Arconada: “Igotzeko aukera dezente dago, baina liga luzea da”

Egia esan, horren azkar izan zen, non egoera neure egiteko denborarik ere ez nuen izan. Larunbatean berarekin hitz egin, eta astelehenean bertan jarri genuen hitzordua. Urduri nengoen, ez bainekien elkarrizketa nola egin, ezta zer galdetu ere. Gurasoak nituen atzetik, etengabe aholkuak ematen. Bazirudien ni baino aztoratuago zeudela; izan ere, gazte denboran izandako idolo moduko bat zen beraientzat. Lagun bati eskatu nion laguntza, ni lasaitzeko gehienbat (aitak ez baitzidan horretan asko laguntzen). Beraz, abiatu ginen aita, laguna eta ni kotxez Donostiara. Bidean gindoazela, auto-ilara batek harrapatu gintuen. Ni gero eta urduriago jartzen hasia nintzen, baina deitu eta lasai egoteko esan zigun, ez zeukala presarik eta. Bere etxera joan ginen elkarrizketa egitera. Egongelan eseri, kamara martxan jarri eta elkarrizketarekin hasi ginen.

Arconada eta Izaskun

Pentsatzen dut denek jakingo duzuela Arconada nor den. Ez dakienarentzat,  esan beharra dago “Real Sociedad futbol taldeak izandako atezainik onena izan dela, eta taldearen lorpen esanguratsuenak bera jokalari zeneko garaikoak direla. Gainera, urte dezentetan izan zen Espainiako selekzioko atezain titularra. Wikipediak hauxe dio berari buruz:

Munduko atezainik onenetakoa izan arren, Errealarekiko fideltasuna erakutsi zuen, bere karrera osoa talde honetan eman zuelarik. Honetaz gain, 68 partidu jokatu zituen Espainiako selekzioarekin. Bai zelaian eta bai zelaietatik kanpo erakusten zuen karisma zela-eta, futbol zaletu askoren idoloa zen.
Zalego txuri-urdinaren artean ezaguna egin zen honako esaldi hau: “No pasa nada, tenemos a Arkonada”

Lehenik eta behin, zure hastapenak aipatu nahi nituzke. 16 urterekin sinatu zenuen kontratua Realarekin, eta, hori baino lehenago, Lengokoan jokatzen egon zinela jakin izan dut. Txikitatik jakin izan zenuen futbolalari izan nahi zenuela? Eskolan hasi nintzen, mutiko guztiak bezala, kirol guztiak eginez. Nire garaian, kirol jakin batzuetan arituz gero, abantaila batzuk zenituen: puntu erdia ematen zizuten matematikan atletismoa eginez gero… Eta, orduan, nik denetatik egiten nuen. Eskolan atletismoko taldean nengoen, baita futbolekoan ere. Agian, atezain jartzen ninduten lurrera botatzeko beldurrik ez nuen bakarra nintzelako, lurra zementuzkoa edo harri-txintxarrekoa zela kontuan hartu behar baita! Atezain modura jokatzen hasi nintzen, eta oso gustuko nuen. Ondoren, hondartzara pasa nintzen Lengokoa taldearekin. Hondartzan jokatzen egon nintzen denboran, ez zeuden orain bezala horrenbeste maila: alebin, kadete, infantil, jubenil… Garai hartan, erregionalean edo hirugarren mailan jokatzera pasatzen zinen zuzenean. Eta, beraz, 16 urterekin Realean jokatzen hasi nintzen eta hortik Sansera pasatu nintzen.

