Irakurri eta oparitu euskaraz!

Urtero bezala, aurten ere badatoz Eguberriak eta, Eguberriekin batera, Olentzero eta Hiru Erregeak. Hamaika buruhauste sortzen zaizkigu opariak aukeratzeko orduan, eta are gehiago liburuak oparitzea erabakitzen dugunean.

Horretan laguntzeko asmoz, euskarazko 100 liburuen zerrenda helarazi digute ordiziarroi. Bertan ez da jasotzen merkatuan dagoen euskarazko liburuen eskaintza osoa. Mondragon Unibertsitateako Humanitate eta Hezkuntza zientzien Fakultateko (HUHEZI) Haur Liburu Mintegiaren laguntzarekin, 2004an argitaratutako liburu gomendagarri eta irakurrienak biltzen saiatu dira Hitzaro Euskara Elkartea, Udaleko Euskara Zerbitzua eta Udal Liburutegia herriko Mujika liburudendaren laguntzaz, IRAKURRI ETA OPARITU ekimenean. Hona hemen zertan datzan:

  • Zerrendatuta azaltzen diren euskarazko liburuak eskuartean izateko aukera izango duzu Udal Liburutegian, atarian jarriko ditugun panel batzuetan.
  • IRAKURRI ETA OPARITU paneletan, liburuak begiratu ahal izango dituzu; eta liburuaren bat oparitarako erosi nahiko bazenu, %25eko deskontu txartela emango dizugu.
  • Deskontu txartel horrekin Mujika liburudendara jo eta han eskuratu ahal izango duzu, ohi baino prezio merkeagoan. hitzaroko bazkide denak prezio erdian! %25eko deskontuari beste %25ekoa egingo baitio Euskara Elkarteak!
    • LEKUA: Udal Liburutegian
    • EGUNAK: Azaroaren 28tik urtarrilaren 5era
    • ORDUAk : astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara. Larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara

    Ekimenak, irakurzaletasuna bultzatzea du helburu, batetik, eta euskarazko liburu produkzioari bultzada ematea, bestetik. Interesekoa eta erabilgarria izango zaizulakoan, IRAKURRI ETA OPARITU EUSKARAZ.

100 liburu horiek zeintzuk diren jakin nahi baduzu, onena Barrena Kultur Etxera joatea izango da eta bertan eskuratu ahal izango duzu zerrenda osoa. Dena den, libururik oparitu nahi ez eta beste euskal produkturen bat nahi baduzu, begira ezazu Euskarazko produktuen katalogoa.

Comments { 0 }

Gizakia Vs makinak

Rustam Kasimjanov Nabaria da gaur egun makinak bereganatzen ari diren indarra egunetik egunera hazten doala ia arl0 guztietan, baina denetan ote? Eta xakean? Galdera honen erantzuna Bilbon duela egun batzuk ospaturiko Bigarren Munduko Xake Lehiaketan aurki dezakegu. Bertan gizakia, bere jakintasunaz soilik baliaturik, makina edota ordenadore batzuen aurka lehiatu baitzen. Partehartzaileak, Alexander Jalifman errusiarra, Ruslan Ponomariov ukraniarra eta Rustam Kasimyanov uzbekistandarra izan ziren, hau da, 1999, 2002 eta 2004ko munduko txapeldunak. Aurrean, Hydra, Junior eta Fritz (makinak, irabazleak, azkenean).

Hydra, xakean aritzeko bereziki diseinatutako hardware eta softwareaz osatua egoteaz gain, Abu Dhabitik bidalitako bere mugimendua eta 64 prozesadoreei eta Chrilly Donningerrek garatutako programari esker, segundoko 200 milioi jokaldi kalkulatzeko gauza da. Izugarria benetan!

Bestetik, Junior, Amir Ban eta Shay Bushinsky israeldarrek sortutako programa 4 aldiz izan da munduko txapelduna eta Californiatik jokatu du. Izan ere, aipatzekoa da joko aretoan fisikoki egon den bakarra Fritz izan dela, konputagailu eramangarri arrunt batean instalatu zitekeen bakarra baitzen eta gainera segundoko 1,2 miloi jokaldi kalkulatzeko gai zena.

Azkeneko emaitza, 8 eta 4 silizioaren alde. Emaitzari erreparatuz, badirudi gizakia makina hauen menpe egon zela; dena den, honek ez du guztiz txapelketan ikusitakoa islatzen.

