SINONIMOAK LANTZEN

  • Sinonimoak lantzen:

    Sarean sinonimoak lantzeko jarduera gutxi dagoela konturatuta, geuk bakar batzuk egitea pentsatu eta hementxe duzue emaitza. Lehenengo, azken urteetan EGAko azterketetan ateratako sinonimoen zerrenda topatuko duzue eta, ondoren, aipatutako jarduerak (laukitxo bakoitzean klik eginez irekitzen dira).

SINONIMOAK LANTZEN

EGA-N ATERATAKOA

SINONIMOA(K)

ABAGUNE: aukera, parada, egokiera
ABAILA: ziztu, abiada, arineketa, arrapalada
ABAILDUA: eroria, goibeldua, etsita, lur jota
ABEGI: harrera
ABIATU: irten, jalgi
ADIBIDEZ: esate batera(ko), esaterako, kasu…
ADINA: beste, adinbat, bezainbeste
ADITUA: jakituna, jakintsua, jantzia
ADITZEN: ulertzen, konprenitzen, endelegatzen
ADORE: kemen, kuraia, ausardia, balentria, indar
ADORERIK: kemenik, indarrik
AGERIKOA: bistakoa, nabarmena, ezagun
AHOBERO: harro, harroputz
AIDURU: Zain, itxaroten, esperoan
AITABITXIA: Aita besoetako
AITZAKIA: estakuru
AITZINEKOA: aurrekoa, aurretikoa, arteragokoa
AITZIN-SOLASEAN: Sarreran, hitzaurrean, atarikoan
AKASO: beharbada, apika, agian, ausaz
AKATSAK: hutsak, hutsegiteak, erruak
AKITUTA: nekatuta, indargetuta, unatuta
AKUILATU: bultzatu, sustatu
ALAFEDE: egiaz, benetan, zinez, alajainkoa, alajaina
ALBISTE: berri, adierazpen
ALBORATU: baztertu, utzi, saihestu, ekidin
ALDARTE: umore, gogaldi, tenple, sasoi
ALDE: diferentzia, ezberdintasun, desberdintasun
ALDENDU: apartatu, urrutiratu, urrundu
ALTZOAN: magalean, galtzarrean, babesean
AMABITXIA: Ama besoetako
AMARRUEI: maltzurkeriei, azpikeriei
AMARRURIK: azpikeriarik, trikimailurik, tranparik
AMATATU: itzali, desagertu, iraungi
AMULTSU ezti, gozo, atsegin, begitartetsu, maitati, maitetsu, xeratsu
ANDANAK: taldeak, tropelak, piloak, pilak
ANDANAREN: mordoaren, piloaren, pilaren, taldearen
ANTXETA: Kaio
ANTZA: dirudienez, itxuraz, agi denez, nonbait
ANTZEMAN: nabaritu, igarri, sumatu
APAL: Otzan, umil, xume
APAR: bitsa, haguna
APARTA berezia
APETAK grinak, gutiziak, desirak, gurariak, nahiak, gogoak
ARAKETAN bilaketan, miaketan, ikerketan
ARATZ garbi, garden
ARBUIATUKO mesprezatuko, erdeinatuko, gutxietsiko
ARBUIATZEN mesprezatzen, erdeinatzen, gaitzesten
ARESTIAN lehentxeago, oraintsu, oixtion
ARGAL mehar
ARIAN-ARIAN apurka-apurka, pixkanaka
ARINDU: leundu, bigundu, samurtu
ARRAS: erabat, zeharo, guztiz, osoro
ARTAZIAK: guraizeak, aizturrak
ARTEGA: urduri, estu, larri, egonezinean
ARTEZ: zuzen, zintzo, zorrotz
ASPALDIKO: antzinako, lehenagoko
ASTRAPALA: zalaparta, azantza, zarata, harrabotsa
ATERA: irten
ATSEKABE: nahigabe, pena
ATXIKIRIK: erantsirik, loturik, itsatsirik
AUKERARIK: abagunerik, egokierarik, erarik, paradarik
AURKI laster, berehala
AURRERATU: irabazi, aurreztu, atera
AUSIKI: kosk, haginka
AZANTZA: astrapala, zalaparta, zarata, harrabotsa
AZIENDA ganadu, abere (ez etxe-abereak)
AZTORATZEN asaldatzen, larritzen, urduritzen, kezkatzen
AZTURAK ohiturak, usadioak, usantzak, ekanduak
BADAEZPADAKO: hala-holako, zalantzazko, hala-moduzko
BAKAN urri, eskas
BALDITU min hartu, harritu
BALDRESTU trauskildu, zarpaildu, tartaildu
BARE lasai, trankil, geldi
BARRABASKERIA bihurrikeria, okerkeria
BARRUAK: erraiak, tripak, barneak
BARRUTIAK eremuak, esparruak
BAZTERRETAN urbazterretan, ertzetan, uhaldeetan