Goi mailako ikasketak hasi, eta segituan debutatu zenuen Realean. Alde batetik, entrenamenduak eta partiduak eta, bestetik, ikasketak eta azterketak. Nola uztartu zenituen biak? Ez zen erraza izan Realean debutatzea; izan ere, beste bi atezain zeuden garai hartan: Urrutikoetxea eta Artola. Egia esan, zail samar izan nuen. Urruti ordezko zegoen selekzio absolutuan, eta bi urtez gutxi gorabehera egon nintzen Sansen. Esnaola Betisera joan zenean, errealera joan nintzen hirugarren atezain bezala. Egia esan, hasiera gogorra izan nuen, nik uste bainuen zaila izango nuela jokatzeko. Urrutiren lesio baten ondorioz, Artola hasi zen jokatzen. Ordezko nengoenez, biziago nengoen. Artola Bartzelonak fitxatu zuen, eta ordezko bezala jarri ninduten ni Urruti osatu zenean. Orduan, Urrutiri postua kendu, eta jokatzen hasi nintzen. Esan behar da gogorra egin zitzaidala.

Ikasketei buruz, txikitatik nire aitak esaten zidan, lehenengo, ikasturtea gainditu behar nuela. Ez banuen gainditzen, hondartzan egon nintzen garaiaz eta jubeniletako garaiaz ari naiz hitz egiten, ez zegoen futbolik; beraz, denak gainditzen nituen. Gero ikasten jarraitu nuen, baina egia da gero eta zailagoa egiten zitzaidala. Reala, bidaiak, selekzioa, olinpiadak, kontzentrazioak… korapilatzen joan zen dena. Karrera bat ikasi nuen, baina bosgarren urtean geratu nintzen.

Arconada elkarrizketan zehar79-80 denboraldian, liga irabaztekotan egon zineten; azken momentura arte, ordea, ez zen argitu zein izango zen irabazlea. Denboraldi bikaina eginda gero eta 32 partidutan inork zuek menperatu gabe egon ondoren, golpe gogorra izango zen liga ez lortzea, ezta? Nola bizi izan zenuen, horrenbeste esfortzuren ondoren, garaipena eskuratu ez izana? Gogorra izan zen. Reala talde umila zen eta jarraitzen du izaten, baina garai hartan liga lehiatzea pentsatu ere ezin genuen gauza zen. Denboraldi pare bat ondo jokatzen genbiltzan eta UEFA Koparako sailkatu ginen. Egia esan, ez genuen espero maila horretan egotea. Partiduak irabazten joan ginen. Garai hartan, puntuazioa ez zen gaur egungoa bezalakoa: irabazteagatik bi puntu eskuratzen ziren, eta berdintzeagatik bat. Irabazten, berdintzen, irabazten, berdintzen… gindoazen eta aukerak genituela ikusi genuen, titulua ia-ia gure eskuetan zegoela. Madrilen Real Madrid taldearen aurka jokatu genuen partidua izan zen giltza. Haiek bigarren postuan zeuden eta gu 0-2 gindoazen irabazten. Orduan, Santiago Bernabeun beti gertatzen diren gauzak hasi ziren gertatzen: bost minututan arbitroak penalti bat adierazi, gol bat sartu, jokalari bat kanporatu… ikustekoa izan zen! Hor aukera on bat izan genuen. Bigarrena, ligako azkenaurreko partiduan, Sevillaren aurka. Ilusio handia zuen talde gazte baina esperientziarik gabea ginen. Azkenean, ezin izan genuen partidua irabazi, eta, zoritxarrez, ia-ia eskuetan genuen tituluak ihes egin zigun.

Hurrengo denboraldiaren hasieran kostatu zitzaizuen erritmoa hartzea, baina azkenean lortu zenuten. Nola eragin zizuen aurreko denboraldiko esperientziak? Denboraldiaren hasiera bigarren titulua lortu genueneko haren antzekoa izan zen: bigarrenak, hirugarrenak… gindoazen. Talde ona genuen, osatuagoa eta esperientzia gehiagorekin; ez genuen uste, ordea, titulua irabaziko genuenik Madril eta Barça hor zeuden eta. Azkenean, atzean gelditu ziren, eta azkeneko partidua iritsi eta irabazteko aukera genuela ikusi genuen. Luzea egin zitzaigun, deskontu-denboran izan baitzen; halere, azkenean irabazi ahal izan genuen. Agian, hori guztia gertatu zitzaigun sailkapenaren goialdean ezin izango genuela egonpentsatzen genuen urtean.