  • Nola lortu dituzte ordenagailuek 5 garaipenak?
  • Jokalarien nekeak zerikusirik izan du?
  • Hau da, nork ulertzen du hobeto jokoa gaur egun, edo, beste era batera esanda, makina bat al da dagoeneko munduko xake-jokalaririk onena?

Honelako galderak airean geratu dira gizaki eta aparatu hauen lehia eztabaidatsu hau eta gero. Zuek zer deritzozue?

Xakeri buruz ia guztia jakin nahi baduzue, bisita ezazue Asierren Euskadi eta Xakea bloga eta, bertan, kirol honen inguruko informazio baliagarria, azken txapelketen emaitzak eta abar luze bat topatuko duzue!!!

Comments { 4 }

TAU LARRI-LARRI

Asteazken gauean, 92-96 Tau Baskonia gailendu zen, Trevisoko Palaverde kiroldegian, bertako talde Benetton-en aurrean Euroligako (saskibaloiko Europako txapelketa) lehen faseari zegokion bosgarren jardunaldian. Partidura bi taldeak A multzoko lidertzan berdinduta etorri ziren, hiru garaipen eta porrot banarekin. Garaipen honen ostean, Tau lehen postuan bakarrik gelditu da eta hurrengo faserako txartela eskuraturik du.
Kantxara gasteiztarrak oso kontzentratuta irten ziren eta hasiera-hasieratik ireki zuten zuloa markagailuan, Scola, David eta Erdogan-en lan onaren bidez. Lehen laurdenaren amaieran, 13 puntuko errenta zeraman Baskoniak, 16-29.

Marco Mordente Prigioni antolatzaileak oso ondo antolatu zuen jokua, batez ere, pibotekin (Scola, David eta Splitter) bere espezialitatea bihurtu den blokeo zuzenak eginez. Erdogan hegalekoak, berriz, eskumuturra bero-bero zuen eta hiruko mordoa sartu zuen bigarren laurdenean. Horrela, bigarren laurdena, 37-54 euskaldunen aldeko markagailuarekin bukatu zen. Tauk kontraeraso azkarrak eta defentsa gogorrak egin zituen, Benettonen desesperaziorako.

Baina partidaren bigarren zatian guztiz aldatu zen nagusitasunaren norantza, hilik zirudien etxeko taldea bere errautsetatik berpiztu baitzen.
Hirugarren laurdenean, Benettonen harrobiko Mordente gazteak, bere indarra eta kemena goraipatzeko jokaldiekin, Palaverden bildutako 5.000 zaleak berotu eta bere taldea konfiantza hartzen joan zen, ikusirik partiduari buelta ematea posible zela. Laurden honetan, Baskoniako Hansenen hirukoengatik izan ez balitz, Tauk partidua bota egingo zukeen, italiarren berpizkundea ezin sinesturik.

Azken laurdenera, markagailuak parekatuta iritsi ziren, 64-68. Tauk antolatzaile bakarra eraman zuen, Prigioni, eta bere markatzaile Mordenterekin birritan haserretu ondoren, Perasovic entrenatzaileak kendu eta Erdogan jarri zuen antolatzaile, nahiz eta ez izan bere postua.

Honek Tauri kalte egin zion eta epaileen bi akatsen ondoren, partidua amaitzeko 20 segundo faltan, lehen aldiz jarri zen Benetton markagailuan aurretik. Hala ere, Mordente gaztearen baloi galtze bati esker eta Tauko Prigioni eta Erdoganek jaurtiketa libre guztiak sartzeari esker, Tauk aurretik erabaki beharreko partidua ozta-ozta berdindu zuen azken segundotan, 83-83.

Gauzak horrela, legezko 40 minutuak berdinketarekin amaitu ondoren, 5 minutuko luzapenari ekin zioten bi taldeek. Zati honetan ezer gutxi dago aipagarria, Tauk gainetik pasa baitzuen Benetton. Tauko Jakobsen izan zen protagonista, bi hiruko eta biko jokaldi bat egin zituelarik. 5 minutu hauetan 13 eta 9ko partziala egin zion Tauk eta partiduaren amaierara iritsi ziren, 92-96ko markagailuarekin.

Lehen esan bezala, Tau bere multzoko lider jarri da lau garaipen eta porrot batekin.

Tauk orain gutxi Pedro Martinez kaleratu eta Velimir Perasovic jarri du entrenatzaile, eta nabari da Tauko jokalari eta hegaleko postuan aritzen zela, jokalariek hirukoak botatzeko garaian askatasun gehiago baitute.

Ongi Etorri Perasovic!

Zorionak Tau!

Comments { 3 }
-->