BEGIRA so, beha
BEGIRAMEN begirune, adeitasun
BEGIZTATUTAKO ikusitako, begiz jotako
BEHARKIZUNAK eginbeharrak, eginkizunak, betebeharrak, obligazioak
BEHIALA aspaldi, antzina
BEHINGOAN segituan, berehala
BELARDIAN belartzan, larrean, zelaian, belazean
BERAN-BEREGI: nahita, apropos, berariaz
BERARIAZ: apropos, gurata, nahita, beran-beregi
BERATU: bigundu, hunkitu
BEREALDIKO: izugarrizko, ikaragarrizko, itzelezko, sekulako
BEREBIZIKO: sekulako, egundoko, itzelezko, izugarrizko
BERMATZEKO: ziurtatzeko, segurtatzeko
BERRIZ: berriro, ostera, atzera
BESAPEAK: galtzarbeak
BETA: aukera, abagune, tenore
BETEKIZUNETATIK: zereginetatik, eginbeharretatik
BIDENABAR bide batez
BIDEZKOA: zuzena, legezkoa, justua
BILAUKERIA zitalkeria, ankerkeria, gaiztakeria
BIPILTASUNA kuraia, garra, ausardia, kemena
BIRRINDU: desegin, triskatu, txikitu, eraitsi
BISUTS: haizete, elur-bisuts
BISUTS: Apar, Bits
BURLA: Iseka, trufa, ihakina
BURRUNBAK: zaratotsak, burrundarak, astrapalak, harrabotsak, danbotsak
DERRIGORREAN nahitaez, ezinbestean, halabeharrez
DESTAINAK mesprezua, erdeinua
DETEKTIBEA: ikertzailea
DIOSALIK agurrik, adiorik
DIOSOLARI agurrari
DIRUDUN aberats
DOHAKABEAK zoritxarrekoak, zorigaiztokoak, malurusak
DOI-DOI ozta-ozta, juxtu-juxtu
DOILORKERIA zitalkeria, ankerkeria, bilaukeria, gaiztakeria
DOITASUNA zehaztasuna
EBASLE lapur, ohoin
EBATSI ostu, lapurtu
EBATZI erabaki, deliberatu
EDIREN aurkitu, topatu, idoro, kausitu
EDONORI edozeini, nornahiri
EDOZELAN nolanahi, edonola, edozertara
EGIAZTATZEARREN ziurtatzearren, frogatzearren
EGINAHALETAN ahaleginetan, saioetan
EGOKIERA abagunea, modua, aukera, era, parada
EGOKITU aurkitu, gertatu, suertatu
EGONARRI eroapen, pairamen, pazientzia, patxada
EGOSKORRA burugogorra, kaskagogorra, setatia, setatsua
EGOTZI aurpegiratu, bota, leporatu
EGOZTEA leporatzea, aurpegiratzea, botatzea
EGUNDOKOAK ikaragarriak, itzelak, izugarriak
EKIDITEN saihesten, galarazten
ELEKETAN hizketan, berbetan, berriketan, solasean
ELKORREAN lehorrean, idorrean, antzuan, agorrean
ELTZEA lapikoa, pertza, tupina, marmita
EMAN igaro, pasa
EMEKI poliki, astiro
EMENDAKINIK zuzenketarik, aldaketarik
ENDREDATZEKO nahasteko, korapilatzeko, nahaspilatzeko, aldrebesteko
ERABAKIA ebatzia
ERAGOTZI oztopatu, galarazi
ERALGITZEN gastatzen, xahutzen
ERANTZUKIZUNA ardura
ERBESTEKO atzerriko, kanpoko, deserriko
ERDEINATU arbuiatu, mesprezatu, gutxietsi
ERDEINUA destaina, mesprezua
ERDENAITU gutxietsi, mespretxatu
ERDEINUA destaina, mesprezua
ERDENAITU gutxietsi, mespretxatu
ERDIESTEKO lortzeko
ERDIETSI Lortu
ERDIETSIKO eskuratuko, lortuko
ERETI une, momentu, lipar
ERI gaixo
ERNE sortu, bururatu, otu
ERNEA argia, azkarra, zuhurra
ERNEGATU haserretu, sumindu, amorratu
ERRETXINAGO ipurterreago, petralago, haserreago, pipertuago, suminkorrago
ERREZELOA susmoa, itxura, irudipena
ESKASTU urritu, gutxitu, murriztu, mehaztu
ESKEGITA zintzilik, dilindan
ESTAKURU aitzakia
ESTREINAKOZ lehenengoz, aurrenekoz, lehendabizikoz, lehenbizi, lehenik
ESTUTASUNA ezinegona, larritasuna, egonezina
ETEKINA irabazia, mozkina, hobaria
ETSI amore eman, errenditu, atzera egin
ETXOLA borda, txabola
EZAGUTU aitortu, eskertu
EZBAIAN dudan, zalantzan, duda-muda, dudatan, enuraz
EZBAIRIK zalantzarik, dudarik
EZINBESTEKO beharrezko, nahitaezko