Taldeko sentimenduaz gain, zer sentitu zenuen gol gutxien sartu zioten atezaina izatean eta Zamora Trofeoa jasotzean? Zalantzarik gabe, taldeko lana da; halere, hiru Zamora Trofeo jarraian jasotzeak kasualitate hutsa ez dela pentsarazten dizu. Talde lana da, eta zuretzat atsegina da aipamen berezi hori jasotzea eta urtero erakustea. Beste urte batzuetan ere izan nintzen bigarren postuan. Hala ere, gure jokatzeko erari erreparatuta, ez ginen erasoan jokatzen zuen taldea. Zergatik? Ez genituelako nahikoa baliabide eta jokalari kopuru mugatua genuelako. Zirkunstantzia jakin batzuengatik Zamora saria lortu ahal izan nuen.

Futbolaria izan zinen garaian, hainbat sari lortu zenituzten. Zein izan zen poz handiagoz hartu zenuena? Nire ustez, bizitzan askotan gertatu zaidan bezala, lehenengo titulua. Bigarrena ere baina…Baita Kopako titulua ere, lehenengo Kopako titulua izan zelako. Hala ere, poz handiagoz hartu genuena, zalantzarik gabe, ligakoa izan zen, denboraldi osoan izandako erregulartasunarengatik jasotako titulua izan zelako. Eta, egian esan, aurreko urtean gertatutakoa eta gero, aukera hori gehiago izan behar ez genuela pentsatzen genuelako.

Arconada, Izaskun eta LauraImajinatu partidu batean zaudela eta azkeneko penaltia jaurti behar dutela. Garaipena azken jaurtiketa horren menpe dago. Behin baino gehiagotan egongo zinen egoera horretan, noski. Zer sentitzen zenuen momentu horietan? Momentu horietan, ezagutzen ez nuen talde bat salbuespen, beti jakiten nuen zein aldetara jaurtitzen zituzten penaltiak. Nik ikasita nezukan ligako jokalari guztiek jaurtitzen zituzten penalti guztiak. Estudio Estadio guztiak ikusi eta irudi guztiak ondo aztertzen nituen. Gauzak horrela, nik banekien Danik edo Schusterrek edo beste edozeinek nora jaurtitzen zituzten penaltiak. Horretaz gain, jaurtitzen zituzten penalti kopurua ikasia nuen, zein zen emaitza penaltia jaurtitzerakoan… Izan ere, ez da gauza bera jaurtitzea penalti bat berdinduta zoazenean edo 4-0 irabazten zoazenean. Azken kasu honetan, lasaiago, erlaxatuago jaurtitzen da. Adibidez, Kopako finalean bostak asmatu nituen: bat gelditu egin nuen eta besteak kanpora jaurti zituzten. Uste dut laugarrenerako jada txapeldunak ginela. Garbi dago profesionala bazara, prest egon behar duzula horretarako. Nik banekien gure aurkako taldekoek nora botako zituzten penaltiak, nire lana zen hori jakitea. Noski, sartu zizkidaten penaltiak; halere, asko gelditu egiten nituen, batez ere ikasita joaten nintzelako.

Lesio gutxi izan bazenituen ere, 85-86 denboraldian bat larria izan zenuen; ezin izan zenuen jokatu. Gogorra izan al zen zuretzat zure taldekoak zelaitik kanpo ikustea? Kirol bat egiten duzunean, gogorrena denboraldi-aurrea izaten da; izan ere, hilabete bat oporrak izan ondoren, entrenatzen hasten zarenean hasten dira urradurak, gihar-minak, nekea… Gainera, entrenatzaile berri batekin hasten zara, eta bere konfiantza irabazi behar duzu. Ligako lehenengo partiduan lesionatu nintzen, bi hilabete gogor lan egiten aritu ondoren. Lehenengo partiduan, gaizki zapaltzeagatik, belauna puskatzea eta zazpi hilabetez jokatu gabe egotea gogorra eta luzea izan zen.

