Hautaprobak prestatzen (VIII): azken aholkuak

Eguna iritsi da eta hauxe izango duzue berrikasketarako azken mezua. Gogoan izan gelan esandako guztia:

1. Irakurri testua bizpahiru aldiz. Ez hasi ezer erantzuten testua bi aldiz irakurri arte.

2. Galde-erantzunak:

  • Galdegaia kontuan izan.
  • Ez idatzi zentzurik ez duen ezer.
  • Irakurri erantzuna galdera aurrean izango ez bazenute bezala eta ziurtatu zentzu osoa duela (subjektua, osagarriak eta aditza).
  • Erantzun diozue galderari?

3. Gaia:

  • Gaiaren bidez, egilea zertaz mintzatzen den adierazi behar da, ahalik eta hitz gutxien erabiliz.
  • Ez dadila izan ez orokorregia ezta zehatzegia ere.
  • Ahal dela aditzarik ez erabili (gehienera jota, aditz nominalizatuak: etortzea, sortzea…)
  • Irudiak, sinboloak edo metaforak ez ditugu gaitzat hartuko; izan ere, norbaiti testua horri buruzkoa dela esango bagenio, ez luke testuaren nondik norakoaren arrastorik ere izango.

4. Laburpena:

Laburpena idazten hasi aurretik, paragrafo bakoitzaren aldamenean ideia nagusia jarri. Ideia nagusi horien bildumak emango dizue laburpen egokiena. Lokailuak erabili ideia nagusi horiek euren artean uztartzeko (ez idatzi esaldi solteak bata bestearen atzetik, inongo loturarik gabe).

5. Esaldiak moldatu:

Ondo pentsatu lotu beharreko esaldi horien artean zer nolako erlazioa dagoen (aurkaritzakoa, ondoriozkoa, kausazkoa…) eta horren baitan erabaki zein lokailu erabili. Puntuazioa zaindu (puntu eta koma, koma…)

Ariketak egin nahi badituzu, egin klik hemen.

6. Idazlana:

Egizu gidoi bat idazten hasi aurretik. Egitura erabakitzean, pentsatu gidoian zerrendatutako ideiak zenbat paragrafotan garatuko dituzun. Paragrafo gehiago edo gutxiago erabiliz antolatuko duzu testua, baina, ahalegindu zaitez, paragrafo bakoitzean elkarrekin lotura daukaten ideiak biltzen. Izan ere, ondo antolatzen ez baduzu, ideia bat paragrafo bitan banatuta gera dakizuke, edota paragrafo berean lotura gutxidun ideiak bilduta gera dakizkizuke. Kontuan har ezazu, gidoitik aukeratutako ideiak elkarrekin ondo lotzen badituzu, irakurleari informazioa ordenatu egingo diozula, eta irakurtzean hariari errazago jarraitu ahal izango diola. Horretarako, ideiak antolatzeko, elkarrekin lotzeko eta hariari ondo eusteko, pentsatu zer lotura eta zer antolatzaile (1 eta 2) erabiliko dituzun.

Informazio gehiago nahi baduzue, joan gure wikira.

Estresa pixka bat gainetik kentzeko, abesti hau eskaini nahi dizuet. Zorte on!🙂

Comments { 1 }

Hautaprobak prestatzen (VII): gaia eta laburpena

Atal honetan emandako testuaren laburpen txiki bat egiteko eskatzen da eta gaia zein den esateko. Lan hori txukun egiten baduzu (ideia funtsezkoak emanaz eta testuaren nondik norakoez jabetu zarela erakutsiz), bi puntu emango zaizkizu, gramatika oker nabarmenik ez baduzu, behintzat. Beraz, sintesi gaitasuna neurtuko da. Era berean, zuzentasuna eta koherentzia ere kontuan hartuko dira. Akats larriak zigortuko dira.

Behin baino gehiagotan azaldu dugu laburpena egiterakoan zer zaindu (jarraitu aurreko lotura esandakoa errepasatzeko). Bestalde, hementxe dituzu gaia eta laburpenaren autoebaluazioa egiteko fitxak.

GAIA

1. Asmatutako gaiak testuaren muina jasotzen du, alferreko elementurik gabe.

BAI

EZ

2. Esanguratsua izateko, nire gaiari ez zaio elementu garrantzitsurik falta.



3. Ulergarria da.



4. Irakurri ez duenak testuaren zentzua atzemango du gai honi esker.



5. Ez dut irudi edo metaforarik gaitzat hartu.



6. Luzera egokia du: ahalik eta hitz gutxien erabili dut.



LABURPENA

1. Argi eta garbi adierazita dago gai nagusia zein den.

BAI

EZ

2. Funtsezko ideia guztiak jaso ditut.



3. Hari nagusiarekin zerikusirik ez zutenean, osagarri, adibide eta txikikeria guztiak baztertu ditut.



4. Zehatz egituratuta dut testua, neure erara, artikuluaren ordena orpoz orpo jarraitu gabe.



5. Ez dut ezer errepikatu.



6. Ideia eta paragrafoak ongi uztartu ditut.



7. Lotura hizkiak (hala ere; hau da; adibidez; beraz…) erabili ditut testuari kohesioa emateko.



8. Artikuluaren berri izan gabe, irakurle batek erraz uler dezake nire laburpena.



9. Testuan aipatzen direnak laburtu ditut, neure iritziak gehitu gabe.



10. Luzera: laburpena eskatutakora egokitu dut.



Comments { 0 }

Hautaprobak prestatzen (VI): galde-erantzunen autoebaluazioa

Dakizun bezala, ulermena da azterketako lehenengo atala. Bertan, emandako testuari buruzko galderak egiten dira. Erantzunetatik testua ulertu dela aditzera ematen baduzu, puntuazio gorena emango zaizu galdera bakoitzean. Lau galdera direnez, bakoitzari 0,5 puntu dagozkio. Atal honen inguruan gelan esandakoa berrikusi nahi baduzu, joan irakurri eta erantzun atalera.

Amaitzeko, egiaztatu urrats guztiak ondo eman dituzula. Hementxe duzu autoebaluaziorako txantiloia:

ULERMENAREN AUTOEBALUAZIOA

Erantzuten hasi aurretik

BAI

EZ

Gutxienez bi irakurketa egin ditut: bizkorra eta arretatsua.

Ulertzen ez ditudan hitzak azpimarratu edo markatu ditut.

Testuko informazioa aztertu dut eta alboan labur-labur egilea zertaz mintzatzen den ipini dut.

Ulermen galderak irakurri eta erantzuna non egon daitekeen begiratu dut.

Testua eta galderak ondo ulertu ditudala egiaztatu dut.

Erantzuna idatzi aurretik, bi aldiz pentsatu dut.

Erantzutean

Galdegaia zaindu dut.

Erantzun zuzena ematen ez bada, inferitu egin dut.

Galderaren erantzun osoa eman dut, hau da, galderari zuzenean erantzuten dioten datu guztiak biltzeko ahalegina egin dut.

Balorazioak saihestu ditut.

Erantzun ondoren

Idatzitakoa berrirakurri dut eta, hala behar izan denean, aldaketak egin ditut.

Comments { 1 }
-->