealetan aplikatzen diren legeak dira eta horregatik ia ezinezkoa da lege hori aplikatu ahal izatea. Adibidez, elefante bat parkimetro batean lotuta utziz gero, ibilgailu bat utzi izan bazenu bezala ordaindu behar duzu.
Aipatutako bi adibideez gain, mota honetako hainbat lege dago Estatu Batuetan. Dena den, ez dezagun pentsa amerikarrak baino ez direnik lege bereziak dituztenak, Europan beste hainbeste gertatzen da eta.

Hau dena azaldu ostean, pare bat aholkurekin amaitu nahi nuke artikulua. Lehenik eta behin, kanpora bidaiatzeko asmoa baduzue, bertako kultura, ohitura eta legeei buruz pixka bat informatuta joatea aholkatzen dizuet, hauek bezalako lege bitxien erruz ez ditzazuen arazoak izan. Bigarrenik, une atsegin bat igaro nahi baduzue, azpian uzten dizkizuedan lege bitxiak irakurtzea gomendatzen dizuet:

Comments { 5 }
-->