Archive | solasean

RSS feed for this section

Josetxo Beristain: “Gaixotasunak ez ditu nire ametsak akabatuko”

Etxean etsita nengoen, euskaljakintzarako elkarrizketa nori egin ez nekiela. Sukaldeko leihora gerturatu eta, orduan, hantxe ikusi nuen Josetxo bere gurpil-aulkian eserita, beti bezala, margoa eskuan zuela…

Sara eta Josetxo elkarrizketa egunean

Josetxo telebistan azaltzen den pertsonaia ospetsu horietakoa ez bada ere, pintore aparta dugu. Hala eta guztiz ere, ez da hori hain miresgarri egiten duena, bizitzarekiko duen ikuspegia eta bere jokaera eredugarria baizik. Josetxo Beristain ordiziarrak, 25 urte inguru zituela, elbarritasunera eramango zuen esklerosi-anizkoitza gaixotasuna jasan zuen. Zorigaitz honi aurre egiteko erlijioari irmo eta tinko helduz, ez du une latzenetan ere umorea galdu eta, eguna joan eguna etorri, bere ametsei gogor eusten die.

Esklerosia 1Oker ez banago, 25 urte inguru zenituenean agertu zitzaizkizun gaixotasunaren lehen sintomak. Nola izan zen guztia?
Bai, hala da. Orduan, aitari lagunduz, taxi gidari bezala egiten nuen lan. Milaka proba egin zizkiaten eta, azkenean, esklerosi-anizkoitza nuela esan zidaten. Segituan gertatu zen dena, eta denbora laburrean hankak mugitzeko nuen abilezia galdu nuen. Egia esan, ez zen erraza izan niretzat. Negar pila egin nuen, ez pentsa…baina, oraindik ere izugarri laguntzen didan lagun bati esker ez nuen etsi. Lagun hori Jaungoikoa da. Bai, sinesmen handiko pertsona naiz, eta fede hori izan da, hain zuzen ere, jarraitzeko gaitasuna eman didana.

Esklerosi-anizkoitza izugarri aldatzen da pertsona batetik bestera. Zure kasuan nolakoa izan zen?
Beno, gaixotasun hau nahiko serioa da kasu guztietan, egia esan; izan ere, nerbioetako gaixotasuna da eta ez dauka inolako erremediorik. Hala ere, LOTERIA GALANTA tokatu zitzaidan niri! Izan ere, mila kasuetatik bakarra izaten da hau bezalakoa eta niri tokatu behar… A ze suertea, e! Txapeldun, ni irabazle! (barre egiten du).

Garai hartan gaitz honek zure bizitzan ekar zitzakeen ondorioak kontuan izanda, zein izan zen zure erreakzioa?
Aurretik esan dudan bezala, oso garai txarra izan zen niretzat. Baina ondoren, aldiz, etsipenari uko eginez, bizitza zen bezala onartzeari ekin nion. Badago jendea horrelako kasuetan amore ematen duena, “bizitzak ez du zentzurik”, “Jainkoaren kontua gezur hutsa da” eta antzeko gauzak esanez, eta hori da, hain zuzen ere, egin behar ez dena. Hau ez da amaiera eta zenbait gauza egitea mugatuta bazaude ere, milaka gauza gelditzen dira oraindik! Behingoz, gauzak eskatzeari utzi eta dugunarekin konformatu eta jarraitu behar dugu. Hortxe dago gakoa…

Beti izan al dituzu familia eta lagunak zure ondoan? Nolako eragina izan du horrek?
Bai familia, baita lagunak ere, beti egon dira nire ondoan. Gaur egun ere lagun pila izaten jarraitzen dut. Horrek, noski, eragin positiboa izan du zentzu guztietan. Hau horrela bada ere, “propion” ez dut inor. Izan ere, bakarrik bizi naiz eta ni neu moldatu beharra daukat eguneroko “koxketan”. Eta aipatutakoek izugarri lagundu badidate ere, bizitzeko neureganatzen dudan indarra, Jaungoikoarengan dudan sinesmenari esker lortu dut. Hori da nire sekretua.

