Archive | irakurlearen txokoa

RSS feed for this section

Mahatsaren begia – ENEKO BIDEGAIN

EnekoEneko Bidegain Baionan, Lapurdin, jaio zen 1975ean. Gaur egun Baionan bizi da. Batxilergorainoko ikasketak ikastolan burutu zituen eta, ondoren, Baionako Fakultatean egin zituen Euskal ikasketak. 1999az geroztik Baionako Bulegoan, Euskaldunon Egunkariako kazetari moduan lanean ibili da eta, gaur egun, Berria egunkariko euskal idazle, kazetari eta blogaria da (hemen Ipar Haizea deituriko blog interesgarria elikatzen du). Lanekoaz aparte, blog pertsonal bat du, Baionako barraraino. Bertan bere buruaz dioena jakin nahi baduzue, klikatu hemen.

Enekok Mahatsaren begiaz gain, beste zenbait lan ere plazaratu ditu: Euskal esaerak (Expressions basques, 2001, Elkar) eta Anbroxio (2002, Elkar). Nik lan hauek alde batera utziz, Mahatsaren begiari egingo diot aipamena.

azalaNobela gordina eta errealista dela esan daiteke. Istorioa indarra hartzen joango da orriz orri eta honek irakurlea istorioan murgiltzera eramango du. Idazleak zuberotarra erabiliko du nobela hau idazterako orduan, baina honek ez du irakurmena zailduko. Irakurriz gero, segituan ohartuko zarete hizkuntza garbi eta ulergarria dela guztiz irakurle gazte eta hain gaztea ez denarentzat ere.

Jarraian argumentua aztertzeari ekingo diot:

XIX. mendeko gizartearen alderdi beltzenak erakusten dizkigu eleberri honek: aita-semeen, senar-emazteen eta maitaleen arteko harremanak, traizioak, bakoitzaren gogoetak eta damuak. Honetarako, Martin familia jarri du zorigaitz honen protagonista moduan. Familia honek ez du ezagutzen zoritxarra besterik: langabezia, gizartearen bazterketa, espetxea, HIESa, familia galtzea, traizioa… Antton, familia honetako gizona, langabezian gelditzen denean hasiko dira familia honen buruhausteak. Hau gutxi balitz, gizartearen irainak jasan beharko ditu. Hau guztia dela eta Anttonek hondoa joko du eta, zulo beltz horretatik atera ezinik dagoela, banketxe bat lapurtzea erabakitzen du. Ekintza ez da berak nahi zuen bezala burutuko, espetxean igaro beharko baititu 24 urte polizia bat hiltzeagatik. Ixabel bere emazteak ez du denboraldi luze horretan bisitatzeari hutsik egingo.

Loturarik gabeko gertakizunak bukaeran kate korapilatsu batean bilduko dira. Eneko Bidegainek ez du istorioa amaitu nahi izan, honela irakurlea parte hartzera gonbidatuz. Ideia bat egin dezazuen hemen duzue liburuaren amaiera:

Tabernara doa. Dolar bat eta erdi atera ditu sakelatik. Coca Cola bat manatu du. Ez egarriturik dagoelako, ez Coca Cola gustatzen zaiolako, ez edateko gogoz dagoelako…denbora irabazteko, erabakia gibelatzeko. Ez zaio inporta heldu den hegazkina hutseginik ere. Izanen dira gehiago, horren ondotik ere. Ez zaio inporta noiz joan. Bi asteko oporrak ditu. Ez dauka presarik. Ez du erabaki. Ez daki erabakiko duen ere…
Poker bat atera zaio zintzurretik. Coca Colaren azken xorta irentsi du. Baso zolan ba horma puska gelditu dira…

BURUTAPENA

Maider Ziaurrizek Berrian egindako kritika irakurri nahi izanez gero, klikatu hemen. Amaitzeko, nobela irakurtzera eta, ondoren, zuen iritzia ematera gonbidatu nahi zaituztet.

Comments { 0 }

Elurretan hotsak-PABLO SASTRE

“Goiz-goizetik zaudek argi gabe hauek!�

Pablo Sastre Hasiera benetan xelebrea Pablo Sastreren eleberriak eskaintzen diguna. Era berean suertatzen da nobela honen bilakaera, sei ekitaldi desberdinetan banatua, kokaleku ugari eta benetan aberatsak tenore direlarik. Bertan, Andoaingo herritar dezentek elur egin ondorengo egun batek sortutako sentimenduak era espontaneo batean maisuki azaltzen dituzte, narratzailea apenas agertzen delarik.

Pertsona asko kale-poetak dira, eta horrelako jendeari aditzea aberasgarria da “.