EZKILA kanpaia
EZTENKATURIK zirikatuta, eraginda, bultzaturik, akuilaturik
FRANKO ugari, asko, anitz
GAILEN nagusi, garaile, irabazle
GAILENDU nagusitu, nabarmendu
GAITZETSI arbuiatu, kondenatu, kritikatu
GAITZIK gaixotasunik, eritasunik
GALBAHE iragazki, bahe
GALGARRIA hondagarria, hondamendia, kaltegarria
GALTZARBEAK besapeak
GANDUTU lausotu, lainotu, lurrindu, lurrundu
GARRAZTU zakartu, laztu
GATZATU odolbildu, opildu, mamitu
GELDIRO emeki, poliki, mantso, patxadaz
GELDO geldi, motel, ilaun, gogogabe, odolgabe, txepel, jabal, trankil, mantso, nagi
GERIZA babesa
GERTU hurbil, hur, hurrean, aldean, ondoan, inguruan
GIBELEAN atzean, ostean
GIBELEKO atzeko, atzealdeko
GOGAITU nazkatu, aspertu, nekatu
GOGOTIK gogoz, gogor, indartsu, erruz, franko, barra-barra
GOIBEL triste, itun, gogoilun, kopetilun, betilun, hits, uzkur
GOIBELDU tristatu, ilundu, atsekabetu, nahigabetu
GOLDE goldenabar, lauhortz, nabar, nabas, txerren, makina
GOMUTA oroitzapen, gogorapen, oroipen
GORDEAN isilpean, sekretu(pe)an, ezkutuan
GORESPEN gorapen, laudorio
GORRIAN beltzean, gogorrean
HAGITZ oso, txit, arras, guztiz, erabat
HALA ERE halere, hala eta guztiz ere, nolanahi ere, aldiz, baina, ostera, berriz, haatik, dena dela, betiere, bizkitartean
HALABEHARRAK zoriak, patuak, zorteak
HALABER baita ere, era berean, orobat, modu berean, orobat, berebat, horretaz gain(era), are gehiago, gainera
HALAMODUZKOA erdipurdikoa, kaxkarra, eskasa, hala-holakoa
HARRABOTSA astrapala, zalaparta, zarata, azantza
HAUSNARKETA gogoeta, azterketa, pentsaketa, oldozketa, gogarte
HAZPEGI itxura, aurpegiera, bisaia
HEGALERA albora, ertzera, bazterrera, aldamenera
HEGIRA bazterrera, ertzera, hegalera
HERABE lotsati, uzkur
HERTSIRIK itxirik
HIGATU gastatu, ahitu
HIGITU mugitu, zirkin egin
HITZARMENAK itunak, akordioak
HITZONTZI berbalapiko, berritsu, berbatsu, hiztun, mihiluze, kalakari, ahobero, kontakatilu, mihitsu, mari-maisu, mokodun, hitz-mizki, berbontzi
HIZTUN berritsu, hitzontzi, eleketari, kalakari
HOBIRATU lurperatu, ehortzi
HOGERLEKO duro
HONDARRA enparaua, gainerakoa
HONDARREKO bukaerako, amaierako, azkeneko
HORDITURIK mozkorturik, edanda
HORMATU izoztu, jelatu, leitu
IDOR elkor, antzu, lehor, agor
IDORRAK lehorrak, agorrak, sikuak
IGARABA urtxakur, ugadera, ugabere
IGURIKAN zain, aiduru
ILDO bide, hari
IMINTZIO keinu, zeinu, seinale
INARROSTEN astintzen
INAUSTEN kimatzen, mozten
INDARGE ahul, eskas, motel
INGUDE txingura
INGURATU ondoratu, hurbildu
INONDIK ERE zalantza barik, duda gabe
IRAGAN egin, eman, pasa, igaro
IRAUNGI itzali, amatatu, desagertu, emendatu
IRAZEKI iziotu, piztu
IREKI zabaldu
IRITSI lortu, erdietsi, jadetsi, eskuratu
IRMO gotor, sendo, finko, zindo, tinko
IRMOEN sendoen, tinkoen, finkoen, zindoen
ISEKA burla, trufa, ihakin
ISKANBILA istilua, buila, matraka
ITSATSITA erantsita, atxikita, lotuta
ITSUSI zatar, motz, ezain
ITZARRI esnatu, itzartu, iratzarri, atzarri
ITZELAK sekulakoak, egundokoak
IZIOTU irazeki, piztu
IZUKAITZA ausarta, adoretsua
IZUTU beldurtu, ikaratu
JABETURIK oharturik, konturatuta
JABETZEKO ohartzeko, konturatzeko
JADETSI lortu, erdietsi
JAGOLEAK zaindariak, begiraleak, guardiak, zaintzaileak
JAREGIN askatu, libratu, liberatu
JAZO gertatu, suertatu, egokitu, agitu, pasatu