Esklerosia2Gizarteak laguntza eskaini al dizu arazoei aurrera egiteko orduan?
Tira, ba, batzuetan lagundu dit, bai. Hala eta guztiz ere, ezin izan du asko egin. Izan ere, lehen esan dudan bezala, nire gaitzak ez du berezko erremediorik. Noizbehinka, ahal izan duen neurrian lagundu dit, alegia.

Taxi-gidaria zinela jasan zenuen elbarritasuna. Lanbide hau baztertzera behartuta sentitzean, pentsatu al zenuen beste lanbideren bat bilatzea?
Beno, taxi gidaria izan aurretik beste lan batzuetan ere jardun nuen, “Kamarero” eta margoketako irakasle bezala, besteak beste. Era horretan, etxean ekonomikoki laguntzea lortzen nuen. Elbarri gelditu nintzenean, ordea, hau aldatu egin zen. Orain, beraz, nire denbora meza joateari – ze arraroa, e! (barre egiten du)- eta margotzeari eskaintzen diot. Bestalde, Donostian badago Fraternidad de Enfermos izeneko zentroa, non pertsona elbarrituak laguntza eskuratzeko aukera duten. Noizbait bertara joan banaiz ere, zaila da niretzat egunero Donostiarainoko bidaia egitea; zuek esaten duzuen bezala, “piparra” egiten dut!

Pintore amorratua zarela badakigu. Betidanik gustatu zaizu edo gaixotasuna izan da margotzeko zaletasunaren eragilea? Nola eragin du gaixotasunak marrazteko orduan?

Betidanik gustatu zait margotzea. Gaztea nintzenean ere, oso gustuko nuen. Hala eta guztiz ere, nire gaitza dela eta, orain denbora gehiago eskaintzen diot margotzeari. Ikusiko zenuen bezala, denbora asko pasatzen dut kalean Ordiziako paisaiak eta kaleak margotzen. Ez nuen esango gaixotasunak nire marrazteko eran eragina izan duenik. Denetatik marrazten jarraitzen dut: paisaiak, erretratuak, etab. Taktika aldetik, teknika berdina mantentzen jarraitzen dut, borragoma alde batera uzten duena, hain zuzen ere.

Marrazteak psikologikoki aurrera jarraitzen lagundu al dizu?
Margotzeak aurrera ateratzen lagundu badit ere, aurretik esan dudan bezala, erlijioa izan da benetan lagundu didana. Egunero errezatu dut (baina ez memoriaz, barrutik, BIHOTZEZ!), eta Jainkoak aurrera jarraitzeko indarra eman dit. Beti lagundu dit horrek, horregatik egunero mezatara joaten naiz, nire indarrari eusteko.

Honek guztiak psikologikoki eragin badizu ere, beti optimismoari eutsi diozula esan dezakegu. Zer esango zenioke antzeko arazoa duen pertsona bati bizitzeko itxaropena galdu ez dezan?
Ba, lehenik eta behin, ANIMO! Eta erraza ez bada ere, aurrera jarraitzeko indarra sekula ez galtzeko. Ezin dugu lehenaldian trabatu; momentuan duguna estimatzea eta gogoz aprobetxatzen saiatu behar dugu. Pozaz eta umorez, ametsak betetzeari ekin behar diogu, ahal den neurrian, behintzat. Hitz hauek esatea guztiontzat oso erraza bada ere, esandakoa BETE egin behar da; eta hortxe dago zailtasuna. Horretarako, ezinbestekoa da zure ilusioekin jarraitzea, hauetan oinarrituz, beti indarrez jarraitu ahal izateko. Hori da sekretua.

Benetan harrituta utzi ninduen Josetxoren borondateak eta, are gehiago, haren baikortasunak. Bere elbarritasuna dela eta, zenbait gauza egiteaz arnegatu behar izan bada ere, duenarekin konformatuz eta bere ilusioekin aurrera jarraituz, beste askok baino zoriontsuago bizi izatea lortu du. Hori da, hartan ere, pertsonaia hau hain goresgarri egiten duena. Garbi asko utzi digu Josetxok, bere kasuan, erlijioa eta pintura izan direla bere bizitzaren oinarri nagusiak, aurrera egiten lagundu dioten harroinak; eta horixe erakutsi zuen elkarrizketa bukatu eta “Coca-Cola” bat eskaini ondoren, zera esan zuenean: “Beno orain nirekin etorriko zarete 19.00etako mezatara, ezta?”

