LURRERATZEA

Herritik kanpo urte batzuk pasa ditugunon ahotan maiz dabil hitz hau dantzan. Horixe da hitza, urtetan ezer aldatu ez eta, era berean, osorik aldatu den errealitatearekin talka egitea. Urrutitik bizi izan duzun herrian lur hartzea. Errealitatearekin tupust egitea. Zergatik, baina, danbatekoa? Ba ezer aldatu ez eta dena desberdina delako, zuk berdin jarraitzen duzulako eta, era berean, desberdina zarelako.

Lurreratze prozesu honetan argi ikusten ari naiz herria ez dela internetez iristen zaizkizun albisteen bidez ezagutzen. Herri, bailara bateko gizartea egunerokotasunean ezagutzen da, astean zehar tabernak hutsik nola dauden ikustean, asteburuko parranda desfasatuen testigu zarenean, eskiatzen ez baduzu ere denboraldia noiz hasi eta bukatzen den jakiten duzunean. Paperetan txukun-txukun esplikatzen dizkiguten inkestek herritarron kezkei buruz informatzen gaituzte: etxebizitza, langabezia,… Ni bizi izan naizen herrialdeetan ere halaxe zen, toki guztietan berdintsu nioen nire artean. Zergatik, orduan, danbateko hau? Galdera gaizki bideratua neukalako agian. Herritarron pentsaera eta honek dakarren eguneroko ekintza ez du bere buruhausteak baldintzatzen, kezka horren aurrean hautatzen duen bideak baizik. Zein bide hautatu du babes ofizialeko etxebizitzetarako zerrendan dagoen 20 urteko ikasleak, lanean hasi eta 3-4 kiloko autoa erosi duen gazteak, 40 kiloko etxea eskuratu berri duen bikoteak edo pisu hori erosteko abala eman duen gurasoak? Zein da goierritarrok hautatu dugun bidea?

Lurreratze prozesuan daramadan urte honek kasu gehienetan eman didan erantzuna bakarra izan da: banakotasun edo indibidualitatea. Nire kezkak aldamenean dudanaren berdinak badira ere, nire bidea egin behar dut, eta nire bidea aldamenekoaren desberdina da. Arazo eta buruhauste hauei aurre egiteko dudan ahalmena aldamenekoaren desberdina da.

Granadako irakasle batek esaten zigunez, filosofo guztiak baieztapen bakarrean daude ados: gizakion azken nahia zoriontasuna da. Ibiltze horri jartzen diogun helmuga, beraz, beti berdina da. Bideak hamaika direla jakin badakidan arren, inguruko elkarrizketa eta ekintzek bakarrerantz naramate. Gogoetak asko, horiek espresatzeko hitzak gutxi eta ekintzak are gutxiago. Honexegatik, beste bide horiek ireki eta jorratzen ahalegintzen direnei, hala nola Ordiziako eta Beasaingo gaztetxeak edo Eskarabillako jaien batzordea, nire errespetu eta estimu guztia.

Comments { 0 }

Ordiziako Gaztetxeak XIX urte

ZORIONAK ETA URTE ASKOTARAKO!!!!!!!

Ordiziako Gaztetxea Duela 19 urte ereindako hazitik gaur arte handituz joan den zuhaitza belaunaldi ezberdinen gerizpe izan da. Bere bizitzaren ibilbidean, jende ezberdinaren, ideia anitzen topagune izan da, guztiak amets berdin bat egia bihurtu nahian: Gaztetxeak bizirik irautea!

Euskal Herrian “Rock Radikal Vasco� mugimendua suspertu eta zabaltzearekin batera, herriko hainbat musika-taldek Udaletxera jo zuten beren entsaiuetarako lokal bat eskatuz. Baimena lortu eta orduko mediku etxea zenaren behe solairua eskuratu zuten. Mugimendu erakargarri honek jendea kaletik lokalera bertaratu zuen. Bilgune baten premia ase nahian, apurka-apurka gainontzeko solairuak ere okupatu zituzten, eraikuntzaren jabe egin ziren arte. Guztien esku eta izerdiz, etxea zaharberritzen hasi ziren baita Gaztetxea dinamizatzen ere, Ordiziako Gazte Asanblada sortu zelarik. Egunez eguneko bizitza suspertzearen alde makina bat jarduera zein ekintza burutu dira beti ere sektore kontserbadoreenen begirada zorrotzaren mehatxupean.

Oztopoak besterik ez ditu izan eguneroko jardunean normaltasun osoz aritzeko: Udaletxea luzaroan saiatu da Gaztetxea herriaren bizitzatik desagerrarazten. Itxiko dutelako mehatxua ez da ez gaurko kontua! Alabaina, guk hemen jarraitzen dugu zutik eta tinko. Saiatu dira, halaber, Gaztetxeari ez zegokion itxura eskasa jendartean saltzen. Orduko heroina trafikoaren erantzule egin gintuzten! Eskuak garbitzeko modu erosoa… Zenbait heroinomanorekin ere izan genituen hamaika arazo, Gaztetxeari su eman baitzioten eta Arlote irratia suntsitu. Suhiltzaileek sugarrak itzali zituztenerako, lehen bi solairuak kiskalita geratu ziren. Hau gutxi izan ez, eta Udaletxeak Arlote irratia Gaztetxetik kentzea erabaki zuen. Gaztetxea berreraiki eta martxan jarraitu zuen.

Urte gogorrak izan dira eta era guztietako zailtasunak gainditu behar izan ditugu. Jendearen ilusioak ez dira, ordea, sekula itoak izan eta beti egon gara prest egoera gogorrenei ere aurre egiteko.

EZ GAITUZTE GELDITUKO!!!
GAZTETXEA BIZIRIK!!!

Comments { 7 }

Itsuaren barkamena

Comments { 2 }
-->