Nik ere aurpegi bat dut!

Isabelle Dinoire prentsaurrekoan 2005eko azaroaren 27an munduko lehenengo aurpegi transplantea egin zioten 38 urteko Isabelle Dinoire emakume frantsesari. Honek, arazo pertsonal batzuen ondorioz, pilula batzuk hartzen zituen, eta, dirudienez, bere gorputzak ez zituen behar bezala asimilatu eta konortea galdu eta lurrera erori zen. Orduan, bere txakurrak esnatzeko asmoz bortizki eraso zion eta Isabellek, esnatzean, aurpegia txikituta zuen.

Orduan, erietxera eraman zuten. Eta lehen aipatutako egunean, bere familiak aurpegi transplantea egiteko baimena eman zuen, honela, txakurrak suntsitutako kokotsa, ezpainak eta sudurra konpontzeko nahiaz. Ondoren, beste emakume baten azala, larruazaleko gantza, giharrak eta odol hodiak ipini zizkioten aurpegia berregiteko.

Aditu batzuek transplantearen aurka azaltzen ziren, honek arazo psikologiko handiak ekarriko zituelakoan. Baina, azkenean, Isabellen familiak transplantea egiteko baimena eman zuen.

Hau dena egin ondoren, 2006ko otsailaren 6an prentsaren aurrean azaldu zen Isabelle Dinoire. Pozik agertzen zen nahiz eta oraindik erreabilitazio lanak egin beharko dituen aurpegi berria ondo egokitzeko. Berak, beste edonoren antzera, aurpegi bat duela adierazi du eta ebakuntza dela eta, gutxienez, jendearen begiradei aurre egin diezaiekeela. Honekin batera, esan beharra dago bi alabaren ama dela, eta horregatik oso pozik azaldu da, orain beraiekin egoteko aukera izango duelako.

Hau dena esan ondoren, adituek zuten beldurra ezerezean geratu dela garbi dago eta lehenengo ebakuntzaren esperientziaren ondoren, ondorio psikologikoak bideragarriak direla azaldu zuen Isabelle Dinoireri ebakuntza burutu zion medikuetako batek, Bernard Devauchelle delakoak, hain zuzen.

Honela, esan beharra dago transplante honen jarraipena eraman duen Jean-Michel Dubernard sendagileak beste bost transplante egiteko baimena eskatu diola Frantziako Osasun Ministerioari.

Gai honi buruz gehiago jakiteko:

Berria: Beste edonork bezala nik ere aurpegi bat dut orain.
Diario Vasco: La epifanía de Isabelle

Comments { 0 }

2006ko Ziklokrosseko Munduko Txapelketak

Urtero bezela, aurten ere Ziklokrosseko Mundu Txapelketak jokatu dira eta aurten Holandako Zeddam herrialdea izan da hautatua. Dakizuenez, bertara hurbiltzeko aukera izan dut. Ostegun arratsaldean abiatu ginen hemendik autobusean hurrengo egunean iristeko asmotan. Bidaia luze eta bukaezin baten ostean, iritsi ginen gure heldulekura. Nekaturik eta hotzak egon arren, gauean bueltatxo bat ematea erabaki genuen holandar emakumeez entzunda genuena baieztatzera, eta hango emakumeen edertasuna lehendik kontatutakoarekin guztiz bat zetorrela ohartu ginen.

Larunbatean goizean goiz esnatu eta dena izozturik zegoela, Txapelketak izango ziren tokira joan ginen. Larunbatean bertan, bi proba jokatzen ziren, jubenilak eta 23 urtez azpikoak. Gurekin batera, lasterketan parte hartu behar zuen txirrindulari bat genuen, Jon Izagirre, eta, beraz, oso goiz iritsi ginen zirkuitura. Izugarri gustatu zitzaigun dena eta pixka bat itxaron ondoren, jubenilen lasterketa hasi zen.

Erwin Vervecken garaile
Lasterketa oso ikusgarria izan zen, eta azken itzulira arte ez zen podiuma erabaki. Irabazlea Boy Van Poppel holandarra izan zen eskaileratako tramoan sinetsezineko erasoaldi baten 0ndoren. Jon Izagirre ormaiztegiarrak ez zuen egunik onena izan eta 58. postuan amaitu zuen. Hona hemen lasterketaren emaitzak eta irudiak.

Bertan bazkaldu ondoren, arratsaldean sub-23en lasterketa izan zen, eta jubenilen lasterketaren antzera oso ikusgarria, azkeneko kurbaraino emozioa izan baitzen nagusi. Azkenean, Zdenek Stybar txekiarra izan zen garaile, eta urteko lasterketa guztiak irabazi ondoren faborito zen Niels Albert belgikarrak brontzezko domina “bakarrik” lortu zuen. Emaitzak eta irudiak.

Larunbateko lasterketak bukaturik, eta arratsalde osoa libre izanik, Amsterdamera joan ginen, eta zuetako asko pentsatzen ari denaren kontra, zintzo-zintzo ibili ginen. Gauean hotelera iritsi eta beste bueltatxo bat eman genuen aurreko gauean ikusitakoa ziurtatuz, gure ikusmenaren alaitasunerako.

