Arauak 29: Arazi aditzaren erregimena

JakintzaAurrekoan, arazi zertarako erabiltzen dugun eta zeri/nola lotzen zaion ikasi genuen. Gaurkoan, berriz, bere erregimenari buruz arituko gara. Erregimena hitz jakin batek eskatzen duen kasua da (adib., esker postposizioak aurreko hitzak -i deklinabide-atzizkia eramatea eskatzen du).

Arazi erabiltzen dugunean, aditz arazlearen laguntzailea aldatu egiten da. Halatan, nor motako adizkiak nor-nork bihurtzen dira; nor-nork motako adizkiak, ordea, nor-nori-nork. Bestela esanda, adizkian beste pertsona-marka bat sartzen dugu. Baina gatozen harira eta ikus dezagun zehaztasun osoz Euskaltzaindiak honi buruz araututakoa:

  1. Araziren subjektua beti NORK kasuan doa: Koldok etorrarazi du Mikel.
  2. Oin aditzaren objektua beti NOR kasuan doa: Koldok etorrarazi du Mikel.
  3. Oin aditza iragankorra denean, subjektua NORI kasuan darama: Niri liburua irakurrarazi zidaten.
  4. Oin aditzaren subjektua NOR kasuan doanean, NOR kasuan ageri da perpaus kausatiboan ere: Mikel jarrarazi dute.
  5. Oin aditzaren subjektua ergatiboa baldin bada eta agerian objekturik ez badu, bi egoera bereizi behar dira:

    a) Objektua ezabatua edo aditzari atxikia duten aditzekin datiboa eskatzen du subjektuak:

    Mikeli janarazi diote; Mikeli irri eginarazi diote.

    b) Sekula objekturik hartzen ez duten aditz deponenteekin, aditzaren izaera semantikoa kontuan hartu behar da. Aditzak subjektu biziduna eskatzen duenean, NORI kasuan ageri da:

    Inori ez diogu pairarazi behar.

    Baina subjektua bizigabea bada, Nor kasuan jarriko da:

    Ura irakinarazi dute.

Egia esan, ez dago gizagaixorik aurreko guztia ulertuko duenik; beraz, ur sakonegietan sartu gabe erregimenaren arazo hau ulertzeko, egokiagoa iruditzen zait ondorengo hau kontuan izatea:

ARAZI:

  • Aditzoinari eransten zaio zuzenean.
  • Aspektu-markak arazi-ren atzean eransten dira.
  • Aditz laguntzailea aldatu egiten da beste pertsona bat sartuz:
    • nor → nor-NORK                          etorri DA → etorrarazi DUT
    • nor-nork → nor-NORI-nork             ekarri DU → ekarrarazi DIOT

praktika

Comments { 0 }

Hamabost Zauri – KARMELE JAIO

Sarrera

Karmele JaioKarmele Jaio euskal idazlea Gasteizen jaio zen 1970eko martxoaren 19an. Informazio Zientzietan lizentziatu zen eta kazetari lanetan ibili da Egunkarian eta Garan, besteak beste. Noizbehinka, zutabeak ere idatzi ditu Diario de Noticias de Alava eta Deia egunkarietan.

Bere liburuei erreparatuz, 3 idatzi ditu: Hamabost zauri (2004) ipuin bilduma, Amaren eskuak (2006) eta  Zu bezain ahul (2007) ipuin bilduma. Generoei dagokienez, bere obran narrazioak du pisurik handiena, hasieratik landu eta sakondu duen generoa baita. Esparru hau landu duten idazleen artean, besteak beste, Gotzon Garate, Aitor Arana, Peru Magdalena eta Edorta Jimenez euskal idazleak daude.

Bestalde, aipagarria da euskal idazle hau hainbatetan saritua izan dela. 2004an, Igartza sariaren VII. deialdia irabazi zuen Amaren eskuak nobelaren proiektuarekin (aurrekoan Amaiak adierazi zigun bezala); 2006an, Zilarrezko Euskadi Saria, Zazpi Kale saria eta Beterriko Liburuaren saria irabazi zituen.