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/gnVotFh9JEA" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Comments { 4 }

JON URDANGARIN: “Euskarak munduan zehar aurrera egingo duela pentsatzen dut eta espero dut Euskal Herrian ere aurrera egitea”

Nire ikaskide batzuei ez bezala, erraza egin zitzaidan elkarrizketatu behar nuen pertsonarekin, Jon Urdangarinekin, harremanetan jartzea. Izan ere, bere alaba eta nire ahizpa lagunak eta gelakideak dira; beraz, elkarrizketatzeko proposamena onartu ondoren, galderak pasa nizkion. Handik egun batzuetara, telefonoz hitz egin genuen hitzordua finkatzeko. Gehienek Drindots taldeko abeslari bezala ezagutzen badute ere, bere bilakabidean gauza ugari egina da Jon Urdangarin. Agertokian etxean bezala sentitzeko adina kontzertu eskaini dizkigu, baina ez hori bakarrik, telebistan ere kantuan aritutakoa da. Musika izugarri maite du, hala ere, ez euskara baino askoz gehiago, abesten dituen kantak zein hizkuntzatan idatzirik dauden ikustea besterik ez dago. Gainera, gure lurraldearen bereizgarri den euskara ezagutu eta erabiltzearekin ez da konformatzen, hizkuntza maitagarri hau ezagutzen ez dutenei irakastea da bere lanbidea, ikasle hauek Euskal Herrian bertan nahiz hemendik at egon.

Irati eta Jon elkarrizketa egunean

Heldu zen, azkenean, hainbat egunetan buruan jira-biraka neraman eta ezer baino larriago jartzen ninduen unea. Argazki kamera, MP3a eta behar nituen guztiak hartuta abiatu nintzen Ordiziako Barrena kultur etxera argazkilari lanak egin zituen nire ahizparekin batera.

Musika gaitzat hartuz

Zuen lehenengo taldea Arrano Beltza izan zen, nahiz eta geroago izen berri bat eman. Noiz hasi zineten talde bat sortzeko asmoarekin? Zergatik aldatu zenioten izena?
Taldea bat-batean sortu genuen. Guk, lagun batzuek, artean elkarrekin jotzen genuen eta nik ikasten nuen ikastolan, Beasaingo Alkartasuna Lizeoan, festa bat egin genuen. Nik abestu egin behar nuen festa horretara Alberto Pelaez etorri zen megafonia jartzera eta esan zidan: “Hik lagunak badauzkak, ba, nik egingo niake talde bat”. Eta horrela hasi ginen. Guk, egia esan, hasieran mezetan jotzen genuen, Lazkaon bazen apaiz moderno samar bat, Jaxinto, eta euskal kantak jotzen genituen elizan. Hiru geunden, bik gitarra eta batek soinua jotzen genuen, Albertok, aldiz, bateria. Beraz, berarekin hasi ginen eta berak eman zion izena taldeari guri ezer esan gabe. Izena polita da, baina gero, denborarekin, pentsatu genuen beharbada komertzialegia ere ez zela eta aldatu egin genion. Dena den, Estatu Batuetan badago Eagles (arranoak) taldea eta asko gustatzen zaigu.