Hurrengo egunean ajearekin esnatu ginen, baina gure buruak eskatzen zigunaren kontra, ohetik altxa eta, berriz ere, Zeddamera joan ginen. Igandea zen, eta, beraz, egunik garrantzitsuena. Egun honetan ere bi lasterketa zeuden, emakumezkoak eta profesionalak. Emakumezkoen karrera sub-23koenaren oso antzekoa izan zen, hasiera-hasieratik hiru lasterkari nabarmendu ziren eta faboritoa zen Daphny Van den Brand holandarraren zulatu baten ondoren, beste bien arteko sprint batean erabaki behar izan zen, eta garaipena 18 urteko Marianne Vos txirrindulari holandar gaztearentzat izan zen. Emaitzak eta irudiak.

Sven Nysek zorte txarra izan zuen Etxetik ekarritako otarteko batzuk jan ondoren, lasterketa nagusiaren txanda zen, profesionalena. Gauzarik azpimarragarriena lasterketa ikusten zegoen jendetza dela esango nuke, 40.000 bat lagun hurbildu ziren. Denboraldi osoan egiaztatu izan ahal zuenez, gizon bat zegoen jende guztiaren apustuetan, Sven Nys belgikarra. Lasterketa oso mugitua izan zen eta aldaketa asko izan zituen, baina, hala ere, gizon bat besteen gainetik zegoela ikusten zen, eta hura lehen aipatutako txirrindularia zen. Baina, ziklokrossaren legea erarik krudelenean agertu zitzaion Sven Nysi eta azken itzulian eroriko larri bat izan zuen. Lurrean botata eta minaren erruz ezin altxaturik erretiratu beste aukerarik ez zuen izan, eta ospitalean egindako erradiografiek aldaketako fisura bat agertu zuten.

Baina, erorikoa alde batera utzita, lasterketak jarraitu egin zuen eta azken itzuli indartsu baten ondoren Erwin Vervecken belgikarra suertatu zen irabazle. Etxeko txirrindularien artean, David Seco zen gure itxaropenik handiena, baina karrera txarra izan zuen, eta selekziokideko beste txirrindulariek pasa zutenean erretiratzea erabaki zuen, inongo arrazoirik gabe. Gure azken ordezkaria, Unai Yus, oso ondo aritu zen eta eta azken itzulian zulatu bat izan arren, 26.a amaitzea lortu zuen. Emaitzak eta irudiak.

Hauek izan ziren David Secoren hitzak karrera bukatu bezain laster:

“Egia esan, emaitza honek ez nau batere harritu, izan ere, Espainiako Txapelketen ondoren nire egoera fisikoak behera egin zuen. Azkeneko astean oso gutxi entrenatu dut, ea horrela indarrak hartzen nituen. Baina ez dit ezertarako balio izan. Lasterketan egin dudan irteerarekin oso gustura nago, zailena baitzen, baina karreraren erritmoa igotzen joan denean, behera egin dut. Horrez gain, eroriko bat izan dut eta horren ondorioz etsi egin dut. Horrela jarraitzeak ez zuen zentzurik, gogorik gabe eta horren atzean, eta erretiratzea erabaki dut.

Azkenean, egun batzuk lehenago izandako antzeko bidaia luze eta aspergarri baten ondoren, nekatuta baina pozik iritsi ginen hurrengo urtean berriz ere joateko asmoz.

Comments { 2 }

ANARIREN ZEBRA KONTZERTUAN 1GO ALDIZ

Aspalditik genuen gaurko eguna gordeta Anarirentzat edo, hobeto esanda, Anariren kontzertuarentzat. Zebra disko berria kaleratu eta handik egun batzuetara 1go kontzertua bere herrian, Azkoitin, izango zela esan zigunean, han izango ginela berehala erantzun genion.

Eta halaxe izan da. Ez daukat hitzik Azkoitiko “Mataderixen” gertatutakoa azaltzeko. Koro eta ni aho zabalik gelditu gara gure lankidea eszenatokian ikusi orduko. Ulertzekoa da, egia esan. Diskoaren ekoizpena pausoz pauso bizi izan dugu, abestien hitzek forma hartzen joan direnean, azalean agertuko zen zebra aukeratzean, lehenengo grabazioak… Beraz, ulertuko duzue esaten badizuet guretzat oso berezia izan dela. Baina benetan berezia Anarirentzat izan dela esango nuke. Hortxe zegoen bere ama, hortxe bere lagun guztiak, herrikoak…

Kontua da izugarri ondo pasa dugula eta Anari ere, berak aitortu digunez, gustura zegoela kontzertua amaitzean.

Koro, Maite eta Anari

Beraz, hurrengo kontzertuetako batera joan zaitezten animatu nahi zaituztegu. Hauexek dira egunak eta tokiak:

Otsaila

05 Azkoitia Matadexe
11 Gasteiz Azkena
21 Donostia Gazteszena

Martxoa

10 Elorrio Arriola
18 Tolosa Bonberenea
30 Bilbo Kafe Antzokia

Comments { 1 }
-->