Sakonduz

Liburu hau istorio ezberdinek osatzen dute, hamabost narraziok zehatzago esateko, eta bakoitzeko gaia ezberdina da. Orokorki begiratuta, izenburuak iradokitzen duen bezala, gorputz eta pentsamenduen zauriei buruz hitz egiten du liburuak, baina gehiago sakonduz, bestelako gaiak ere aurki genitzake. Izen hauskorrak narrazioan maitasuna da gai nagusia, adibidez; Alokairuan, ordea, desleialtasuna…

Argumentuarekin jarraituz, lehen esan bezala kontakizun ezberdinez osatutako obra denez, bakoitzaren argumentuak ere desberdinak dira. Adibide gisa, hona hemen lehen hiru kontaketen argumentua:

  • Stop: bikote bat autoz doa errepidetik, Gabonetan noren familiarekin afaldu behar duten eztabaidatuz. Bat-batean, Guardia zibilak kontrol batean geldiarazi eta gero errepidea berriro hartzen dutenean, geldiunearen nerbioengatik edo, aurreko liskarra ahaztu eta alde batera uzten dute.
  • Zauri kronikoak: Olatzek Santi bakarrik utzi eta alde egin du. Santik ez diola sekula barkatuko dio, baina neskatoa barkamen eske etortzean, Santi itsu-itsu honen eskuetan erortzen da.
  • Hau ez da Hollywood: Luisa bakarrik bizi da, Izar katuarekin. Bere senarra orain hamar urte hil zen eta Joseba, bere semea, Ritarekin joana da Bartzelonara bizitzera. Goiz batean, supermerkatuan dagoela, gizon bat ikusten du eta Hollywoodeko aktore baten antza hartzen dio, baina ez du honen izena gogoratzen.  Katuaren janaren aitzakiaz elkarrekin hitz egiten dute eta German izena duela jakinarazten dio gizon dotoreak. Gainera, berak ere katu bat duela kontatzen dio. Gertaera hau dela eta, lagunak egin eta handik hiru hilabetera, Luisak bere etxera gonbidatzen du zerbait hartzera. Egun hau heltzean, emakumea etxean bueltaka eta urduri dabil Germanen zain. Orduantxe etortzen zaio burura Hollywoodeko aktorearen izena: Gary Cooper. Halako batean, txirrinak jotzen du eta emakumea irekitzera joaten da, bere laguna dela pentsatuz, baina atea ireki eta hara non Joseba eta Rita etorri diren bisitan bere ilobekin.

Pertsonaia ugariak azaltzen dira liburu osoan zehar. Hona hemen, adibide gisa, Maitagarria benetan eta Fotogramak istorioetatik ateratakoak:

Maitagarria benetan:

  • Gonzalo: Virginiarekin ezkondu behar da. Arregi jaun eta anderearen semea.
  • Virginia: Garai batean emagaldu lanetan ibilia,  Gonzalorekin ezkontzekotan da.
  • Arregi jauna: Gonzaloren aita. Virginiaren sekretua ezagutzen du, iraganean bere zerbitzuak erabili baitzituen.
  • Arregi anderea: Gonzaloren ama eta Arregi jaunaren emaztea.

Istorio hau oso interesgarria iruditu zait. Bertan bi hari nagusitik tira egiten du idazleak, Arregi jaunaren pentsamenduena, batetik, eta, bestetik, ezkongaiena. Lehenengoak ez du nahi bere semea emagaldu izandako neskatoarekin ezkontzea. Gauzak horrela, Gonzalo neskaren iraganaz oharrarazi behar duenean, honek Virginia asko maite duela eta ezkondu egin behar direla esaten dio. Hau entzutean, Arregi jaunak zorionak eman eta esan beharrekoa alde batera uzten du. Bestalde, ezkongaiek Gonzaloren gurasoek inoiz ez dutela Virginiaren aspaldiko ogibidearen berri izango pentsatu nahi dute.