936827.jpg25 urte bete ditu dagoeneko Drindots taldeak eta bertatik musikari asko pasa da, hala eta guztiz ere, zuk eta Agirrezabalak taldean jarraitzen duzue. Hainbeste denbora eta gero, ez al da aspergarri bihurtzen? Taldekideren bat bazihoala jakitean, zer sentitzen zenuen?
Ba, egia esan, niri konturatu gabe pasa zaizkit urteak. Orain urte batzuk hasi nintzen pentsatzen utzi beharko niola taldean jotzeari, alabak hazi egiten dira eta orain nirea ikustera etortzen bada… Hasieran pentsatu nuen 35 urterekin utzi egingo nuela, baina urte hobeak eta okerragoak izaten dira eta orain, gutxi gorabehera, gustura nago. Aipatu dudan bezala, orain dela bost urte edo izan nintzen uztekotan, nahiko serio, baina jarraitu egin nuen. Gero, Euskal Kanturik Onena atera zitzaidan, horrek pixka bat piztu ninduen eta gustura nabil. Bestalde, zer sentitzen den norbaitek taldea uztean? Bada, guk lehen ia astebururo jotzen genuen eta, orduan, musikak gauza asko eman dizkit eta asko gustatzen zait. Hala ere, kendu ere egin dizkit, besteak beste, lagunekin egoteko aukera, nire Lazkaoko koadrilakoekin. Azkenean, taldekoak lagun bihurtzen dira eta batek utzi egin behar duenean, arrazoia ulertzen duzu normalean; izan ere, gehienek lanagatik utzi dute. Nahiko ondo konpondu izan gara, izan dugu gorabeheraren bat, baina, oro har, ondo konpondu gara. Hori dela eta, norbaitek uztean, penatu egiten zara, alabaina, beti moldatu gara jende gehiago aurkitzeko. Laster aldaketak izango ditugu, uste dut hurrengo urtean ni bakarrik geldituko naizela beteranoetatik… (primizia!).

1981ean lehen kontzertua eskaini zenuten Lazkaon zuek erositako musika-ekipoarekin. Zer nolako esperientzia izan zen? 1.400 bat kontzertu eman dituzue oraindaino, guztietarako ez zinela animatuta egongo suposatzen dut, zer egiten zenuen kasu hauetan?
Musika jotzeko lehenengo esperientzia Lazkaoko festetan izan zen, egitarau ofizialean izan ez bazen ere, guretzat gauza handia izan zen. Gainera, oso traste gutxi genituen. Baxua, adibidez, arratsalde hartan bertan erosi genuen. Josunek, taldeko neska bakarrak, jo behar zuen baxua, baina oraindik ez zekien eta nik pixka bat banekienez, nik jo nuen. Gero, Josuneri irakasten hasi nintzaion. Gu ilusio handiz hasi ginen 15-16 urterekin, lehenengo 10-15 urteetan izugarrizko gogoa izan genuen eta 92. urtean izan genuen arrakastarik handiena. Denborarekin, berriz, gogo gutxiago izaten da, urteen arabera bada ere. Ni musika jotzera gehienetan gustura joaten naiz, nahiz eta oso gogorra izan. Jendeak pentsatzen du: “Hauek ondo pasatuko dute, festak dauden lekuetara joan, parranda pixka bat egin…”, baina nahiko gogorra da hiru orduz eszenatoki gainean egon eta egun gehienetan itxura bat ematea. Normalen, lo gutxi eginda eta nekatuta joaten naiz; hala ere, giroak berak animatzen zaitu, jendea gustura dagoela ikusta. Bestela, tourreko ziklistek bezala, segi, pedalei eman…

Nola bizi izan zenuen 25. urteurreneko ekitaldia? Noiz arte jarraitzea espero duzue?
25 urte betetzear geundela, esaten genuen: “Egin beharko dugu, ba, zerbait berezia Lazkaoko festetan, taldetik pasa diren kideekin dantzaldiren bat edo”. Denok lanean ari ginen, ordea, ez genuen antolatzeko astirik izan eta ez genuen gauza berezirik egin. Ez dakit noiz arte jarraituko dugun. Beti asmoan eduki dudana, jendea aldatzen joan den bezala, ni ere, halako batean, jubilatuko naizela izan da. Gelditzen direnek jarraitzen badute, ondo; eta, bestela, ere bai. Nik jarraitzea nahi nuke, plazetan giro ona dagoen seinale.