Futbola utzi zenuenean, zaila izan zen kirolariaren bizitza atzean uztea, entrenamenduak eta partiduak, eta bizitza berri batera ohitzera? Bai, zaila da; ez bazaude apur bat prestatuta, ez da erraza. Azkenean, nekagarria bidaiak, kontzentrazioak… dira. Martxoan edo apirilean bukatzeko irrikaz egoten zara. Nik argi neukana zen, kirola uztean, ez nuela entrenatzaile edo kirol zuzendari izan nahi. Ohituta nengoen jokatzera, eta beste guztian ez nuen nire burua ikusten. Nik ikasketak nituenez, enpresen munduan sartu, eta pixkanaka dinamika batera ohitzen joan nintzen. Horrek futbolaz ahaztera eramaten zaitu; bestela, egun osoa oroitzapenetan ematen duzu eta egin ezin dituzun gauzei begira egoten zara.

Kirolari dagokionez, zein izan da zure unerik onena? Beti daude onak, eta, gainera, hobe da beti une on horiez gogoratzea. Pentsa, lau urte nituenetik aitarekin Atotxa futbol zelaira joaten nintzen partiduak ikustera. Beraz, hainbeste aldiz Sanse eta Reala ikusi ondoren, izugarria da Sansen jokalari bezala hastea, zer esanik ez gero Realarekin hastea, olinpiadak, selekzio absolutua… Ez duzu pentsatu ere egiten horra hel zaitezkeenik, baina pixkana-pixkanaka helburuak lortzen zoaz eta, horiek bete dituzula ikusten duzunean, gogor aritzen zara areagokoak erdiesteko.

Arconada atezainaZein izan da zure gelditurik onena ? Asko ditut gogoan; dena den, batzuk aipatzearren: Errege Kopako penaltia, Quiniri Atotxan eginikoa, Schusterri ere Atotxan gelditutakoa… Baloratzekoan, garrantzitsua da momentuko zailtasunak kontuan izatea. Ni ohartzen nintzen egindakoaz telebistan ikusita gero; izan ere, baloia jaurti behar dutenean, ezin duzu pentsatu nora bidaliko duten, konturatzerako lurrean baitzaude. Orduan, ni gero ohartzen nintzen. Zergatik botatzen nintzen hara edo hona? Bada, neurri handi batean erreflexuek agintzen zidatelako, entrenamendu ohiturek…

Behin baino gehiagotan pentsatuko zenuen “bat-batean desagertuko banintz…“? Askotan eta, gehienbat, lesioekin eta gol bereziren batekin. Adibidez, Bertinik gola sartu, Sevillaren aurka, eta horrekin ligako titulua galdu genuenean; Eurokopako gola…Jokabide batzuk, atezain bezala, oso esanguratsuak dira eta, ezinbestean, zure gain hartu behar dituzu.

Poztuko zintuen Palopek Eurokopan egin zizun omenaldiak… Zalantzarik gabe norbaitek zu aintzat hartzea beti da pozgarria. Hala ere, ez dira bakarrik mota horretako errekonozimenduak kontuan hartu beharrekoak. Oso atsegina da kaleko jendeak esaten dizunean zein ondo pasatu duen zu jokatzen ikustea. Benetan pozgarria da pentsatzea zuk zerbait egin zenuela, eta egindako horrekin jende askok gozatu zuela.