JOMUGA helburua, xedea
JORITASUNA ugaritasuna, oparotasuna
KAIKU kirten, astakilo, lerdo, kokolo, inozo, lelo, ergel
KALAPITA istilu, iskanbila, astrapala
KARAN eder
KARRIKA kale, ibilbide
KASKARRAZ petralaz, eskasaz, okerraz
KATRAMILA nahaste, buruhauste, istilu, korapilo, arazo
KAUSITU aurkitu, idoro, topatu, ediren
KEMENIK adorerik, ausardiarik
KIRRI hozki, hozkamin, tirri
KONPARATU erkatu, alderatu, parekatu
KORRIKA arrapaladan, arineketan, lasterka, antxintxika
KURAIA kemena, ausardia, bipiltasuna, garra
LABAIN EGIN laprast egin, irrist egin, lerratu, labaindu, irristatu
LABAINKA irristaka
LAGATZEN uzten
LAIDOZ irainez, mespretxuz, gutxiespenez
LAIN adinakoa, bestekoa, modukoa, bezalakoa
LAIOTZ ospel, itzaltsu, ainube, eguzkigibel, itzalpe
LAKET atsegin, gustuko, gogoko
LAUDORIO goraipamen, gorespen, lausengu, losintxa
LAUDORIOKA lausenguka, losintxaka
LAUDORIOTAN gorespenetan, gora(l)penetan, goraipamenetan
LAURLEKO pezeta
LAUSENGUKA losintxaka, laudorioka
LAZGARRI izugarri, ikaragarri, erdiragarri, urragarri, mingarri, arrailgarri
LEI izotz, jela, izozte, izozketa
LEKUKO seinale, adierazgarri, erakusgarri
LIPAR une, momentu, ereti
LISKAR borroka, iskanbila
LISKARRETAN istiluetan, iskanbiletan, gatazketan
LOHI zikin
LORRATZAK arrastoak, aztarnak, oinatzak
LOSINTXAKA laudorioka, lausenguka
LOTSATI herabe, uzkur
LUPETZA lokatza, basatza
MAINDIRE izara, mihise
MAKAL ahul, motel, indarge, hebain, maskal, mendre
MAKURRIK okerrik, txarrik, akatsik, hutsik
MALDAN aldapan, aldatsean
MALKARTSU aldapatsu, aldatsu
MALURA zoritxarra, ezbeharra, zorigaitza
MANEATZEN atontzen, prestatzen, apaintzen, ontzen, gatzozpintzen
MANERA era, modua
MANTA tapaki, burusi, estalki
MANTSO lasai, apal, bare
MARRO tranpa, engainu, azpikeria, txerrikeria, iruzur
MARRUKA orroka, marrumaka, oihuka, marruz, orroaz
MASKAL ahul, motel, indarge, makal
MEHAR estu, itxi, hertsi,mehe
METATU pilatu
MIKAZTU samindu, mingostu
MINGOTSA mikatza, garratza, ezatsegina
MOLDAKAITZA traketsa, baldarra
MOTEL ahul, eskas, urri, makal
MOZKIN etekin, irabazi, emaitza
NABARITU antzeman, igarri, sumatu
NAGIKERIA alferkeria, utzikeria, zabarkeria, axolagabekeria
NAGUSIKI bereziki, batik bat, batez ere, gehienbat
NAHIGABE atsekabe, bihozmin, samin
NARDATUTA aspertuta, nazkatuta
NOIZEAN BEHIN tarteka, lantzean behin, noizbehinka
NONBAIT antza, itxura, agi denez, sobra ere
NOZITU jasan, pairatu, sufritu
ODOLBILDU odolbatu, beltzune, odoluri, ubeldura, ubelune
OHAIDEAREKIN maitalearekin, amorantearekin, ohelagunarekin
OHARTU konturatu
OHOIN ebasle, lapur
OHOREA ospea, fama, izena
OIHAN baso, arboladi, zuhaizti
OINAZEAK sufrimenduak, minak
OMEN izen, entzute, ospe, itzal, fama
ONDIKOTZ tamalez, zoritxarrez, damurik
ONTZEKO heltzeko, umotzeko, gorritzeko (fruituak…)
ONURAK mesedeak, abantailak
ORAINTXE egun, gaur egun
ORATU heldu, atxiki, eutsi
ORDAINA baliokidea, ordezkoa
ORDAINETAN truke, trukean, ordez
ORPOZ ORPO hur-hurretik, hurbil-hurbiletik
OSTENDURIK ezkutaturik, gorderik
OSTERA aldiz
OTARREAN saskian, otzaran, zestoan, sarean
OTU Bururatu, akordatu
OTZAN apal, umil, mantso
OZPELA itzaltsua, laiotza
OZTA-OZTA juxtu-juxtu, doi-doi
PAIRAEZINA jasanezina, eramanezina
PARADA aukera, abagunea, egokiera