Euskal Kanturik OnenaEuskal Kanturik Onena (EKO) izeneko telesaio batean ere parte hartu zenuen. Nola sortu zitzaizun aukera hau? Zer nolako esperientzia izan zen?
Oso esperientzia polita izan zen. Etxean nengoen eta telefonoa hartu eta :“ Aizu, EKOtik deitzen dizugu”, ” EKO? Zer da hori?”. Banekien telebista saio bat zela, baina, egia esan, ez nuen ikusi ordura arte. Lehenengo egunean, oso gogorra egin zitzaidan zuzenean kantatzen zutela eta jendea begira zegoela ikusita. Buruari bueltak ematen hasten zara: ” Eta letra gaizki esaten badut?”; hala eta guztiz ere, pantaila bat badago karaoke modura letra jartzen dutena, baina nik ia ikusi ere ez nuen egiten. Poz handia eman zidan; izan ere, nik neure burua ez dut inoiz abeslaritzat izan, eta telebistan kantari gisa ateratzea errekonozimendu moduko bat izan zen. Harritu nintzen EITBtik nolatan deitu zidaten, geroago jakin nuen, tarteko Aitor Furundarena zegoela, gure taldean ordezkatze lanak egindakoa. Programako musika arduraduna zen, hasieran abeslari gutxiagorekin hasi baziren ere, gehiagoren beharrean aurkitu ziren eta Aitorri bururatutako horietako bat izan nintzen.

Oso ezberdina al da agertoki batean edo telebistan aritzea?
Telebistan taldekoekin ere izanda ginen. Oso desberdina da, beti playbacka, guk grabatutako kantak… Behin gogoratzen dut kanta baten playbacka egin genuela eta letra ez nekiela, nola edo hala atera behar estutasunetik! Astebete lehenago bidaltzen zigun Aitorrek playbacka korreo elektronikoz eta han ibiltzen nintzen MP3a hartu eta edozein lekutan entseatzen. Lehenengoa gogorra izan zen, hurrengoetarako ohituz joaten zara.

eko_jon_100x140.jpgEKO zuzenean birak arrakastarik izan al zuen? Abestiak horren ezagunak izanik, jendeak zuekin batera abestu eta parte hartzen al zuen edo abesti berriak nahiago zituela iruditzen zaizu?
Birak oraindik ere jarraitzen du, baina iaz ez zuen arrakasta handirik izan. Batik bat berandu hasi zelako, hau da, programa bukatu eta denbora dezente pasatu zutelako martxan jartzen. Telebistako oihartzuna oso urrun gelditzen den arren, aurten ere egin ditugu lau edo bost. Hasieran lau baginen ere, hiru abeslari joaten gara sei bat musikarirekin. Nik oso ondo pasatzen dut; izan ere, 12 abesti baino ez ditut kantatzen, gehienak ezagunak, eta jendeak gurekin batera abesten ditu.

Euskara mintzagai…

Argentinan bizi den zenbaiti euskara irakasten aritu zara online ikastaroen bidez. Munduan euskara ikasteko gogorik ba al dago?
Gezurra dirudi, baina bai.. Harrigarria gertatzen da Argentinara joan eta euskara ikasi nahi duen jendea aurkitzea. Nik 40 ikasle dauzkat bi taldetan, nire ikasleak han irakasleak dira eta 1.000 bat ikasle dauzkate, izugarria da. Uruguaykoak ere badauzkat eta datorren urtean, segur aski, Hego Amerikako herri gehiagotan. Gainera, Estatu Batuetan ere ari dira, baita unibertsitateetan klaseak ematen ere eta materiala egiten hasi behar dugu.