Fotogramak:

  • Mila: bere senarraren argazki batzuk aurkitzen ditu. Hauetan gizona beste emakume batekin azaltzen da ohean. Hori dela eta, berak berdin egiten du lantegiko afari batean mutil beltzaran batekin.
  • Senarra: bere emazteari engainatu eta emakume batekin oheratzen da.
  • Patri: Milaren lantegian lan egiten duen emakumea.

Hamabost zauriMila da kontakizun honetako protagonista. Emakume honen helburu nagusia, kosta ahala kosta, mendekua hartzea izango da.

Bi kontakizun hauetako pertsonaien berri baino ez dut emango; izan ere, eta lehen esan bezala, liburua hamabost narraziotan banatuta baitago eta, bestela, oso luze joko luke. Hainbeste kontakizun egoteak, bestalde, pertsonaien sakontzea zertxobait galarazten du eta, denok dakigun bezala, orri gutxiko ipuinetan narrazioaren garapenak pertsonaiek baino garrantzi gehiago hartzen dute.

Narratzaileez hitz egiten badugu, hauek pasarte guztietan orojakileak direla esan behar da; izan ere, pertsonaia guztien pentsamendu oro dakizkite kontakizun ezberdinetan zehar.

Hizkuntzari dagokionez, ez dut ulertzeko zailtasun handirik topatu. Lexikoaren aldetik ez da korapilatsua  izan, narratzaile eta pertsonaiek hizkera arrunta erabili baitute.

Espazioari buruzko hausnarketa eginez, ipuin guztiak leku zehatzetan ematen direla esango nuke,  leku fisikoetan gertatzen direla, alegia, ez asmatutakoetan (errepidea, etxea, supermerkatua, gasolindegia, zirkua…).

Bestalde, liburuan hainbat estilo-baliabide agertzen dira. Hona hemen adibide batzuk:

Baliabide fonikoak

  • Onomatopeiak:
    • Zauri kritikoak: “… goiko botoia –klik klik- etengabe zapalduz”.
    • Fotokopiak: “Fotokopiak egiteaz gain boligrafo eta koadernoak ere saltzen dituen emakumearen ahotsa goizero iratzargailu digitalak egiten duen soinuaren antzekoa dela pentsatu du. Eta iratzargailua goizero kolpe batez nola isilarazten duen ekarri du gogora. Zasss.”

Baliabide semantikoak

  • Metafora (Izen hauskorrak): “ … itsasoaren hezetasuna hezurretara sartua…”
  • Konparazioa (Horretarako daude lagunak): “…Sofak harrapatu izan balu bezala, hurrengo ordua bertan igaroko du
  • Sinonimia (Fotokopiak): “… hain da esplosiboa, hain da indartsua…”
  • Hiperbolea
    • Fotokopiak: “Alaia da, nahiz eta haren barre algarak karroetan lo doazen umetxoak negar batean esnarazten dituen …”.
    • Libre atalean: “Gizon baten arnasestua gerturik entzun gabe urteak igaro ondoren … “
  • Pertsonifikazioa (Zauri kronikoak): “ Egongelako paretan itsatsita dagoen egutegiak erakusten dio hiru hilabete igaro direla ordutik”.

Baliabide morfosintaktikoak

  • Anafora
    • Fotokopiak: “… hain da esplosiboa, hain da indartsua…”
    • Izen hauskorrak: “… mila aldiz dastatu du, ohean etzanda, ezpain haien gozotasuna, eta mila aldiz esnatu da almoadari lotuta…”
  • Kateamendua (Izen hauskorrak): “… begira dagoela, esku artean zerbait ezkutatzen du. Ezkerreko eskutik eskuinekora pasatzen du noizbehinka, eta ezkerrekora berriro ere. Esku aldaketa egiten duen bakoitzean, …”

Iritzi pertsonala

Liburu hau oso interesgarria iruditu zait.  15 istorio ezberdinez osatua egoteak gehiago aberasten du, eta gai eta pertsonaia anitzak egotea ere ahalbidetzen du, irakurketa oso arin eta atsegingarri bihurtuz eta monotoniatik aldenduz.