Pentsatzen dut Realekoa izanda, partiduak ikusten jarraituko duzula. Aurten, talde ona osatu dutela esaten dute. Lehenengo mailara igotzeko aukerarik badutela pentsatzen duzu ? Begira, liga oso luzea da, uste dut 42 partidu direla, eta aurkari batzuk ere lehenengo mailatik jaitsi dira; beste batzuk, berriz, indartu egin dira fitxaketa interesgarriekin; beste batzuek dirua dute, Cartajena kasu. Oraintxe arte ia inork ez zuen ezagutzen, baina enpresari batek diru dezente ipini du eta fitxaketa interesgarriak egin dituzte.. Gure kasuan, nik uste dut ilusio handia duen jende gaztea dagoela; gauzak oso argi dituen presidente bat, Jokin Aperribai… Nire ustez, saiatu beharra daukagu oraintsuko iraganaz ahazten, non Realak erakutsi zuen irudia ez zen berea. Nik uste dut aukera dezente dagoela; dena den, lehen esan dudan bezala, liga luzea da.

Eta horrelaxe amaitu genuen elkarrizketa. Nire aldetik, eskerrak eman nahi dizkiot Arconadari bere etxeko ateak zabaldu eta tarte hau eskaintzeagatik. Niretzat erronka handia zen, baina, bere gertutasunari esker, lasai eta eroso sentiarazi ninduen. Esker mila, Luis Miguel, zure bizipenak gurekin partekatzeagatik!

Arconada euskaljakintzan from Maite Goñi on Vimeo.

Ordiziako Jakintza ikastolako euskaljakintza 5eko Izaskun Gaztañagak Realeko atezain ohi Arconadari egindako elkarrizketa

Comments { 5 }

VI. Irakurri eta oparitu euskaraz

Euskarazko 100 liburu gomendagarri biltzen dituen Irakurri eta Oparitu gida [pdf] osatu dugu Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzukoek, Eguberrien atarian, seigarren urtez, Olentzerotan eta Errege Egunean liburuak oparitzea erabakitzen duten herritarrei laguntzeko.

Liburuen gidarekin batera, Euskarazko Produktuen Katalogoa [pdf] ere banatu dugu eskola umeen artean.

Irakurri eta oparitu, seigarrengoz

Irakurri eta Oparitu gida osatzeko, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZI) Haur Liburu Mintegiaren eta Euskal Herriko editoreen laguntza izan dugu.

Liburu gomendagarrien gida argitaratu eta herritarren artean banatzearekin batera, IRAKURRI ETA OPARITU ekimena bultzatuko du Ordiziako Udalak 2010eko urtarrilaren 4ra bitartean.

• Irakurri eta Oparitu Euskaraz 2009 gidan zerrendatuta azaltzen diren euskarazko liburuak Barrena kultur etxeko sarreran aurkituko ditu herritarrak, paneletan zintzilikatuta.

• Gidan gomendatzen den libururen bat oparitarako erosi nahi duenari, %25eko deskontu-txartela emango diogu Udaleko Euskara Zerbitzuan. %50ekoa deskontu-txartela eskuratuko dute mintzalagunek edota euskara ikasleek.

Irakurri eta Oparitu ekimenarekin, ordiziarren artean irakurzaletasuna sustatu eta euskarazko liburu produkzioari bultzada eman nahi diogu.

VI. Irakurri eta oparitu euskaraz

Aurreko edizioetan, bataz beste, 100 bat liburu eskatu dituzte ordiziarrek Irakurri eta Oparitu ekimenaren baitan.

Euskarazko produktuen 900 katalogoa

Euskarazko produktuen katalogoaMerkatuan euskaraz dauden produktuen eskaintza ezagutzera eman nahi dugu; baliabideak eskaini nahi dizkiegu 16 urte bitarteko herriko haur eta gazteei eta horien gurasoei. Hala, aurten, 900 katalogo banatu ditugu Ordizian, ikastetxeen bitartez. Euskarazko Produktuen Katalogoa eskuratu nahi duen herritarrak Euskara Zerbitzura hurbil daiteke, edota www.katalogoa.org gunera jo, katalogoaren pdf dokumentua jaisteko.