Ordenagailuarekin eta orokorrean teknologia berriekin ongi konpontzen al zara?
Oso ondo ere ez. Ikasleren bat etortzen bada, “ordenagailuei buruz horrekin hitz egin” esaten diete; nik, ordea, ordenagailuei buruz ez dakit ezertxo ere. Guri ordenagailuak eman digun aukera bestela sortuko ez litzatekeen talde bat sortzekoa izan da, pertsona horiek ezin baitira elkartu horrela ez bada. Hemendik ematen dizkiegu klaseak, batzuek esaten digute talde hori birtuala dela, baina benetakoa da. Gauza asko egiteko aukera ematen dizu internetek, nahiz eta oraindik gutxi aprobetxatu. Beno, zuen ikastolan gehiago, ezagunak zarete… Besteak beste, ni urte askotan ibili naiz musikan, baina besteen abestiak joz, ez naiz inoiz kanta bat sortzen jarri. Materialgintzan, berriz, euskaltegian aspaldi hasi nintzen, oso lan kreatiboa edo sortzailea da eta asko gustatzen zait. Ordenagailu bidez eta hemendik milaka kilometrora dagoen jendearekin aritzeak pixka bat “saltseatzeko” eta gauza desberdin asko egiteko aukera ematen dizu. Polita da.

Jon eta Irati elkarrizketan zeharZure iritziz online ikastaroen alde on eta txarrak zein dira? Zuk ordenagailuz edo aurrez aurre irakastea duzu nahiago?
Niri biak gustatzen zaizkit. Hala eta guztiz ere, uste dut irakaskuntzan onena, batez ere hizkuntzen kasuan, aurrez aurrekoa dela. Baina ez da leku guztietara iristen eta gaur egun, egunetik egunera, ordenagailuak komunikatzeko aukera gehiago ematen dizkizu. Orain dela hiru urte, hasi nintzenean, txat bidez bakarrik hitz egiten genuen, egun, skype eta horrelakoak ere erabiltzen ditugu. Gaur bertan, hona etorri aurretik, Argentinako ikasle batekin aritu naiz. Nahiago, agian, aurrez aurre. Iruditzen zait, online irakasle gutxiago daudela trebatuta eta datorren urteetan online aritu beharko dut. Ordenagailuak hotza izatearen fama dauka, baina ez da hotzagoa, desberdina da. Askotan, ikasle batzuekin lortzen duzun harremana aurrez aurre lortzen duzuna baino sendoagoa da; izan ere, idazten duzuna badakizu bertan geldituko dela eta gehiago pentsatzen duzu. Ahoz ari zarenean, aldiz, gauzak errazago esaten dituzu, normalean ez dagoelako inor esaten duzuna grabatzen. Beraz, batzuekin harreman estua sortzen da, urrunago eta gutxiagotan egon arren.

Nola ikusten duzu euskararen egoera urte batzuk barru?
Munduan zehar aurrera egingo duela pentsatzen dut eta espero dut Euskal Herrian ere egitea. Gauza askotan hobetu egiten da, jakin jende gehiagok daki, baina erabilera da arazoa. Orain etorri den kanpotar pilak kezka pixka bat sortzen dit; horregatik, horiek euskalduntzen egin beharko dugu ahalegina.

Horrelaxe amaitu genuen solasaldia, argazki batzuk ateratzeko aprobetxatu eta eskerrak eman nizkion. Berriro ere, nirekin egoteko tartetxo bat hartu izana eskertu nahi diot, lanpetuta ibiliko zela suposatzen baitut. Mila esker, Jon!

Hemen uzten dizkizuet Drindotsek abesten dituen kanta ezagun bi, Maritxu (hitzak) eta Ebamirentxu (hitzak), eta elkarrizketaren grabazioa.

 

Comments { 13 }

Pedro Garcia: “Ez dut Shisha Pangma sekula ahaztuko”

Pedro Garcia Ordizian jaio zen 1971n. Orain dela hainbat urte hasi zen alpinismoaren munduan murgiltzen, eta, besteak beste, 4 zortzimilako bereganatu ditu: Shisha Pangma (8045m), Broad Peak (8047m), Cho Oyu (8200m) eta Gasherbrum II (8035m). Horretaz gain, badaude beste mendi batzuk, zortzimilakoen helburura iritsi baino lehen, alpinismoaren bide honetan igo dituenak, Pobeda (7439m), Lenin pikoa (7164m), Cotopaxy, Komunismo pikoa (7495m) eta Katengry (7000m), esate baterako.