Dena den, gai orokorra da beste guztiaren gainetik nabarmenduko nukeena: gizakiaren egunerokotasuna eta bizikidetza. Karmele Jaiok gizakiok gure bizitzan aurre egin beharreko arazoei buruz hitz egiten digu: familia, adiskide edota bikotekideen arazoak…

Karmele Jaio gehiago ezagutzeko:

Euskonews Gaztean elkarrizketa: “Zure burua hobeto ezagutzeko aukera ahalbidetzen du idazteak

Comments { 1 }

Energiaren garrantzia

poste elektrikoaUdan bagaude ere, urtero negua iristean areagotzen den arazo batez arituko naiz: energiaren kontsumoa. Gaur egun, erregai nahiz elektrizitate ugari dugu eta zaila egiten zaigu horiek gabeko bizimodua irudikatzea. Dena den, jakin beharra daukagu energia iturri hauek ez direla beti garbi-garbiak.

Herrialde garatu edo industrializatuetan, planeta osoko energiaren %70 kontsumitzen da. Gauzak horrela, autoek, etxebizitzek, industriek… denek petrolioa, ikatza edo gas naturala behar-beharrezkoa dute. Bestelako erregaiak ere badaude, baina Europan kontsumitzen den %85 lehen aipatu ditugun energietatik etortzen da. Beraz, laster agortu egingo dira eta beste irtenbide batzuk aurkitu beharrean egongo gara.

Gure planetan arazo ugari dago eta, ezin ukatu, horietako baten eragile nagusia energia dugula: hondakin erradioaktiboak, berotegi-efektua, petrolio-isurketak, euri-azidoa… Dena dela, esan dugun bezala, badaude beste energia iturri batzuk: eguzkia, haizea, itsasaldiak… Garatu gabe daude oraindik, baina gauzak ondo egiten badira, etorkizunerako prest egongo dira, eta oraingo energia iturriek sortzen dituzten ondorio larrienak saihesten lagunduko dute. Horietako bi aipatuko ditugu jarraian:

EURI-AZIDOA

Industriek atmosferara sufre eta nitrogenoa botatzen dituzte eta, ur-lurrinarekin nahiz oxigenoarekin nahasten direnean, azido batzuk sortzen dira. Haizearen eraginez, azido horiek hainbatetan urrutira bidaiatzen dute eta, ondoren, ur tantekin batera lurrera erortzen dira. Ez dago esan beharrik, noski, honekin guztiarekin ibaiak eta urtegiak kutsatzen direla, urrutira jo gabe, Euskal Herrian gertatzen ari den bezala (%30 baino gehiago euri azidoak dira).

BEROTEGI-EFEKTUA

Berotegi-efektua CO2 gasak gure planetan eragiten duen arazoari deritzogu. Gas hau beste gas batzuekin nahasten da, proportzio txikiagoan, eta kristalaren antzera jokatzen du: eguzkia sartzen uzten du, baina,  ateratzerakoan, eragozpenak sortzen ditu. Gasak planetako tenperaturak gora egitea eragiten du eta glaziarretako poloak urtzea, besteak beste. Urtze horrek itsasoaren maila pare bat metro inguru igoko du eta, ondorioz, uharte asko ur azpian uzteaz gain, itsasertzak atzera botako ditu.

Jarraian berotegi-efektuaren ondorio nagusienetako bat ikus dezakezue: izozmendi plaken urtze prozesua.

Comments { 0 }
-->