PARADARIK aukerarik, egokierarik, abagunerik
PAREKOEKIN mailakoekin, berdinekin
PASADIZOEK gorabeherek, gertaerek, bizipenek, jazoerek
PATUAREN halabeharraren, destinoaren
PATXADAZ lasaitasunaz, soseguaz
PILAREAK zutabeak, habeak, harroinak
PILPIRAKA taupadaka, dardarka, kolpeka
PIPIAK sitsak
PISUPEAN zamapean
PLANTA itxura
PREMUARI maiorazkoari, oinordekoari
PREST gertu, erne, pronto
PROPIO beren-beregi, espresuki, apropos, berariaz, nahita, espres
SAIHESTU ekidin, aldendu, alboratu, baztertu, zokoratu
SAKELETAN poltsikoetan, patriketan
SEMEBITXIA seme besoetakoa
SENDO tinko, irmo
SESIOA liskarra, kalapita, iskanbila, istilua
SETATI temati, burugogor, egoskor, kaskagogor
SITSAK pipiak
SOBERA gehiegi, larregi, lar
SO EGITEA begiratzea, behatzea
SUHARRA adoretsua, kementsua, bipila, gartsua
SUMINDUTA haserretuta, muturtuta, amorratuta
SUNDA kiratsa, usaina, hatsa
SUNTSITU apurtu, txikitu, triskatu
SUSTATZEKO bultzatzeko, indartzeko, bizkortzeko, suspertzeko, areagotzeko
SUSTRAITUA errotua, finkatua
TAJUZKO itxurazko, ganorazko
TAMAINAN neurrian, proportzioan
TAXUTZEN egokitzen, atontzen, moldatzen, eratzen
TEMATI temoso, burugogor, egoskor, kaskagogor, muker, setati, setatsu, tematsu
TEMOSO temati, setati, kaskagogor, muker, setati, setatsu, tematsu, burugogor, egoskor
TENOREA ordua, garaia, sasoia
TINKO finko, serio, sendo, serioski, irmo
TOKATU suertatu, egokitu
TOPATZEN aurkitzen, kausitzen
TRABA oztopo, eragozpen
TRABESKA alboz, zeharka, aldamenka, trabesetara, saiheska
TRIKIMAILUAK amarruak, iruzurrak,engainuak
TUPUSTEAN bat-batean, ustekabean, kolpetik, derrepentean
TXILIOKA garrasika, oihuka, irrintzika, uluka
TXINTIK tutik, fitsik
TXIRTXILATU hautsi, puskatu, birrindu, triskatu, txikitu
TXOLIN txoriburu, kaskarin, txepel
TXUNDITU harritu, liluratu
UMELEAN hezean, ezkoan
UMORE aldarte
UNATU nekatu, akitu, gogaitu, ahitu
URDURITASUNA ezinegona, artegatasuna, estutasuna, kezka, larritasuna, asaldura
URRIA eskasa, murritza
URRIKO gutxiko, eskaseko
USAINA kiratsa, sunda, hatsa
USU maiz, sarritan, askotan
UXATU baztertu, aldendu, urrundu, haizaratu
UZKUR lotsati, herabe
UZKURRA koldarra, beldurtia, kikila
UZTARTZEN lotzen, elkartzen, batzen, estekatzen, parekatzen, bateratzen, biltzen, ezkontzen
XAXATUZ zirikatuz, tentatuz
XEDE helburu, helmuga, jomuga
XEHEARENTZAT arruntarentzat, umilarentzat, xumearentzat, apalarentzat
XEHEKIRO xeheki, zehatz-mehatz
ZABARKERIA utzikeria, arduragabekeria, axolagabekeria
ZAIN itxaroten, esperoan, aiduru
ZALU azkar, bizkor, arin
ZALUAGO bizkorrago, arinago, biziago, azkarrago, agudoago
ZANTZU arrasto, aztarna, seinale
ZAPOKERIA tranpa, engainu, azpikeria, txerrikeria, iruzur, marro
ZARRAZTA zirrara, bihotz-ikara, dartada, emozio
ZARTAKOA kolpea, takatekoa
ZATAR itsusi, motz
ZENDU hil
ZERESAN kontu, esamesa, zurrumurru, esateko
ZERIKUSIA lotura, harremana, hartu-emana, erlazioa
ZERNAHI edozer, edozein, zein-nahi
ZINEZ benetan, egiatan, egiaz
ZINTZILIK eskegita
ZIO arrazoi, zergati
ZIPLO bat-batean, kolpean, berehala, supituki, seko
ZIRKINIK mugimendurik, higidurarik
ZITAL gaiztoa, txarra
ZITALDU zakartu, petraldu, gaiztotu
ZIZTRIN eskas, gutxi
ZOKORATUA baztertua, alboratua
ZORROAN zakuan, poltsan, zakutoan
ZUHUR Zentzudun, burutsu, zogi
ZUTIK zutunik, tente

