Udako azken joan-etorriak ematen ditugun bitartean, urteroko kantak eta koplak errepikatzen dira. Behin eta berriz ikasturte berriaren hasiera dela, ikasle berrien sarrera eskoletan, honelako matrikulazio zenbakiak izan direla, batzuk hizkuntza eredu batean eta beste batzuk bestelakoan… Dena berri den ikuspuntutik begiratuta. Dena den, horrekin batera urterokoa den ekintza garrantzitsu bat ere aipatu beharrean gaude, udazken hasieran izan ohi den bezala, KILOMETROAK, euskararen festa eguna.
Aurtengoan, Gipuzkoako Oiartzungo HAURTZARO ikastolari eta nola hala herritar asko eta asko bildu diren lan taldeei egokitu zaie egunaren ekitaldiak antolatzea. Ez da, ez, egun bakarreko lana. Aurretik sekulako kezka, urduritasuna, gogoa, motibazioa, interes berezia baina desinteresatua, denbora, tokia, irudimena, pertsonak, lagunak, herritarrak, kanpotarrak, haurrak, helduak… Denak prest datorren urriaren 1ean izango den festa erraldoiak oihartzun paregabea izan dezan eta gure hizkuntzak behar duen bultzada etengabea gizarteko esparruetan gero eta presentzia biziagoa islatuz, euskal nortasuna nabariagoa izan dadin herrian eta baita mugaz kanpo ere. Gu ere, oiartzuarrak izan gabe, partaide bilakatuko gara eta egun horretan han izango gara. Denoi gonbitea luzatzen zaigu eta nola huts egin?
Arrazoiak ugari dira gipuzkoarra izan arren, nafar kutsuaz zipriztinduta dagoen toki polit honetara hurbiltzeko: natura, mitologia eta eguzkia, besteak beste. Aiako Harria, Oiartzungo bizitzan elementu garrantzitsua; intxixua, pertsonaia mitologikoa, txikia baina laguntza ematen duena eta eguzki izpiekin batera, eguneko ardatz bihurtu diren ezaugarriak izango dira.
Ekintzetarako izango diren gune bereziak zazpi paradatan ikusgai izango dira eta txiki, gaztetxo, heldu eta adinetuentzat aurreikusita daude: jokoak, naturarekin lotutako ekimenak, bertso, kantu, kopla, era desberdinetako musika entzunaldiak, pailazo, pertsonaia bereziak … eta guztion alaitasunerako aski ezagunak egiten zaizkigun Alaitz eta Maider abeslari bikoteak musikatutako kanta, INGOYEU! INGOÑEU! lelopean.
Lanean berriz bizi-bizi eta euskararen inguruko aipamenak nonahi. Kementsu iraun dezagula hasi berri dugun aukera eta ekitaldia, beti aurrerako bidean pausoka urra dezagun geurea dugun herria eta etorkizun euskalduna.
Hona hemen edizio honetako abestia eta hitzak, eguna iritsi bitartean, entseatzen joan zaitezten:
powered by ODEO
Iruzkin berriak