Zehazki esanda, 70 protagonista inguruk dute zeresana nobela berezi honetan; besteak beste, Joxemari eta Pikuta. Antzeko andoaindar jende arruntaren bizitza ardatz da nobela honetan. Harkaitz Cano idazleak, nobelaren aurkezpen egunean elurrarekiko debilidadea zuela adierazi ondoren, zera zioen eleberriari buruz:

Beti desiratzen egoten naiz istorioetan sartzeko. Gustatzen zait liburu honetako protagonistak dioena: elurra denona da. Elurrak aldarte berezia sortzen du, elurrak auzolana sorten du, elurrarekin lanera berandu iristen zara baina ez daukazu justifikaziorik eman beharrik. Kamera eskuan hartuta egindako dokumentala ematen du liburuak. Beste film hartan bezala, hemen ere langile jendea da protagonista, edota langabezian dagoena; jende arrunta, beraz, nahiz hitz hori ez dudan oso atsegin

Sastrek Andoainen bizi izandako esperientzia pertsonalak ditu inspirazio iturri eta euskararen erabilera eskasa salatzen du, bere hitz tristeek erakusten duten bezala:

Aurki hamabost urte izango dira Andoaina joan nintzela bizi izatera, eta liburuan agertzen direnak orduan kalean entzundako kontuak dira. Orain ezingo nuke liburua horrela egin. Izan ere, oso pobretzen ari da kaleko euskara

Arestian aipatu dudan bezala, sei ekitalditan dago banatua nobela hau. Horrela zail egiten da ikuspuntu orokor eta, era berean, zehatz bat ematea. Hala ere, aipatu behar da eleberri honek hasiera-hasieratik harrapatzen zaituela bere gorabeheretan eta hainbat pertsonaiaren bizitza herrikoi eta xelebrean. Erabilitako hizkuntza, zaila edo erraza baino, irakurtzeko dibertigarria da eta, dena esan beharra dago, irribarre bat baino gehiago ere eragiten du. Uda amaitzeko gelditzen diren arratsalde horietako batean haritzaren gerizpean irakurtzeko nobela aproposa, alegia. Gonbitea eginda dago.

Nobela honi buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, klikatu hemen.

Comments { 0 }

Palestina hotela- JOSEBA IRIONDO

IriondoJoseba Iriondo Orbegozo Azpeitian jaio zen 1969an. Kazetari ikasketak egin ondoren, bere lehen urratsak Euskadi Gaztean eman zituen. Ondorengo hiru urteak Madrilen korrespontsal bezala jardun zuen. Iraken ere egon zen guda korrespontsal modura. Gaur egun, berriz, EITBko albistegietako aurkezle da. Irakeko egonaldian pairatutako hainbat gertaerarengatik Palestina hotela bere lehen liburua idaztea pentsatu zuen.

Joseba Iriondok idatziriko liburu hau irakurtzearen arrazoietako bat Iraken inguruan gertatzen ari zirenak bertan egondako norbaiten ahoz edo lumaz jakin nahi nituelako izan zen, lehenengo pertsonan, alegia. Nik Euskal Herriko kazetari batek Irakeko guda gertutik nola pairatu zuen jakin nahi nuen. Horrez gain, duela bi urte Durangoko azokara joan nintzenean, kazetari-idazlea liburua sinatzen ari zen eta orduntxe erostea erabaki nuen.

Palestina hotelaSadamen agintearekin bukatuko zuen gerra hasteko, Estatu Batuak Irakek arma suntsitzaileak zituela esan zuen. Nazioarteko erakundeen onespena, alde batetik; eta, bestetik, Espainia, Britainia Handia eta Italia bezalako hainbat estatuk bere alde egiteak behar zuen adorea eman zion estatu ahaltsuari okupazio eta gerra ekintzetan hasteko.

Mundu osoan manifestazio jendetsuak izan ziren arren, aurrera jarraitu zuten. Geroago jakin izan da faltsuak zirela amerikarrek aipatutako arrazoiak eta benetan Irak bereganatzeko arrazoi nagusia petrolioa izan zela. Argi ikusten da diru kontuak tartean daudenean, edozer zilegi dela…

Gerra honetan inbaditzaileek ez dute sekula euren militar hildakoen edo zaurituen inguruko informaziorik eman albistegietara; hori bai, Bagdaden hildakoak bertako biztanleak izan direnean, harrotasun osoz erakutsi izan dituzte hilotzen gorpuak. Bertako biztanleek tortura, hilketa edo beste hainbat gordinkeria jasan izan dituzte. Iriondok egoera horiek berak ikusi zituen bere begien aurrean. Bonbek ere zauritu eta hildako asko utzi zituzten kazetaria bertan zegoenean. Iriondoren lanbide bereko hainbatek ere bizia galdu zuen, horien artean, José Couso kamerak.

Liburua modu sinple batean dago idatzia eta behar diren argibideekin. Duen adierazpen onagatik oso erraz irudika zaitezke zu guda haren erdian. Horrez gain, gerraren aurretik nolako egoera zegoen ere azaltzen du liburuak.

Ezbairik gabe, gaur egungo gertakariak gustuko dituen edonori liburu hau irakurtzea gomendatzen diot. Amaitzeko, Palestina Hotelaren aurkako erasoaren bideoa jarri nahi nizuen baina topatu ez dudanez, beste hauek dituzue ikusgai, gerraren zentzugabeaz pixka bat gehixeago ohartzeko

Comments { 0 }
-->