JARDUERAK

    Jarraian orain arte EGAko azterketan ateratako sinonimoak lantzeko hiru jarduera mota topatuko dituzu:

  • 1-7: Testuinguruaren laguntzaz sinonimoak eman (flash).
  • 8-18: Ezkerreko zutabeko sinonimoak eskuinekoekin lotu (flash).
  • 19-23: Sinonimo-gurutzegramak.

Comments { 0 }

EUSKALJAKINTZA tira handidun!!!

Gure bloga tarteka-marteka bisitatu duen edonork baiezta dezakeen bezala, EUSKALJAKINTZA gure blogak arrakasta itzela izan du sarean bertan eta saretik kanpo ere. Jakintza ikastolako DBHO2ko ikasleok harro gaude horretaz.

Ordea, zein dugu blog honen abiapuntua? Nork izan zuen blog hau sortzeko ekimen aurrerakoia? Euskaljakintza bitakora jaioberriaren lehen pauso lotsatiak gertutik bizitzeko aukera eta zortea izan nuen duela urtebete baino gutxixeago, iazko ikasturteak azkena jo zuenean, alegia.

Udako egun sargori horietako bat zen. Ikasturtea jada amaitua banuen ere, ikastolan eman nituen egun haietako asko, eta horrelaxe izan nuen blogen berri. Zer dira, baina, blogak? Horixe izan zen nire galdera blogsome konpainiak edonoren esku jartzen zuen bitakora-zerbitzuaren berri izatean. “Weblog, blog edo bitakora bat periodikoki eguneraturiko webgune bat dugu, artikulugile baten edo gehiagoren testuak kronologikoki bildu eta egileak berak onarturikoa baino azaltzen ez duena. Web orrialde arruntekin erkatzean, diseinu eta edukian desberdintasun handiak azaltzen dituzte bitakorek: publikaturiko artikuluak zutabean aurkeztu, gai amankomunei buruz hitz egin, kutsu subjetibo izan eta maiz software librean (dohaineko publikazioa ahalbidetzen duena) kokaturiko txoko pertsonalak ditugu blogak.” Horixe duzue eman zidaten weblogen definizioa. Hasiera batean ez nuen tutik ulertu, baina egun nik neuk ere ezin izango nuke definizio aproposago bat eman.

Kontua da Jakintza ikastolako IKT taldeko kideek eman zidatela blogen munduaren berri. Hilabete inguru eman nuen euren artean, fisikaren alorrean burutu beharreko bideo-muntaia bat izan zelarik horretarako giltza. “IKTeroak” izenekoa izan zen ezagutu nuen lehendabiziko bloga, IKT taldekideen ekimenez sortua. Euren ondoan bizi izan nituen “blog laranja”ren lehen arrakasta xumeak, euren alboan izan nintzen bisitari kopuruaren igoeraren lekuko. Eta noski, orduan hasi nintzen neu ere blogen munduan nire ekarpentxoak burutzen, “ikasle txokolateroa” ezizenaren pean.

Egun haietako batean, bere proiektu berriaren berri eman zidan Maitek, hurrengo ikasturtean (oraingo honetan, alegia) gure tutore eta euskarako irakasle izango zenak. Hark ere blog bat sortua omen zuen: Euskaljakintza bloga; blog hartan bertan lan egingo ei genuen jarraiko ikasturtean, euskara gaian hain zuzen ere.