Inacio eta Pedro elkarrizketa egunean

Lehengoan, berarekin geratu nintzen euskaljakintzarako elkarrizketa egiteko, eta hogei minutuz patxadaz hitz egin genuen. Hemen duzue astearte arrats horrek eman zuena.

Zaletasun hau nondik datorkizu? Noiz hasi zinen?
Koadrilako lagun batekin hasi nintzen. Hasieran, mendiko bizikletarekin hasi ginen, oraindik errugbian jokatzen nuenean. Astebururo bizikletan ibiltzen hasi ginen. Gero, bizikleta utzi eta Txindokira joaten hasi nintzen. Ondoren, Pirineotara, Alpeetara eta, horrela, Himalayara arte.

Prestaketa bereziren bat egiten al duzu?
Bai, gainera orain hasiberria naiz. Mendi garaiak igotzeko “kaja” egitea da garrantzitsuena; baita bizikleta, korrika edota gimnasioa ere. Egokiena konbinatzea da. Egun batean, korrika eta gimnasioa; bestean, bizikleta… Indarra hartzeak ere bere garrantzia du. Adibidez, entrenamendu gisa, neguan Piriniotara joaten gara.

Sisha PangmaSisha Pangmako izan zen zure lehendabiziko zortzimilakoa. Berezia izango zen…
Bai, dudarik gabe, oso berezia izan zen. Nik lehendik zazpimila ugari igoak nituen, eta Shisha Pangmara gogo izugarriarekin joan nintzen. Gogoratzen dut, han 2. kanpoan geundelarik, nire lagun katalan bat gaizki jarri zela, eta bakarrik egin nuen igoera, arrastoa irekiz. Oso indartsu aurkitzen nuen neure burua. Gainera, bertan, Ormazabal laguna hil zen… Ez dut mendi hau sekula ahaztuko.

Zein izan da igo dituzun mendietatik konplexuena? Eta zailtasun aldetik errazena?
Ba, zailenetarikoa Pobeda mendia (Errusian, 7500 m-koa). Oso mendi gogorra da, egin izan ditut zortzimilakoak hau baina errazagoak. Gainera, mendi teknikoa da, arrokako pasoekin eta beti eguraldi txarra egiten du: haizea, hotza…. Oso jende gutxi joaten da. Bestalde, errazenetariko bat Lenin mendia izan daiteke (7100 m-koa). Pioletekin igotzekoa da, baino ez da mendi teknikoa. Hala ere, ez da hain erraza.

Broad PeakZein da igo dituzun mendietatik politena edo gustukoena?
Politena Gasherbrum IIa (8035 m) izan daiteke. Bestalde, gustukoena beharbada Cho Oyu (8200 m). Baina orokorrean denak dira politak, adibidez, aurten egindako Broadpeack(8040 m) ere ederra da. Beharbada G2rekin geratuko nintzateke; estetikoki ederra, punta zuzena… Hala ere, mendi bakoitzak bere xarma dauka eta denak dira dotoreak.

Noizbait ikusi al duzu zure burua arriskuan?
Arrisku-arriskuan ez, baina gogoratzen dut, adibidez, Errusiako Komunismo mendian (7495 m), egin genuela saiakera bat azkeneko kanpotik: oso goiz hasi ginen eta erdi lainotuta zegoen. Gailur-ertz batera iritsi eta berehala izugarrizko ekaitza atera eta mendia guztiz lainotu zen. Ez zen ezer ikusten, eta denbora gutxian elur pila bat bota zuen. Orduan, jaisten hasi ginen, baina ezinezkoa zen: elur-jausi mordo bat izan genituen. Hori ikusita, berriz gailur-ertzaraino igo eta bertan pasa genuen gaua . Hurrengo egunean, goizeko seietan beherantz jaitsi ginen eta oraindik ere larriak pasatu genituen, baina beno…

Mendian laguntasuna garrantzitsua al da?
Bai, bai… niretzat oso garrantzitsua da mendian laguntasuna. Nik oso argi dut lehenengo laguna dela, eta gero mendia. Nik garbi dut lagunarekin edo koadrilarekin mendira joaten banaiz eta norbait gaizki jartzen bada edo zerbait gertatzen bazaio, ni lagunarekin behera noala. Hori ezinbestekoa da niretzat eta buruan oso sartua dut. Bestalde, suposatzen dut, besteek ere berdina egingo zutela.