Zortzi ataletan sailkatuta, nagusiki aurten kaleratu diren produktu berriak jaso dira katalogoaren 12. edizio honetan: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak.

Comments { 0 }

Askoren ilusioa, askoren ahalegina

Ordiziako Udalak 2010eko Euskara Biziberritzeko Plana herritarrei ezagutzera emateko komunikazio kanpaina jarri du abian, “Askoren ilusioa, askoren ahalegina” [pdf] izenburua daraman katalogoa herriko etxeetan utzita.

Katalogoan, EBPNren barruan bideratuko diren hainbat proiekturen gaineko informazioa eskaintzen da.

Komunikazio kanpainarekin lortu nahi diren helburuak honakoak dira:

  • EBPNHizkuntza normalkuntzan esparru desberdinetan lanean dihardutenek EBPN jende askoren ahalegin bateratu gisa sentitzea.
  • Herritarrei modu erraz eta dibulgatiboan ezagutaraztea herrian hizkuntza normalkuntzaren arloan zer ekimen eta aukera dagoen eta eurak protagonista izan daitezen animatzea.

Katalogoa, azaroaren 30ean utzi da herriko gutunontzietan, baina komunikazio kanpainak abenduaren amaierara arte iraungo du. Bitarte horretan, 2010eko EBPNri zuzenketak eta ekarpenak egin ahal izango dizkiote herritarrek, EBPNri buruzko ideia-lehiaketan parte hartuta.

Abenduan zehar eta urte berriaren hasieran, bestetik, EBPNak jasoko dituen hainbat proiektu berri aurkeztuko ditu Udaleko Euskara Zerbitzuak:

  • Zorionak! Ama izango zara, haurdunentzako DVDa eta liburua.
  • Erregistro Zibilean umeak euskaraz erregistratzeko ekimena.
  • Guraso, hezitzaile eta begiraleei eskainitako urteko ikastaroen eskaintza.
  • Auto gidari karneta euskaraz.
  • Kontsumitzaile euskaldunak erosketa-poltsekin eta karroekin saritzeko kanpaina. Dendaz denda, euskara.
  • Kutxazainarekin euskaraz.
  • Ordiziako leku-izenak liburua eta weba.

Zehatz-mehatz, Ordizian euskaraz bizi ahal izateko aukera bermatu nahi zaio hala egin nahi duenari, eta horretarako behar adina neurri sustatu nahi da; baita koordinazio eta lankidetza ekimenak landu ere, Ordiziako gizarte eragileen eta erakundeen artean, normalizaziorantz aurrera egiteko.

Euskara zinegotziak gogorarazi duenez, 2006ko datuen arabera, Ordiziako biztanleen %79 dago euskararekin harremanetan: %58 euskaldun elebiduna da eta %21 ia euskalduna; hau da, hizketarako etorririk izan ez, baina ongi ulertzen du euskara. “6.980 herritarrez ari gara. Oso garrantzitsua da botere publikoek espazioak edo guneak betetzea eta irabaztea euskararentzat, 6.980 pertsona horiek euskara erabiltzeko eskubidea baliatzeko. Eta, hain zuzen ere, horixe bermatu nahi du plan honek”.

2010eko Euskararen Planak esku hartzeko zortzi eremu jaso ditu: familia transmisioa; irakaskuntza (gazteak); helduen euskalduntzea; udal-administrazioa, teknologia berriak eta komunikabideak; lana eta merkataritza; kirol-, aisialdi- eta kultur jarduerak; eta euskararen kalitatea. Eremuotan esku hartzeko Udalak dirutan aurreikusitakoa, guztira, 170.000 euro inguru da; hain zuzen ere, Udalaren aurrekontu osoaren %2a.

Comments { 1 }
-->