Egia esan, hasiera batean ez nion ideia berri hari etorkizun handiegirik ikusi. Oro har, ez nion bitakora bati hezkuntzarako erabilera probetxugarririk aurkitzen. Zer egingo genuen, bada, asteko hiru ordutan zehar bitakora soil batekin? Gainera, ikasleon oniritzia ere ezinbestekoa litzateke proiektuak aurrera egin zezan; ordenagailuetarako nuen (eta dudan) zaletasun pertsonala zela bide teknologia eta hezkuntza konbinatuko zituen lan egiteko sistema hura erakargarria iruditu bazitzaidan ere, nire ikaskideengan halako interesik piztuko zuenetz galdegiten nion neure buruari. Atera nuen ondorioa garbia zen, beraz: “Ziur azkenerako informatikako gela alde batera utzi eta testuliburuetara joko dugula, ohi bezala”. Zorionez, ezin nintzen okerrago egon.

Balizko blog hura ikustea besterik ez nuen behar izan iritziz aldatzeko. Maiteren beraren eskutik begiztatu ahal izan nuen lehenengoz; Maiteri blogari buruz galdegitean, hura nire albora etorri eta nire ordenagailuko arratoiaren kontrola hartu ostean, bideo-muntaierako nerabiltzan dire-straits-en abestiak alde batera utzi eta pantailan buruturiko klik soil batzuen bidez Euskaljakintza blogaren aurrean jarri ninduen estreinakoz. Huraxe itxura polita bitakora hark zuena!! Egungo Euskaljakintza blogaren zeharo desberdina bazen ere, txundigarria iruditu zitzaidan Euskaljakintza jaioberria: beltzez idatziriko “Euskaljakintza” hizkiak zituen izenburutzat, idatzi zaharkitu baten hitz lausoek osaturiko fondo dotore baten aurrean izkiriatuak. Artikulu bakarra zuen publikaturik, Maitek aurkezpen gisa idatziriko egun “nor gara gu” atalean topa daitekeen sarrerako artikulua, alegia. Benetan liluraturik behar nuen egon, Maitek webloga goitik behera erakutsi eta bere asmo aurrerakoi oro ezagutarazi baitzidan; bertan, guk geuk artikuluak idatzi, programak euskaratu eta lan birtualak aurkeztuko bide genituen. Harrigarria benetan!! Sekula ez zitzaidan burutik pasa ere egin testuliburuetako ortografia, gramatika eta ulermena lantzeko beste modurik egon zitekeenik. Baina ba omen zegoen. Testuliburuetakoa baino interesgarriagoa, gainera. Eta begien aurrean nuen.

Fisikako bideo-muntaia amaitu nuen, eta ikastola begien aurretik kendu banuen ere, ez nuen Euskaljakintza bloga erabat ahaztu. Beste mila gauza eta asmo buruan banituen ere, uda hartan zehar irmotasun handiz jarraitu nituen Maitek bitakorari pitinka-pitinka egiten zizkion aldaketa txikiak. Izan ere, Muñoz de la Peña blogariak bitakoren inguruan Bilbon eman zuen ikastarora aurkeztu zuen bere burua euskarako irakasleak, eta asko ikasi ere!! Ikasturtea hasi eta Maiterekin aspaldiko partez elkartu ostean, ahozabalik geratu nintzen hark ikasiriko guztia ikustean: Euskaljakintza berritu eta sendoa ikustea baino ez horretaz jabetzeko.

Horrela, ikasturte berria jada martxan zelarik, bere proiektua ofizialki aurkeztu zigun Maitek ikasleoi. Nik banuen, noski, haren guztiaren berri, beraz, nire ikaskideen erreakzioa aztertu nuen hontz-begiz. Eta biziki poztu, gainera; nik nire garaian IKT gelan azaldu nuen interesaren antzera, oniritzi orokorra sumatu nuen ene ikaskideengan ere. Ilusioz beteriko aurpegiak topatu nituen nonahi, baita zirraraz beteriko komentarioak entzun ere korridoreetan zehar blog berriaren inguruko elkarrizketak aditzean. Guztiok genuen interneta etxean, beraz, inork ez zuen eragozpenik azaldu euskara gaia Euskaljakintzaren bidez jorratzeko egitasmoan. Ordea, hura Euskaljakintzaren arrakastaren hasiera baino ez zen.

Ni neu izan nintzen artikuluen izkiriaketan lehenengoetarikoa. Baina segituan jarraitu zidaten gainontzeko guztiek, eta gogo handiz ere!! Gure artikuluak Aurki.com-en agertzen hasi ziren, bisitari kopurua gorantz eta gorantz zihoan… jende mordo batek irakurtzen bide zituen gure artikuluak, munduak gure sormenetik sorturiko ororenganako interesa azaltzen zuen!! Horrek idazteko grina hare eta handiagoa sortu zuen guztion artean. Maitek hori bera oso ondo azaldu zuen Berria egunkarirako egin zioten entrebistan. Era berean, Gizakom-ek ere eman zuen proiektu berriaren berri. Baina ez pentsa geure lanak txoko honen apainketa baino helburu ez zuenik; artikuluak idazteaz gain, beste hainbat zereginetan ere aritu gara; gure hizkuntzaren euskalki ezberdinekin erlazionaturiko lanak ekoiztu genituen hasiera batean, euskal literaturak 60. hamarkadatik gaur egunera bitartean izan duen eboluzioan zentratuz gero. Lan horiek guztiak sarean zintzilik aurki ditzake bistazo bat bota nahi dien edonork.