Cho OyuZer sentitzen da helburua lortzen ez denean? 2000. urtean Cho Oyuko gailurretik 100 bat metrora gelditu zineten…
Ba, gogoratzen dut izugarrizko ekaitza, haizea… sartu zela eta leher eginda geundela; gero, dendan nengoela, izugarrizko pena eman zidan nire lehen zortzimilakoa igo ez izateak. Etsipena sentitzen duzu, baina orain dudan esperientziarekin, oso ondo egin nuela pentsatzen dut. Ez du merezi horrela arriskatzea; gainera, nik uste baino gehiago falta zitzaigun. Han, adibidez, 200 metro igotzeko 4 ordu behar dituzu. Bestalde, 2005ean igotzea lortu nuen, orduan eguraldia lagun.

Zaila al da gorputza bertako klimara egokitzea?
Bai, gogorra da. Pentsatu hemen ia itsasoko nibelean bizi garela, eta han kanpo basean jada 5800 metrora zaude. Horretarako, poliki igo eta han egun batzuk igarotzen ditugu, basean, gorputza pixkanaka ohitzeko. Gero 1go, 2. eta 3. kanpoak jartzen ditugu, metro desberdinetan daudenak. Adibidez, bata 6000 m-ra, bia 7000 m-ra, hirua 7500era… eta gero han egiten dugu lo. Hau garrantzitsua da; izan ere, altuerara klimaratzeko ordu asko behar baitira. Bestalde, gorputz bakoitza desberdina da. Ni, adibidez, urte asko daramadalako edo, oso ondo klimaratzen naiz. Beste batzuk, ordea, esate baterako, hemen ondo dabiltzanak, han gaizki ibil daitezke edo alderantziz. Lehen esan dudan bezala, gorputz bakoitza desberdina da.

Alpinismoa eta lana uztartzea gogorra al da?
Zertxobait bai. Nik, adibidez, baimenak eskatzen ditut eta ematen dizkidate. Gero, ordea, orduak sartzen ditut. Esate baterako, orain orduak sartzen ari naiz. Izan ere, oporrak hilabetekoak dira, eta nik 50 egun edota 2 hilabetekoak hartzen ditut. Bestalde, orain geldi egon naizelako, oso gogorra egiten zait lanetik atera eta 3-4 orduko entrenamenduk egitea. Hasi eta pare bat hilabetera nekea sentitzen da gorputzean.

Ba al duzu beste zaletasunik?
Bai, adibidez, bizikletan ibiltzea oso gustuko dut, baina nagusiki nire entrenamenduaren barruan dagoelako.

Ba al duzu proiekturen bat aurrera begira?
Bai. Datorren urtean Himalayara joan nahi dugu atzera, baina beno… ikusteko dago. Paper guztiak lortu behar dira…

Noiz da mendietara joateko garai egokia?
Udaberrian edo udazkenean joan beharra dago, horiek dira data egokiak, Nepalera joateko, esaterako. Pakistanera joateko, aldiz, maiatza, ekaina… izan daitezke egokiagoak.

Ordiziako Futbol Elkarteak sari bat eman berri dizu. Horrelakoetan zer sentitzen da?
Niretzat hori opari bat izan da, eta benetan asko eskertzen diet. Ni etxean nengoen eta deitu egin zidaten. Ez nuen espero eta poza sentitu nuen.

Elkarrizketa amaitzean, herriko plazara joan eta solasaldiari amaiera emateko pare bat argazki atera genituen. Gero, elkar agurtu ondoren, Pedro entrenatzera joan zen aurtengo denboraldiari gogor ekiteko. Eutsi goiari, Pedro!

Bukatzeko, hementxe uzten dizuet Sisha Pangmaren gailurra bere edertasunaz goza dezazuen:

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/sMm_nDPdmVg" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

 

 

 

 

Comments { 10 }
-->