Ordea, gure lana ez da hor amaitu; haratago iritsi gara. Blogari, artikulugile, kazetari, historialari eta idazle moduan gure lehen urratsak emateaz gain, itzultzaile ere izan gara; esamolde eta sinonimo zerrenda luzeak euskaratu ditugu gramatikaren alorrean, eta hori gutxi balitz, gauza bera egin dugu gaur arte gaztelaniaz baino erabili ezin zitezkeen Webquestions eta FAQ moduko programekin. Honi buruzko informazio osatuagoa jaso nahi izanez gero, egin klik hemen (IKTeroak blogeko artikulua) edo hemen (Sustatun publikaturikoa).

Azkenik, ezin utzi daiteke aipatu gabe idazle izateko ahaleginetan burutu dugun lan dotorea. Writely programari esker, istorio elkarreragile polit bat izkiriatu dugu guztion artean, gutariko bakoitzak, bere txanda iristean, aurreko gelakideak idatziriko pasarteari jarraipena ematean oinarritua. Modu honetan, kontakizun bakar batek guztiok bildu gaitu. Inondik inora, besteen ekarpenak irakurri, aztertu eta erantzunez norberak bere ezagutzak eta gaitasunak hareagotzeko modu ezin interesgarriagoa dugu, beraz, istorio elkarreragileen ekoizpena. Guztiok batera aurrera egiteko modua.

Ordutik aurrera, gure Euskaljakintza blogak ez dio hazteari utzi. Bere garaian honen berri eman ez bagenuen ere, proiektu honi esker gure Jakintza Ikastolak Kudeaketa Jardun Ona saria eskuratu du aurten, Euskalit fundazioak antolaturiko Kudeaketa Jardun Onen II. Topaketan. Donostiako Axular ikastolaren proiektuarentzat izan zen lehendabiziko saria, “Web ataria, pedagogia eta komunikazio tresna” izenekoa. Lehendabiziko bi sariak ikastolei dagozkie, beraz; honek garbi uzten du Euskal Herrian hezkuntzaren arloa euskararen erabilerarako, berrikuntzarako eta etengabeko hobekuntzarako egiten ari den ahalegin sendoa. Bide batez, esan beharra dago prentsa idatziaren alorrean Diario Vasco, Goierriko Hitza eta Gara egunkarietaraino zabaldu zela Euskaljakintzaren arrakasta. Artikulu zehatzak eta informazio gehiago jaso nahi izanez gero, egin klik hemen, hemen edo hemen. E-GIE albiste buletinak eta Ikastola aldizkariak ere publikatuak dituzte proiektu berri honen inguruko artikuluak. Ez hori bakarrik, gure blogaren arrakastaren berri eman dute hainbat bitakorek ere; bisitatu, bestela, Muñoz de la Peñaren Aulablog21 bitakora nahiz Red Docente webloga. Eta, noski, irrati-telebista munduan ere aipatzekoak dira Goierri telebistak, TeleDonostik eta Euskadi Irratiak gure blogaren inguruan buruturiko emanaldiak.

Beraz, honen guztiaren ondorioak garbiak dira: alde batetik, honelako proiektuek ikasleon interesa pizten dute; honek kalifikazioen hobekuntza nabarmena dakar, eta beraz, eskola-porrotari aurre egiteko neurri aproposa izan liteke. Bestetik, garbi dago euskarazko bitakoren sorrera euskaldunon hizkuntzaren hedapenerako baliabide ezinegokiagoa dela. Eta hori guztia gutxi balitz, ikasleon teknologia berrien inguruko ezagutza informatikoak, dudarik gabe etorkizunean ezinbestekoak gertatuko zaizkigunak, hareagotu ere hareagotzen dira honelako egitasmoei esker. Eta guztia dohain!! Horrenbestez, Euskaljakintza gure bloga eredugarria kontsideratzen dut. Ikasleon, irakasleen eta komunikabideen erreakzioari erreparatzea baino ez horretaz jabetzeko. Aurrerapauso handiak eman baditugu ere, gauza asko daude oraindik hobetzear. Amaierarik ez duen Euskaljakintzaren tira handia horren eredu. Euskaljakintza aurrera doa, euskara aurrera doa, guztiok aurrera goaz. Etorkizunaren aldarrikapena garbia da: Euskaljakintza dugu etorkizuna.

Comments { 2 }

hudoak proba

Comments { 0 }
-->